Iragarkia
86. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 2a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2025eko EKITALDIAN zehar Garapenerako Hezkuntzako proiektuak eta sentsibilizazio-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia. BDNS 827412.
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2025eko apirilaren 14an eginiko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen, besteak beste:
2015eko irailean, Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialetako Batzordeko kideek Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-2030) sinatu zuten Gizarte Entitateen Plataformarekin. Itunaren helburua da aurrera egitea Nazio Batuen Biltzar Nagusiak onetsitako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak ezarritako norabidean. Itunean, besteak beste, honakoak jasotzen dira:
"Nafarroako Parlamentuak Garapenerako Hezkuntzaren arloko proiektuen deialdiari eutsiko dio, eta Parlamentuaren aurrekontuaren %0,7ra iritsiko da 2024. urterako".
Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, 2025eko ekitaldian zehar Garapenerako Hezkuntzako proiektuak eta sentsibilizazio-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdiaren eta horren oinarri arautzaileen onespenerako. Nafarroako Parlamentuak bere aurrekontu osoaren %0,7 bideratzen du jarduketa horretara. Espedientea txosten juridikoarekin eta Kontu-hartzailetzak egindako gastu-fiskalizazioarekin osatu da.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntza guztietarako arau-esparru komuna. Lege horretan, printzipio orokorrez gainera, dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko prozedura ezartzen da. Horiek horrela, Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizaziorako proiektuak egiteko dirulaguntzen araubidea ezartzen duten oinarriak ezarri eta argitaratu beharra dago, horrela bermatze aldera bete egiten direla, dirulaguntza horietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritako printzipioak.
Horiek horrela, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak honako hau
ERABAKITZEN DU:
1. 2025eko ekitaldian zehar Garapenerako Hezkuntzako proiektuak eta sentsibilizazio-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Guztira 115.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Parlamentuaren 2025eko ekitaldirako gastu-aurrekontuko "Garapenerako eta elkartasunerako jardueretarako dirulaguntzak" 48207 partidaren kargura.
3. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, erabaki honen eranskinean jasoak.
4. Agintzea erabaki hau eta bere eranskinak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.
Iruñean, 2025eko apirilaren 14an.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, 2025EKO EKITALDIAN ZEHAR GARAPENERAKO HEZKUNTZA-PROIEKTUAK ETA SENTSIBILIZAZIORAKO EKINTZAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIARENAK
Lehena.–Xedea eta helburua.
Nafarroako Parlamentuak aurreko ekitaldietako bidetik jarraitzen du eta, ahal duen neurrian, laguntzen du garapen jasangarrirako helburuak lortzen eta mundu zuzenagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzen. Xede horrekin, dirulaguntza-deialdi hau onetsi du, Nafarroan Garapenerako Hezkuntzako eta sentsibilizazioko esku-hartzeak egiteko. Dirulaguntzen helburua izanen da garapen-bidean dauden herrialdeek pairatzen dituzten problemekin zerikusia duten alderdietan eta horien zergatietan sentsibilizatu edo prestakuntza ematea, bai eta mundu globalizatuari buruzko ulermena erraztea ere, jarrera kritikoa eta errealitatearekin konprometitua ernaraziz, txirotasunaren aurkako borrokarekiko konpromisoa eta erantzukidetasuna sortuko dituena. Proiektuak lagungarriak izan beharko dute elkartasuna, justizia soziala, garapen jasangarria eta genero berdintasunaren moduko balioak sustatzeko, Nazio Batuen 2030 Agendarekin bat.
Horretarako 115.000 euro bideratuko dira, Nafarroako Parlamentuaren 2025eko ekitaldirako gastu-aurrekontuan berariaz onetsitako partida honetatik: 48207 "Garapenaren eta elkartasunaren arloko jardueretarako dirulaguntzak".
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1. artikuluarekin bat etorriz, deialdia norgehiagoka-araubidean izapidetuko da.
Bigarrena.–Entitate onuradunak.
