83. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Gutxieneko zerbitzuak, apirilaren 9ko greba deialdia dela eta

Arangurengo alkateak, apirilaren 8an, 2025eko apirilaren 8ko 22:00etatik 2025eko apirilaren 9ko 22:00etara iragarritako greba dela eta, 332/2025 Ebazpena eman zuen, gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena eta haiek betetzeko behar diren langileak zehazten dituena.

"2025eko martxoaren 28an komunikazio bat jaso dugu (sarrera-zenbakia: 2582), aditzera ematen duena LAB, CCOO, AFAPNA, ELA eta UGT sindikatuetako ordezkariek deialdi bat egin dutela greba egiteko. Grebak 24 orduko iraupena izanen du, 2025eko apirilaren 8ko 22:00etatik 2025eko apirilaren 9ko 22:00etara.

Greba egiteko eskubidea (Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua) bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta bermeak ezarri behar dira horretarako. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu behar dira (Konstituzio alorreko jurisprudentziak behin eta berriro dioenez) proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta behar adina arrazoituta ezarriko dira.

Konstituzioaren 23. artikuluaren arabera, herritarrek eskubidea dute gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo ordezkarien bidez, hots, bozkatze unibertsaleko aldian aldiko hauteskundeetan libreki hautatutako ordezkarien bidez.

Bertzalde, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluak eta hurrengoek zenbait zerbitzu publiko ezartzen dituzte, udalek eman beharrekoak; eta greba deialdiaren aurrean, Eguesibarko Udalak ematen dituen zerbitzu publikoak ezin dira erabat gelditu, herritarrei kalte konponezina eraginen litzaiekeelako.

Aurreko guztiagatik, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago (betiere errespetatuz grebarako eskubide konstituzionala), bermatuta egon dadin gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea, eta hala beteko dira botere publikoei ezarri zaizkien eginbeharrak, Espainiako Konstituzioaren 23. eta 28. artikuluetan ezarri ere.

Lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaion, jarraikiz abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluari (lege horrek hizpide du Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzea). Hala, gobernuaren agintaritzaren eskumena da behar diren neurriak hartzea oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko; hori dena, jarraikiz martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluari (errege lege dekretu horrek aldatzen du lan harremanei buruzko araudia).

Horrenbertzez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikulua, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikulua, eta jarraikiz eman zaizkidan eskudantziei, hots, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak eta aplikatzekoak diren gainerakoek eman dizkidaten eskudantziei (7/1985 Legeak arautzen ditu Toki Araubidearen Oinarriak),

EBATZI DUT:

1. Arangurengo Udaleko langileek greba eskubidea erabiliko dute 2025eko apirilaren 9an. Betiere, errespetatuko dira Udalaren eta sindikatu-ordezkaritzaren artean adostu diren eta jarraian zehazten diren gutxieneko zerbitzuak:

–Idazkaritza: 1 pertsona lanaldi osoan.

–Erregistro Zibila: 1 pertsona lanaldi osoan.

–Herritarren arretarako zerbitzua: 2 pertsona lanaldi osoan.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzua: 1 administrari-ofizial lanaldi osoan, 1 gizarte langile lanaldi osoan, 5 familia-langile euren ohiko lanaldian.

–Kirolak: 1 administrari-ofizial.

–Mantentze-lanak: 1 langile kiroldegian, lanaldi osoan.

–Ikastetxe publikoak: irekitzeko, hesteko eta eskola jarduerak iraun bitarteko ikasleen sartu-irtenetan laguntzeko beharrezkoak diren langileak.

–Udal eraikinen garbiketa: 3 pertsona lanaldi osoan, San Pedro ikastetxean.

2. Ebazpen hau jakinaraztea udal zerbitzuen langile arduradunei, behar diren neurriak har ditzaten, ebazpen honetan ezarritakoa betetze aldera. Halaber, honako hauek adieraztea:

–Greba hasi baino lehen, zerbitzu edo arlo bakoitzak udal honi idatziz jakinarazi beharko dio ikastetxean nork eginen duen lan 2025eko apirilaren 9an.

–Soldatatik zati proportzionala deskontatuko zaie greba eskubidea erabiltzen duten langileei, greba egunetan ez baitute lan eginen ikastetxean.

3. Ebazpen hau komunikatzea Batzordeari, eta agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko iragarki-taulan, eta honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran".

Administrazio-egintza honen aurka, errekurtso hauek jar daitezke:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi ondotik.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Mutiloan, 2025eko apirilaren 8an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

Iragarkiaren kodea: L2505382