Iragarkia
86. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 2a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
43E/2025 FORU AGINDUA, apirilaren 16koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2025eko laguntzak toki entitateentzat" izeneko dirulaguntzaren deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 827513.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoak premiatzen ditu euskararen presentzia sustatzera gizarteko eremu guztietan, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko, baita eskubide hori benetako bihurtzeko tresnak zehaztera ere.
Legezko betebehar hori gauzatzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eginkizunetako bat da udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena bultzatzea, Erakunde Autonomo horren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Ondorioz, bidezkotzat jotzen da onestea 2025ean euskara toki entitateetan erabiltzeko eta sustatzeko laguntzen deialdia, laguntzak norgehiagoka emateko prozeduraren bidez.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,
AGINTZEN DUT:
1. "Euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2025eko laguntzak toki entitateentzat" izeneko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak foru agindu honen eranskinean jaso baitira.
3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B30002-B3200-4609-334100: Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen programa | 2025 | 915.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko apirilaren 16an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte Nafarroako toki entitateek euskara sustatu eta erabiltzeko egiten dituzten programazioak finantzatzeko laguntzak emateko.
2.–Entitate onuradunak.
2.1. Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak, halakotzat harturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan deskribatutakoak.
2.2. Erakunde eskatzaile guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.
3.–Modalitateak eta aurrekontua.
3.1. Deialdiak modalitate hauek ditu:
a) A modalitatea: toki entitate eskatzailearen eskumen eremuan egindako programak. Modalitate honetarako aurrekontu zuzkidura 275.000 eurokoa da.
b) B modalitatea: zenbait toki entitatek batera egindako programak. Modalitate honetarako aurrekontu zuzkidura 440.000 eurokoa da. Honela banatuko da:
–140.000 euro euskararen ahozko erabilera sustatzeko berariazko programei esleituko zaizkie, bi adin tarte hauetan: haurrak eta nerabeak (16 urtetik beherakoak) eta gazteak eta helduak (16 urtetik gorakoak).
–300.000 euro gainerako programetarako.
c) C modalitatea: herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzea. Modalitate honetarako aurrekontu zuzkidura 200.000 eurokoa da. Honela banatuko da:
c.a) 120.000 euro euskara zerbitzu tekniko berriak sortzeko.
c.b) 30.000 euro toki entitateetako langileek euskara ikasteko.
c.c) 25.000 euro hizkuntza paisaiaren hobekuntza integrala egiteko.
c.d) 25.000 euro azterlan soziolinguistikoak eta hizkuntza plangintzako gogoeta eta partaidetza prozesuak egiteko.
3.2. Laguntzak finantzatuko dira 2025eko gastu-aurrekontuko "Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen programa" izeneko B30002 B3200 4609 334100 partidaren kargura, eta gehienez ere 915.000 euroko zuzkidura izanen dute.
3.3. Deialdiaren B edo C modalitateetako programen zuzkidura ekonomikoa agortzen ez bada, A modalitateko zuzkidura ekonomikoari gehituko zaio, kultura eta gizarte arloko sustapen programetarako, deialdi honen 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.
4.–Programazioa prestatzen eta koordinatzen duten langileek bete beharreko eskakizun teknikoak.
4.1. Euskal hiztunak biztanleriaren %10ekoa edo handiagoa duten eremu soziolinguistikoetako toki entitateetan –ikus deialdi honetako 5. puntua–, gutxienez titulazio hau duten teknikariek edo hautetsiek prestatu eta garatuko dute programazioa:
a) Unibertsitateko diploma edo gradua.
b) Euskarazko C1 titulua edo baliokidea.
4.2. Euskal hiztunak biztanleriaren %10etik beherakoa duten eremu soziolinguistikoetako toki entitateetan –ikus deialdi honetako 5. puntua–, hizkuntza normalizaziorako teknikariek eginen dute lan hori euskara zerbitzua dagoen kasuetan, edo, bestela, diploma edo gradu bat duten teknikariek edo hautetsiek.
4.3. Eskaintza honen C modalitatearen arabera kontratatzen diren pertsonak 4.1 puntuan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte.
5.–Irizpide soziolinguistikoak.
