86. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko apirilaren 16an hartua, "Ilundaingo errotaren ibai-erreserba" proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.

Iruñeko Udalak, 2025eko otsailaren 6an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea "Ilundaingo errotaren ibai-erreserba" proiektuaren obrek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Halaber, honako erabaki hauek hartu zituen: hasiera ematea proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetze-espedienteari; proiektuaren onura publikoa aitortzea eta deklaratzea, baita ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra ere, inplizituki proiektuaren onespenaren ondorio baitira; 135.130,74 euroko gastua baimentzea "Ilundaingo errota (Elizpea)" proiektuko desjabetzerako; eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hamabost egun balioduneko epean jendaurrean jartzea.

Jendaurreko aldia iraganda, Iruñeko Udalak, 2025eko apirilaren 3an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta ezetsi zuen aurkeztutako alegazioa. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa zela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

"Ilundaingo errotaren ibai-erreserba" proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharra oinarritzen da proiektu horren obrak esleitu eta gauzatu behar diren epeetan. Proiektuari dagokionez, "Iruñeko Hiri-inguruneak Birnaturalizatzea" RUNA 2025 Planaren barnean kokatzen da eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko (MITECO) Biodiversidad Fundazioaren babesa du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan; 4. osagaiaren barnean sartzen da (Itsasoko eta lehorreko ekosistemak eta horien biodibertsitatea kontserbatzea eta lehengoratzea); Next Generation EB Europar Batasunak finantzatu du; eta B8 ekintzari dagokio (Arga. Ilundaingo errotaren ibai-erreserba). Ekintza hau "Dirulaguntzak hirien birnaturalizatzerako eta erresilientziarako. 2021" deialdian ezarritako baldintzen menpe dago, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Biodiversidad Fundazioak deitu baitzuen.

Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak alegatutako arrazoiak ikusita, eta egiaztatuta balio justua ordaintzeko behar den aurrekontu-izendapena badela, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. "Ilundaingo errotaren ibai-erreserba" proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñeko Udalari jakinaraztea.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko apirilaren 16an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2505882