83. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERTIZARANA

Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena

Bertizaranako Udalak, 2024ko abenduaren 19an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Bertizaranako Udalaren dirulaguntzen ordenantza orokorra.

Jendaurrean jartzeko iragarkia argitaratu zen 2025eko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 11n, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da haren testua.

Bertizaranan, 2025eko martxoaren 21ean.–Alkatea, Andrés Echenique Iriarte.

DIRULAGUNTZEN ORDENANTZA OROKORRA

ZIOEN AZALPENA

Bertizaranako Udalak, aplikatuz indarreko legedian aurreikusitako sustapenerako teknika, dirulaguntzak eman nahi dizkie proiektuak edo jarduerak gauzatzen dituzten pertsona juridiko edo fisikoei, edo nortasunik gabeko entitateei, baldin laguntzen edo ordezten badituzte toki-erakundeen eskumenekoak diren jarduerak, interes orokorrekotzat jotzen diren esparruetan.

Eremu honetan jarduera hori arautzeko, beharrezkoa da onestea esparru juridiko hau, zeina egokitzen baitzaio uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra) eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuari (horren bidez onetsi zen Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra). Halaber, esparru juridiko honen bidez, dirulaguntzen ematea eta sustapena egokitzen dira oinarrizko printzipio hauetara: berdintasuna, publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia.

Jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 9.2 artikuluari, dirulaguntzak eman aurretik, arau batzuk onetsi beharko dira, ezar daitezen laguntzak emateko oinarri arautzaileak, aipatutako legean ezarritako baldintzetan. Halaber, Lege horren beraren 17.2 artikuluaren arabera, aurrekontua exekutatxeko oinarrien barnean onetsi behar dira dirulaguntzak arautzeko oinarri horiek, dirulaguntzen gaineko ordenantza orokor baten bitartez, edo, bestela, berariazko ordenantza bat eginez, dirulaguntzen modalitate bakoitzerako.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa bete dadin, Dirulaguntzen ordenantza orokor hau onesten da, izan dadin Bertizaranako Udalak eman beharreko dirulaguntzen oinarrien esparru juridiko arautzailea, dirulaguntza batzuek ez dutenean berariazko ordenantzarik, eta, betiere, azken horien osagarri izan dadin.

LEHENBIZIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Bertizaranako Udalak dirulaguntzak ematen baditu eta, alorra dela eta, ez badute berariazko ordenantzarik, honako hauen bidez arautuko dira: ordenantza honetan jasotako manuak, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen V. tituluaren VI. kapitulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzei buruzkoa), eta aplikagarriak diren zuzenbide administratiboko gainerako arauak.

2. Europar Batasunaren funtsen kargura finantzatzen diren dirulaguntzak jarraituko diete kasuan-kasuan aplikagarriak diren Batasuneko arauei eta horien garapen edo transposizio diren estatuko arauei.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honen xede diren dirulaguntzak:

a) Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

b) Eraginkortasuna, ezarritako helburuak betetzean.

c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitzean eta erabiltzean.

d) Kongruentzia, bitartekoen eta helburuen artean (laguntzak ematea justifikatzen duten helburuak).

2. Ordenantza honetan araututako dirulaguntzak dira borondatezkoak eta behin-behinekoak, noiznahi errebokatzen ahal dira, eta murriztu, askatasunez, eta ezin dira alegatu aurrekari gisa.

3. Besterik gabe erabakitzen bada dirulaguntzak ematea, erabakia deuseza izanen da.

3. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da arautzea eta ezartzea zer irizpideren eta prozeduraren bidez emanen dituen dirulaguntzak Bertizaranako Udalak, udalerriko lurralde-esparruan, babes harturik azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra). Hori dena, galarazi gabe bestelako ordenantza berariazko batzuk izatea edo onestea, oinarriak ezartzen dituztenak dirulaguntza mota zehatz batzuetarako; halakoetan, ordenantza hau osagarria izanen da.

Ordenantzaren asmoa da herritarrei eta entitateei bermatzea, baldintza berberetan, prestazio horiek izanen dituztela, dirulaguntzen deialdi bakoitzean zehazten diren zerbitzu eta jardueretarako, berdintasun-baldintzetan eta betiere erantzunez onura publikoko eta gizarte-intereseko helburu bati.

2. Ordenantza honen babespean dirulaguntzak emateak xede hauetako bati lotuta egon beharko du:

2.1. Arlo sozialean:

a) Laguntza ekonomikoak ematea larrialdi sozialeko egoeran dauden familiei, horrela erantzuteko bizirauteko oinarrizko beharrei.

b) Laguntza ekonomikoak ematea garraiobide egokiturako, mugikortasunaren aldetik desgaitasuna dutenei, garraio publiko kolektiboa erabili ezin dutenean.

c) Laguntza ekonomikoak ematea jendeari, behar diren gastuak ordaintzeko, udalak udal-interesekotzat jotzen dituen kirol-jardueretara joateko eta udal-instalazioak erabiltzeko.

d) Laguntzak ematea familiei, eskola-jantokietara joan daitezen eskola-adinean dauden adingabeak.

e) Laguntzak ematea jendeari, izaera terapeutikoko jarduera fisikoak egin behar dituztenean.

f) Laguntzak ematea honako zerbitzu hauek behar dituztenei: podologia, aho-hortzen osasuna, ikusmena, entzumena edo antzekoak.

g) Laguntzak ematea garraio gastuak ordaintzeko, desgaitasuna dutenak zentro okupazionaletara joaten direnean.

h) Prebentzio eta sustapen proiektuak aurrera eramatea aisiaren eta astialdiaren alorrean.

i) Gizarte ekintzako proiektuak aurrera eramatea, hala nola laguntza programak gutxiengo etnikoendako, etorkinendako, gizarte-bazterketan daudenendako eta abar.

j) Lankidetza proiektuak egitea garapen bidean dauden herrialdeekin.

k) Egitea garapenerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza jarduketak eta proiektuak.

l) Egitea larrialdi humanitarioko jarduketak.

m) Aurrera eramatea berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren arloetako proiektuak.

2.2. Herritarren parte-hartzearen arloan:

a) Proiektuak eta jarduerak egitea, bultzatzeko dinamizazio eta parte-hartze soziala, herritarren parte-hartzearen arloan.

b) Laguntzak ematea, asoziazionismoa bultzatzeko Bertizaranan, eta sustatzeko elkarteak eratzea, egoitza Bertizaranako herrietan dutenak.

c) Dirulaguntzak ematea, beren proiektuekin herritarren parte-hartzea bultzatzen duten elkarteei.

2.3. Kirolaren arloan:

a) Laguntzak ematea federazio-liga ofizialetan parte hartzen duten kirol taldeei.

b) Laguntzak ematea kirol amateurrarendako (kirol taldeak, klubak eta abar).

c) Laguntzak ematea irabazi asmorik gabeko herritar-elkarteei, baldin antolatzen badituzte kirol jarduerak, ikuskizunak nahiz ekitaldiak.

d) Antolatzea kirol-ekitaldiak, kirol-jarduerak eta ikuskizunak, edo kirola sustatzekoak, eta lankidetzan aritzea kirol entitateekin.

2.4. Hezkuntzaren eta gazteriaren arloan:

a) Gazteendako jarduerak egitea, irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatuak.

b) Laguntza ematea, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako guraso-elkarteek antolatzen dituzten berezko jardueretarako.

c) Ikastetxeek eskolaz kanpoko jarduera osagarriak egitea Haur eta Lehen Hezkuntzan.

d) Ikasleen prestakuntzara bideratutako jarduerak eta hezkuntza sektorera bideratutako gainerako jarduerak.

e) Animazio soziokulturaleko jarduerak, gazteendako programak, lehiaketak, erakusketak, gazte kultura eta sorkuntzarekin zerikusia duten bestelako jarduerak, argibideak eta aholkuak emateko programak, aisia eta astialdiko programak, prestakuntzako eta hezkuntzako jarduerak, aldizkariak eta argitalpenak, eta gazteen parte-hartzea nahiz asoziazionismoa bultzatzen dituzten jarduerak oro.

f) Animazio soziokulturaleko jarduerak, aisia eta astialdikoak, prestakuntzako eta hezkuntzako jarduerak, argibideak eta aholkuak ematekoak, aldizkariak eta argitalpenak, eta haurren eta haien familien parte-hartzea bultzatzen duten jarduerak oro.

g) Euskara sustatzeko jarduerak.