Deialdi honen ondorioetarako, 2022ko euskararen ezagutzari buruzko datu soziolinguistikoak aintzat hartuko dira; zehazki, Nafarroako Estatistika Institutuak Nafarroarako egindako Euskara Ezagutzaren araberako Biztanleriaren Estatistikak ematen dituenak.
https://nastat.navarra.es/eu/tablas_powerbi/-/tag/perfil-euskera
6.–Gastu eta jarduera diruz lagungarriak.
Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak izanen dira zalantzarik gabe diruz laguntzen ahal den jardueraren izaerari erantzuten dioten gastuak, deialdiaren 1. oinarrian zehaztutako epean egiten badira. Gastu diruz lagungarrien erosketa kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Jarduerak onartzeko, aintzat hartuko dira deialdiaren 5. puntuan azaltzen diren datu soziolinguistikoak, Nafarroan euskararen ezagutzari buruzkoak.
6.1. Programak multzotan banatuko dira, A, B eta C modalitateen arabera.
6.1.1. A modalitateko programak:
Euskara bizitza kulturalean eta sozialean sustatu eta erabiltzeko programak, toki entitateek banaka egindakoak; horien barnean honako hauek:
–Gizarte eta kultura arloko jardueren programa.
–Errotulazio eta argitalpenen programa.
–Tailerren edo prestakuntza ikastaroen programa.
a) Gizarte eta kultura arloko jardueren programa: zinema, antzerkia, literatura lehiaketak, ipuin kontalariak, hitzaldiak, ikastaroak edo tailerrak (gehienez 4 ordukoak), bertsolaritza emanaldiak, erakusketak, musika emanaldiak eta arlo horietako produktu digitalak.
Musika emanaldietarako laguntzak ondoko baldintza hauen arabera arautuko dira:
–Euskal hiztunen %10 edo gehiago duten entitateetan, nagusiki ahozkoak diren euskarazko musika jarduerak laguntzen ahal izanen dira diruz, herriko jaietan egiten direnak izan ezik.
–Euskal hiztunen %10 edo gutxiago duten entitateetan, nagusiki ahozkoak diren euskarazko musika jarduerak laguntzen ahal izanen dira diruz, baita herriko jaietan egindakoak ere.
b) Errotulazio eta argitalpenen programa; honako jarduera hauek jasoko ditu: errotulazioa (kaleak, bideak, eraikinak, gelak eta antzekoak), argitalpen inprimatuak (kartelak, egutegiak eta agendak, liburuxkak eta antzekoak, buletinak edo udal web-orriak itzultzea), bai eta ikerketa eta dibulgazio lanak ere (formatu inprimatuan, multimedian edo ikus-entzunezkoan).
Laguntzak ondoko baldintza hauen arabera arautuko dira:
–%80 eta %100 arteko (biak barne) euskal hiztunak dituzten entitateetan diruz laguntzen ahal izanen dira ikerlanen eta dibulgazio lanen argitalpenak formatu inprimatuan, multimedian edo ikus-entzunezkoan eta euskararen erabilera sustatzeko sentsibilizazio kartelak eta liburuxkak.
–%11 eta %79 arteko euskal hiztunak dituzten entitateetan, aurreko atalean aipatutako jarduerez gain, diruz laguntzen ahal izanen dira udal buletinetako itzulpenak eta kartel eta liburuxka elebidunen errotulazio eta argitalpen inprimatuak (euskararen egunekoak eta antzekoak).
–%10eko edo hortik beherako euskal hiztunak dituzten entitateetan, diruz laguntzen ahal izanen dira aurreko bi ataletan aipatutako jarduera guztiak, herriko jaiekin lotutakoak barne.
c) Entitateak antolatutako tailer programak, prestakuntza ikastaroak edo jada hasita dauden programen jarraipenerako jarduerak (hala nola merkataritza eta ostalaritza establezimenduetara bisitak egitea arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko programen baitan), 4 ordutik gorakoak, eta euskara sustatzeko zehazki diseinatutakoak: ludotekak, udalekuak eta antzekoak.
Ludoteka eta udalekuak baloratzeko, aintzat hartuko dira talde antolatu guztiak. Euskara zerbitzurik ez duten edo eskaera horren bitartez aurkezten ez duten udalerriek udaleku edo ludotekarik antolatzen badute, proiektua aurkeztu behar dute laguntzaren eskaerarekin batera, balora dezaten. Hizkuntza dinamizatzeko lanak egiten dituztenek horretarako berariazko ikastaro bat egin dutela egiaztatu beharko dute.
