83. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLIN

Aldaketa zergen kudeaketa, bilketa eta ikuskapenerako Ordenantza fiskal orokorrean. Behin betiko onespena

Allingo Udalak, 2022ko abenduaren 5ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Allingo Ordenantza fiskal orokorra aldatzea.

Onespena 2023ko urtarrilaren 12an argitaratu zen 2023ko urtarrilaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (8. zenbakia). Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik egin gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Amillaon, 2025eko martxoaren 28an.–Alkate udalburua, M.ª Lourdes Lana Goñi.

ZERGEN KUDEAKETA, BILKETA ETA IKUSKAPENERAKO ALLINGO UDALAREN ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

1. artikulua. Oinarri juridikoa eta izaera.

Honako ordenantza hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Udalaren mugarte osoan ezarriko da, indarra hartzen duen unetik beretik aldatu edo indargabetzen den arte.

3. artikulua. Zerga egitatea.

Zerga egitatea zerga bakoitza osatzeko Legean zehaztutako aurrekontua da, eta hura gauzatzeak zerga betebehar nagusia sortzen du.

Zerga bakoitzaren legeak osatzen ahalko du zerga egitatearen zehaztapen zehatza, zergapetu gabeko kasuak aipatuz.

4. artikulua. Ordaintzera behartutako subjektuak.

A.–Zergapekoak.

Zergapekoak dira zerga arloko araudiaren arabera zerga betebeharrak dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak eta entitateak.

Tributuei buruzko Lege Orokorrak, besteak beste, ezartzen du honako hauek direla zergapekoak:

a) Zergadunak.

b) Zergadunaren ordezkoak.

c) Ordainketa zatikatuak egitera behartuta daudenak.

d) Atxikitzaileak.

e) Konturako sarrerak egitera behartuta daudenak.

f) Jasanaraztera behartuta daudenak.

g) Jasanarazpena jasatera behartuta daudenak.

h) Atxikipena jasatera behartuta daudenak.

i) Konturako sarrerak jasatera behartuta daudenak.

j) Oinordekoak.

k) Zerga salbuespenen, itzulketen edo hobarien onuradunak, subjektu pasibo ez direnean.

Zerga arloko araudiak zerga betebehar formalak betetzera behartzen dituenak ere zergapekoak izanen dira.

Zergapekotzat hartuko dira, halaber, Legeak hala ezartzen duen kasuetan, jaraunspen jasogabeak, ondasun erkidegoak eta gainerako entitateak, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko bat edo ezarpena jar dakiokeen ondare bereizi bat osatzen badute.

Eta zergapekoak izanen dira, baita ere, Legeak adierazten dituen erantzule solidarioak eta subsidiarioak.

B.–Subjektu pasiboak: zergaduna eta zergadunaren ordezkoa.

Legearen arabera zerga betebehar nagusia, bai eta hari dagozkion betebehar formalak ere, bete behar dituen zergapekoa da subjektu pasiboa, zergadun gisa nahiz haren ordezko gisa. Ez du subjektu pasiboaren izaera galduko zerga kuota beste zergapeko batzuei jasanarazi behar dienak, zerga bakoitzaren Legeak besterik xedatu ezean.

Zergaduna da zerga egitatea gauzatzen duen subjektu pasiboa.

Legearen ezarpenagatik eta zergadunaren ordez, zerga betebehar nagusia, bai eta horri dagozkion betebehar formalak ere, betetzera behartuta dagoen subjektu pasiboa da ordezkoa. Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako zerga betebeharren zenbatekoa, legeak besterik adierazi ezean.

C.–Oinordekoak: pertsona fisikoen ondorengoak eta pertsona juridikoen nahiz nortasunik gabeko erakundeen ondorengoak.

1.–Pertsona fisikoen oinordekoak.

a) Zergapekoak hiltzean, gauzatu gabeko zerga betebeharrak jaraunsleei transmitituko zaizkie, legeria zibilean jaraunspena eskuratzeari buruz finkatzen dena ukatu gabe. Inoiz ere ez zaio zehapenik beste bati transmitituko. Erantzulearen betebeharra ere ez da eskualdatuko, non eta ez den hil aurretik jakinarazi erantzukizuna bideratzeko erabakia.

b) Kausatzailea hiltzen den egunean zerga zorra likidatuta ez egoteak ez du eragotziko sortutako zerga betebeharrak ondorengoei transmititzea; kasu horretan, jarduketak haietako edozeinekin eginen dira, eta jarduketa horien ondoriozko likidazioa espedientean agertzen diren interesdun guztiei jakinarazi beharko zaie.

c) Jarauntsia jasogabe dagoen bitartean, jaraunspen jasogabearen ordezkariak bete beharko ditu kausatzailearen zerga betebeharrak.

2.–Pertsona juridikoen eta nortasunik gabeko erakundeen oinordekoak.

a) Likidatutako eta desegindako sozietateek eta nortasun juridikodun erakundeek betekizun dituzten zerga betebeharrak, baldin eta Legeak bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna mugatzen badu, haiei eskualdatuko zaizkie, eta era solidarioan bete beharko dituzte nahitaez, dagokien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

b) Bestalde, legeak ez badu mugatzen bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna, haiei osoki eskualdatuko zaizkie likidatutako eta desegindako sozietateek eta nortasun juridikodun erakundeek betekizun dituzten zerga betebeharrak, eta era solidarioan bete beharko dituzte nahitaez.

c) Sozietatearen edo erakundearen nortasun juridikoa azkentzen den unean zerga zorra likidatuta ez egoteak ez du eragotziko sortutako zerga betebeharrak ondorengoei eskualdatzea, eta jarduketa horiek zeinahi ondorengorekin egiten ahalko dira.

d) Artikulu honetan aipatutako sozietate eta entitateek egindako arau-hausteengatik izan daitezkeen zehapenak haien oinordekoei eskatzen ahalko zaizkie, idatz-zati horietan ezarritako moduan.