2.5. Merkataritzaren, turismoaren eta lanaren arloan:

a) Bertizaranako turismoa sustatzeko jarduerak.

b) Laguntzak ematea herritarrei eta/edo saltegiei, tokiko kontsumoa bultzatzeko Bertizaranan.

c) Laguntzak ematea lan-ekintzailetzako proiektuetarako.

2.6. Kulturaren eta jaien arloan:

a) Kultura elkarteek programatzea eta egitea arte eta kultura jarduerak.

b) Sariak, besteak beste: jaietako kartela.

c) Kultura eta jaiak sustatzea.

d) Kulturan eta jaiak sustatzea eta zabaltzea, alderdi guztietan.

e) Kolektibo profesionalen jarduera kulturala sustatzea.

f) Sustatzea euskararen ikaskuntza eta euskarazko jarduera kulturala.

g) Ikaskuntza eta sorkuntza sustatzea arte plastikoen, eszenikoen eta musikalen arloan.

h) Herriko jaiak girotzea eta haiek antolatzen parte hartzea.

i) Eta, oro har, sustatzea arteekin, zientziekin eta letrekin zerikusia duen jarduera kultural oro, bai eta herriko eta Bertizaranako berezko jarduera soziokulturalak ere.

2.7. Ingurumen eta osasun arloan:

a) Osasun arloko prebentzio, babes eta sustapenerako jarduerak, zuzentzen zaizkienak bizilagun guztiei nahiz zenbait kolektibori bereziki, hala nola gazteei, zaharrei, emakumeei, haurrei eta abarri. Populazio-taldeen osasuna sustatzeko hezkuntza eta prebentzio helburuak dituzten proiektuak edo programak, eta arlo horretako argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak, jardunaldiak, mintegiak eta abar.

b) Hiri- eta natura-ingurumena babesteko jarduerak, eta babes hori bereziki lortzeko egiten diren jarduerak oro sustatzea, besteak beste, prestakuntzakoak, argibideak ematekoak, herritarrek parte hartzekoak eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioaren gainekoak.

c) Sustatzea energia-efizientzia, energia berriztagarriak eta autokontsumoa.

2.8. Hirigintzaren arloan:

a) Etxebizitzak birgaitzea, ordenantza espezifikoaren arabera, halakorik badago.

2.9. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan:

a) Elkarteek, ikastetxeek edo guraso-elkarteek jarduerak egitea eta programatzea berdintasuna sustatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko.

b) Sustatzea hizkuntzaren erabilera ez-sexista sustatzea.

c) Sustatzea emakumeak ahalduntzeko jarduerak.

d) Sustatzea emakumeek kulturan ikusgaitasuna izatea.

e) Sustatzea zaintzako erantzunkidetasuna.

f) Berdintasun balioak sustatzea eta zabaltzea Bertizaranako herritarren artean.

g) Proiektuetan genero ikuspegia txertatzea.

2.10. Dibertsitatearen arloan:

a) Dirulaguntzak ematea beren ekintzekin dibertsitatea aitortzea sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko entitateei (kultura dibertsitatea, genero dibertsitatea, dibertsitate funtzionala, etab.).

2.11. Despopulazioaren aurkako borrokari dagokionez: udalerriaren despopulazioa minimiza dezakeen edozein jarduera, ekintza edo helburu.

2.12. Beste batzuk: Udalaren jardunaren osagarri den eta artikulu honetan deskribatu ez den beste edozein jarduera, betiere diruz laguntzeko modukoa bada.

3. Ordenantza honen ondorioetarako, ez dira numerus clausus moduan hartuko artikulu honetan diruz lagungarritzat ageri diren xedeak, alorrak, helburuak, proiektuak, jarduerak edo jokabideak; aitzitik, dagokien deialdian zabaldu eta zehazten ahalko dira edo, orobat, ezartzen ahalko dira dirulaguntza lerro berriak, dirulaguntzei buruzko plan estrategikoaren bidez.

4. artikulua. Kontzeptuak eta aplikazio eremu materiala.

1. Ordenantza honen ondorioetarako, dirulaguntzatzat hartuko da Bertizaranako Udalak pertsona publiko edo pribatuen alde eginiko diru-xedapen oro, baldin eta honako baldintza hauek betetzen baditu:

a) Dirua ematea, pertsona edo entitate onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe.

b) Dirua emateko baldintza izatea honako hauetako bat: helburu jakin bat betetzea, proiektu bat gauzatzea, jardueraren bat egitea, jokabide berezi bat hartzea (jada gauzatuak izan daitezke nahiz oraindik gauzatu gabeak), edo egoera bat gertatzea; pertsona edo entitate onuradunak ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

c) Finantzatzen den proiektuak, ekintzak, jokabideak edo egoerak xedetzat izatea sustatzea onura publikoko, interes sozialeko edo interes orokorreko jarduera bat, edo helburu publiko bat.

2. Honako hauek ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude:

a) Bertizaranako Udalaren eta beste administrazio publiko batzuen arteko diru-ekarpenak.

b) Udalak kuota edo derrama gisa egiten dituen diru-ekarpenak (ohikoak nahiz ezohikoak) toki-erakundeen elkarte edo federazioetan, Udala horietako kide denean, interes erkideak babesteko eta sustatzeko helburuz.

c) Udalkideei egindako diru-ekarpenak.

d) Ematen diren sariak, pertsona edo entitate onuradunek aurretik eskatu gabe.

e) Onura fiskalak.

3. Gauzazko laguntzen araubide juridiko berezia:

Doan ematen diren ondasun eta eskubideak arautuko dira jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari; zehazki, jarraikiz IV. tituluaren I. kapituluari eta hura garatzen duten xedapenei (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa). Hala eta guztiz ere, ordenantza hau aplikatuko zaio ondasunak, eskubideak edo zerbitzuak emateari, baldin Bertizaranako Udalak eskuratzen baditu haiek hirugarren baten esku uzteko, beste xederik gabe.

5. artikulua. Dirulaguntzak emateko baldintzak:

1. Honako baldintza hauek bete behar dira dirulaguntzak emateko:

a) Dirulaguntza ematen duen administrazio organoa eskuduna izatea.

b) Kreditu egokia eta nahikoa egotea, aurre egiteko dirulaguntza emateak berekin dakartzan betebehar ekonomikoei.

c) Dirulaguntza emateko prozedura izapidetzea.

d) Eduki ekonomikoa duten egintzen aurretiazko fiskalizazioa, aplikatzekoak diren arauetan xedaturikoarekin bat.

e) Horretarako eskumena duen organoak gastua onestea.

2. Aurrekoez gain, nahitaezko baldintza izanen da, oro har, Bertizaranako udalerriko lurralde-eremuan egotea proiektuaren xedea, helburua, jardueraren gauzatzea edo jokabide bereziaren hartzea (jada gauzatuak nahiz oraindik gauzatu gabeak), edo diruz laguntzen den egoera.

Salbuespen gisa, baldin Bertizaranako udal-mugarteaz gaindikoa bada dirulaguntzaren xede den inguruabarra, Udalaren interesen aldekoa izan beharko du zuzenean edo zeharka, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bidez, dirulaguntza eman baino lehen.

Baldintza horretatik salbuetsirik daude garapen eta lankidetza proiektuetarako dirulaguntzak, bai eta larrialdi humanitarioei lotutakoak ere; hain zuzen ere, loturik daudenak garapen bidean dauden herriendako laguntza programaren aurrekontuan aurreikusitako %0,7arekin.

3. Ezin izanen dira dirulaguntzen xede izan herritar orori irekiak ez diren jarduerak, hala horiek prestatzean nola gauzatzean.

6. artikulua. Deialdiak onesteko eta dirulaguntzak emateko organo eskudunak.

Alkatetzak izanen du deialdia onesteko eta dirulaguntzak emateko eskumena, baldin baimendu beharreko gastua bada Udalaren ohiko baliabideen %10 gehienez, eta baldin eta aurrekontu-ekitaldi bakarrean ematen badira.

