86. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

43E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat, gaua igarotzeko lekuak ezar ditzaten turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 822756.

Nafarroako Foru Komunitatean turismo ibiltariaren fenomenoak hazkunde oso nabarmena izan du azken urteotan, eta agerian geratu da beharrezkoa dela Administrazioak jarrera aktiboa hartzea, turismo modalitate horren gaineko araudia antolatzeko eta gertatzen ari diren disfuntzioak zuzentzeko.

Esparru juridiko bat ezarri zuen azaroaren 5eko 103/2014 Foru Dekretuak, autokarabanentzako harrera-leku eta kanpalekuen antolamenduari buruzkoak, baina ez zuen espero adinako emaitzarik lortu, eta gainditua geratu da nabarmen, modalitate horri lotutako turisten ohituren bilakaerarengatik, alde batetik, eta bestetik, turismoaren sektorean azken urteetan gertatzen ari den etengabeko aldaketa prozesuarengatik.

Turismo Zuzendaritza Nagusiaren lan planaren eta bide orriaren baitan dago hainbat txosten prestatzea, besteak beste, "Turismo ibiltariaren antolamendua Nafarroan: eredua eta arautzeko eta sustatzeko oinarriak" txostena, eta "turismo ibiltariaren portaera eta eragin ekonomikoa" eta "lurralde eragina" gaiei buruzko azterlanak.

Lan plan honen esparruan onetsi zen 22/2024 Foru Dekretua, martxoaren 6koa, zeinaren bidez arautzen baita non igaro dezaketen gaua Nafarroako Foru Komunitatean barna turismo ibiltariko autokarabanek, bidaian diren karabanek eta antzekoek; horren helburua zen turismo mota hori modu jasangarriagoan garatzen laguntzea, Nafarroako Foru Komunitatean turismo ibiltarirako gaua emateko ezartzen diren eremuak arautuz, etxebizitza-ibilgailu mota guztientzat.

Aldi berean, Turismo Zuzendaritza Nagusia eremu-sare koordinatu bat prestatzen ari da, erreserba sistema integratu eta zentralizatu baten bidez kudeatuko dena, egungo eskaerari erantzun ahal izateko eta, orobat, izan daitezkeen sustatzaileen aukera eta interesei eta, batez ere, guztien interes komunari ere bai. Helburua da toki entitateei jarduera horren kudeaketarako aukera bideragarri eta seguru bat eskaintzea, etxebizitza-ibilgailuen fluxuak sare osoan barna banatu ahal izateko, kolapsorik izan ez dadin une gorenetan, eta natura edo hiri eremuak babesteko.

Jarduera antolatzeko prozesu horretan guztian, lehen esan den moduan, helburua baita jarduera horren garapen jasangarriagoa lortzea, toki entitateak funtsezko elementuak dira; izan ere, haien esku dago trafikoa, aparkalekuak eta mugikortasuna arautzea, baita kanpalekuen eta gaua igarotzeko lekuen kontrola ere, zein bere udalerrian.

Aldi berean, eta 2024an zehar, Turismo Zuzendaritza Nagusiak goian aipatutako informazio- eta sentsibilizazio-planean lan egin du, funtsezko helburu honekin: lortzea, batetik, toki entitateek ikuspegi orokorrarekin lan egitearen abantailak parteka ditzaten, eta, bestetik, ezagutu ditzaten beren udalerrietan turismo ibiltariaren fluxuak antolatzeko aukerak eta eskura izan ditzaketen tresnak eta laguntzak.

Ildo horretan, toki entitateek autokarabanen, karabanen eta antzekoen turismo ibiltaria antolatzen laguntzeko inbertsioak egin ditzaten sustatzeko, 22/2024 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren maiatzaren 17ko 62E/2024 Foru Aginduaren bidez, honako deialdi hau onetsi zen: "Dirulaguntzak toki entitateentzat, turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko lekuak ezartzeko 2024-2025 aldian".

Deialdi hori banakako ebaluazio-prozeduraren bidez izapidetu zen, Nafarroako Gobernuaren 2024ko maiatzaren 8ko Erabakiaren arabera.

Gaua igarotzeko eremuak ezartzen laguntzeko laguntza-lerro horretan, baimendutako gastu osoa ahitu zen (800.000 euro).