5. artikulua. Zerga arduradunak.

Dagokion ordenantza fiskalak, legearen arabera, zerga zorraren erantzule solidario edo subsidiario gisa eratzen ahalko ditu beste pertsona edo erakunde batzuk, zordun nagusiekin batera. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresurik izan ezean, erantzukizuna subsidiarioa izanen da beti.

1.–Erantzule solidarioak.

Hauek izanen dira zerga zorraren erantzule solidarioak.

a) Zerga arloko arau-hauste bat eragiten dutenak edo egiten aktiboki laguntzen dutenak. Horien erantzukizuna zehapenera ere zabalduko da.

b) Jaraunspen jasogabeen, ondasun erkidegoen eta gainerako erakundeen partaideak edo titularkideak, nortasun juridikorik gabekoak izanda ere zergapetzen ahal den batasun ekonomiko bat edo ondare bereizi bat osatzen badute, erakunde horien zerga betebehar materialei dagokienez bakoitzak dituen partaidetzen proportzioan.

c) Ustiategien edo jarduera ekonomikoen titulartasunean edo jardueran izandako edozein kontzepturengatik, aurreko titularrak bere gain hartutako zerga betebeharrengatik eta horiek betetzetik eratorritakoak. Erantzukizuna gauzatutako edo gauzatu beharreko atxikipenak eta konturako sarrerak ez ordaintzetik eratorritako betebeharretara ere zabalduko da.

Ondoren aipatzen diren pertsona edo entitate hauek ere zerga zorraren erantzule subsidiarioak izanen dira, Zerga Administrazioak bahitu edo besterentzen dituen ondasunen edo eskubideen balioa berdindu arte:

a) Zerga Administrazioaren lana galarazteko asmoz, ordaintzera behartutakoaren ondasunak edo eskubideak eskualdatzen edo ezkutatzen dituztenak edo horretan laguntzen dutenak.

b) Beren erruz edo zabarkeriaz bahitzeko aginduak betetzen ez dituztenak.

c) Bahitura, aurreneurri edo berme baten jakitun izanda, bahitutako ondasun edo eskubideen, edo kautelazko neurri baten edo berme baten xede diren ondasun eta eskubideen altxatzea onartzen dutenak edo eginkizun horretan laguntzen dutenak.

d) Zordunaren ondasunak gordetzen dituzten pertsona edo entitateak, bahituraren jakinarazpena jaso ondoren, ondasunen altxatzea onartzen dutenak edo eginkizun horretan laguntzen dutenak.

2.–Erantzukizun subsidiarioak.

Hauek izanen dira zerga zorraren erantzule subsidiarioak:

a) Zerga arloko arau-hausteak egin dituzten pertsona juridikoen egitatezko edo zuzenbidezko administratzaileak, baldin eta zerga arloko betebeharrak eta eginbeharrak betetzeko beharrezko egintzak egin ez badituzte, haien mende daudenek betebeharrak ez-betetzea onartu badute, edo arau-hausteak ahalbidetzeko erabakiak hartu badituzte. Horien erantzukizuna zehapenetara ere zabalduko da.

b) Jarduera utzi duten pertsona juridikoen egitatezko edo zuzenbidezko administratzaileak, horiek sortutako zerga betebeharrengatik, baldin eta jarduera uztearen unean egiteke badaude, eta ordaintzeko beharrezkoa zena egin ez badute edo ez ordaintzea eragin duten akordioak edo neurriak hartu badituzte.

c) Konkurtso administrazioaren partaideak eta sozietate eta entitateen likidatzaileak, oro har, baldin eta ez bazituzten egin egoera horiek baino lehenagotik sortutakoak izanik kasuan kasuko zergapekoei egoztekoak diren zerga betebeharrak oso-osorik betetzeko beharrezkoak ziren zuzemenak. Egoera horien ondoko zerga betebeharrei eta zehapenei dagokienez, administratzaile gisa erantzunen dute administrazio eginkizunak esleituak dituztenean.

d) Zerga zorra ordaintzean, legez atxikitako ondasunen eskuratzaileak.

e) Aduanetako agenteak eta komisiodunak, beren komitenteen izenean eta kontura jarduten dutenean.

f) Haien jarduera ekonomiko nagusiari dagozkion obren exekuzioa edo zerbitzuak ematea kontratatu edo azpikontratatzen duten pertsonak edo entitateak, langile, profesional edo beste enpresaburu batzuei atxiki beharreko zenbatekoei edo jasanarazi beharreko zergei dagozkien zerga betebeharrengatik, kontratazioaren edo azpikontratazioaren xede diren obrei edo zerbitzuei dagokien zatian.

3.–Arduradunen aurreko prozedura.

3.1. Erantzukizuna adieraztea.

a) Erantzukizuna edozein unetan adierazten ahal da, likidazioa egin edo autolikidazioa aurkeztu ondoren, legeak besterik xedatu ezean.

b) Likidazioa emateko eskumena duen organoari dagokio erantzukizuna adierazteko administrazio egintza emateko eskumena.

c) Arduradunei aldez aurretik entzunaldia egiteak ez du baztertuko izapide hori baino lehen egoki iritzitako alegazioak egiteko eta beharrezkotzat jotzen duten dokumentazioa aurkezteko duten eskubidea.

d) Erantzukizuna adierazteko egintza arduradunei jakinaraziko zaie. Eduki hau izanen du jakinarazte egintzak:

–Erantzukizuna adierazteko akordioaren testu osoa, gaitzen duen egitatezko aurrekontua eta aurrekontu horren likidazioak adierazita.

–Egintza horren aurka ezartzen ahal diren aurkaratze-bideak, zein organori aurkeztu behar zaizkion eta horiek aurkezteko epea.