6.1.2. B modalitateko programak.
Euskara bizitza kulturalean eta sozialean sustatu eta erabiltzeko programak, aurreko puntuan jasotakoak, hainbat toki entitateren artean egindakoak (gutxienez hiruren artean).
6.1.3. C modalitateko programa.
Herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko programak.
a) Euskara zerbitzu tekniko berriak sortzea eta finkatzea. Euskara teknikariak, B mailakoak, kontratatzearen ondorioz sortzen den gastuaren zenbatekoa diruz laguntzen ahal izanen da, kontratazioa egiten den egunetik.
b) Toki entitateetako langileek euskara ikastea. Euskara ikasten ari diren toki entitateetako langileak ordezkatzeko laguntzak dira. Ikaskuntza hori Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzuak eskaintzen dituen ikastaroetan edo Euskarabideak aitortutako euskaltegietan eginen da, 2024ko urritik 2025eko irailera bitartean, biak barne. Diruz lagundu ahal izateko, Euskarabideak baliozkotu beharko ditu proposamenak.
Ikaskuntza programan hautatutako langileen hutsunea betetzeko kontrataziotik eratorritako gastuaren zenbatekoa kalkulatzeko, nomina eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota sartuko dira. Kontratatutakoari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen.
c) Hizkuntza paisaia hobetzeko programa integralak. %10 edo hortik beherako euskal hiztunak dituzten entitateetan, berariaz lagunduko zaie udal eskumenekoak diren hiri seinaleztapen publikoko proiektu integralei (kaleko plakak, informazio eta turismo plakak, eta testua duten trafikoa arautzeko seinaleak). Proiektu horiek udalerri osoa hartu behar dute kontuan, eta plakek presentzia eta ikusgarritasun bera izan behar dute beti euskaraz eta gaztelaniaz. Dirulaguntza jaso ahal izateko, Euskarabideak hizkuntza baliozkotuta egon beharko dute. Seinale eta plaken testuen zerrenda Euskarabidera bidaliko da. Informazio seinaleak eta plakak badira, entitateak Euskarabidera zerrenda bidaliko du, itzulpen proposamen batekin batera. Udal kale izendegia bada, entitateak Euskarabidera bidaliko du izen ofizialen zerrenda, bi hizkuntzetan.
d) Azterlan soziolinguistikoak, fitxategiak eta hizkuntza plangintzako gogoeta eta partaidetza prozesuak egiteko laguntzak. Eskaerarekin batera, txosten labur bat aurkeztuko da, honako informazio honekin: helburuak, metodologia, kronograma, komunikazio estrategia, gastua eta kontratatutako enpresa.
6.2. Programan sartutako jardueren deskribapenean, A edo B modalitatekoak diren argi bereiziko da, eta gutxienez ere atal hauek zehaztuko dira: helburua, modalitatea (kalkulu orrian dagokiona hautatuko da), programatutako jarduera, gauzatzeko tokia eta eguna, arduraduna (edo udal saila), ebaluazio adierazlea (zenbakiz neurtzeko modukoa) eta aurreikusitako gastu eta sarreren aurrekontua.
6.3. Honako hauek deialdi honetatik kanpo gelditzen dira:
a) Toki entitateek Nafarroako Gobernuaren eskumen esklusibokoak diren arloetan egindako jarduerak, ekintzak edo kanpainak.
b) Ikastetxeetan eskola ordutegian egindako jarduerak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako eskolaldi motak erregulatzen dituen azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduarekin bat.
c) Toki entitateez kanpoko elkarteek edo erakundeek antolatutako jarduerak.
d) Entitate pribatuekiko hitzarmenak.
e) Ekitaldi gastronomikoak eta antzeko jarduerak.
f) Kirol jarduera erregularizatuak.
g) Toki entitateak pertsona edo erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntzak.
h) Komunikabideetako publizitatea.
i) Argitalpenen harpidetzak, salbu eta doan banatzeko erosten badira.
j) Argitalpenak banatzeko, liburuxkak postontzietan banatzeko edo kartelak jartzeko gastuak.
k) Antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuk.