22/2024 Foru Dekretuan gaua igarotzeko eremuez ezarritako erregulazioari buruz Turismo Zuzendaritza Nagusiak bete duen informazio- eta sentikortasun-jarduerari esker, toki entitateak inplikatu egin dira gaua igarotzeko eremuak sortzen, eta, beraz, beharrezkoa da dirulaguntzak emateko beste deialdi bat egitea, behar diren inbertsioak finantzatzen laguntzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, aurrekoan bezala, deialdi hau ere banakako ebaluazio bidez ebaztea aurreikusten da, egoki diren dirulaguntzak emanez eskaerak aurkeztu diren hurrenkeran, aurrekontuan behar adina diru dagoen bitartean.

Horren arrazoia da Nafarroa osoan eremu-sarearen proiektua bultzatzen jarraitzeko, banakako ebaluazioa egokiagoa dela; hain zuzen ere, planteatzen den deialdiaren helburuak lor daitezen eta deialdi horren onura publikoa lortzeko aukera gehiago egon daitezen.

Inbertsioen ezaugarri bereziak direla eta, denboran luzatu egin baitaitezke, eta beharbada, ezinezkoa izan baitaiteke aurrekontu-ekitaldi bakar batean gauzatzea, deialdiak aurreikusten du, halaber, urte anitzeko gastu bat onestea, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean behar adina aurrekontu-kontsignazioa baldin badago, betiere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Nafarroako Gobernuak 2025eko martxoaren 19an hartutako Erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidearen bidez izapidetzeko.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Toki entitateei dirulaguntzak banakako ebaluazioaren bidez emateko deialdi bat onestea, gaua igarotzeko lekuak ezar ditzaten, turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. 500.000 euroko gastua baimentzea, deialdiaren ondoriozko konpromisoak betetzeko, ekonomiaren eta denboraren banaketa honen arabera finantzatuko dena:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A30001 A3100 7609 432100 Turismo ibiltariarentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko dirulaguntzak

2025

100.000

A30001 A3100 7609 432100 partidaren baliokidea, Turismo ibiltariarentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko dirulaguntzak, 2026ko gastuen aurrekontukoa

2026

400.000

2026ko ekitaldiko gastu-aurrekontuaren kargurako gastua kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.

Orobat, 100.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2025eko martxoaren 25ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA.–TOKI ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZA DEIALDIA, TURISMO IBILTARIKO AUTOKARABANENTZAT, BIDAIAN DIREN KARABANENTZAT ETA ANTZEKOENTZAT GAUA IGAROTZEKO LEKUAK EZAR DITZATEN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen helburua da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea arautzea, turismo ibiltariko autokarabanentzat, karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko lekuak ezar ditzaten.

Deialdiaren helburua da toki entitateek inbertsioak egin ditzaten eta neurriak har ditzaten sustatzea, autokarabanen, karabanen eta antzekoen turismo ibiltaria antolatzeko, ikuspegi orokorra izanen duen eremu-sare bat sustatzea, jardueraren fluxuak ulertuz eta haiei erantzuna emanez, eta orobat, eremu horien kudeaketarako eredu bat eskaintzea.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetatik sortuko diren konpromisoak betetzeko baimendu den kreditua 500.000 eurokoa da, eta ekonomia eta denbora banaketa honen arabera finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A30001 A3100 7609 432100 Turismo ibiltariarentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko dirulaguntzak.

2025

100.000

A30001 A3100 7609 432100 partidaren baliokidea, Turismo ibiltariarentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko dirulaguntzak, 2026ko gastuen aurrekontukoa

2026

400.000

2026ko ekitaldiko gastu-aurrekontuaren kargurako gastua kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.

Orobat, 100.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

1. Jarduketak dagokion eskaera aurkeztu ondoren gauzatu eta fakturatu behar dira, eta beranduenez 2026ko urriaren 31n. Ondorio horietarako, gauzatu direla ulertuko da baldin epe horretan egin, fakturatu eta ordaindu badira.

2. Turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko, toki entitateei dirulaguntzak emateko 2024-2025 deialdira aurkeztu ziren eta, aurrekontu-eskasia dela-eta, osorik erantzun gabe edo ezetsi egin ziren laguntza eskaeren kasuan, jarduketak deialdi horri dagokion eskaera aurkeztu ondoren egin eta fakturatuta egon beharko dute, 2026ko urriaren 31 baino lehen, beranduenez.