Honako betekizun hauek betetzen dituzten entitateak izan ahalko dira dirulaguntzaren onuradun:
–Bere izaeraren arabera legez eratutako pertsona juridiko izatea, eta inskribatuta egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziarena den Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan (AECID).
–Nafarroan egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra izatea.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaltzen diren egoeretako batean ere ez egotea.
–Sexu edo generoa dela-eta diskriminatzailetzat jotzen diren lan-arloko jokabideak gauzatu edo toleratzeagatik zehatuta edo zigortuta ez egotea administrazio-ebazpen irmoz edo epai judizial irmoz.
Onuradun izan ahalko dira, halaber, elkartuta aurkezten diren entitateak, aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoa betetzen badute.
Hirugarrena.–Esku-hartzearen betekizunak.
–Helburu gisa edukitzea lehen oinarrian jasotakoa.
–2025eko ekitaldian exekutatzea. Hala ere, dirulaguntzaren xede den jarduna ohikotasunez garatzen den urte-aldia ez datorrenean bat aurrekontu-ekitaldiarekin -esaterako, eskola-ikasturtea-, jarduera horretarako dirulaguntzak urte-aldi horretara moldatzen ahalko dira eta, halakoetan, zilegi izanen da jarduera 2026ko ekainaren 30erako amaitzea. (Inguruabar hori dirulaguntza-eskaeran justifikatu beharko da).
–Jarduerak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan eginen dira.
–Nafarroako Parlamentuak diruz laguntzeko gehieneko zenbatekoa: 13.000 euro.
Laugarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lor litezkeen beste batzuekin, berdin delarik haien emaileak beste administrazio publiko batzuk, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuk edo partikularrak izatea, nazionalak zein nazioartekoak.
Hala ere, ezein kasutan ez da zilegi izanen emandako dirulaguntzen zenbatekoa hainbestekoa izatea non, bere horretan nahiz beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuei edo dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide berekiei batuta, gainditu eginen bailuke onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.
Eskatzaile den entitate bakoitzak gehienez eskaera bat aurkeztu ahalko du. Eskaeratzat joko dira bai bakarka aurkeztuak bai entitate-elkarte baten parte izanik aurkeztuak. Entitate batek bakarkako eskaera bat eta beste entitate batzuekiko elkartean eginiko beste bat aldi berean aurkezten baditu, bi eskaera horiek deialditik kanporatuak izanen dira.
Eskaera entitate interesdunaren legezko ordezkariak aurkeztuko du, telematikoki, Parlamentuaren egoitza elektronikoan horretarako prestatutako sarbidean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egun balioduneko epean gehienez ere.
Seigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Dirulaguntza eskatzeko, Egoitza Elektronikoan ezartzen den eskabidea beteko da, deialdian adierazitako ereduaren arabera (I. eranskina), eta bertan entitate eskatzaileak adierazi behar du bigarren oinarrian ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela.
Eskatzaile diren entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
I) Dokumentazio orokorra:
a) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziakoa den Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean kokatuta dagoen ordezkaritzaren edo egoitzaren aipamenarekin. Urtebete baino gutxiagoko aurredenboraz jaulkitakoa izanen da, aurredenbora hori deialdi hau argitaratzen denetik zenbatuta.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak digitalki sinatua, non adieraziko baita ezen eskatzaile den entitateak bete egiten dituela erakunde onuradunaren izaera lortzeari begira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizunak (II. eranskina).
c) Entitate-elkarteen kasuan, eskaera elkartearen izenean aurkeztuko du haren ordezkari edo ahaldunak. Halakoetan, entitate bakoitzaren dokumentazio banakatuaz gain, honako hauek aurkeztuko dira:
c.1) Entitate-elkartearen eratze-agiria. Elkarteak nortasun juridiko berekirik ez badu, eratze-agirian espresuki jaso beharko da ahalordedun edo ordezkari bakarraren izena, zeinak izanen baitu elkarteak onuradun gisa izanen dituen betebeharrak betetzeko bezainbesteko ahalordea. Halaber jaso beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako preskripzio epea amaitu arte elkartea ez desegiteko konpromisoa.
c.2) Honako hau azaltzen duen agiria: elkarteko entitate bakoitzak proiektuaren exekuzioan zer funtzio eta eginkizun hartuko dituen bere gain, horiek egiteko konpromisoarekin, elkartearen izenean eta haren kontura; eta elkarteko entitate bakoitzari aplikatuko zaion dirulaguntzaren zenbatekoa.