Gainerako kasuetan, Udal honetako osoko bilkuraren eskumena da dirulaguntzen deialdia onestea eta dirulaguntzak ematea.

Eskumen horiek eskuordetzan ematen ahalko dira, eta, kasu horretan, eskudun izanen dira eskuordetzok ezartzen dituzten organoak, eskuordetze horietan bertan jasotako irismenarekin.

7. artikulua. Pertsona edo entitate onuradunak.

1. Dirulaguntzen pertsona edo entitate onuraduntzat joko da dirulaguntza emateko zer jarduera izan den oinarri, jarduera horixe gauzatuko duena, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran dagoena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, pertsona edo entitate onuraduntzat joko dira, orobat, entitate onuraduneko kide izanik, konpromisoa hartzen dutenak entitatearen izenean eta haren kontura egiteko dirulaguntza ematearen oinarri izan diren jarduerak, osorik nahiz zati batean.

3. Pertsona edo entitate onuradun izaten ahalko dira pertsona fisikoen edo juridikoen batasunak –publikoak nahiz pribatuak–, ondasun erkidegoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta gauzatzen ahal badituzte dirulaguntza emateko arrazoi izan diren proiektu, jarduera edo jokabideak, edo baldin badaude dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko da zer konpromiso hartzen duen bere gain batasuneko kide bakoitzak, hala laguntzaren eskabidean nola emateko ebazpenean, bai eta haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, onuraduntzat hartuko baitira kide horiek ere. Batasunaren ordezkari edo ahalordedun bakar bat izendatu beharko da, eta hark izanen ditu behar beste ahal, batasunari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko.

Dirulaguntzak arautzeko oinarrietan, ezartzen ahal da entitate laguntzaile baten bitartez eman edo banatu dakizkiela funts publikoak onuradunei. Halakoetan, lankidetza-hitzarmena formalizatuko da Udalaren eta entitatearen artean. Hitzarmen horretan, arautuko dira entitate horrek bere gain hartutako baldintzak eta betebeharrak.

8. artikulua. Pertsona edo entitate onuraduna izateko baldintzak eta debekuak.

1. Pertsona edo entitate onuradun izan daitezke dirulaguntza jasotzeko moduan dauden pertsona edo entitateak, edo ordenantza honetan eta deialdietan adierazitako egoeran daudenak.

2. Pertsona edo entitateak ezin dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin badago ondoren aipatzen diren arrazoietako bat, salbu deialdiak berak salbuespena egiten duenean, dirulaguntzaren izaeragatik:

a) Epai irmo baten bidez kondenatua egotea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Konkurtsoaren deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtsoaren deklarazioa izatea, esku-hartze judizial baten pean egotea, edo desgaiturik egotea Konkurtso Legearen arabera, oraindik bukatu gabe egonik konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza epealdia.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Kontratatzeko bateraezintasun bat izatea dena delako pertsona fisikoak, merkataritzako sozietateen administratzaileek edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek, kasu bakoitzari aplikatzen zaion berariazko legediaren arabera, edo izatea hautapen bidezko kargu bat, arautua dagoena ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan, hartan ezarritako moduan (Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoa).

e) Dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egiten den unean, bete gabe izatea zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, indarrean dauden xedapenek behartzen dutenez.

f) Egoitza fiskala izatea erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

g) Udal honek edo haren erakunde autonomoek emandako dirulaguntzak itzultzera beharturik, haiek ordaindu gabe izatea.

h) Epai irmoz, zehapen gisa, dirulaguntzak hartzeko aukera galdu izana administrazio-prozedura batean, arau-haustea egiteagatik dirulaguntza eta laguntza publikoen arloan edo zerga arloan, edo arau-haustea egiteagatik emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko legediaren arabera.

i) Ordenantza honen 8. artikuluaren 3. apartatuaren bigarren paragrafoan aipatzen diren elkarteak ezin izanen dira pertsona edo entitate onuradun izan, baldin haietako kideetako edozeinek aurreko debekuren bat badu.

j) Halaber, ezin izanen da dirulaguntzen onuradun izan elkarte edo entitate bat, baldin bere edukien artean baditu sexu-harremanetarako kontaktuen iragarkiak edo prostituzio-iragarkiak, eta halako jardueratzat hartuko da beste pertsona batzuekin sexu-harremanak izatea diru truke. (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, 13.3 artikulua).

3. Ezin dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen pertsona onuradun edo entitate onuradun izan, edo entitate laguntzaile izan, martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan ezarritako debekuak dituzten elkarteak, zehazki, 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak (Elkartzeko Eskubidea arautzen duen Lege Organikoa).

Halaber, elkarteak ezin izanen dira pertsona edo entitate onuradun izan, edo entitate laguntzaile izan, baldin eta etenik badaukate erregistroan inskribatzeko administrazio-prozedura, atzeman direlako lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak, eta aplikatu zaielako 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4. Halaber, ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman entitate edo partikularrei, baldin sarturik badaude premiamendu bidez kobratzeko prozedura batean, Bertizaranako Udalarekin eta haren mendeko erakundeekin dauzkaten zorrak direla eta. Orobat, ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman toki-erakunde honekin zerga-betebeharrak egunean ez dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu eta likidatu arte edo zerga-betebeharrak bete arte. Ofizioz egiaztatuko dira inguruabar horiek.

Hala eta guztiz ere, salbuespen gisa, dirulaguntzaren izaera nolakoa den, Bertizaranako Udalak aldez aurretik ofizioz kitatzen ahalko ditu dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, zenbateko horiek osorik edo parte batean konpentsatuta dirulaguntzen bidez; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte larrialdietako egoera berezietan.

Salbuespen hori aplikatzeko, aukera horrek jasota egon beharko du kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean (ordenantza honen 11. artikuluan aipatzen dena), eta espedientean justifikatu beharko dira, halaber, neurri horren salbuespen egoera frogatzen duten arrazoiak, txosten tekniko baten bidez.

5. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko, frogatu beharko dute ez dutela debeku bat bera ere, artikulu honen 2., 3. eta 4. apartatuetan jasotakoen artetik, eta, horretarako, honako bideetako bat erabiltzen ahal dute, hautara:

a) Kasuen arabera, lekukotza judizialaren bidez, ziurtagiri telematikoen bidez edo datu-transmisioen bidez, jarraikiz erregelamenduzko arauei, hau da, Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia-erkidegoek ezartzen dituen erregelamenduzko arauei, teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeari dagokionez, edo, bestela, administrazio-ziurtagirien bidez.

b) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. Betiere, deialdian berariazko frogabideak ezartzen ahalko dira. Horrek denak ez du galarazten administrazioak ahalmena izatea aurkeztutako adierazpen edo frogagiriak egiazkoak diren ikertzeko.

Ez da beharrezkoa izanen udal artxiboetan jasota dauden alderdiak agiri bidez frogatzea; halakoetan, entitatearen legezko ordezkariak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, aditzera emateko udal artxiboetan dauden agiriak indarrean daudela eta ez direla aldatu.

9. artikulua. Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

1. Hauek dira pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den helburua betetzea, edo proiektua gauzatzea, edo jarduera egitea edo jokabidea hartzea.

b) Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, eta gauzatu eta bete direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua.

c) Organo emaileak edo entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztapenak onartzea, bai eta kontrol-organo eskudunek egin beharreko egiaztapenak eta finantza-kontrolak ere, eta ematea halako jarduketak egiteko eskatzen den informazio guztia, udal artxiboetan jasota ez badago.

d) Organo emaileari edo entitate laguntzaileari komunikatzea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman baino lehen, frogatzea egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Ofizioz egiaztatuko da egunean izatea Bertizaranako Udalarekiko zerga-betebeharrak.

f) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzearren, edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak, behar bezala auditatuak, jarraikiz legeei, hots, jarraikiz pertsona edo entitate onuradunari kasu bakoitzean aplikatzen zaion merkataritzako eta sektoreko legeei, eta, horrekin batera, deialdietan eta ebazpenetan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatzearen eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

h) Behar bezalako publizitatea egitea, agertzeko Bertizaranako Udalak finantzatu dituela dirulaguntza jaso duten dena delako programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak, baldin eta betebehar hori eskatzen badu kasuan kasuko deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak.

i) Jasotako funtsak itzultzea, ordenantza honek xedatutako kasuetan.