4. Entitate onuradunak eta betebeharrak.

4.1. Arau orokor gisa, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik dauden eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek; zehazki, honako hauek:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera osatuta daudenak. Udalerriak ez diren entitateek frogatu egin beharko dute diruz lagungarriak diren jarduketak egiteko eskumena esleitu zaiela.

–Ez daudenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere.

–Ez daudenak betetzen inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez daudenak arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

4.2. Ezin izanen dira laguntzen onuradun izan laguntzak edo maileguak itzuli beharraren ondorioz Administrazioarekin zorrak dituzten entitateak, ez eta oraindik gauzatu gabe dagoen berreskuratze-agindu baten mende daudenak ere (azken kasu horretan, Europako Batzordeak erabakitzen duenean laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela).

Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

5. oinarria. Diruz lagungarriak diren proiektu eta kostu motak.

5.1. Proiektu motak.

Deialdi honen babesean, dirulaguntza jasotzen ahalko dute turismo ibiltarirako "Gaua igarotzeko eremuak" izeneko azpiegitura turistiko berriak sortzeko proiektuek, edo une honetan Nafarroako toki entitateek dituzten geralekuak eta aparkalekuak helburu horretarako egokitzeko proiektuek. Eremu horiek egokitu beharko dira turismo ibiltariko autokarabanentzako, bidaian diren karabanentzako eta antzekoentzako gaua igarotzeko lekuak Nafarroako Foru Komunitatean arautzen dituen martxoaren 6ko 22/2024 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

"Gaua igarotzeko eremuak" xede duten proiektuek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Lursailaren jabetza toki entitate eskatzailearena izatea edo gutxienez 10 urterako toki entitatearen aldeko lagapena izatea. Epe horretan toki entitateak konpromisoa hartzen du deialdi honen bidez finantzatutako azpiegitura erabili, kudeatu eta mantentzeko. Epe hori 10 urte baino laburragoa izan daiteke, baldin eta lursail hori herriaren erabilera publikoko eta interes orokorreko beste zerbitzu baterako baizik erabili behar ez bada. Kasu horretan, erabileraren aldaketa hori Turismo Zuzendaritza Nagusiak onetsi beharko du.

–Toki entitateak konpromisoa hartuko du gaua igarotzeko eremua lotzeko Turismo Zuzendaritza Nagusia sustatzen ari den bisitarien harrera-lekuen eta gaua igarotzeko eremuen sarearekin; beraz, haren sarbideen kontrolerako sistemak aukera eman behar du sare horren erreserben plataformarekin lotura egiteko.

–Gaua igarotzeko eremuak sarbide bakarra izanen du ibilgailuentzat, eta aurreko puntuan adierazitako Turismo Zuzendaritza Nagusiaren erreserba sistemari lotutako hesi automatiko bat edo antzeko elementu bat instalatuz kontrolatuko da.

Toki entitateak, gainera, konpromisoa hartu beharko du turismo ibiltariko ibilgailuei gaua egokitutako eremuetatik kanpo igarotzeko aukera mugatzeko, eta, orobat, zerbitzua erabiliko dutenek ordaindu beharreko prezioak ezarri beharko ditu, dagokion udal ordenantzaren bidez, gehienez 12 hilabeteko epean onetsiko dena, dirulaguntza esleitzen den unetik hasita.

5.2. Kostu diruz lagungarriak.

Deialdi honen bidez diruz laguntzen ahalko dira honako kostu hauek:

a) Honen aurreko puntuan aipatutako inbertsio proiektuak idaztea eta dagokien obra zuzentzea. Kontzeptu horiengatik, diruz lagungarritzat onartuko da aurreikusitako inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %10, gehienez ere, baina gastu horiek ez dira kontuan hartuko 6. oinarrian eskatutako inbertsioen gutxieneko zenbatekoak lortzeko.

Dirulaguntza ordaintzeko unean, kontzeptu horiekin justifikatutako gastutzat joko da justifikatutako gauzatze materialaren zenbatekoaren %10, gehienez. Horren ondorioz, gastu mota hori bakarrik justifikatzen bada, ez da emandako dirulaguntzaren inolako ordainketarik egiten ahalko.

b) 5.1 atalean aipatzen diren instalazioak eta azpiegiturak egokitzeko behar diren eta proiektatu diren inbertsioak gauzatzea, onetsitako obraren exekuzio proiektuaren arabera.

c) Kontrol eta zaintza sistemak instalatzeko kostuak.

d) Behar diren altzariak eta ekipamendua erosi eta instalatzea, eta informazio panelak jartzea.