Agiri horiek modu digitalean sinatu beharko ditu entitate bakoitzaren ordezkariak.
d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, baldin aldez aurretik aurkeztu ez bada, edo aldatu egin bada Nafarroako Parlamentuak iraganean emandako dirulaguntzak ordaintzeko erabili izan den banku-kontua.
e) Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa aldez aurretik ordaindu beharrekoa den kasuetako entitateei dagokienez, 9.1 oinarrian aipatutako dokumentazioa aurkeztuko da.
Eskaerak ez baditu ezarritako betekizunak betetzen, interesdunari esanen zaio ezen hamar eguneko gehieneko epean akatsa zuzendu edo aginduzkoak diren dokumentuak aurkeztu behar dituela, eta orobat ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela joko dela, aurrez ebazpena emanda, zeina jaulki beharko baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan.
Baloraziorako aurkezten den dokumentazioa inoiz ere ez da zuzendua izanen.
II) Baloraziorako dokumentazioa:
A. Esperientzia:
a. Azken lau urteetan administrazio publikoek finantzatutako Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuena zerrendadun taula (III. eranskina).
b. III. eranskinean adierazitako dirulaguntzak emateko ebazpenaren kopia, edo agiri baliokidea.
B. Estrategia instituzionala:
a. Baloratu beharreko atalak zehazten dituen agiria (IV. eranskina)
b. Baloratu beharreko jarduketak justifikatzen dituen dokumentazio estrategikoaren kopia.
C. Esku-hartzeari buruzko oroitidazki teknikoa. Gutxienez ere, V. eranskinean jasotako informazioa izan beharko du eta gehienez ere 30 orrialdekoa izanen da. Hura transkribatzeko Arial 11 letra erabiliko da, 1 lerroartean Berdintasunaren aldeko eta bazterketaren kontrako hizkera erabiliz idatzi beharko da. Pertsonei buruzko datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.
D. Esku-hartzeari buruzko oroitidazki ekonomikoa. Gastu-partiden deskribapena eta justifikazioa. (Kalkulu-liburu bat erantsi behako da, Excelen, aurrekontuko datuekin).
Zazpigarrena-Dirulaguntza emateko prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak:
Prozedura antolatuko da Nafarroako Parlamentuko Zerbitzu Orokorretako eta Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuko teknikariek osatutako balorazio-batzorde baten eskutik. Organo kideaniztun horrek izanen du eskaerak ebaluatzeko ardura, eta emanen duen irizpena loteslea izanen da.
Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzua izendatzen da instrukzio-organo. Instrukzio-organoak, eskaeren ebaluazioa ikusirik, ebazpen-proposamena eginen du.
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak berariaz hartutako erabakiaren bidez ebatziko da dirulaguntzen ematea, instrukzio-organoak proposatutako txostena oinarri hartuta.
Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabete igarotakoan ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu ahalko da.
Zortzigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Esku-hartzea beren eskaeran deskribatu duten moduan egitea.
Esku-hartzearen gauzatzea aldrebesten edo zailtzen duten gorabeherak gertatuz gero, zilegi izanen da jarduera horiek egiteko epeak luzatzea. Horretarako, epea luzatzeko eskaera bat aurkeztu beharko dute, azaltzen duena esku-hartzea zergatik ezin den gauzatu hasiera batean aurreikusitako epean, bai eta esku-hartzea amaitzeko epe berria ere. Eskaera telematikoki eginen da, Nafarroako Parlamentuaren egoitza elektronikoan horretarako prestatutako sarbidean-Administrazio-izapideak-Dirulaguntzak eskatzea Edonola ere, jarduerak egiteko gehieneko epea 2026ko ekainaren 30ean amaituko da.
b) Baimena eskatu eta edukitzea, diruz lagundutako jarduketan aldaketak egin ahal izateko, entitate onuradunaren kontroletik at dauden inguruabarrengatik hasierako jarduketa aldatu behar denean helburuetan eta emaitzetan eraginik, edo aldaketak aurrekontuaren aldaketa bat dakarrenean, partida bakoitzaren exekuzioan gastuen igoera bat ekartzen duena, partida bakoitzerako onetsitako aurrekontuaren %20 baino gehiagokoa.