–Arduradunari eskatutako zenbatekoa ordaintzeko lekua, epea eta modua.

e) Erantzukizuna adierazteari buruzko erabakiaren kontrako erreklamazio edo errekurtsoaren bidez, gaitzen duen egintzaren aurrekontuaz gainera, aurrekontu horretako likidazioak ere aurkaratzen ahalko dira. Errekurtso edo erreklamazio horien ondorioz, ez dira berrikusten ahalko irmo bilakatu diren likidazioak, ezpada erantzulearen betebeharraren zenbatekoa.

f) Ordainketa borondatezko epean egiteko erantzuleari emandako epea abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean, Nafarroako Tributuei buruzkoan, 52. artikuluan ezarritakoa izanen da. Arduradunak epe horretan ordaintzen ez badu, zorra premiamendu bidez eskatuko zaio, eta aipatutako legearen artikulu beraren arabera dagokion exekuzio epeko errekargua ezarriko da.

3.2. Erantzukizuna eskatzeko prozedura.

a) Erantzukizun solidarioa eskatzeko prozedura, kasuen arabera, honako hau izanen da:

–Arriskua eratorritako zorra ordaintzeko borondatezko epea akitu aurreko edozein unetan adierazi bada eta arduradunari jakinarazi bazaio, aski izanen da ordaintzeko eskatzea epe hori igaro ondoren. - Gainerako kasuetan, eratorritako zorra ordaintzeko borondatezko epea igaro ondoren, organo eskudunak erantzukizuna adierazteko egintza emanen du, eta erantzuleari jakinaraziko zaio.

b) Erantzukizun subsidiarioa eskatzeko prozedura honako hau izanen da: zordun nagusia eta, hala badagokio, erantzule solidarioak kobraezintzat jo ondoren, artikulu honen arabera eskumena duen organoak erantzukizuna adierazteko egintza emanen du, eta erantzule subsidiarioari jakinaraziko zaio.

3.3. Zergapekoen eskubideak eta bermeak.

Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 9. artikuluaren arabera, zergapekoek eskubide hauek dituzte, besteak beste:

a) Eskubidea dute Zerga Administrazioaren aldetik informazioa eta laguntza biltzeko, beren zerga betebeharrak betetzeko, bai eta betebehar horien eduki eta irispidearen gainean ere.

b) Eskubidea dute itzul dakizkien zuzenez kontra egindako diru-sarrerak eta ofizioz tokatzen direnak, eta foru lege honetako 50.2.c) artikuluak aurreikusten duen berandutze interesa paga dakien ere, hartarako errekerimendurik egin gabe.

59. artikuluan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordainketa atzeratu eginen du, baldin eta subjektu pasiboak ez baditu egunean bere zerga betebeharrak; hain zuzen ere, betebehar horiek bete arte atzeratuko du ordainketa.

Itzulketa horiei dagokienez, subjektu pasiboak Nafarroako Zerga Ogasunarekiko bere zerga betebeharrak egunean ez dituen epeetan, ez da berandutze interesik sortuko. Era berean, prozeduran subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen gainerako atzerapen guztiak ez dira kontuan hartuko sortutako berandutze interesen epea kontatzeko orduan.

c) Eskubidea dute itzul dakien, foru lege honek agintzen duen moduan, egintza baten exekuzioa eteteko edo zerga zor baten ordainketa geroratu edo zatikatzeko jarri dituen abal eta beste bermeen kostua, baldin eta epai edo administrazio ebazpen irmo batek egintza edo zor hori osorik edo hein batean bidegabea dela deklaratzen badu, eta legezko interesa ere ordainduta, horretarako eskaerarik egin beharrik gabe; eskubidea dute, halaber, jarritako bermea proportzionalki gutxitzeko, aurkeztutako errekurtsoa edo erreklamazioa hein batean baiesten denean.

d) Eskubidea dute partedun diren prozeduren izapideak zertan diren jakiteko.

e) Eskubidea dute beraiek interesdun diren zerga arloko kudeaketako prozedurak tramitatzeko ardura duten Zerga Administrazioko agintari eta langileak nor diren jakiteko.

f) Eskubidea dute beraiek aurkezten dituzten aitorpenen ziurtagiria eta kopia eskatzeko.

g) Eskubidea dute, lehendik aurkezturik dituzten eta Zerga Administrazioak bere esku dituen dokumentuak berriz ez aurkezteko.

h) Eskubidea dute, legeek agintzen duten moduan, Zerga Administrazioak lortu dituen datuak, txostenak edo aurrekariak sekretuak izateko. Horiek erabiltzen ahalko dira soilik administrazioak, esleitua duelako, kudeatu behar dituen zerga edo baliabideak benetan aplikatzeko, eta ez zaizkie hirugarrenei lagatzen edo jakinarazten ahalko, legeek aurreikusiriko kasuetan salbu.

i) Eskubidea dute Zerga Administrazioko langileek behar bezalako errespetuz eta begiramenez trata ditzaten.

j) Zerga Administrazioaren egintza batean zergadunek parte hartzea eskatzen bada, zergadunek eskubidea dute ahalik eta arinen izanen zaien moduan egiteko.

k) Eskubidea dute alegazioak egin eta dokumentuak aurkezteko; hala, erakunde eskudunek kontuan hartuko dituzte dokumentu horiek, kasuan kasuko ebazpen-proposamena idazterakoan.

l) Eskubidea dute, entzunaldiaren izapidean mintzatzeko, horri dagokion ebazpena eman baino lehen.

m) Eskubidea dute informazioa jasotzeko erosi edo eskualdatuko diren ondasun higiezinek duten balioaren gainean.

n) Eskubidea dute, zerga arloko ikuskaritza egiaztatzen edo ikertzen hastean, informazioa jasotzeko egiaztatze eta ikertze horien izaera eta irispidearen gainean, bai eta ekintza horiek dirauteino dituzten eskubide eta betebeharren gainean ere, eta eskubidea dute, halaber, ekintza horiek foru lege honetan agindutako epeetan egin daitezen.