5.3. Diruz lagungarriak ez diren kostuak.

Laguntzak pizgarri gisa erabili nahi direnez, onartuko diren jarduketa bakarrak laguntzaren onuradunek laguntzaren eskaera erregistratu ondotik hasitakoak izanen dira. Ez da hautagarri izanen jarduketa gauzatzeari dagokion kosturik data hori baino lehenago fakturatua bada, salbu eta eskaera aurkezteko edo inbertsioak gauzatzeko beharrezkoak izan diren prestaketa lanei dagozkien kostuak; esate baterako, proiektua edo memoria teknikoa idaztea, Izan ere, horiek diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, lehenago fakturatu badira ere, prestaketa aldiko jarduketa horiek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi badira.

Turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko, toki entitateei dirulaguntzak emateko 2024-2025 deialdira aurkeztu ziren eta, aurrekontu-eskasia dela-eta, osorik erantzun gabe edo ezetsi egin ziren laguntza eskaeren kasuan, prestaketako jarduketak diruz lagungarriak izanen dira 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi badira.

Honako gastu mota hauek ez dira inolaz ere diruz lagungarriak izanen:

a) Dirulaguntza eskatzen duen entitateak berak egindako lanak, ez eta entitate eskatzailea bera denean jardueraren emailea edo hornitzailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.

b) Garraio elementuak.

c) Administrazio baimenak, lizentziak, baimenak, abal eta fidantzen kostua, isunak, tasak, zergak edo ordainak.

d) Kudeaketei, kontratazioei, kontsultei edo administrazio tramiteei lotutako edozein gastu, nahiz eta beharrezkoak izan baimenak edo lizentziak lortzeko.

e) Finantza gastuak, pasiboen berregituraketenak edo birfinantzaketenak, edozein eragiketa motatako banku gastuak.

f) Establezimenduen errentamendu gastuak.

g) Jarduketen mantentze-lanetako gastuak edo soluzio teknologiko baten ezarpenaren ondoko funtzionamenduarekin eta hobekuntzarekin zerikusia duen beste edozein gastu.

h) Izenpetutako aseguruak, zehapen penalei lotutako kostuak eta prozedura judizialen gastuak.

i) Funtzionamendu gastu arruntak.

j) Entitate onuradunen mendeko lan harremana duten langile finkoen edo behin-behineko lan kontratudunen ordainsari arruntei dagozkien gastuak.

k) 5.2 atalean hautagarritzat jotzen ez den beste edozein gastu.

6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta gutxieneko inbertsioa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da. Inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoaren (BEZa barne) %65 eta %80 artekoa izanen da, baremoaren lortutako puntuazioaren araberakoa eta honako xehetasun hauekin bat etorriz:

–Beharrezko gutxieneko inbertsioa: 30.000 euro.

–Gehieneko aurrekontu diruz lagungarria: 200.000 euro.

–Diruz lagunduko den ehunekoa:

  • %65, oinarri arautzaileetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituzten proiektuetan.
  • %80, irizpide hauek betetzen dituzten proiektuetan:
    • Lehentasunezko proiektu motak, puntu beroen eta eskaintza/eskariaren arteko arrakalaren arabera.

ESKUALDEA

PROIEKTU MOTA

Baztan-Bidasoa, Pirinioak, Zangozako eskualdea eta Pirinioaurreko eskualdea

Une honetan dauden geraleku eta/edo aparkalekuak egokitzea edo berriak sortzea. Gehienez 20 toki dituzten eremuak

Errege Bardearen ingurua (Partzuergoko kide diren herriak, Erronkaribar-Zaraitzu izan ezik)

Egungo geraleku eta/edo aparkalekuak egokitzea gaua igarotzeko plus eremuak izan daitezen

Iruña eta metropolialdea

Egungo geralekuak egokitzea, gaua igarotzeko plus eremuak izan daitezen

Nafarroako gainerakoa

Egungo geralekuak edo aparkalekuak egokitzea

* Oinarria: "Turismo ibiltariaren lurralde eragina eta gaua igarotzeko eremuen beharren mapa" azterlana.

  • 5.000 biztanletik beherako udalerriak.