Zazpigarren oinarrian aipatzen den balorazio batzordeak ebatziko du aldatze-eskaera. Eskaera egoitza elektronikoaren bidez eginen da, horretarako ezarritako atalean.
c) Betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela frogatzea Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari.
d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jasotzen badituzte, horren berri ematea Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari.
e) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena jaulkitzen den unean beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik edukitzea.
Behin deialdia ebatzita, entitate onuradunei eskatuko zaie aurkez ditzatela ebazpenaren egunean indarrean dauden ziurtagiri positiboak, kasuko Ogasunak (Nafarroako Foru Ogasuna eta/edo Estatuko Ogasuna eta/edo Foru Ogasunak) eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak jaulkiak, hurrenez hurren frogatuko dutenak entitate onuradunak beterik dituela bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
f) Nafarroako Parlamentuarekin elkarlanean proiektuaren berri zabaltzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzari buruz sentikortzeko.
Nafarroako Parlamentuak entitate onuradunei dei eginen ahalko die Nafarroako Parlamentuan eginen den ekitaldi publiko batean parte har dezaten. Bertan, entitate onuradun guztiek diruz lagundutako proiektuen exekuzioa aurkeztuko dute.
g) Dirulaguntzaren jatorria publiko egitea: jardueren berri emateko erabiltzen den material grafiko eta inprimatuan (liburuxkak, iragarkiak, web bannerrak eta abar) Nafarroako Parlamentuaren logotipoa agertuko da, diruz lagundutako entitatearen logotipoari emandako trataera berarekin.
Nafarroako Parlamentuak ez du bere gain hartzen proiektuaren exekuzioa dela-eta argitaratutako materialen edukia.
h) Onartzea egiaztapen- eta kontrol-jarduketak egin ditzan organo dirulaguntza-emaileak.
i) Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, egiaztapen- eta kontrol-jarduketetarako beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.
j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.
k) Entitate onuradunak eman zaion dirulaguntzari uko egitea erabakiz gero, bi hilabeteko epean egin beharko du uko, laguntza eman zaiola jakinarazi zaion egunetik zenbatuta, Nafarroako Parlamentuaren egoitza elektronikoan aurkeztutako idazki baten bidez.
Itzuli egin beharko du aldez aurretik ordaindutako zenbatekoa, Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzutik adieraziko zaion prozeduraren bidez. Zilegi izanen da uko eginiko zenbatekoa esleitzea, behin Nafarroako Parlamentuak jasota, hamaikagarren oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu arren aurrekontuan diru erabilgarri aski ez egoteagatik laguntzarik eskuratu ez duten proiektuei.
Bederatzigarrena.–Dirulaguntzaren aurrerakina, ordainketa eta justifikazioa.
1. 1. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, baliabide nahikorik ez izatea behar bezala frogatzen duten entitateen kasuan, dirulaguntzaren ordainketa bakar eta aurreratua eginen da, diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko. Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioari erantsita, entitatearen edo elkartearen ordezkariak digitalki sinatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da, zeinean adieraziko baitu jarduera egiteko baliabide nahikorik ez dagoela.
2. Gainerako entitateei aldez aurretik ordainduko zaie emandako dirulaguntzaren %60 adinako zenbatekoa. Emandako dirulaguntzaren zenbateko osora iritsi artekoa diruz lagundutako proiektua amaitutakoan ordainduko da, ordainketa bakarrean. Aldez aurretik, entitate onuradunak justifikatu egin beharko du egindako jarduera, hurrengo puntuan ezarritakoaren arabera eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Dirulaguntzaren aldez aurretiko ordaintzea deialdi hau ebaztearekin batera eginen da, 8.e) oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztutakoan.