6. artikulua. Zerga egoitza.

Zerga administrazioarekiko harremanetan zergapekoa kokatzeko aintzat hartzen den lekua da zerga egoitza.

Hauek izanen dira zerga egoitzak:

a) Pertsona fisikoentzat, ohiko bizilekua. Kontrako frogarik ezean eta jakinarazpenetarako helbide bat espresuki adierazten ez bada, zerga egoitza biztanleen erroldan ageri den helbidea dela ulertuko da.

b) Pertsona juridikoentzat, aldiz, haien egoitza soziala, betiere bertan baldin badago zentralizatua haien administrazio kudeaketa eta negozioen zuzendaritza. Horrela ez bada, aipatutako kudeaketa edo zuzendaritza garatzen diren tokia izanen da.

Aurreko irizpideen arabera zerga egoitza non dagoen zehaztu ezin denean, ibilgetuaren baliorik handiena dagoen lekua lehenetsiko da.

c) Jaraunspen banatugabeen, ondasun erkidegoen eta, nortasun juridikorik gabekoak izanda ere, zergapetzen ahal den batasun ekonomiko edo ondare bereizi bat osatzen duten gainerako entitateen kasuan, aurreko letrako arauak aplikatuko dira.

d) Espainian bizi ez diren pertsona edo erakundeen kasuan, zerga egoitza zerga bakoitzaren araudian ezarritakoaren arabera zehaztuko da.

Zergapekoek zerga egoitza eta horren aldaketa jakinarazi beharko dizkiote administrazioari. Jarduera ekonomikorik egiten ez duten pertsona fisikoek ez badute hori betetzen, arau-hauste arina izanen da, eta zehapena 100 euroko diruzko isun finkoa izanen da.

7. artikulua. Zerga oinarria.

Zerga oinarria da zerga egitatea neurtu edo baloratzean ateratzen den diru magnitudea edo bestelako magnitudea.

Zerga bakoitzaren legeak ezarriko ditu zerga oinarria zehazteko metodoak, eta oinarri hori zuzeneko zenbatespen metodoen, zenbatespen objektiboaren eta zeharkakoaren bidez zehazten ahalko da.

Zerga administrazioak ezin baditu zerga oinarria zehazteko beharrezkoak diren datuak eskuratu hainbat arrazoirengatik –aitorpenak ez aurkeztea edo aitorpen ez-osoak edo ez-zehatzak aurkeztea; ikuskapen jardunari jarkitzea, hura oztopatzea, aitzakia jartzea edo ukatzea; kontabilitateko edo erregistroko betebeharrak funtsean ez betetzea; eta kontabilitateko liburu eta erregistroak edo haietan jasotako eragiketen egiaztagiriak, ezinbesteko arrazoiak tarteko, desagertu edo suntsitzea–, zenbatespen metodoa zeharkakoa izanen da, eta oinarriak edo etekinak honako bitarteko hauek edo horietako batzuk batera aplikatuz zehaztuko dira:

a) Horretarako garrantzitsuak diren datu eta aurrekariak aplikatzea.

b) Ondasunak eta errentak, bai eta dagokion sektore ekonomikoan normalak diren diru-sarrerak, salmentak, kostuak eta etekinak ere, izan direla zeharka egiaztatzen duten elementuak erabiltzea, zergen ikuspegitik alderatu behar diren produkzio edo familia unitateak kontuan hartuta.

c) Zergapekoengan biltzen diren magnitude, indize, modulu edo datuak baloratzea, antzeko kasuetan edo baliokideetan eskuratutako datuen edo aurrekarien arabera.

Likidazio oinarria zerga oinarriari, hala badagokio, Legean ezarritako murriztapenak egin ondorengo emaitza da.

8. artikulua. Hobariak eta salbuespenak.

Ez da beste zerga onurarik onartzen ahalko Udalaren zergetan, lege mailako arauetan berariaz aurreikusitakoak edo nazioarteko itunen aplikaziotik eratorritakoak izan ezean.

Hala ere, toki erakundeek beren zerga ordenantzetan ezartzen dituzten zerga onurak ere aitortzen ahalko dira, legeak berariaz aurreikusitako kasuetan. Zehazki, eta ordenantza horiek aurreikusten dituzten baldintzetan, kuotaren % 5erainoko hobaria ezartzen ahalko dute subjektu pasiboen alde, baldin eta aldizkako epemugako zorrak finantza erakunde batean helbideratzen badituzte, ordainketak aurreratzen badituzte edo diru-sarrerak biltzeko lankidetza eskatzen duten jarduerak egiten badituzte.

Tokiko zergen arloan zerga onurak ezartzen dituzten legeek zehaztuko dituzte bidezko konpentsazio formulak; formula horiek kontuan hartuko dituzte aipatutako zerga onurak ezartzen dituzten zergetatik lortutako toki erakundeen baliabideen etorkizuneko hazkunderako aukerak.

9. artikulua. Karga-tasa, kuota likidoa eta zerga zorra.

Kuota osoa lortzeko, likidazio oinarriari aplikatzen zaion zifra, koefizientea edo ehunekoa da karga-tasa.

Kuota osoa honela zehaztuko da:

a) Likidazio oinarriari karga-tasa aplikatuz.

b) Tarifa bat aplikatuz (horren ondoriozko kopurua).

c) Dagokion ordenantzan horretarako ezarritako kopuru finkoaren arabera.

d) b) eta c) letretan adierazitako prozedurak batera aplikatzearen ondoriozko zenbatekoaren arabera.

Zerga zorra subjektu pasiboak tokiko diruzaintzari zor dion zenbatekoa da, eta aurreko paragrafoan aipatutako kuotak edo konturako ordainketak egiteko betebeharretatik ateratzen denak osatzen du.