10. artikulua. Dirulaguntzak emateko irizpide objektiboak.

1. Deusetan ukatu gabe kasuan kasuko deialdietan ezarritako irizpide propioak eta berariazkoak, honako irizpide objektibo orokor hauek erabil daitezke Bertizaranako Udalak dirulaguntzak emateko oinarritzat:

1) Entitatearen antzinatasuna, ibilbidea eta udalerrian duen ezarpena, bai eta aurreko ekitaldian lortutako emaitzak ere.

2) Zer inpaktu, oihartzun eta eragin sortzen den, udalerriko edo Bertizaranako herritarren artean, handitu dadin kultura-maila eta sustatutako jarduera artistikoenganako zaletasuna.

3) Haren aurrekontuko gastuen eta diru-sarreren zenbatekoa guztira, aurreikusitako defizita, eta finantzatzeko benetako premiak.

4) Elkarteak duen bazkide kopurua eta kideen kualifikazio teknikoa edo profesionala.

5) Udalarekin ezarri den lankidetza, proiektu kulturalak antolatzeko eta programazioa egiteko, kulturaren eta jaien arloan.

6) Aurkeztu den proiektuaren berrikuntza eta sormen maila.

7) Euskararen erabilera eta zabalkundea, haren kultura programazioan.

8) Gauzatzekoa den kirol programaren garrantzia, kontuan harturik entitateak hirian dituen errotzea eta ezarpena.

9) Proiektua gauzatuko duten langileen kualifikazio tekniko eta profesionala.

10) Interesa eta eragina, gizarteari eta kirolari dagokienez. Partaide kopurua, ageriko eraginkortasuna eta emaitzak, kirola sustatzeari eta garatzeari dagokienez.

11) Egitekoak diren kirol jardueren kostuak eta zenbateko ekonomikoa.

12) Ekitaldiaren berezitasuna, kontuan harturik kirol-arloan duen ospea, kalitatea eta maila.

13) Gizarte interesa eta eragina, kontuan harturik bertaratu daitezkeen ikusleak, partaidetza eta zaletasunaren sustapena.

14) Erakundeak jasandako kargak eta kostuak, kontuan harturik egin beharko dituzten eginahalak, dauzkan baliabideak eta aurreikusten diren emaitzak.

15) Lortutako merituak eta maila, horiek ebaluatuta gizarte eta kirol testuinguruaren arabera.

16) Herritarren artean lortutako errotzea eta tradizioa, kontuan harturik lehiaketak orain arte izandako harrera ona.

17) Kalkulatzen den partaide kopurua eta lortutako hedapen soziala.

18) Jardueraren izaera berritzailea, kontuan harturik zer aukera eskaintzen duen ikusleek ongi hartzeko eta parte-hartzaileak izateko.

19) Aurreko denboraldian izandako kirol ibilbidea eta lortutako emaitzak.

20) Interesa eta eragina, gizarteari eta kirolari dagokienez.

21) Lortutako merituak eta maila, horiek ebaluatuta gizarte eta kirol testuinguruaren arabera.

22) Gazteendako proiektuak eta jarduerak norendako diren (bazkideak, gazteak oro har...).

23) Gazteendako proiektuaren edukia eta xedeak (aisia eta astialdia, desgaitasuna duten gazteen integrazioa, informazioa eta aholkularitza, hezkidetza eta berdintasunaren sustapena, bazterketa egoerak prebenitzea, asoziazionismoa sustatzea...).

24) Gauzatzekoa den proiektuaren prestaketa, kalitatea, aurretiazko lana, herri mailako inpaktua, jarraitutasuna eta lankidetzan egitekoa izatea.

25) Proiektuaren argitasuna eta koherentzia.

26) Aurrekontuko kostua eta aurreikusitako helburuak bat etortzea.

27) Jarduerak zabaltzea edo osatzea, egoki osatu ere, jardueraren xedeko ikasleek jasotzen dituzten ikasketa arautuak.

28) Xede dituen edo jardueran parte hartuko duten ikasleen kopurua.

29) Proiektuak Bertizaranako zenbait ikastetxe lotzea.

30) Proiektua transbertsala izatea.

31) Proiektuan hezkuntza-komunitateko estamentu guztiek parte hartzea: ikasleek, irakasleek eta familiek.

32) Hezkuntzako berrikuntza.

33) Desberdintasun sozioekonomikoak orekatzeko tresnak.

34) Proiektuak aurreikusita izatea beste finantzabide batzuk.

35) Proiektuak indartzea herritarren oinarrizko eskubideak eta askatasunak, eta konstituzioko eta estatutuko betebeharrak, eta haiekiko begirunean sakontzea.

36) Proiektuko jarduerek helburu izatea ikasleen etika eta adimena indartzea, haien gaitasun kritikoa hobetzea, sormena garatzea eta gaitasun artistikoak sustatzea.

37) Proiektuak ingurunera egokitzea, eta berekin ekartzea ingurunea hobeki ezagutzea eta gizarte errealitatera hurbiltzea.

38) Proiektuaren xedea izatea ikasleak kontzientziatzea eta printzipio hauek zabaltzea: bizikidetza, genero-berdintasuna, begirunea besteekiko eta ondasun publiko eta pribatuekiko. Hori dena, gizonen, emakumeen eta herrien arteko tolerantziaren eta elkartasunaren esparruan.

39) Proiektuak bultzatzea bizitza profesionalerako trantsizio positiboa, trebakuntza teknikoa eta laneko ohiturak.

40) Proiektuak lantzea sistema pedagogikoa hobetzeko esperientziak eta jarduketak.

41) Gaitasun eta errendimendu berezia.

42) Prestakuntza-proiektuaren interesa.

43) Errenta maila.

44) Egoera ekonomikoa.

45) Gizarte eta familia egoera.

46) Merezimendu akademikoak.

47) Merezimendu artistikoak.

48) Kideen kopurua.

49) Zer parte-hartze duen komunitate-ingurunearen barnean eta zenbateraino ezarria dagoen hartan.

50) Dirulaguntza jasoko duen onuradunaren edo jardueraren ezaugarri bereziak, erakunde ofizial batek egiaztatuak, edo egoera berezi jakin bat egotea.

51) Eskatzaileen arteko hainbanaketa.

52) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen duten jarduerak edo programak.

53) Ingurumen faktoreak.

54) Gizarte premiak.

55) Aukera-berdintasuna sustatzen duten jarduerak edo programak.

56) Kulturarteko bizikidetza sustatzen duten jarduerak edo programak.

57) Gizarte-bazterketaren kontrako borroka sustatzen duten jarduerak edo programak.

58) Despopulazioaren kontrako borroka sustatzen duten jarduerak edo programak.

59) Udalerrian erroldaturik duten antzinatasuna.

60) Eskabideak Erregistroan aurkezteko ordena kronologikoa.

61) Beste edozein irizpide, interes publikoa edo soziala bilatzen duena, eta berekin dakarrena deialdiaren xedearekin bat datozen faktoreen diskriminazio positiboa.

II. TITULUA.–DIRULAGUNTZAK EMATEKO PROZEDURAK

I. KAPITULUA.–PROZEDUREN SAILKAPENA

11. artikulua. Dirulaguntza emateko prozedurak: norgehiagoka, banakako ebaluazioaren bidezkoa eta zuzenekoa.

1. Dirulaguntzak emateko ohiko prozedura izapidetuko da jarraikiz norgehiagokako prozeduraren araubideari. Honako hau joko da norgehiagoka-prozeduratzat: alderatzea dirulaguntzak eskuratzeko aurkezten diren eskaerak, ordenatzea lehentasunaren arabera, jarraikiz deialdi bakoitzean ezarri diren balorazio irizpideei, eta dirulaguntza adjudikatzea balorazio hoberena lortu duten eskaerei, aurreko irizpideen arabera, betiere gainditu gabe deialdi bakoitzean ezarritako gastu muga.

Ebaluazio batzorde bat eratuko da eskaerak baloratzeko, honako hauek osatua:

–Batzordeburua: ahal dela, alkatea izanen da, edo dagokion alorreko zinegotzi ordezkaria.