Dirulaguntza egiazki ordaintzeko, beharrezkoa izanen da entitateak aurkeztua izatea transferentzia-abonua eskatzeko agiria, diru-sarrera egin behar den banku-entitateak datuz behar bezala beteta.
3. Esku-hartzea amaitu eta gehienez ere ondoko hilabetean aurkeztuko da haren justifikaziorako dokumentazioa, eta honako agiri hauek bilduko ditu:
–Entitate onuradunaren legezko ordezkariak digitalki sinaturiko erantzukizunpeko adierazpena, justifikazio-txostena osatzen duten agirietan jasotako datu guztien egiazkotasunari buruzkoa.
–Esku-hartzearen oroitidazki teknikoa, dagozkion egiaztapen-iturriekin, hala behar denean.
–Oroitidazki ekonomikoa, non azalduko baita esku-hartzearen aurrekontuaren betearazpena. Halaber, kalkulu-orri bat aurkeztuko da, exekuzioan eginiko gastu guztiak xehakatuta eta adierazita zer jarduerari dagozkion eta nor den finantzatzailea.
–Nafarroako Parlamentuaren dirulaguntzaren kargura eginiko gastu eta ordainketa guztien ziurtagiriak. Gastuak frogatzeko, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira, edo gainerako frogagiri baliokideak, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak. Langileen gastuak frogatzeko, hilabeteko laburpenak ere aurkeztuko dira, proiektuari egozten zaion pertsona bakoitzaren ordutegi eta jarduerarekin.
Agiri guztiek eginbide-zigilua izango dute, eta bertan adieraziko da Nafarroako Parlamentuak finantzatu dituela jarduerak. Eginbideak jasoko ditu, gutxienez, "Nafarroako Parlamentuak finantzatua" aipua eta Nafarroako Parlamentuak emandako dirulaguntzaren kargura finantzatutako zenbatekoa edo ehunekoa.
Nafarroako Parlamentuarena ez den finantzaketarekin eginiko gastuen kasuan, entitateak berak jaulkitako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo zenbatekoa eta proiektua zehazten dituen aldeko ebazpenaren kopia, bestelako dirulaguntza publikoen kasuan.
–Berariazko adierazpena: ea proiektuak beste laguntza edo dirulaguntzarik jaso duen, eta, baiezkoan, jasotako zenbatekoen eta horien jatorrien xehetasunak.
Aurkeztutako agirietan oinarrituta, balorazio-batzordeak egin den jardunari eta horren justifikazioari buruzko txosten bat bidaliko dio instrukzio-organoari. Txosten horri jarraikiz, instrukzio-organoak proposamena eginen dio Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, exekutaturiko ekintzaren justifikazioa onets dezan kasua bada, justifikazioa onets eta ordainketa agin dezan, edo bestela itzulketa-espediente bati ekitea proposa dezan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluak ezarritakoaren arabera.
Hamargarrena.–Dirulagungarri diren gastuak.
Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat jotzen dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuteaz gain jarduera hura burutzeko ezarritako epearen barruan egiten direnak. Gastu dirulagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Deialdi honi dagokionez, ez dira gastu dirulagungarritzat joko inbertsio gastuetara bideratutako diru kopuruak, ez eta zeharkako kostuak edo kudeaketa kostuak ere.
Hamaikagarrena.–Balorazio-irizpidea.
Eskaerak 0 eta 100 puntu bitarteko eskalan baloratuko dira, irizpide hauei jarraituz:
I.–Esperientzia (20 puntu gehienez):
Azken lau urteetan administrazio publikoek finantzatuak izan diren garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioko proiektuak exekutatzen entitate eskatzaileak izandako esperientzia baloratuko da. Proiektuaren kopurua eta diruz lagundutako zenbatekoak hartuko dira kontuan.
–1-4 proiektu bitarte: 2,5 puntu.
–5-9 proiektu bitarte: 6 puntu.
–9 proiektu baino gehiago: 8 puntu.