6.4. Plantillako langileek beren eginkizunak betetzeagatik jasotzen dituzten lansariei dagokiena ez da gastutzat hartuko, salbu eta C.a) eta C.b) modalitateetan.
6.5. Programetan genero berdintasuna sustatuko da edukien diseinu eta garapenean, hizkera ez-sexista erabiliko da eta emakumeen eta gizonen irudi ez-estereotipatua.
Toki entitateek antolatutako jardueretan gizonen eta emakumeen parte-hartzearen berri izateko, tailerretako parte-hartzeari buruzko datuak sexuaren arabera zehaztuko dira justifikatzeko fasean, berdintasun irizpideak betetzeko.
7.–Euskararen erabilera.
7.1. Deialdi honen barruan egiten diren jarduerak euskaraz eginen dira, eta, hizkuntzaren araudiari eta erabilera zuzenari dagokienez, Euskaltzaindiak ezarritakoa beteko dute.
7.2. Salbuespen gisa, gaztelaniaz egin ahal izanen dira, erdaldunei zuzendutako jarduerak badira eta euskararekiko jarrera positiboak sustatzen badituzte.
8.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
8.1. Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak, nahitaez, telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz:
8.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
8.3. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun naturaleko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.
8.4. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat izatea, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren https://dehu.redsara.es/ helbidean eskura daitekeena. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.
9.–Dokumentazioa.
Agiri hauek aurkeztuko dira:
9.1. Laguntza eskaera.
9.2. Programazioa (II. eranskina), kalkulu orriaren formatuan jaitsiko den ereduaren arabera.
9.3. Toki entitateko idazkaritzak emandako ziurtagiria (III. eranskina), organo eskudunak (alkateak, gobernu batzordeak edo osoko bilkurak) programazioa onesteko hartutako erabakiari buruzkoa eta programazio hori 4. oinarrian jasotako zehaztapenen arabera koordinatuta dagoela adierazten duena.
Gainera, kasua bada, sortu edo finkatu beharreko euskara zerbitzu teknikoetako langileen kontratazioak bilduko ditu.
9.4. Udal mankomunatuentzako ziurtagiria eta txostena (IV. eranskina eta V. eranskina).
Euskara zerbitzuak emateko mankomunatuta dauden udalek norberaren toki eremurako programazio espezifikoa aurkezten badute, mankomunitateko euskara zerbitzuko teknikarien aldeko txostena eta mankomunitateko idazkaritzak emandako ziurtagiria ere aurkeztu beharko dituzte. Ziurtagiri horretan, programazio hori osagarria dela eta mankomunitatearen helburuak betetzen laguntzen duela egiaztatuko da, deialdian eskatutako baldintzetan.
10.–Prozeduraren instrukzioa.
10.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari dagokio, zeina Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen artikuluetan ezarritakoarekin bat arituko baita.
10.2. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio diruz lagundutako programaren garapenean gertatutako edozein gorabehera, eta edozein aldaketa egiteko zerbitzu horren adostasuna beharko da aldez aurretik.
11.–Balorazio irizpideak.
Programak baloratzeko, esparru hauek hartuko dira kontuan:
11.1. A modalitateko programak. Atal honetako gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da.
Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako ibarretako gaur egungo egoera sozioekonomikoa aztertzeko Parlamentuak 2018an eratu zuen ponentziaren txostenean dauden toki entitateei (Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Erroibar, Artzibar, Nabaskoze, Orotz-Betelu, Orreaga, Luzaide eta Auritz) atal honetan puntu bakoitzeko 1,2 puntuko balioa emanen zaie; izan ere, ponentzia hartan dei egiten zitzaion Nafarroako Gobernuari bere politikak garatzean kontuan har zezan Pirinioak bizi duen egoera kritikoa, zehazki euskarazko kultura eta gizarte jarduerekin lotutako ekimenetan.
11.1.a) Gizarte eta kultura arloko jardueren programa. Gehieneko puntuazioa 20 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:
–500 euro arteko gastua, 1 puntu.
–501etik 1.000 euro arteko gastua, 2 puntu.
–1.001etik 2.000 euro arteko gastua, 3 puntu.
–2.001etik 3.000 euro arteko gastua, 4 puntu.
–3.001 eurotik gorako gastua, 5 puntu.