–Kide bat: normalean udalbatzako zinegotzi bat izanen da, baina, baldin dirulaguntzak emateko egin behar bada eskabideen azterketa tekniko bat, izendatzen ahalko dira beharrezkotzat jotzen diren kanpoko teknikariak.

–Idazkari kontu-hartzailea; hitza izanen du, baina botorik ez.

Kasuan kasuko deialdian adieraziko da ebaluazio batzorde bakoitzeko kideen izendapena. Bestela, alkateak geroago izendatzen ahalko ditu.

Batzordearen jarduna lotuko zaio egoki den araubideari, hau da, administrazio-prozedura erkidearen gaineko araudiak ezarritakoari, kide anitzeko organoei dagokienez. Batzordeak txosten-proposamen arrazoitu bat eman beharko du, eta hartan zehaztuko du ebaluazioaren emaitza.

Salbuespenez, kontuan harturik deialdiaren xedea zein den eta horrexekin bat, eta baldin deialdian hala aurreikusten bada, organo eskudunak dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzen ahalko du dirulaguntzetarako ezarritako gehieneko zenbateko osoa.

2. Aurreko apartatuan xedatua gorabehera, baldin dirulaguntzaren izaera kontuan harturik "konkurrentzia" badago baina ez bada "norgehiagoka", hau da, baldin bada "norgehiagokarik gabeko konkurrentzia", aplikatuko da "banakako ebaluazioaren araubidea".

Banakako ebaluazioaren araubidetzat joko da norgehiagokarik gabeko konkurrentzia prozedura, non eskaerak jaso ahala espedienteak izapidetuko eta ebatziko baitira, eta dirulaguntzak emanen baitira, horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.

Banakako ebaluazioaren araubideari aplikatuko zaizkio ordenantza honetako norgehiagokako prozeduraren arau orokorrak, salbu eta "norgehiagoka" prozeduraren ezaugarri berezi diren alderdietan edo eskakizunetan, aplikagarriak ez badira dirulaguntza mota honen izaera bereziagatik.

Araubide berezi honetan ez da nahitaez eratu beharko aurreko apartatuan xedatu den kide anitzeko balorazio batzordea; izan ere, instrukzio organoari egokituko zaio ofizioz ebaluatzea eskaerak, jarraikiz ezarritako irizpide, modu eta lehentasunei, kontuan harturik zer ezarri den deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan.

3. Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

a) Bertizaranako Udalaren aurrekontu orokorrean izenarekin datozenak.

b) Udalak ematen dituenak lege mailako arau batek hala aginduta edo horien zenbatekoa zehaztuta. Aplikatu beharreko prozedura erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisa, bestelako dirulaguntza batzuk non, hartzaileen izaera dela eta, baztertu egin behar baita konkurrentzia publikoaren aukera, pertsona edo entitate onuradun bakarrak duelako dirulaguntzaren xedea gauzatzeko gaitasuna, edo pertsona edo entitate onuradunen talde bakarrak duelako gaitasun hori. Betiere, frogatu beharko da badirela honako hauekin lotutako arrazoiak: interes publikoa, soziala, ekonomikoa, hezkuntzakoa, kulturala, zientifikoa nahiz humanitarioa. Edo, bestela, behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuk.

4. Hala norgehiagokaren arauen bidez nola zuzeneko prozeduraren bidez emandako dirulaguntzek ezin izanen dute gainditu dagokien deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean ezarritako zenbatekoa.

II. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZAK NORGEHIAGOKAKO ARAUBIDEAN EMATEKO PROZEDURA

12. artikulua. Hasiera: deialdia.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti.

2. Ofiziozko hasiera gauzatuko da ordenantza honetan ezarritako organo eskudunak onetsiko duen deialdi baten bidez.

3. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) argitaratu beharko da deialdia, eta haren laburpena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4. Deialdiak eduki hau izanen du, gutxienez ere.

a) Adierazi beharko da Bertizaranako Udalaren zer erabakiren bidez onesten den behin betiko Dirulaguntzen Ordenantza Orokorra, eta, horrekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zer zenbakitan eta zer datatan eman zen argitara, salbu eta oinarri arautzaileak deialdian bertan argitaratzen badira, berariazkoak direlako.

b) Aurrekontuetako zer kredituri egozten zaizkion dirulaguntzak, eta dauden kredituen barnean zein izanen den dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa.

c) Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

d) Adierazi beharko da dirulaguntza emanen den norgehiagokako araubidean ala banakako ebaluazioaren araubidean.

e) Dirulaguntza eskatzeko betebeharrak, eta horiek frogatzeko modua.

f) Zein den prozedura ebazteko organo eskuduna, bai eta instrukzio organoa ere.

g) Balorazio Batzordeko kideak izendatzea, beharrezkoa den kasuetan.

h) Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

i) Ebazteko eta jakinarazteko epea.

j) Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

k) Ohartaraztea ebazpenak bukaera ematen diola administrazio bideari.

l) Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

m) Hala behar badu, eta deialdiaren xedea zein den, adierazi beharko da ea gehieneko zenbateko osoa hainbanatuko den dirulaguntzen pertsona eta entitate onuradunen artean.

n) Jakinarazteko edo argitaratzeko bideak.

ñ) Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka jar daitezkeen errekurtsoak.

o) Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

5. Horretaz gain, deialdiak honako alderdi hauek jasotzen ahalko ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere ordenantza honetan ezarritako mugekin bat.

b) Pertsona edo entitate onuradunak proiektuaren aurrekontuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela bere funts propioekin, dela beste dirulaguntza batzuen bidez.

c) Ordaintzeko modua, eta, behar izanez gero, ezarriko eta justifikatuko da badela aukera konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko.

d) Justifikatzeko modua, agiriak aurkezteko epea eta ebaluazioko memorian adierazi beharreko alderdiak.

e) Proiektuan aldaketak egiteko aukera, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio.

f) Beharrezkoa bada, eta dirulaguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharko da ea posible den ofizioz kitatzea dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, zenbateko horiek dirulaguntzen bidez konpentsatuta.

g) Beharrezkoa bada, pertsona edo entitate onuradunek edo entitate laguntzaileek eratu behar dituzten berme neurriak, eta horiek eratzeko, gordailutzeko eta ezerezteko modua.

h) Beharrezkoa denean, honako baldintza hau: diruz lagundutako jardueraren gaineko agiri guztietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan adieraztea udal honen dirulaguntza jaso duela.

6. Deialdi bakoitzaren testuak oniritzi juridikoa izan beharko du.

7. Pertsona edo entitate interesdunen eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dira dagokion deialdian zehaztutako agiriak eta argibideak, salbu eta administrazio honen eskuetan badaude eskatutako agiriak; halakoetan, haien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, agiriak noiz eta zer organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, kasua bada, agiri horiek non egin ziren edo non dauden.

Inoiz ere ezin izanen dira bost urte baino gehiago iragan, dagokien prozedura bukatu zenetik.

Arestian xedatua gorabehera, administrazio honek ezin badu agiria eskuratu, eskatzaileari eskatzen ahal dio, edo, bestela, eskatzen ahal dio beste bide batzuen bidez frogatzeko agirian erakusten diren baldintzak, ebazpen-proposamena eman aurretik betiere.

8. Dirulaguntzen deialdiak, agiri jakin batzuen ordez, onartzen ahalko du eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

9. Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, pertsona edo entitate interesdunari eskatuko zaio zuzen dezala, gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egintzat joko dela, ebazpena eman ondoren.

13. artikulua. Instrukzioa.

1. Bertizaranako Udaleko idazkariak instruituko du dirulaguntza emateko prozedura.

2. Instrukzio organoak ofizioz eginen ditu beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak, datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko, horien arabera eginen baita ebazpen-proposamena.

3. Instrukzio jarduketek honako hauek barne hartuko dituzte, nahitaez:

a) Ebazpena emateko beharrezkotzat jotzen diren txosten guztiak eskatzea. Txostena emateko epea 10 egunekoa izanen da, salbu eta instrukzio organoak eskatzen badu epe luzeagoan edo laburragoan emateko, kontuan hartuta txostenaren edo prozeduraren ezaugarriak, baina betiere epea ez da bi hilabetetik gorakoa izanen.

b) Eskaeren gaineko ebaluazioa, aintzat harturik deialdian ezarritako balorazio irizpideak, moduak eta lehentasunak.