Lortutako dirulaguntzen zenbatekoa:
–0-10.000 euro bitarte: 2 puntu.
–10.001-80.000 euro bitarte: 6 puntu.
–80.000 euro: 8 puntu.
Balorazioa egiteko, proiektu exekutatuak deklaratu beharko dira III. eranskina datuz betez (eranskin horretan adierazitako informazioaz bestelakorik ez da kontuan hartuko). Gainera, deklaratutako jarduketek puntuak jaso ditzaten, haien frogagiriak helarazi beharko dira, emate-ebazpenaren kopia edo dokumentu baliokidea atxikiz. (Erantsitako agiri bakoitza izendatuko da III. eranskineko "identifikatzailea" zutabean adierazitakoaren arabera).
Apartatu horretan lorturiko puntuazio osoa 1,25ekin biderkatu ahalko da, baldin eta esku-hartzea Nafarroako Parlamentuak aurreko bi ekitaldietako edozeinetan finantzatua izan bazen eta haren jarraipenari balorazio positiboa ematen bazaio. Horretarako, eskaera-inprimakian labur azaldu beharko dira ordura arte lorturiko emaitzak eta jarraipenerako arrazoiak.
II.–Estrategia instituzionala (10 puntu bitarte):
–Arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako plan bat edukitzea edo horretarako urratsak jasota edukitzea eskatzailea den entitatearen estrategia instituzionalean bertan (5 puntu).
–Ingurumen-plan estrategiko bat edo ingurumen-kudeaketako jokabideen zehaztapen bat edukitzea (5 puntu).
–50 langile baino gutxiagoko plantilla daukaten entitateentzat bakarrik: genero-berdintasuneko plan bat edukitzea. (5 puntu).
Baloraziorako, datuz bete beharko da IV. eranskina, eta baloragarri diren jarduketetarako frogagiriak aurkeztu beharko dira. Behar bezala identifikatuta daudenak bakarrik hartuko dira kontuan.
III.–Proiektuaren kalitatea (55 puntu, gehienez):
a) Proiektua gauzatuko den egoeraren eta ingurunearen azterketa (10 puntu gehienez).
b) Kronograma (5 puntu gehienez).
c) Helburuaren, emaitzen eta jardueren koherentzia (10 puntu gehienez).
d) Adierazleak eta egiaztatze-iturriak (10 puntu gehienez).
e) Herritarrek parte hartzea eta boluntariotza sustatzea (5 puntu gehienez).
f) Genero-ikuspegia jasotzea (10 puntu, gehienez).
Proiektua lagungarria da emakumeen eta haiek munduan duten kokalekuaren ikusgaitasunerako; gaitasunen sendotzea eta emakumeen autonomia sustatzen ditu.
g) Esku-hartzearen garapenean eragin dezaketen kanpoko arriskuen edo faktoreen analisia (5 puntu, gehienez).
IV.–Aurrekontuaren deskribapena (15 puntu, gehienez).
–Aurrekontua deialdian jasotakoari egokitzea (5 puntu, gehienez).
–Gastuaren beharrak justifikatzea: giza baliabideak, baliabide materialak... (10 puntu, gehienez).
Ez dira baietsi 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak.
Eskatutako dirulaguntza bera emanen da. Lehentasun-ordena ezarriko da lortutako puntu kopuruaren arabera, eta dirulaguntzak esleituko dira harik eta aurrekontu-izendapenaren mugara iritsi arte. Prozedura horren arabera dirulaguntza lor dezakeen azken proiekturako eskatutako diru kopurua handiagoa bada haren finantzaketarako eskueran dagoen diru kopurua baino, instrukzio organoak zilegi izanen du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20. bis artikuluan ezartzen denari jarraituz, onuraduna premiatzea bere eskaera birformula dezan, eman daitekeen dirulaguntzara doitzearren konpromisoak eta baldintzak.
Hamabigarrena.–Errekurtsoak.
Deialdi hau oinarri arautzaile hauen bidez eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren bidez arautzen da.
Honen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:
–Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Nafarroako Parlamentuko Mahaiari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo horretako salan, bi hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2505968
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