Honako hauek osatuko dute:

a) Zerga betebehar nagusiaren edo konturako ordainketak egiteko betebeharren ondorioz ordaindu beharreko kuota edo kopurua.

b) Berandutze interesa.

c) Garaiz kanpo aitortzeagatiko errekarguak.

d) Epe exekutiboko errekarguak.

e) Oinarri edo kuoten gainean legez eskatzen ahal diren errekarguak, dela diruzaintza publikoaren alde dela beste erakunde publiko baten alde.

Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren III. tituluan xedatutakoaren arabera ezartzen ahal diren zerga arloko zehapenak ez dira zerga zorraren parte izanen, baina horien bilketan lege horren III. tituluko V. kapituluan jasotako arauak aplikatuko dira.

10. artikulua. Zorraren iraungitzea eta ordainketa.

Zerga zorrak ordainketa, preskripzio, konpentsazio edo barkamenagatik azkentzen ahalko dira.

A.–Ordainketa.

Zerga zorraren ordainketa eskudirutan eginen da. Efektu tinbratuen bitartez ere egiten ahalko da, hala xedatzen denean.

Zerga zor bat eskudirutan ordaindu dela ulertuko da zenbatekoa udalaren bulegoan edo behar bezala baimendutako entitateetan ordaindu bada. Efektu tinbratuen kasuan, zerga zorra ordainduta dagoela ulertuko da zehaztutako moduan erabiltzen badira.

Ordainketa zerga bakoitzaren araudian ezarritako epeetan eta moduan eginen da.

B.–Preskripzioa.

Lau urteren buruan preskribatuko dira:

a) Administrazioak kasuko likidazioa eginez zerga zorra zehazteko duen eskubidea.

b) Administrazioak zerga zor likidatu eta autolikidatuen ordainketa eskatzeko duen eskubidea.

c) Zerga bakoitzaren araudiaren araberako itzulketak, sarrera bidegabeen itzulketak eta bermeen kostuaren itzulketa eskatzeko eskubidea.

d) Zerga bakoitzaren araudiaren araberako itzulketak, sarrera bidegabeen itzulketak eta bermeen kostuaren itzulketa eskuratzeko eskubidea.

Preskripzio epea kasu hauetan etenen da:

1. a) letraren kasuan:

–Zerga Administrazioaren edozein egintzagatik, zergapekoak horren berri formalki duelarik, zerga zorraren elementu guztiak edo zati bat onartu, erregularizatu, egiaztatu, ikuskatu, ziurtatu eta likidatzeko denean.

–Edozein erreklamazio edo errekurtso aurkeztuta.

–Zerga zorra likidatu edo autolikidatzera bideratutako zergapekoaren edozein jarduketa fede-emaile dela medio.

2. b) letraren kasuan:

–Zerga Administrazioaren edozein ekintzagatik, zergapekoak horren berri formalki duelarik, zerga zorra benetan biltzera bideratuta badago.

–Edozein erreklamazio edo errekurtso aurkeztuta.

–Zerga zorra ordaindu edo azkentzera bideratutako zergapekoaren edozein jarduketa fede-emaile dela medio.

3. c) letraren kasuan:

–Autolikidazioa itzultzea, bueltan ordaintzea edo zuzentzea nahi duen zergapekoaren edozein jarduera fede-emaile dela medio.

–Edozein erreklamazio edo errekurtso mota aurkeztuta, izapidetuta edo ebatzita.

4. d) letraren kasuan:

–Zerga Administrazioak itzultzeko edo bueltan ordaintzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

–Itzulketa ordaintzea edo diru-itzultzea egitea eskatzen duen zergapekoaren edozein jarduera fede-emaile dela medio.

–Edozein erreklamazio edo errekurtso mota aurkeztuta, izapidetuta edo ebatzita.

Zergapekoaren preskripzio epea etendakoan, etenduraren eragina gainerako zergapekoentzat ere izanen da, erantzuleak barne. Dena dela, betebeharra mankomunatua bada eta zergapekoetako bati baino ez bazaio dagokion zatia erreklamatzen, epea ez zaie gainerakoei etenen.

Ordaintzera behartutako baten kargurako zor likidatu bat baino gehiago izatera, zeri buruzko zorra den, haren preskripzioa bakarrik etenen da.

Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, zerga zorra ordaindu den kasuetan ere, zergapekoak eskatu edo salbuetsi beharrik gabe.

Preskripzio lortuak zerga zorra azkentzen du.

C.– Konpentsazioa.

Konpentsazioa ofizioz edo zergapekoak eskatuta erabakiko da.

Zergapeko baten zerga zorrak erabat edo partzialki azkentzen ahalko dira, administrazio egintza bidez zergapekoaren alde aitortutako kredituekin konpentsatuta, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan.

D.–Barkamena.

Zerga zorrak legearen arabera baino ez dira barkatzen ahalko, bertan zehazten diren zenbatekoan eta betekizunekin.

11. artikulua. Zerga zorraren bermeak.

Tokiko diruzaintzak lehentasuna izanen du mugaeguneratutako eta ordaindu gabeko zerga kredituak kobratzeko beste hartzekodun batzuekin batera lehiatzen denean, salbu eta jabari, bahi, hipoteka edo bestelako eskubide errealeko hartzekodunak direnean, tokiko diruzaintzaren eskubidea jasotzen den eguna baino lehen dagokion erregistroan behar bezala inskribatuak.

Erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunak edo eskubideak edo horien zuzeneko produktuak aldizka zergapetzen dituzten zergetan, Udalak lehentasuna izanen du beste edozein hartzekodun edo eskuratzaileren gainetik, horiek beren eskubideak inskribatu badituzte ere, ordainketa eskatzen den urte naturalari eta aurrekoari dagozkien zorrak –sortutakoak eta ordaindu gabekoak– kobratzeko.

12. artikulua. Zerga arloko kudeaketa.