11.1.b) Euskarazko argitalpenen eta errotulazio programa. Gehieneko puntuazioa 5 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:
–500 euro arteko gastua, 1 puntu.
–501etik 1.000 euro arteko gastua, 2 puntu.
–1.001etik 2.000 euro arteko gastua, 3 puntu.
–2.001etik 3.000 euro arteko gastua, 4 puntu.
–3.001 eurotik gorako gastua, 5 puntu.
11.1.c) Euskaraz ematen diren tailer jardueren eta prestakuntza ikastaroen programak edo jarraipen jarduerak. Gehieneko puntuazioa 75 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:
–4 eta 20 ordu arteko iraupena, 5 puntu.
–21 eta 60 ordu arteko iraupena, 10 puntu.
–61 ordu edo gehiago, 15 puntu.
11.2. B modalitateko programak.
Gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:
a) Parte hartu duten toki entitateen kopurua, 10 puntu gehienez.
–3 eta 15 entitate artean, 5 puntu.
–16 toki entitate baino gehiago, 10 puntu.
b) 40 puntu emanen zaizkio onartutako aurrekontu altuena duen programari, eta gainerakoei onartutako aurrekontuarekin proportzioan esleituko zaizkie puntuak.
c) Programen kalitatea, 10 puntu gehienez.
–Programen diseinua: euskarri grafikoak, multimedia euskarriak, edukiak eta programatutako jarduerak; gehienez ere 5 puntu.
–Programen zabalkundea, ale kopurua, eskuorriak, editatutako aldizkariak eta web-orriak izandako bisita kopurua; gehienez ere 5 puntu.
d) 40 puntu emanen zaizkie euskararen ahozko erabilera aktibatzeko helburua duten eta Nafarroako Foru Erkidego osoan ezarrita dauden programei.
11.3. C modalitateko programa.
–C.a) modalitatea. Euskara zerbitzu tekniko berriak sortzeko eta finkatzeko programa. Sortu edo finkatu beharreko euskara zerbitzuetako teknikarien gastu onartua hartuko da kontuan.
–C.b) modalitatea. Toki entitateetako langileek euskara ikasteko programa. Eskatzaileak lortu duten puntuazioaren arabera aukeratuko dira; hala ere, Baloraziorako Batzorde Teknikoak haztatzen ahalko du postuak eskaera egin duten toki entitateen artean nola banatzen diren. Horretarako, gehieneko puntuazioa 25 puntu izanen da, eta lanpostuaren ezaugarriak kontuan hartuko dira irizpide hauen arabera:
- Herritarrei arreta zuzena ematea (ahoz edo bitarteko elektronikoz): txikia, 1 puntu; aski, 2 puntu, eta handia, 3 puntu.
- Haur eta gazteei arreta zuzena ematea (ahoz edo bitarteko elektronikoz): txikia, 1 puntu; aski, 2 puntu, eta handia, 3 puntu.
- Dokumentuak euskaraz sortu eta kudeatzea: gutxi, 1 puntu; aski, 2 puntu, eta asko, 3 puntu.
- Kultura koordinazioaren, kirol koordinazioaren, gizarte lanaren edo antzeko lanpostu teknikoa: ez; 0 puntu; eta bai, 3 puntu.
- Euskarazko eskakizuna plantilla organikoan: ez, 0 puntu; eta bai, 6 puntu.
- Egin beharreko ikastaro trinkoen eskaera: ikastaro bat, 3 puntu; eta bi ikastaro jarraian, oinarrietan ezarritako edozein mailatan, 7 puntu.
–C.c) modalitatea. Hizkuntza paisaia hobetzeko programa integrala, euskal hiztunak %10 edo txikiagoa duten entitateetan egina. Programaren zenbatekoa agortu arte emanen da dirulaguntza, eta programa honetarako onartutako aurrekontuarekiko proportzionala izanen da.
–C.d.) modalitatea. Azterlan soziolinguistikoen programa eta hizkuntza plangintzako gogoeta eta partaidetza prozesuak. Irizpide hauek hartuko dira kontuan:
- Metodologia aztergaira egokitzea: 5 puntu gehienez.
- Azterlanak euskararen sustapenean eta erabileran duen erabilgarritasuna: 5 puntu gehienez.
12.–Laguntzak emateko prozedura eta horien zenbatekoa.
Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta hainbanaketa eginen da.
Laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko edozein modalitatetan onetsitako aurrekontuaren %85; salbuespen bakarrak izanen dira B modalitatean balorazio onena lortu duen programa eta C.a) modalitateko euskara zerbitzu teknikoak, deialdian zehar sortu badira eta lanaldi osoan kontratatuta badaude. Kasu horietan laguntzaren %100 jasotzen ahal izanen da, baina ezinen da gainditu programarako onartutako defizita.
a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Balorazio Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.
b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak euroetan duen balioa.
c) B eta C modalitateetako azpimodalitateren batean soberakinik badago, modalitate horietako gainerako programen artean banatuko da.
d) Banaketa egin ondoren, B eta C modalitateetan soberakinik badago, A modalitateko eskaeren artean banatuko da, modu proportzionalean.
13.–Baloraziorako Batzorde Teknikoa.
13.1. Baloraziorako Batzorde Tekniko bat eratuko da deialdi honen baldintzak betetzen dituzten eskaerak aztertu eta baloratzeko.
13.2. Batzorde horren kide izanen dira:
a) Batzordeburua: Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.
b) Batzordekidea: Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia ordezkatzen duen pertsona bat.
c) Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena, botoa eta hizpidea duela.
13.3. Baloraziorako Batzorde Teknikoak esleituak ditu eskaeren gaineko txostena eta balorazioa egiteko eginkizunak, betiere deialdi honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.
14.–Ebazpen proposamena.
Baloraziorako Batzorde Teknikoak eskaerak baloratuko ditu, eta Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari igorriko dizkio bere jarduketak jasotzen dituzten aktak; zerbitzu horrek ebazpen proposamena aurkeztuko dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari, eta hark ebatziko du.
Proposamen horretan adierazita egonen da zein eskatzaile proposatzen diren laguntzak emateko eta laguntzen zenbatekoa, balorazioa ezarritako irizpideen arabera zehaztuta; horrekin batera, onartutako programa eta jarduerak azalduko dira, bai eta ezetsitako eskaerak ere, arrazoia barne.
15.–Ebazpena.
Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du laguntzak emateko, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean. Ebazpen horretan jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako dirulaguntza, eta hura ukatu bada, horretarako arrazoiak. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da.
16.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta epeak.
16.1. Dirulaguntza eman ondoren, onuradunak beharturik daude jasotako funtsak eman ziren helbururako erabiltzeko, eskaeran aurkeztutako proiektuaren arabera. Euskarabideak egiaztatzen ahal izanen du diruz lagundutako proiektuak gauzatu diren.
16.2. 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarteko jarduerak eta gastuak onartuko dira.
16.3. Justifikaziorako agiriak Euskarabideari aurkezteko epea 2025eko urriaren 17an bukatuko da.
Fakturak eta gastuen egiaztagiriak 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte igorri beharko dira, eta 2025eko urriaren 18ra arte ordaintzen ahalko dira.
Dokumentazioa laguntzak emateko ebazpenarekin bat eta proiektuan adierazitako moduan aurkeztuko da.
17.–Dirulaguntzaren frogagiriak.
17.1. Kalkulu orria toki entitate bakoitzari igorriko zaio bete dezan, eskatutako datuak biltzeko (VII. eranskina).
A eta B modalitateetako programetarako, gastuei, sarrerei eta balorazioari buruzko datuak, eremu hauekin: jarduera, aurrekontua, faktura edo antzekoa jaulki zen data, hartzekodunaren identifikazioa eta faktura zenbakia, ordaindutako zenbatekoa, ordainketa data, beste instituzio publiko batzuen dirulaguntza, beste sarrera batzuk, sarrera data, ebaluazioa eta tailerretan parte hartu duten pertsonen kopurua, sexuaren arabera zehaztuta, eta sortutako materiala.
C.a) eta C.b) modalitateetako programetarako, kalkulu orrian zehaztuko dira nominaren kontzeptuan eta Gizarte Segurantzaren kontzeptuan egindako ordainketak.
C.c) eta C.d) modalitateetako programetarako, gastuen datuak, jarduera, faktura edo antzekoaren jaulkipen data, hartzekodunaren identifikazioa eta faktura zenbakia, ordaindutako zenbatekoa eta ordainketa data.