4. Instrukzio organoak aurre-ebaluazio bat eginen du, eta haren emaitza txosten batean jasoko du, non egiaztatuko baitu, eskura daukan informazioaren arabera, pertsona edo entitate onuradunek betetzen dituztela onuradun izateko bete behar dituzten baldintza guztiak.

5. Aurre-ebaluazioko fasea bukaturik, espedientea balorazio batzordera igorriko da, eskaerak ebaluatzeko, betiere hala zehaztu bada dagokion deialdian. Balorazio batzordeak egin beharko du proposamen-txosten arrazoitu bat, eta bertan agertuko da ebaluazioaren emaitza.

6. Instrukzio organoak, ikusita espedientea eta balorazio batzordearen txostena, ebazpen-proposamena eginen dio ebazteko eskumena duen organoari, behar bezala arrazoitua.

7. Ebazpen-proposamenak ez du inolako eskubiderik sortzen proposatutako pertsona edo entitate onuradunarendako, Bertizaranako Udalaren aurrean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

14. artikulua. Ebazpena.

1. Behin jasota ebazpen-proposamena eta espedientearen gainerakoa, organo eskudunak prozedura ebatziko du, betiere Udalaren Kontu-hartzailetzak hori fiskalizatu eta gero.

2. Ebazpena arrazoituko da jarraikiz ordenantza honi eta deialdiari. Prozeduran frogaturik gelditu behar dira ebazpena emateko arrazoiak.

3. Ebazpenak hauek adierazi beharko ditu berariaz: dirulaguntza ematea onartzen zaien eskatzaileen zerrenda, dirulaguntzaren zenbatekoa eta, eskaera ezetsiz gero, horien pertsona edo entitate eskatzaileak.

4. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabete izanen da, gehienez ere. Epea zenbatzen hasiko da kasuan kasuko deialdia argitaratu eta hortik aurrera, salbu deialdiak berak ondorioak geroratzen baditu. Prozedura ebazteko gehieneko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta amaiera emanen dio administrazio bideari. Adierazi beharko da zer errekurtso jar daitezkeen haren aurka eta zer organo administratibori edo judiziali zuzendurik aurkeztu behar diren, eta zer epetan, galarazi gabe interesdunek erabili ahal izatea egokia iruditzen zaien beste edozein.

15. artikulua. Publizitatea.

1. Indarrean dagoen legediak hala eskatzen duenean, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da dirulaguntza emateko ebazpena, honako hauek adierazirik: deialdia, aurrekontuan dagozkion kreditua eta programa, pertsona edo entitate onuraduna, ematen den zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea edo xedeak. Alabaina, argitaratzea ez da inoiz ere beharrezkoa izanen honako kasu hauetan:

a) Emandako dirulaguntzen zenbatekoak 3.000 eurotik beherakoak direnean, banan-banan hartuta. Kasu horretan, horren ordez, Udalaren Gardentasun Atarian argitaratuko da.

b) Dirulaguntzaren xedea dela eta, daitekeena denean pertsona edo entitate onuradunaren datuak argitaratzeak kalte egitea ohorearen errespetuari, babesari, pertsona fisikoen edo horien familiaren intimitateari, edo norberaren irudiari, jarraikiz maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoari (lege horrek hizpide du ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibila).

2. Bertizaranako Udalak emandako edozein dirulaguntzak berekin ekar dezake baldintza hau: diruz lagundutako jardueraren agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan adieraztea udal honen dirulaguntza jaso izana, bai eta Bertizaranako Udalaren logotipoa agertzea ere.

3. Bertizaranako Udalak emandako dirulaguntza orok, edo Nafarroako administrazio publikoen parte-hartzea dutenek, eman behar dute berdintasunezko irudi bat, askotarikoa eta estereotiporik gabea, emakumeei eta gizonei dagokienez, eta hizkera eta irudi ez-sexistak erabili behar dira programazioak prestatzean.

III. KAPITULUA.–UDALAREN AURREKONTU OROKORREAN BERARIAZ IZENDATUTAKO DIRULAGUNTZAK ZUZENEAN EMATEKO ARAUBIDEA ETA PROZEDURA

16. artikulua. Araubidea.

1. Udalaren aurrekontu orokorrean berariaz izendatuta ezarritako dirulaguntzak arautuko dituzte horiek emateko ebazpenek eta horiek bideratzeko sinatuko diren hitzarmenek. Hitzarmen horietan ezarriko dira aplikatu beharreko baldintzak eta berariazko konpromisoak, betiere jarraikiz ordenantza honi eta azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra), salbu eta konkurrentzia eta publizitate printzipioei dagokien horretan.

17. artikulua. Hastapena.

Dirulaguntza emateko prozedura ofizioz edo interesdunak eskatuta hasten da, eta ezinbestekoa da Udalaren aurrekontu orokorrean egotea dirulaguntza jasoko duen pertsona publikoaren edo pribatuaren aldeko berariazko kontsignazioa.

Udalaren aurrekontu orokorrean zehaztu beharko dira dirulaguntza izendunaren pertsona edo entitate onuraduna, zenbatekoa eta kontzeptua (xedea).

Aurrekontu-aplikazioa Udalaren aurrekontuan agertzeak ez du sortzen inolako eskubiderik pertsona edo entitate onuradunarendako, harik eta organo eskudunak dirulaguntza emateko ebazpena ematen duen arte, ezarritako prozedurari jarraitu eta gero.

Halaber, aurrekontu-ekitaldi batean dirulaguntzaren bat kontsignatu izanak ez du inolako eskubide itxaropenik sortzen hurrengo urteetarako.

18. artikulua. Instrukzioa.

1. Bertizaranako Udaleko idazkariak instruituko du dirulaguntza emateko prozedura.

Instrukzio jarduketek honako hauek barne hartuko dituzte, nahitaez:

a) Hitzarmen arauemailearen testua egitea, dirulaguntzarako.

b) Txosten juridikoa, non jasoko baita, eskura dituen datuen arabera, pertsona edo entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza eskuratzeko baldintzak.

c) Udalaren Kontu-hartzailetzaren txostena.

2. Behin instrukzioa buruturik, dirulaguntza emateko proposamena aurkeztuko zaio ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari, onets dezan.

19. artikulua. Ebazpena.

1. Behin igorrita ebazpen-proposamena eta espedientearen gainerakoa, organo eskudunak dirulaguntzak emateko prozedura ebatziko du.

2. Ebazpena arrazoituko da jarraikiz ordenantza honi eta indarrean dagoen araudiari, eta onuradunari jakinaraziko zaio.

20. artikulua. Dirulaguntzaren onarpena.

Dirulaguntzaren onarpena formalizatuko da alderdiek hitzarmena sinatzean.

IV. KAPITULUA.–GAINERAKO DIRULAGUNTZAK ZUZENEAN ETA SALBUESPEN GISA EMATEKO ARAUBIDEA ETA PROZEDURA

21. artikulua. Araubidea.

Salbuespen gisa, zuzenean ematen ahalko dira dirulaguntza batzuk, non, hartzaileen izaera dela eta, baztertu egin behar baita konkurrentzia publikoaren aukera, pertsona edo entitate onuradun bakarrak duelako dirulaguntzaren xedea gauzatzeko gaitasuna, edo pertsona edo entitate onuradunen talde bakarrak duelako gaitasun hori. Betiere, frogatu beharko da badirela honako hauekin lotutako arrazoiak: interes publikoa, soziala, ekonomikoa, hezkuntzakoa, kulturala, zientifikoa nahiz humanitarioa. Edo, bestela, behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuk.

22. artikulua. Hasiera, instrukzioa eta tresna.

Emateko prozedura hasiko da ofizioz edo interesdunak eskatuta.

Arrazoitu beharko dira dirulaguntzaren erabilgarritasuna, interes soziala edo helburu publiko bat lortzea, eta, horretaz gain, espedientean eta txosten arrazoitu baten bitartez, justifikatu beharko da ezin izan direla aplikatu publizitate eta konkurrentzia printzipioak.