A.–Zerga arloko kudeaketa.

Udal honek kudeatuko ditu tokiko zergak, kudeaketa horri aplikagarri zaizkion arau hauetan ezarritakoaren arabera: Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean, zergak eta zerga bilketaren kudeaketaren xede diren gainerako baliabideak arautzen dituzten arauetan, nazioarteko edo nazioz gaindiko entitateen itun, akordio, hitzarmen eta gainerako arauetan, eta uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuan eta hura garatzeko arauetan.

Zerga arloko kudeaketa da beharrezko administrazio eginkizunak gauzatzea, zeregin hauek betetzeko:

a) Aitorpenak, autolikidazioak, datuen komunikazioak eta zerga eragina duten gainerako agiriak jasotzea eta izapidetzea.

b) Zerga araudian ezarritako itzulketak egiaztatzea eta egitea.

c) Zerga onuren bidezkotasuna aitortzea eta egiaztatzea, kasuan kasuko prozedura arautzen duen araudiaren arabera.

d) Fakturatzeko betebeharra kontrolatzea eta haiek errazteko akordioak egitea, zerga eragina duten heinean.

e) Zerga aitorpenak eta bestelako betebehar formalak aurkezteko betebeharra betetzen dela kontrolatzeko jarduerak egitea.

f) Datuak egiaztatzeko jarduketak egitea.

g) Balio-egiaztapeneko jarduketak egitea.

h) Egiaztapen mugatuko jarduketak egitea.

i) Egindako egiaztatze eta egiaztapen jarduketen ondoriozko zerga likidazioak egitea.

j) Zerga ziurtagiriak ematea.

k) Identifikazio fiskaleko zenbakia ematea eta, hala badagokio, ezeztatzea, berariazko araudian ezarritako baldintzetan.

l) Zergen erroldak osatzea eta mantentzea.

m) Zergei buruzko informazioa eta laguntza ematea.

n) Zergak aplikatzeko gainerako jarduketak egitea, ikuskapen eta bilketa eginkizunetan sartuta ez daudenak.

B.–Hasteko bideak.

Zerga arloko kudeaketa honela hasiko da:

a) Autolikidazio bat, datuen komunikazio bat edo beste edozein aitorpen mota dela bide.

b) Zergapekoak egindako eskaera baten ondorioz.

c) Ofizioz, Zerga Administrazioak.

B.1. Zerga aitorpentzat hartuko da zergen aplikaziorako garrantzitsua den edozein gertaera aitortzen edo adierazten den eta Zerga Administrazioan aurkezten den dokumentu oro. Aitorpen bat aurkezteak ez dakar berekin zergapekoak zerga betebeharraren jatorria onartzea edo aitortzea.

B.2. Autolikidazioak aitorpen mota bat dira non zergapekoek, administrazioari zerga likidatzeko behar diren datuak eta beste datu informatibo batzuk jakinarazteaz gain, zerga zorra zehaztu eta ordaintzeko egin behar diren eragiketak –zorra nondik sortzen den nahiz zenbateko den zehaztekoak– bere kabuz egiten baititu, edo, honela badagokio, itzuli edo konpentsatu behar zaion kopurua zehazten baitu.

Zergapekoek aurkeztutako autolikidazioak egiaztatzen eta ikuskatzen ahal ditu administrazioak, eta, behar izanez gero, egoki den likidazioa eginen du.

Baldin zergapeko batek uste badu autolikidazio batek bere interes bidezkoak nolabait kaltetu dituela, autolikidazio hori zuzentzeko eskatzen ahalko du, erregelamendu bidez araututako prozeduraren arabera.

Autolikidazio baten zuzenketak itzulketa bat eragiten badu zerga arloko araudiaren ondorioz, eta sei hilabete igaro badira ordainketa agindu gabe, tokiko zerga administrazioari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, tokiko zerga administrazioak dagokion itzulketaren zenbatekoaren gaineko berandutze interesa ordaindu beharko du, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren 98. artikuluan zehaztua, zergapekoak eskatu beharrik gabe. Ondorio horietarako, sei hilabeteko epea autolikidazioa aurkezteko epea akitzen denetik hasiko da edo, epe hori akituta badago, zuzenketa eskaera aurkezten denetik.

Autolikidazio baten zuzenketak bidegabeko diru-sarrera bat itzultzea eragiten badu, tokiko zerga administrazioak berandutze interesa ordainduko du, 177/2001 Foru Dekretuaren 98. artikuluan adierazitako baldintzetan.

Era berean, zergapekoek autolikidazio osagarriak edo aitorpen edo komunikazio osagarri edo ordezkoak aurkezten ahalko dituzte, horretarako ezarritako epean edo epe hori gainditu eta gero, betiere ez bada preskribatu administrazioak zerga zorra zehazteko duen eskubidea. Azken kasu horretan, garaiz kanpokotzat hartuko dira.

B.3. Datuen komunikaziotzat hartzen da zergapekoak Administrazioari aurkeztutako aitorpena, hark itzuli beharreko zenbatekoa zehaztu dezan, hala badagokio. Komunikazio hori aurkeztuz gero, itzultzeko eskaera egin dela ulertuko da.

C.–Ebazteko betebeharra, ebazteko epeak eta berariazko ebazpenik ez izatearen ondorioak.

Zergak aplikatzeko prozeduretan, tokiko zerga administrazioak berariazko ebazpena eman behar du, abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean, Nafarroako Tributuei buruzkoan, 79. eta 87. artikuluetan zehaztutako epeetan eta ondorioekin, edota prozedura bakoitza arautzen duen araudian aurreikusitako epeetan eta ondorioekin.

Berariazko ebazpena emateko epeak eten eginen dira beste administrazio publiko batean edozein izapide gauzatzen den bitartean.

