86. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

683/2025 EBAZPENA, 2025eko apirilaren 2koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearena, zeinaren bidez agintzen baita betearazi dadila 2024ko ekainaren 28ko 174/2024 epaia eta urte horretako irailaren 2ko autoa, biak Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 2. Epaitegiak emanak 103/2023 prozedura laburtuan.

2024ko ekainaren 28ko 174/2024 epaiak eta urte bereko irailaren 2ko autoak –Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 2. Epaitegiak emanak 103/2023 prozedura laburtuan– baietsi egiten dute Nafarroako Langileen Batasun Orokorra (UGT) sindikatuak Gobernu Kontseiluaren erabaki baten aurka jarritako administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Tuterako campuseko plantillako zenbait lanposturi loturikoa. Errekurtso hori Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki baten aurka jarri zen, erabaki horren bidez ezetsi egin baitzen sindikatuak Gobernu Kontseiluaren 2022ko irailaren 23ko erabaki baten aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoa –Gobernu Kontseiluaren erabaki horren bidez, hain zuzen, neurriak hartu ziren 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiteko–.

2024ko irailaren 2ko autoaren bidez egindako zuzenketaren ondoren, honako hau da epaitzaren edukia hitzez hitz:

"BAIETSI egiten da NAFARROAKO LANGILEEN BATASUN OROKORRA (UGT) sindikatuak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluaren 2023ko otsailaren 27ko erabaki baten aurka jarritako administrazioarekiko auzi errekurtsoa; erabaki horren bidez ezetsi egin zen aipatutako sindikatuak Gobernu Kontseiluaren 2022ko irailaren 23ko erabaki baten aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoa. 2022ko irailaren 23ko erabaki horren bidez, neurriak hartu ziren enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiteko. Zehazki, aurkaratutako erabaki horietan deuseztatu egiten da, Zuzenbidearekin bat ez etortzeagatik, euskarari merezimendu gisa emandako balorazioa (eranskinaren 2. artikulua) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako campuseko zenbait lanpostu betetzeko. Administrazioko eta zerbitzuetako zortzi lanpostutan gertatzen da hori: zenbait kategoriatakoak dira (kudeaketako bi lanpostu, administrari izateko bi lanpostu eta teknikari izateko lau lanpostu), C mailakoak (administrariak eta ofizial teknikoak) eta B mailakoak (kudeaketaria). Deuseztatze horrek lanpostu horiekin loturik ondoren egiten diren egintza guztiei eragiten die".

Epaitzak ezartzen duen bezala, deuseztatze adierazpena Tuterako campuseko lanpostuen euskararen merezimenduaren baloraziora mugatzen da. Hona hemen lanpostuak:

–OLko kudeaketaria, B mailakoa, 558 zenbakiduna, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen 2022ko azaroaren 17ko 2302/2022 Ebazpenaren bidez deitu baitzen. Ebazpen horren bidez, zenbait deialdi egin ziren B mailako 23 lanpostu bete zitezen merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez.

–Liburutegiko laguntzailea, B mailakoa, 543 zenbakiduna, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen 2022ko azaroaren 17ko 2302/2022 Ebazpenaren bidez deitu baitzen. Ebazpen horren bidez, zenbait deialdi egin ziren B mailako 23 lanpostu bete zitezen merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez.

–Laborategiko zerbitzuetako ofiziala, C mailakoa, 537 zenbakiduna, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen 2022ko azaroaren 11ko 2219/2022 Ebazpenaren bidez deitu baitzen. Ebazpen horren bidez, zenbait deialdi egin ziren C mailako 17 lanpostu bete zitezen merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez.

–Informatika Zerbitzuko ofizial teknikoa, C mailakoa, 546 zenbakiduna, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen 2022ko azaroaren 11ko 2219/2022 Ebazpenaren bidez deitu baitzen. Ebazpen horren bidez, zenbait deialdi egin ziren C mailako 17 lanpostu bete zitezen merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez.

–OLko administrariak, C mailakoak, 386 eta 415 zenbakidunak, zeinak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen 2022ko azaroaren 18ko 2307/2022 Ebazpenaren bidez deitu baitziren. Ebazpen horren bidez, zenbait deialdi egin ziren C mailako 16 lanpostu bete zitezen merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez.

–Zerbitzuetako ofizialak, C mailakoak, 835 eta 841 zenbakidunak, zeinak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen 2022ko azaroaren 18ko 2307/2022 Ebazpenaren bidez deitu baitziren. Ebazpen horren bidez, zenbait deialdi egin ziren C mailako 16 lanpostu bete zitezen merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez.

