1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
47/2025 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira zerga aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko 2025eko apirilaren 28an, 29an edo 30ean bukatu beharko liratekeen epeak.
2025eko apirilaren 30ean amaituko da zenbait zerga aitorpen eta autolikidazio aurkezteko arauzko epea. Horretaz gain, aldizkakoak ez diren beste aitorpen edo autolikidazio batzuk aurkezteko epea 2025eko apirilaren 28an edo 29an amaitu daiteke. Indarrean dagoen zerga-araudiak ezartzen duenez, bide nagusia da, eta kasu askotan nahitaezkoa, betebehar horiek bitarteko telematikoen bidez aurkeztea, Nafarroako Foru Ogasunaren egoitza elektronikoa erabiliz.
2025eko apirilaren 28an, hornidura elektrikoaren etenaldi ohiz kanpokoa izan zen lurralde nazionalean. Gertaera horrek, zeina Zerga Administrazioaren eta zergapekoen aurreikuspen-gaitasunaz eta borondateaz harago baitago, eragin larriak ekarri ditu telekomunikazioetako azpiegituretan eta sistema informatikoetan, maila nazionalean eta Nafarroako Foru Komunitatekoan.
Salbuespenezko inguruabar horren aurrean, eta segurtasun juridikoaren, fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioak bermatze aldera, horiek baitira Administrazioaren eta herritarren arteko harremanen oinarriak, ezinbestekoa da zerga-betebeharrak benetan betetzea ahalbidetzen duten neurriak hartzea, zergadunek kalterik jasan ez dezaten haiei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik.
Horregatik guztiagatik, justifikatutzat eta beharrezkotzat jotzen da muga-eguna 2025eko apirilaren 28an, 29an eta 30ean duten zerga aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko epea ohiz kanpo luzatzea.
Hori horrela, esleituta ditudan gaikuntzez baliaturik,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Zerga aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko 2025eko apirilaren 28an, 29an eta 30ean bukatu beharko litzatekeen epea luzatzea.
Luzatu egiten da zerga aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko 2025eko apirilaren 28an, 29an eta 30ean bukatzen den epea, eta, horren ondorioz, epe hori 2025eko maiatzaren 5ean bukatuko da.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, legean bertan aurreikusitako ondorioekin.
Iruñean, 2025eko apirilaren 29an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2506304