Toki entitateak BEZa berreskuratzea badu, gastu hori ez da diruz lagungarria izanen. Zati bat berreskuratzea badu, udal idazkaritzak ziurtagiri bat egin beharko du, hainbanaketa portzentajea adierazita. Portzentaje hori ez da inola ere diruz lagungarria izanen.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko ekainaren 30ean amaituko da, egun hori barne, edo deialdi honetarako aurreikusitako aurrekontu-kreditua agortu arte, eta hori laguntzen fitxan iragarriko da.

7.2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Eskaerak nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dira, laguntzen fitxaren bidez; fitxa horretan esteka bat egonen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikora.

b) Laguntza hauekin loturik Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak egiten ahal dituen jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat izatea.

c) Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatutakoa ez bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen (hemendik aurrera, APAPEL) 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

d) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira izapidetze telematikoa egiten denean, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.

7.3. Eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria. Behar den dokumentazioa.

Laguntzak eskatzeko, berariazko eskaera-orria aurkeztu beharko da, toki entitatearen legezko ordezkariak sinatuta, aipatzen den dokumentazioarekin batera.

Turismo ibiltariko autokarabanentzat, bidaian diren karabanentzat eta antzekoentzat gaua igarotzeko eremuak ezartzeko, toki entitateei dirulaguntzak emateko 2024-2025 deialdira aurkeztu ziren eta, aurrekontu-eskasia dela-eta, osorik erantzun gabe edo ezetsi egin ziren laguntza eskaeren kasuan:

a) Deialdi horretara aurkeztutako eskaerarekin batera aurkeztu zen dokumentazioa edo informazioa aldatu ez bada, eskaera-orria bakarrik aurkeztuko da.

b) 2024-2025eko dirulaguntzen deialdirako eskaerarekin batera aurkeztutako edozein dokumentazio edo informazio aldatu bada, aurkeztu beharko dira eskaera-orria eta ondotik ezartzen den dokumentaziotik, aurreko deialditik hona aldatu dena.

8.1. Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskaera-orrian jasotako erantzukizunpeko adierazpenak.

–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako debekuetako bakar batean ez dagoela adieraziz.

–Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena entitatea ez dagoela inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez dagoela arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

–Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena ez duela zorrik administrazioarekin laguntzak, maileguak edo aurrerakinak itzuli behar izateagatik eta, orobat, ez dagoela berreskuratze agindu baten zain, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpoko eta barne merkatuarekin bateraezin deklaratzeko erabakia hartu ondoren.

–Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena betetzen dela aplikatzekoa den Espainiako eta Europar Batasuneko araudi guztia (bereziki, lehiaren, kontratazioaren, obren eta horniduren adjudikazioaren eta ingurumenaren arloetakoak) eta konpromisoa hartzen duela bere gain proiektua aurrera eramateko beharrezkoak diren lizentziak eta baimenak eskuratzeko.

–Erantzukizunpeko adierazpena, beste administrazio, entitate edo partikular batzuei dirulaguntzaren xede diren jarduketa berberetarako eskatutako eta/edo haiek emandako dirulaguntzei buruzkoa, eta jasotzen duena konpromiso bat, deialdi honetako dirulaguntzak izapidetzen diren bitartean eskatzen edo jasotzen ahal dituen laguntzei buruz informatzeari buruzkoa.

Toki entitateko idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, adierazten duena entitate horrek ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

–11. oinarrian araututako ordainketa aurrerakina eskatuz gero, dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsak behar direla egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, toki entitate eskatzailearen idazkari lanetan diharduenak emandakoa. Entitate eskatzaileak bat baino gehiago direnean, idazkaritza guztien ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

–Entitate eskatzailea jarduketak eginen diren eremuen edo lurren titularra dela dioen ziurtagiria edo, hala badagokio, eskaera aurkezten den egunetik 10 urtetik beherakoa ez den denboran horiek erabilgarri izanen dituela dioena. Horretarako, toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria aurkeztuko da, zirkunstantzia horiek egiaztatzen dituena eta, gainera, jarduketak eginen diren poligono eta lurzati zehatzak adierazten dituena.

–Toki entitatearen konpromisoa, gaua igarotzeko eremua gutxienez 10 urtez zerbitzu horretarako erabiliko dela eta Turismo Zuzendaritza Nagusiaren eremuen sareari atxikiko zaiola, 5. oinarria betez.