Aipatutako hautaketa-prozesu guztiak amaitu egin ziren, eta funtzionario berriek bete zituzten lanpostu horiek denak.

Giza Baliabideen Zerbitzuak txosten bat eman du, digitalki sinatua 2025eko martxoaren 25ean, eta horrekin ados agertu da demandatzailea, hots, UGT sindikatua. Txosten horretan adierazi da erreferentziako deialdietako bat bere horretan mantendu beharko dela, hain zuzen ere, Laborategiko zerbitzuetako ofizialaren lanpostuari dagokiona (C maila), kudeatzailearen 2022ko azaroaren 11ko 2219/2022 Ebazpenaren bidez deitua. Lanpostu hori, zehazki, 537 zenbakidun lanpostua da, Tuterako campusean kokatua, eta deialdi horretan deituriko lanpostu bakarra zen; horiek horrela, lanpostua bete zuen izangaiak, hau da, Ángel Esteban Jaraba Rubio jaunak ez zuen punturik lortu euskara jakiteagatik, eta, horrenbestez, prozesu honetan jarraitutako jarduketa edo tramite bakar bat ere ez da aldatu behar epaia betearazteko.

Aipatutako gainerako lanpostuei dagokienez, eta txosten horretan adierazten denez, ez dago jasota lanpostuak lortu dituzten pertsonei ez zaienik puntuaziorik eman euskararen balorazioagatik. Beraz, lanpostu horiei dagokienez, prozedura atzera eraman behar da izangaien behin-behineko balorazioa egin aurreko unera arte; horrela, epaimahai kalifikatzaileek egiten duten balorazio berria Tuterako campuseko lanpostu horiei bakarrik aplikatuko zaie, eta ez du euskararen ezagutza barne hartu behar.

Atzeraeragin horren ondorioz egiten diren tramiteak dagozkien deialdien eta haiei aplikatu beharreko araudiaren arabera arautuko dira, betearazten diren epaian eta autoan adierazitakoaren aurka ez doazen alderdietan.

Administrazio egintzak kontserbatzeko printzipioa aplikatuz, zeina Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 51. artikuluan ezartzen baita, atzeraeragina aplikatzean beharrezkoa izanen da euskara merezimendu gisa baloratzearekin zerikusirik ez duten jarduera eta tramite guztiak mantentzea –balorazio hori, aipatu bezala, epaiaren ondorioz baliogabetu egiten da–.

Tuterako campuseko 558, 543, 546, 386, 415, 835 eta 841 zenbakidun lanpostuei dagokienez egiten diren jarduketen atzeraeraginean, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldian ezin izanen dute parte hartu bere garaian Iruñeko campuseko lanpostu baterako funtzionario izendatu ziren eta Tuterako campuseko lanpostu bat hautatzeko aukera izan zuten izangaiek. Ondorio horietarako, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia baino lehen, epaimahai kalifikatzaileek puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrendetatik baztertuko dituzte bere garaian Iruñeko campuseko lanpostu baterako funtzionario izendatu ziren eta Tuterako campuseko lanpostu bat hautatzeko aukera izan zuten pertsonak.

Halaber, epai honen betearazpenak ez die eraginen epaimahai kalifikatzaileek bere garaian egindako puntuazio ordenaren araberako izangaien zerrendei; izan ere, zerrenda horiek Iruñeko campuseko lanpostuei bakarrik aplikatuko zaizkie, bai eta legez dagozkien ondorioetarako ere.

Giza Baliabideen Zerbitzuaren txostenean zehazten den bezala, beharrezkoa da Tuterako campusean lanpostu bat lortu zuten pertsona horien egoera ere planteatzea, aurkeztu ziren hautaketa-deialdiaren oinarriak zorrotz aplikatuz lortu baitzuten lanpostua pertsona horiek. Baina egoera honetan, deialdiaren ondoren emandako epai bat aplikatzearen ondorioz, deuseztatua geldituko litzateke haien funtzionario izendapena, eta horrek kalte larria dakar haientzat.

Pertsona horiek segurtasun juridikorik gabeko egoeran egonen dira, eta inola ere ez lirateke horren erantzule izanen. Izan ere, deialdiaren oinarriak zorrotz aplikatuz egin zen hautaketa, eta oinarri horiek dira hautaketa-prozesuan parte hartzen duten alderdi guztiek bete beharreko "legea". Auzitegi Gorenaren doktrina kontsolidatua da ezen, oinarriak irmo bihurtzen direnean eta aurkaratu ez direnean, oinarri horiek berdin lotzen dituztela izangaiak eta hautaketa-prozesurako deialdia egin duen administrazioa, bai eta hautaketa-organoak ere (Auzitegi Gorenaren 2012ko abenduaren 12ko epaia, 7143/2010 errekurtso zenbakia).