Aldeak eskatuta zerga onurak aitortzeko edo emateko hasitako prozeduretan, ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, ezetsi eginen da, administrazioak berariazko ebazpena emateko duen betebeharraren kalterik gabe.

D.–Zerga arloko jakinarazpenak.

Jakinarazpenen araubidea administrazio arau orokorretan aurreikusitakoa izanen da, abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean, Nafarroako Tributuei buruzkoan, eta tokian tokiko zergen gainerako arau erregulatzaileetan ezarritako berezitasunekin.

Interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, jakinarazpena zergapekoak edo haren ordezkariak horretarako adierazitako lekuan eginen da, edo, halakorik ezean, bataren edo bestearen zerga egoitza gisa zehaztuta dagoen lekuan.

Ofizioz hasitako prozeduretan, jakinarazpena leku hauetan egiten ahalko da: zergapekoaren edo haren ordezkariaren zerga egoitza gisa ageri den lekuan, lantokian, jarduera ekonomikoa garatzen den lekuan, edo horretarako egokia den beste edozein lekutan.

Jakinarazpena zergapekoak edo haren ordezkariak horretarako adierazitako lekuan egiten bada, edo bataren edo bestearen zerga egoitzan, eta, entregaren unean bertan ez badaude, haren ardura hartzen ahalko du toki edo helbide horretan dagoen eta nor den adierazten duen edozein pertsonak, bai eta jakinarazpenetarako adierazitako tokia edo zergapekoaren edo haren ordezkariaren zerga egoitza kokatuta dagoen bizilagunen edo jabegoen komunitateko langileek ere.

Jakinarazpena egintzat hartuko da interesdunak edo bere ordezkariak jakinarazpena jaso nahi ez duenean ere.

D.1. Agerraldiaren bidezko jakinarazpena.

Administrazioari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ezin bazaio zergapekoari edo haren ordezkariari jakinarazpenik egin, eta gutxienez bitan egin bada saiakera zerga egoitzan edo interesdunak horretarako adierazitako lekuan, haren eskariz hasitako prozedura bada, espedientean jasoko dira jakinarazteko saiakeren inguruabarrak. Hartzailea ezezagun gisa ageri bada helbide edo leku horretan, saiakera bakar bat aski izanen da.

Kasu horretan, zergapekoa edo haren ordezkaria zitatuko da, jakinarazpena jasotzera ager dadin, iragarki bidez. Iragarki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin bakarrik interesdun bakoitzarentzat. Hilabete bakoitzeko asteazkenetan argitaratuko dira iragarki horiek, edo, egun horietan aldizkari ofizialik argitaratzen ez bada, aldizkaria ateratzen den hurrengo lehenbiziko egunean.

Interesdunaren azken bizilekuari dagozkion udaletan ere paratzen ahalko dira ikusgai iragarki horiek. Aipatu diren iragarki horiek egiteko baliabide informatikoak, elektronikoak eta telematikoak erabiltzen ahal ditu zerga administrazioak, betiere aurreikusten denarekin bat.

Argitaratzen denean, egiteko dauden jakinarazpenen zerrenda agertuko da, honakoak adierazita: zergapekoa edo haren ordezkaria, oinarrian den prozedura, tramitazioaz arduratzen den organoa, eta horien hartzaileak non eta zein epetan agertu behar duen jakinarazpenaren berri izateko. Nolanahi ere, agerraldia hamabost egun naturaleko epean egin beharko da, iragarkia Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori iragaten bada inor agertu gabe, jakinarazpena egintzat hartuko da, legezko ondorio guztietarako, agertzeko ezarritako epea bukatu eta biharamunean.

Prozedura baten hasiera edo haren edozein izapide jakinarazitzat jotzen denean zergapekoa edo haren ordezkaria agertu ez delako, prozedura horren ondoz ondoko jarduketak eta eginbideak jakinarazitzat joko dira, eta prozeduraren edozein unetan agertzeko duen eskubideari eutsiko zaio, prozeduran ematen diren likidazioak eta enbargatutako ondasunak besterentzeko akordioak izan ezik, horiek atal honetan ezarritakoaren arabera jakinarazi beharko baitira.

E.–Zerga arloko kudeaketarako prozedurak: egiaztapena eta ikerketa.

Besteak beste, hauek dira zerga arloko kudeaketarako prozedurak:

a) Autolikidazio, eskaera edo datuen komunikazio bidez hasitako itzulketa prozedura.

b) Aitorpen bidez hasitako prozedura.

c) Datuak egiaztatzeko prozedura.

d) Balio-egiaztapeneko prozedura.

e) Egiaztapen mugatuko prozedura.

Zentzu horretan, tokiko zerga administrazioak zerga betebeharra osatzen duten egitateak, egintzak, elementuak, jarduerak, ustiaketak, negozioak, baloreak eta gainerako inguruabarrak egiaztatzen eta ikertzen ahalko ditu, hartarako aplikatzekoak diren arauak behar bezala betetzen direla egiaztatzeko.

Egiaztatzeko edo ikertzeko eginkizunak gauzatzean, tokiko zerga administrazioak zergapekoak egindako egitate, egintza edo negozioak kalifikatuko ditu, zergapekoak aldez aurretik horiei emandako kalifikazioa gorabehera.

Zerga onurak emateko edo aitortzeko egintzak behin-behinekoak izanen dira, baldin eta etorkizuneko baldintza jakin batzuk betetzera edo eman ziren prozeduran egiaztatu gabeko baldintza jakin batzuk benetan betetzera baldintzatuta badaude. Tokiko zerga administrazioak, zergak aplikatzeko ondorengo prozedura batean, baldintza edo betekizun horiek betetzen direla egiaztatzen ahalko du eta, hala badagokio, zergapekoaren zerga egoera erregularizatzen ahalko du, behin-behineko egintza horiek aldez aurretik berrikusi beharrik gabe, Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren VII. kapituluan xedatutakoaren arabera.