1. Bertizaranako Udaleko idazkariak instruituko du dirulaguntza emateko prozedura.

a) Hitzarmen arauemailearen testua egitea, dirulaguntzarako.

b) Txosten juridikoa, non jasoko baita, eskura dituen datuen arabera, pertsona edo entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza eskuratzeko baldintzak.

c) Udalaren Kontu-hartzailetzaren txostena.

2. Behin instrukzioa buruturik, dirulaguntza emateko proposamena aurkeztuko zaio ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari, onets dezan.

3. Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera emaniko dirulaguntzak bideratzeko tresna, oro har, hitzarmena izanen da, eta bertan ezarriko dira berariazko baldintzak eta estipulazioak.

23. artikulua. Ebazpena.

1. Behin igorrita ebazpen-proposamena eta espedientearen gainerakoa, organo eskudunak dirulaguntzak emateko prozedura ebatziko du.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabete izanen da, gehienez ere. Epea zenbatuko da hasierako ebazpena ematen denetik aurrera, salbu eta ebazpenak berak ondorioak geroratzen baditu beranduagoko data batera.

3. Ordenantza honen 14. eta 15. artikuluek arautuko dute dirulaguntza emateko erabakiaren motibazioa, edukia, jakinarazpena, errekurtso-araubidea eta argitalpena.

24. artikulua. Prozedurako salbuespenak.

Salbuespenez, ez da beharrezkoa izanen aipatutako hitzarmenik egitea, baldin eta, ordenantza honen 21. artikuluan jasotako inguruabarrez gain, honako bi baldintza hauek betetzen badira:

a) Dirulaguntzaren zenbatekoa 3.000 eurotik gorakoa ez bada, pertsona edo entitate onuradun, jarduera eta ekitaldi bakoitzeko.

b) Jarduera gauzatuko duen pertsona fisiko edo juridikoaren edo entitatearen ezaugarriak direla eta, ezin bada sustatu konkurrentzia publikoa, dirulaguntzaren xedea gauzatzeko gaitasuna daukalako pertsona edo entitate onuradun bakarrak edo pertsona edo entitate onuradunen talde bakarrak.

Kasu honetan, dirulaguntza emateko ebazpenak berak ezarriko du zergatik ez den deialdia konkurrentzia bidez egin, eta salbuespena egiteko arrazoiak emanen ditu. Ebazpenean, orobat, ezarriko dira baldintzak, konpromisoak, eta pertsona edo entitate onuradunak edo onuradunek jasotako funtsen aplikazioa justifikatzeko modua, jarraikiz ordenantza honi.

Betiere, dirulaguntzak emateko espedientea izapidetuko da. Espedientean txosten tekniko bat jaso beharko da, frogatuko duena ezin izan dela norgehiagoka bidez gauzatu, eta nahitaez aplikatu behar dela salbuespenezko prozedura hau. Halaber, txosten juridiko bat ere jaso beharko du, adierazteko zuzenbidearekin bat datorrela.

III. TITULUA.–UDALAREN DIRULAGUNTZAK KUDEATU ETA JUSTIFIKATZEKO PROZEDURA

I. KAPITULUA.–GASTU DIRUZ LAGUNGARRIAK ETA FINANTZABIDEAK

25. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarritzat joko dira bat datozenak diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin, baldin egiten badira deialdian edo hitzarmenean ezarritako epean. Gastu diruz lagungarriaren eskuratze-kostuak ez du inoiz izan behar merkatu-balioa baino handiagoa.

2. Deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean kontrakorik xedatu ezean, egindako gastutzat joko da benetan ordaindu dena deialdian edo hitzarmenean zehaztutako justifikazio-aldia amaitu aurretik.

3. Honako hauek ez dira inoiz gastu diruz lagungarritzat hartuko:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Tokiko tributuak, baldin badira legean aurreikusi gabeko salbuespen fiskalak, eta toki ogasunarekiko zorren konpentsazioak edo murrizketak.

e) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak. Zehazki, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, pertsona edo entitate onuradunak ordaindutako zenbatekoak gastu diruz lagungarriak dira baldin eta kostu errealak badira, hau da, pertsona edo entitate onuradunak benetan ordaindu baditu eta kengarriak ez badira; izan ere, kengarriak badira, pertsona edo entitate onuradunak zerga berreskura lezake. Onuradunak modu fede-emailean frogatu beharko du hori.

f) Errentaren gaineko zerga pertsonalak.

26. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Dirulaguntzaren deialdi, hitzarmen edo ebazpenean eskatzen ahalko da diruz lagundutako jarduera funts propioekin finantzatu dadila zati batean edo ehuneko batean. Justifikatu beharko da finantzaketa horren zenbatekoa eta jatorria, bai eta diruz lagundutako jardueran nola aplikatu den ere.

2. Dirulaguntzaren deialdi, hitzarmen edo ebazpenean zehaztuko da bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea, hau da, ea bateragarria den xede bererako eskuratzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik, deusetan ukatu gabe hurrengo apartatuan xedatzen dena.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

4. Baldin aldaketarik gertatzen bada dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan, eta, betiere, beste ekarpen batzuk lortzen badira, deialdi, hitzarmen edo ebazpenean baimendutako kasuetatik kanpo, horrek eragiten ahal du dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

5. Dirulaguntzaren zenbatekoa banaka zehazten ahal da, edo, zenbatekoa kalkulatzeko, aplikatuko dira gastuetarako edo jardueretarako ehunekoak.

6. Defizit erreala edo gastu errealak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiago direnean, kontuan harturik, betiere, horien arabera zehaztu zela hasiera batez dirulaguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu beharreko kopurua.

7. Deialdiaren oinarri arautzaileetan horrela ezartzen den guztietan, eman ez den aurrekontuko zenbatekoa hainbanatzen ahalko da deialdiaren gainerako pertsona edo entitate onuradunen artean, gehieneko zenbateko osoa gainditu gabe.

8. Konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak eskatzen ahalko dira, justifikatuz gero. Beraz, justifikatu aurretik funtsak ematen ahalko dira, baldin finantzabidea beharrezkoa bada dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko.

II. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZAREN JUSTIFIKAZIOA ETA KOBRANTZA

27. artikulua. Justifikazioaren gaineko arau orokorrak.

1. Justifikazioa nahitaezko egintza bat da dirulaguntzaren onuradunarentzat, eta berekin dakar frogatzea betetzen direla ezarritako baldintzak eta lortu direla dirulaguntza emateko egintzan aurreikusitako helburuak.

2. Gastuak frogatzeko, aurkeztu beharko dira fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak, baliozkoak direnak merkataritzako trafiko juridikoan, edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak. Azken kasu horretan, baldin hala ezarri bada deialdian, dirulaguntza emateko ebazpenean edo hitzarmenean.

3. Justifikazioa hurrengo artikuluan xedatutako moduan dokumentatuko da, eta jarraikiz deialdiari, dirulaguntza emateko ebazpenari edo hitzarmenari.

4. Dirulaguntza eman bada hartzailearen egoera jakin batengatik, egoera bera baizik ez da frogatu behar, zuzenbidean onarturiko edozein bide erabiliz, betiere dirulaguntza eman aurretik. Nolanahi ere, horrez gain, kontrolak ezartzen ahalko dira hori hala dela egiaztatzeko.

5. Justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu ondoren, zerbitzu edo zentro kudeatzaileak txosten bat egin beharko du, adierazteko ea egokitzen den ordenantza orokor honetan edo deialdian eskatutako baldintzetara.

6. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen administrazio-organoak ikusten badu badaudela zuzendu daitezkeen akatsak, onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio onuradunari, eta hamar eguneko epea emanen dio horiek zuzentzeko.

7. Ezarritako justifikazio-epea igaro eta administrazio-organo eskudunari ez bazaio zuzenketarik aurkeztu, organo horrek onuradunari eskatuko dio aurkez dezala hamabost eguneko epe luzaezinean. Justifikazioa apartatu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, itzuli egin beharko da, eta horrek berekin ekarriko ditu Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako gainerako erantzukizunak. Justifikazioa apartatu honetan ezarritako epe gehigarrian aurkezteak ez du onuraduna salbuetsiko dagozkion zehapenetatik, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren arabera.