Adierazitakoaren arabera, bere garaian prozesua gainditu zuten izangai horiek ez lukete epaiaren betearazpenaren eraginik jasan behar, fede onez gainditutakoak mantentzeko doktrina aplikatuz.

Doktrina hori Auzitegi Gorenaren erabaki ugaritan aurkitzen ahal da (adibidez, Auzitegi Gorenaren 2023ko otsailaren 26ko epaian, 4118/2021 errekurtso zenbakia), eta ezartzen du hautaketa-prozesu baten baliogabetasuna eragiten duten arau-hausteak Administrazioari bakarrik egotz dakizkiokeela, eta, beraz, babestu egin behar dela enplegu publikora iristeko bidean aurrera egin duten izangaien eskubidea, bai eta haien egoera juridiko finkatuak mantendu ere.

Kontuan izan behar da ezen, alde horretatik, pertsona horien izendapenak 2023ko uztailaren 1etik aurrera izan zituela ondorioak, eta, beraz, dagoeneko denbora igaro dela posizio juridikoa finkatu zutenetik, zeinari erabat arrotzak diren kausek eragiten baitiote orain. Horrez gain, igaro den denboran, Unibertsitateak berak lanpostu beretarako hautaketa-prozesu gehiago deitu ditu, eta, jakina, ez dira aurkeztu, baina, aurkeztu izan balira, baztertuak izanen ziren, prozesu horien bidez lortzen den izendapena dagoeneko bazutelako.

Hala, izangai horiek izendatu ondoren, honako oposizio hauek deitu dira:

a) Kudeaketari izateko 13 lanpostu, kudeatzailearen 2023ko urriaren 10eko 2174/2023 Ebazpenaren bidez deituak (2023ko azaroaren 3ko NAOa).

b) Liburutegiko laguntzaile izateko 4 lanpostu, kudeatzailearen 2023ko urriaren 23ko 2256/2023 Ebazpenaren bidez deituak (2023ko azaroaren 6ko NAOa).

c) Informatika Zerbitzuko ofizial tekniko izateko 3 lanpostu, kudeatzailearen 2023ko abenduaren 28ko 2709/2023 Ebazpenaren bidez deituak (2024ko urtarrilaren 11ko NAOa).

d) Administrari izateko 22 lanpostu, kudeatzailearen 2023ko urriaren 3ko 2121/2023 Ebazpenaren bidez deituak (2023ko urriaren 23ko NAOa).

e) Zerbitzuetako ofizial izateko 1 lanpostu, kudeatzailearen 2024ko apirilaren 12ko 898/2024 Ebazpenaren bidez deitua (2024ko apirilaren 22ko NAOa).

Adierazitakoari jarraikiz, posizio juridikoa errespetatu egin behar zaie lanpostua beren deialdiko oinarrietan ezarritakoari jarraikiz eta fede onez lortu zuten eta orain epaiaren betearazpenak kaltea eragin diezaiekeen izangaiei, eta, beraz, haien izendapena mantendu eginen da sartu ziren lanpostuetarako.

Horrenbestez, Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoaren 50. artikuluak (2023ko martxoaren 22koa) eta Unibertsitateko Estatutuen 40. artikuluak (2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsia eta Nafarroako Gobernuaren 2011ko martxoaren 21eko erabaki baten bidez aldatua) legez esleitu dizkidaten eskudantziez baliatuz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Agintzea bete daitezela 103/2023 prozedura laburtuan Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 2. Epaitegiak emandako 2024ko ekainaren 28ko 174/2024 epaia eta urte bereko irailaren 2ko autoa, eta idazki honetan aipatutako Tuterako campuseko 558, 543, 546, 386, 415, 835 eta 841 zenbakidun lanpostuetarako hautaketa-prozeduren atzeraeragina dekretatzea.

Atzeraeragina izangaien behin-behineko balorazioaren aurreko unera arte aplikatuko da, epaimahai kalifikatzaileek beste balorazio bat egin dezaten euskararen ezagutza kontuan hartu gabe.

Atzeraeragin horren ondorioz egiten diren tramiteak dagozkien deialdien eta horiei aplikatu beharreko araudiaren arabera arautuko dira, betearazten diren epaian eta autoan adierazitakoaren aurka ez doazen alderdietan.