–Toki entitatearen konpromisoa, dagokion ordenantza arautzailearen bidez, turismo ibiltariarentzako gaua igarotzeko eremuaren mugapena eta zerbitzua emateagatik kobratu beharreko prezioa arautzeko, 5. oinarrian adierazitako moduan.

8.2. Proiektuari/proiektuei buruzko dokumentazioa.

–Dirulaguntzaren xedeko jarduketak azaltzen dituen deskripzio-memoria, bilduko duena gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatz eta xehatua:

  • Jarduketa horrekin lortu nahi diren helburuak.
  • Jarduketaren interesaren justifikazioa.

Naturaguneetan dauden harrera-lekuen erabilera publikoaren gaineko kudeaketa hobetzeko inbertsio proiektuetan, 6. oinarrian ezarritako baremoa aplikatzeko, memorian justifikatu beharko da puntuak ematen dituzten baldintzak betetzen direla.

–Memoria baloratua edo, inbertsioek hala eskatzen badute, obrak egiteko proiektua, behar bezala zigilatua.

–Kostu hautagarrien artean obra zibila jasotzen duten jarduketetarako eskaeren kasuan, hondakinen kudeaketaren azterlan bat, teknikari eskudun batek sinatua, hondakinen gutxieneko portzentajearen betekizuna (%70) betetzen dela justifikatuz, edo bestela, onuradunaren ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, betekizuna bete dela eta hori justifikatzeko behar den dokumentazio guztia aurkeztuko dela adieraziz.

–Beharrezkoak diren administrazio baimenak (Ingurumena, Lurraldearen Antolamendua edo beste batzuk), aginduzkoak badira.

–Aurrekontua kontzeptuen arabera zehaztua, gastuak zenbatesteko bide ematen duten fakturak edo proformako fakturak; ez dira inoiz onartuko entitate eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

–Argazkiak, erakusten dutenak zer egoeratan dauden instalazioak/azpiegiturak eskaera aurkezteko unean.

–Jarduketak gauzatzeko kronograma eta jarduketa gauzatzeko faseak.

9. oinarria. Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.

Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen kudeaketa organoa.

–Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubidearen bidez emanen da. Eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean, eta 2. oinarri arautzailean proiektu mota bakoitzerako kontsignatutako kredituen arabera.

–Laguntzak eskatzeko epea amaitu baino lehen agortzen bada aurrekontu-kreditua, eskaerak behin-behineko erreserba zerrendan erregistratzen jarraitzen ahalko dira. Eskaera horiei erantzunen zaie, sarrera ordenari zorrotz jarraituz, kreditua askatzen bada (laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen delako edo onuradunen batek laguntzari uko egiten diolako) edo deialdian aurrekontu berria sartzen bada.

Eskaera behin-behineko erreserba zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.

Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun naturaleko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

–Zuzentzeko epea amaituta, espedientearen behin betiko ebaluazioa eginen da, eta ondoriozko dirulaguntzaren kalkulua ere bai, eta dagokion dirulaguntzaren esleipena ere eginen da, inbertsioa eginen den urteko aldiaren edo urteetako aldien arabera.

2025eko aurrekontuan ez badago behar adina funts une horretan aurreikusitako gastu konpromisoa hartzeko, baina 2026koan gerakinik geratzen bada, emakida urte horren kontura egitea proposatuko da.

Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Turismo Zuzendaritza Nagusiari. Dagozkien dirulaguntzak aurreko zenbakian xedatutakoari jarraituz esleitu ondoren, eskaerei erantzuteko ezarritako aurrekontu baliabideak agortzen badira, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.

Turismo Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Dirulaguntza emateko ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria. Egindako jarduketak justifikatzeko epea, modua eta dokumentazioa.

10.1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2026ko urriaren 31n, egun hori barne.

10.2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa aurkezteko, laguntzaren fitxan dagoen justifikazio-formulario berariazkoa erabili beharko da, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari igorriko zaio.

Justifikazioko dokumentazioa aurkezteko, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

10.3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.