17.2. Idazkaritzaren ziurtagiria, dirulaguntzaren helburua bete dela egiaztatzen duena, eta kalkulu orrian emandako datuak (VI. eranskina).
17.3. Baliabide eta material guztien lagin bana, paperean edo euskarri digitalean, eta, argitaratutako liburuen kasuan, bina ale.
18.–Dirulaguntza ordaintzea.
18.1. Organo kudeatzaileak 17. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aztertu ondoren ordainduko da laguntzen zenbatekoa. Balorazio irizpideekin bat modu egokian gauzatutako programei osorik ordainduko zaie laguntzak ematean ezarritako zenbatekoa.
18.2. Balorazio irizpideekin bat egin ez diren programen zenbatekoa proportzioan gutxituko da.
18.3. Deialdi honen indarraldian, proiektu bererako beste dirulaguntza bat ematen bazaio, toki entitateak deialdiaren organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Horren harian, dirulaguntza gutxitu eginen da baldin eta haren zenbatekoa, bakarrik edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandakoekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa bada.
19.–Argitalpena.
Euskarabideak Nafarroako Gobernuko atarian eta bere web-orrian (http://euskarabidea.eus) argitaratuko du deialdi honen ebazpena, eta bertan azalduko dira laguntza hauen onuradun diren toki entitateen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko dirua eta baztertu diren entitateen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak barne.
20.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira xede bererako jaso daitezkeen beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin. Halere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.
21.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.
21.1. Entitate onuradunak behar bezala ez badu justifikatzen programak egin izana, ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalak. Halakoetan, ez-betetzearekiko proportzionalak izanen diren itzulketak edo ez-ordaintze partzialak eginen dira. Ez-betetze larritzat joko dira funtsezko gaiei dagozkienak. Halakoetan, arau orokorra izanen da itzulketa edo ez-ordaintze osoa, galarazi gabe, bi kasuetan ere, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetarako berandutze interesak eskatzea. Balorazio batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.
21.2. Aurrekoa gorabehera, eskubidea azkendu eginen da eta jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, baldin eta, toki entitatearen erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, sortutako euskara zerbitzu teknikoak sortu zenetik gutxienez hiru urtez irauten ez badu.
Ildo horretan, entitate onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari.
21.3. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
22.–Beste betebehar batzuk.
22.1. Entitate onuradunek Nafarroako Gobernuak, laguntzen fiskalizazio eta xedearen kontrol eginkizunak betetzeko, eskatzen dien informazio guztia eman beharra dute.
22.2. Programa egiteko hornitzaileen kontratazioa 12.000 eurotik goikoa bada, toki entitateak frogatu beharko du kontratazio hori efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz egin dela, salbu eta, gastuaren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.
23.–Emandako laguntzen publizitatea.
23.1. Idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, onuradunak Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren dirulaguntzaren berri emanen du.
Betebehar hori kasu hauetan eskatzen ahalko da:
a) Aurreko deialdi batzuetan laguntzak jaso dituzten eta deialdi honetan aurkezten diren programetako jardueretan.
b) Dirulaguntzaren ebazpena jakinarazi ondoren, lehen aldiz egiten diren jardueretan.
Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.
23.2. Entitate onuradunak betebehar hori bete ezean, deialdi honetako 21. oinarrian ezarritakoa aplikatuko da.
23.3. Euskarabideak, entitate titularrari jakinarazi eta harekin ados jarri ondoren, euskararen sustapenerako interes handiena duten jardueren zabalkundea egiten ahalko du.
24.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.
24.1. Oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko du, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra, eta, bestetik, maiatzaren 23ko 25/2012 Foru Dekretuak, udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko laguntzak arautzen dituenak.
24.2. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
II. eranskina.–Jardueren programa xehatua.
III. eranskina.–Toki entitateko idazkaritzak emandako ziurtagiria, 9.3 puntuak adierazten duen bezala.
IV. eranskina.–Idazkaritzaren ziurtagiria, udal mankomunatuentzat.
V. eranskina.–Euskara zerbitzuaren txostena, udal mankomunatuentzat.
VI. eranskina.–Idazkaritzaren ziurtagiria, justifikaziorako.
VII. eranskina.–Gastuen justifikazio xehatua, kalkulu orrian.
Iragarkiaren kodea: F2506008
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