Bigarrena.–Administrazio egintzak kontserbatzeko printzipioa aplikatzea, zeina Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 51. artikuluan ezartzen baita; horrenbestez, atzeraeragina aplikatzeko, beharrezkoa izanen da euskara merezimendu gisa baloratzearekin zerikusirik ez duten jarduera eta tramite guztiak mantentzea –balorazio hori, aipatu bezala, epaiaren ondorioz baliogabetu da–.

Horren ondorioz, Tuterako Campuseko 537 zenbakiko lanpostuarekiko atzeraeragina ez da bidezkoa; izan ere, lanpostu horretarako izendatutako pertsonak ez zuen punturik lortu euskara jakiteagatik, eta, beraz, prozesu honetan jarraitutako jarduketa edo tramite bakar bat ere ez da aldatu behar epaia betearazteko.

Era berean, Tuterako Campuseko 558, 543, 546, 386, 415, 835 eta 841 zenbakidun lanpostuei dagokienez egiten diren jarduketen atzeraeraginean, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldian ezin izanen dute parte hartu bere garaian Iruñeko campuseko lanpostu baterako funtzionario izendatu ziren eta Tuterako campuseko lanpostu bat hautatzeko aukera izan zuten izangaiek.

Ondorio horietarako, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia baino lehen, epaimahai kalifikatzaileek puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrendetatik baztertuko dituzte bere garaian Iruñeko campuseko lanpostu baterako funtzionario izendatu ziren eta Tuterako campuseko lanpostu bat hautatzeko aukera izan zuten pertsonak.

Halaber, epai honen betearazpenak ez die eraginen epaimahai kalifikatzaileek bere garaian egindako puntuazio ordenaren araberako izangaien zerrendei; izan ere, zerrenda horiek Iruñeko campuseko lanpostuei bakarrik aplikatuko zaizkie, bai eta legez dagozkien ondorioetarako ere.

Hirugarrena.–Fede onez gainditutakoak mantentzeko jurisprudentzia-doktrina aplikatuz, bere garaian hautaketa-prozesua gainditu eta aipatutako lanposturen bat lortu zuten izangaiek (Tuterako campuseko 558, 543, 546, 386, 415, 835 eta 841 lanpostuak) eutsi eginen diote lortutako lanpostuetarako izendapenari, epaimahai kalifikatzaileek egindako balorazio berriaren arabera izendatuko diren pertsonen eskubideari kalterik egin gabe.

Laugarrena.–Ebazpena jakinaraztea Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 2. Epaitegiari eta ebazpen honetan aipatutako Tuterako campuseko lanpostuetarako izendatu ziren eta gaur egun lanpostu horiek betetzen dituzten pertsonei, hau da, honako hauei:

Alfredo Elía Munárriz (558 LANPOSTUA, OLko kudeaketaria, B maila).

Ismael Cantera Leiva (543 LANPOSTUA, Liburutegiko laguntzailea, B maila).

Pablo Antonio Zaratiegui Biurrun (546 LANPOSTUA, Informatika Zerbitzuko ofizial teknikoa, C maila).

Gemma Casellas Tohane (386 LANPOSTUA, OLko administraria, C maila).

M.ª Montserrat Barrena Contreras (415 LANPOSTUA, OLko administraria, C maila).

Patricia Gorricho Trancanella (835 LANPOSTUA, zerbitzuetako ofiziala, C maila).

Isabel Jiménez Amado (841 LANPOSTUA, zerbitzuetako ofiziala, C maila).

Bosgarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea kudeatzaileari, Unibertsitateko idazkari nagusiari eta Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratzea, ebazpen hauen bidez onetsitako deialdi bakoitzari dagokion atalean:

–2302/2022 Ebazpena, 2022ko azaroaren 17koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, onetsi egiten dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan B mailako hogeita hiru lanpostu merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez betetzeko deialdiak.

–2219/2022 Ebazpena, 2022ko azaroaren 11koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, onetsi egiten dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan C mailako hamazazpi lanpostu merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez betetzeko deialdiak.

–2307/2022 Ebazpena, 2022ko azaroaren 18koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, onetsi egiten dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan C mailako hamasei lanpostu merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez betetzeko deialdiak.

Zazpigarrena.–Ebazpen honen aurka, interesdunek betearazpen intzidentea eskatzen ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren 29/1998 Legearen 109. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Iruñean, 2025eko apirilaren 2an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2505588