1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
20/2025 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariarena, zeinaren bidez bi egunez luzatzen baita, oro har, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak tramitatutako administrazio-prozeduren epea, baldin eta epe hori 2025eko apirilaren 28an edo 29an amaitzekoa bazen.
2025eko apirilaren 28an, 12:30 aldera, sistema elektrikoa erori zen Iberiar penintsula osoan. Energia elektrikoaren horniduraren etenak Espainiari eta Portugali eragin zien, baita Frantziako zenbait eremuri ere.
Red Eléctrica de Españak jakinarazi duenez, horniduraren etena benetan larria izan da, ohiz kanpokoa, eta oraindik ez dakite zein izan den haren jatorria.
Sistema elektrikoaren erorketak izan duen intentsitatearen ondorioz, ohiko funtzionamenduan eten larria izan dute azpiegiturek, komunikazioek, errepideek, trenek, aireportuek, ikastetxeek, ospitaleek eta abarrek.
Horrek guztiak zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta eragotzi du, eta 2025eko apirilaren 28an eta 29an administrazio-prozedurak tramitatzeko sistemak eten egin ziren; hala, interesdunek ezin izan zuten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin normaltasunez telematikoki harremanetan jartzeko eskubidea baliatu. Halaber, ezinezkoa izaten ari da epe barnean egitea administrazio-prozedurak tramitatu edo ebazteko beharrezko administrazio-jarduketak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluaren 5. apartatuan ezartzen da ezen, zibergertakari baten ondorioz indarrean dagoen araudiak ezarritako prozedurak eta interesdunen eskubideak gauzatzeko zerbitzu eta sistemak kaltetzen badira, Administrazioak administrazio-prozeduren epea oro har luzatzea erabakitzen ahalko duela.
Horrez gain, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen denez, administrazio publikoek objektibotasunez egiten dute lan interes orokorraren alde, eta, besteak beste, fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioei jarraikiz aritzen dira. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 6. artikuluko 2. apartatuan xedatzen da Foru Administrazio Publikoak bere antolaketan eta funtzionamenduan hainbat printzipio beteko dituela; horien artean, fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioak. Hori dela eta, egoki da bi egunez luzatzea administrazio-prozedurak aurkezteko epea, baldin eta epe hori 2025eko apirilaren 28an edo 29an amaitzekoa bazen. Izan ere, atzo sistema elektrikoa erori zenez administrazioaren eta herritarren arteko harremanak ere eten egin ziren, eta, beraz, bidezkoa da epe horiek luzatzea, jarduketa printzipio orokorrak betetze aldera eta horiekin guztiekin koherentea izate aldera.
Horrekin guztiarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen aipatu 32.5. artikuluarekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. Bi egunez luzatzea, oro har, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak tramitatutako administrazio-prozeduren epea, baldin eta epe hori 2025eko apirilaren 28an edo 29an amaitzekoa bazen.
2. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako idazkaritza tekniko nagusietara, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko apirilaren 29an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2506305