8. Ez bada betetzen dirulaguntza titulu honetan ezarritakoaren arabera justifikatzeko betebeharra, edo behar bezala justifikatzen ez bada, kobratzeko eskubidea galduko da osorik edo zati batean, eta, hala badagokio, dirulaguntza itzuli egin beharko da, ordenantza orokor honen IV. tituluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako baldintzetan.

28. artikulua. Justifikatzeko modua.

1. Justifikatzeko, erabiliko da egindako gastuaren justifikazioko kontua, jarraikiz deialdiari, dirulaguntza emateko ebazpenari edo hitzarmenari. Betiere, onuradunak frogatu beharko du emandako dirulaguntzari eman zaion publizitatea, jarraikiz deialdian, ebazpenean edo hitzarmenean adierazitako baldintzei.

Justifikazioko kontua aurkezteko, erabiliko da egoki den eredua, hau da, deialdiak, dirulaguntza emateko ebazpenak edo hitzarmenak zehazten duen eredua, eta honako informazio hau jasotzen ahalko du, diruz lagundutako jardueraren, jarduketaren edo helburuaren arabera:

a) Hala badagokio, dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak bete dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, azalduta egindako ekintzak eta lortutako emaitzak.

b) Hala badagokio, egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, honako hauek bilduko dituena:

–Diruz lagundutako jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat, identifikatuz hartzekoduna eta agiria, zenbatekoa, jaulkipen eguna eta, kasua bada, ordainketa eguna. Baldin dirulaguntza ematen bada aurrekontu baten arabera, adieraziko da zer desbideratze izan diren.

–Fakturak, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea duten dokumentuak, edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, aurreko paragrafoan aipatutako zerrendakoak. Bertan, gutxienez, adieraziko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, hala badagokio, ordainketa frogatzen duen dokumentazioa.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren zerrenda zehatz bat, adieraziz bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria.

c) Ondorioak eta lortutako emaitzak.

2. Justifikazioko kontuak eduki ditzake, gainera, beste agiri batzuk, eskatzen direnak deialdian, ebazpenean edo dirulaguntza ematean, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduari.

29. artikulua. Justifikazio epea.

1. Dirulaguntzak justifikatu beharko dira ezarritako epean, jarraikiz deialdiari, emateko ebazpenari edo hitzarmenari.

2. Egin daitezke dirulaguntzaren zenbatekoaren heren bateko (gutxienez) justifikazio partzialak, azken justifikazioa izan ezik; izan ere, azken justifikazio hori egin daiteke dagoen gainerakoagatik, nahiz eta dirulaguntzaren herenera ez iritsi.

3. Dirulaguntza ematen duen organoak justifikazioa aurkezteko epea luzatzen ahalko du. Luzapen hori ez da izanen justifikaziorako epearen erdia baino handiagoa, eta, betiere, ez da hirugarrenen eskubideen kalterako izanen.

4. Luzapena onartzeko baldintzak eta prozedura dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoak (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

30. artikulua. Justifikazioa egiaztatzea eta txostena.

Instrukzio-organoak egiaztatuko du dirulaguntza behar bezala justifikatu dela, jarduera egin dela, eta bete direla dirulaguntza ematea edo baliatzea eragin duten helburuak, behar diren baldintzetan, hots, ordenantza orokor honetan eta dagokion deialdian, emateko ebazpenean edo hitzarmenean xedatutako baldintzetan.

Egiaztapena egin ondoren, dagokion txostena emanen da, eta proposatuko da has dadila aurkeztutako justifikazioa onartzeko edo deuseztatzeko eta/edo dirua itzultzeko espedientea, dagokionaren arabera, Kontu-hartzailetzak aldez aurretik fiskalizatuta.

31. artikulua. Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntza ordaintzeko, onuradunak aldez aurretik justifikatu beharko du gauzatu duela dirulaguntza emateko arrazoi izan zen jarduera, proiektua, helburua edo jokabidea, dirulaguntza arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da, baldin behar bezala justifikatzen ez bada, edo gertatzen bada Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako arrazoietako bat, eta aplikatuko da lege horren 42. artikuluan ezarritako prozedura.

2. Dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Konturako ordainketa horiek zatikatuak izaten ahalko dira, eta egin daitezke diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahala. Aurkeztutako justifikazioaren araberako zenbatekoa ordainduko da.

Ordainketa aurreratuak ere egin daitezke, hau da, justifikazioa egin aurretik funtsak eman, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko finantzaketa gisa. Aukera hori eta berme araubidea berariaz ezarri beharko dira dirulaguntzaren deialdian.

Ezin izanen zaie onuradunei ordainketa aurreraturik egin, baldin eta horiek beren borondatez eskatu badute konkurtso-egoeraren deklarazioa, prozedura batean kaudimengabetzat jo badituzte, konkurtso-egoeran badaude –salbu bertan hitzarmen batek indarra hartu badu–, kontu-hartze judizial baten pean badaude edo desgaitutzat jo badituzte (jarraikiz Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legeari), eta oraindik bukatu ez bada konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia.

Dirulaguntzaren deialdian berariaz ezarri beharko dira konturako ordainketak edo ordainketa aurreratuak egitea eta berme araubidea.

3. Ezin da dirulaguntza ordaindu baldin onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduna bada itzulketa-ebazpen baten ondorioz; nolanahi ere, eragotzi gabe salbuespenak ezartzea, gizarte-larrialdietarako egoeretarako, ordenantza honetan, deialdian, ebazpenean edo hitzarmenean.

IV. TITULUA.–ITZULKETA

32. artikulua. Baliogabetasuna eta itzulketa. Arrazoiak eta prozedura.

1. Dirulaguntza bat emateko ebazpena baliogabetzeko arrazoiak dira ezarrita daudenak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 36. artikuluan. Kasu horietan, aipatutako manuaren arabera jokatuko da.

2. Deklaratzen ahal da erabat edo parte batean galdu dela emandako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea, baldin gertatzen badira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuak. Ordainketa oso edo partzial bat egin bada, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta eskatuko dira dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabaki arteko berandutze-interesak. Horretarako, aplikatuko da behar den prozedura, hots, ezarrita dagoena Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 42. artikuluan eta lege horretako itzulketari buruzko gainerako manuetan.

3. Aplikatuko da dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren II. tituluan ezarritakoa.

BOSGARREN TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

33. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Dirulaguntzen arloko zehapen araubidea izanen da Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritakoa.

2. Alkatetzari dagokio titulu horretan ezarritako zehapenak ezartzeko eskumena; betiere, eskumen hori eskuordetzen ahalko du.

XEDAPENAK

Xedapen iragankorra.–Prozeduren araubide iragankorra.

Ordenantza orokor hau indarrean jartzen den unean hasita dauden dirulaguntzak emateko prozedurei aplikatuko zaie hasi ziren unean indarrean zegoen araudia. Horren ondorioetarako, prozedura hasitzat jotzen da norgehiagokako dirulaguntzetarako deialdia onesten den unetik, eta, zuzenean emateko dirulaguntzetarako, dirulaguntza emateko ebazpena ematen den unetik edo hitzarmena sinatzen den unetik.

Aurreko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, ordenantza orokor honetan ezarritako zehapen araubidearen prozedurak aplikatuko dira indarrean jartzen denetik beretik.

Xedapen indargabetzailea.

Indargabetuta gelditzen dira ordenantza orokor hau indarrean jartzean indarrean zeuden gainerako dirulaguntzen oinarri arauemaileak, baita Bertizaranako Udalak dirulaguntzen araubide juridikoari buruz onetsitako beste edozein arau ere, galarazi gabe udal aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa.

Azken xedapenetako lehena.–Araubide gehigarria.

Ordenantza orokor honetan aurreikusten ez den guztirako, aplikatuko da azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra), baita uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua ere (errege dekretu horren bidez onesten da Dirulaguntzen Erregelamendua).

Azken xedapenetako bigarrena.–Ordenantza indarrean jartzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, ordenantza hau ez da indarrean jarriko eta ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte, eta igaro arte Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea, Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateak toki-erakundeei beren egintzak eta erabakiak baliogabetzeko errekerimenduak egiteko ahalmena baliatzeko.

Iragarkiaren kodea: L2504814