Jarraian aipatutako agiriak atxikiko zaizkio justifikazio-inprimaki formalizatuari. Agiriok eskaneatuta aurkeztuko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Dirulaguntzaren xedeko jarduketen memoria, aurreikusitako jarduketen exekuzio maila azalduta.

b) Diruz lagundutako jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; fakturak izanen dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen indarreko fakturazio erregelamenduaren araberakoak, eta, betiere, dirulaguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira.

c) Egindako ordainketak justifikatzeko banku-agiriak.

d) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa. Adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio-inprimakian berean eginen da.

e) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzen duena Kontratu Publikoei buruz indarrean dagoen Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ) eta 28.3 artikuluetan aurreikusten diren ondorioetarako.

f) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzen duena dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko jarduketen kontratazioan bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak.

g) Egindako jarduketen argazkiak.

11. oinarria. Aurrerakinen aurreikuspena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2) artikuluan ezarritakoaren arabera, emandako dirulaguntzaren %75eko aurrerakina ematen ahalko da gehienez, baldin eta entitate onuradunak justifikatzen badu dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela.

Horretarako, entitate onuradunak berariaz eskatu beharko du, eta behar bezala justifikatu aurrerakin horren premia daukala.

Aurrerakina dirulaguntza ematen den unean ordainduko da, betiere urte horretan diru-zuzkidura aski bada aurrekontuan, eta entitate onuradunak egindako jarduketen justifikazioa aurkezten duenean erregularizatuko da.

Dirulaguntza emateko unean kreditu-gerakinik ez badago 2025eko ekitaldian, hurrengo ekitaldiko aurrekontuaren kargura eman eta ordainduko da aurrerakina.

12. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Egindako jarduketen frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jarduketa horiei dagokien ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Turismo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko du, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Onuradunak oinarri hauetan araututako dirulaguntza aurrerakina jaso badu, honela erregularizatuko da:

–Horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen ez bada, eskatuko da ordaindutako dirulaguntzaren soberakinari dagokion dirulaguntza itzultzeko, kasuan kasuko berandutze-interesekin batera.

–Horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen badu, falta den zenbatekoa ordaintzeko ebazpena emanen da.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak eta ez-betetze mailak.

13.1. Betebeharrak.

Toki entitate onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.

b) Laguntzen organo kudeatzaileari komunikatzea, hamabost egun balioduneko epean, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin diruz lagundutako jarduketak (bateren bat edo guztiak) ezarritako epean ez badira egin behar.

c) Diruz lagundutako jardueren azken gauzatze maila %75etik beherakoa izatea aurreikusten bada, hasieran onartutako aurrekontuaren aldean, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari jakin bezain laster, eta edonola ere laguntza jaso eta bi hilabetera, beranduenez.

Jakinarazpen hori egin ezean, dirulaguntzaren xede diren jarduketen gauzatze mailari buruz oinarri honen 2. zenbakian ezarritako murrizketak aplikatuko dira.

d) Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere.

e) Eskaerarekin batera aurkeztu diren erantzukizunpeko adierazpenetan hartutako konpromisoak eta deialdi honi aplikatzekoa zaion araudi guztia betetzea.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

13.2. Ez-betetzeak eta ez-betetzeen graduazioa.

Osorik betetzen ez badira dirulaguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Egiaztagiriak aurkezten badira 2026ko urriaren 31ren ondoren, baina atzerapena ez bada hamar egunetik gorakoa, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da. Atzerapena 10 egunetik gorakoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubiderik eza deklaratuko da.

b) Dirulaguntzaren xede izan diren jarduketak gauzatzeko (egitea, fakturatzea eta ordaintzea), azkenean, zenbateko txikiagoa baliatzen bada, honako murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarte gauzatzen bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50, hain zuzen.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik behera gauzatzen bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Gauzatze maila zehazteko, diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa alderatuko da horretarako ezarritako epearen barruan onartutako gastu justifikatuaren zenbatekoarekin.

c) Onartutako gastu justifikatuak ezin dira inola ere izan baxuagoak 6. oinarrian ezarritako gutxieneko gastu diruz lagungarrien zenbatekoak baino. Eta, hala izanez gero, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

d) Turismo Zuzendaritza Nagusiak sustatutako eremu-sareari atxikitzeko hartutako konpromisoak betetzen ez badira, edo udal ordenantza bidez udalerrian gaua igarotzeko mugapena eta zerbitzuarengatik ordaindu beharreko prezioak arautzen ez badira, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera, jasotako dirulaguntza itzuli egin beharko da, dagokion espedientea ireki ondoren.

14. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Betiere, deialdi honetako dirulaguntzen xedeko ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo ekintza horietarako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.

16. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2504632