Zerga arloko kudeaketarako beste prozedura batzuk erregelamendu bidez arautzen ahalko dira.

13. artikulua. Zerga likidazioa.

Zerga likidazioa ebazteko egintza bat da; egintza horren bidez, tokiko diruzaintzak beharrezkoak diren kuantifikazio eragiketak egiten ditu, eta zerga zorraren zenbatekoa edo, hala badagokio, zerga araudiaren arabera itzuli edo konpentsatu beharreko zenbatekoa zehazten du.

A.–Zerga likidazio motak.

Zerga likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

Hauek hartuko dira behin betiko zerga likidaziotzat:

a) Ikuskapen prozeduran egindakoak, zerga betebeharraren elementu guztiak egiaztatu eta ikertu ondoren.

b) Zerga arloko araudiak izaera hori ematen dien gainerakoak.

Gainerako kasuetan, zerga likidazioak behin-behinekoak izanen dira.

B.–Zerga likidazioen jakinarazpena.

Likidazioak zergapekoei jakinarazi beharko zaizkie, Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 99. artikuluan ezarritako baldintzetan.

Likidazioak honako hauek adierazita jakinaraziko dira:

a) Zergapekoaren identifikazioa.

b) Zerga zorraren zenbatekoa zehazten duten elementuak.

c) Likidazioen motibazioa, zergapekoak emandako datuei edo zergapekoak egindako araudiaren aplikazioari edo interpretazioari egokitzen ez bazaizkie, zergapekoak berak emandako funtsezko datuak eta elementuak adierazita, bai eta zuzenbideko oinarriak adierazita ere.

d) Ezartzen ahal diren aurkaratze bideak, zein organori aurkeztu behar zaizkion eta horiek aurkezteko epea.

e) Zerga zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.

f) Behin-behinekoa ala behin betikoa den.

Aldizka ordainagiri bidez kobratzen diren zergetan, kasuan kasuko erregistro, errolda edo matrikulan egindako altari dagokion likidazioa jakinarazi ondoren, hurrengo likidazioak multzoka jakinaraziko dira hala adierazten duten ediktuen bidez.

Horretarako, erroldak edo matrikulak zerga arloko kudeaketako organoak onetsiko ditu aldi bakoitzean, eta, onartu ondoren, jendaurrean jarriko dira hamabost eguneko epean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, iragarkia tirada handieneko egunkari batean argitaratzen ahalko da, gutxienez.

14. artikulua. Diru-bilketaren kudeaketa.

A.–Zerga arloko diru-bilketa.

Zerga arloko diru-bilketa da zuzenbide publikoko zerga kredituak eta gainerakoak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.

Diru-bilketa egiten ahal da:

a) Borondatezko epean, zergapekoak Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52. artikuluan ezarritako epeetan ordainduz edo betez, eta zerga arautzen duen ordenantzan adierazitako epeetan egin beharko da, edo, bestela, artikulu honetan xedatutakoaren arabera.

b) Epe exekutiboan, zergapekoak bere kabuz ordainduz edo betez, edo, halakorik ezean, premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez. Epe exekutiboa kasu hauetan hasiko da:

a.–Zerga Administrazioak likidatutako zorren kasuan, ordaintzeko erregelamenduz ezarritako epea akitu eta biharamunean.

b.–Aurkeztutako aitorpen likidazioaren edo autolikidazioaren bidez ordaindu beharreko zorren kasuan diru-sarrera egiten ez bada, diru-sarrera hori egiteko ezarritako arauzko epea akitzen denean, edo, epe hori akituta badago, haiek aurkeztean.

Borondatezko epean ordainketa geroratu, zatikatu edo konpentsatzeko eskaera aurkeztuz gero, espediente horiek tramitatu bitartean ez da epe exekutiboa hasten ahalko.

Zehapen baten kontra errekurtso edo erreklamazioa behar den moduan eta epean aurkeztuz gero, epe exekutiboa ez da hasten ahalko harik eta zehapena administrazio bidean irmo bilakatu eta borondatez ordaintzeko epea bukatu arte.

Aldizkako epemugadun zerga eta prezio publikoen kasuan, dagokion kobrantza-ediktuan ezarritako epeetan ordaindu beharko da zorra, ordenantza honetan xedatutakoaren arabera, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean behar bezala argitaratuko da.

Ordainketa errazteko, Zerga Administrazioak jakinarazpena bidaliko du, eta ordainketa dokumentu gisa erabiltzen ahalko da.

Lizitazio publiko edo itun bidez esleitutako emakiden ondorioz sortutako tasak eta prezio publikoak lizitazio prozedura arautzen duen baldintza agirian ezarritako moduan eta unean gauzatuko dira, edo, halakorik ezean, esleipena, lizitazioa edo ituna egitean. Tasek edo prezio publikoek finantzatzen badituzte esleipendunak emandako udalaren zerbitzuaren gastuak, diru-bilketaren emaitza esleipendunari lagata, udaleko administrazioak aurrekontuari egotzi beharko dizkio eragiketa horiek, gastua fiskalizatu ondoren, kasuan-kasuan dagokion formalizazioko kontabilitate mugimenduaren bidez.

B.–Ordaintzeko bideak.

B.1. Ordaintzeko modua.

Zorren ordainketa eskudirutan eginen da edo, bestela, efektu tinbratuen bitartez, ordenantza bakoitzaren arauetan xedatzen den bezala.

Berariaz xedatzen ez bada, ordainketa eskudirutan eginen da. Zorrak eskudirutan ordaindu behar diren kasuetan, honako bitarteko hauetako bat erabiliko da:

a) Legezko dirua.

b) Bankuko edo aurrezki kutxako kontu korronteko txeke adostua.

c) Banku txekea.

d) Kreditu txartela eta zordunketa txartela.

e) Banku edo aurrezki kutxako abonamendu edo transferentzia gutuna, udal honen alde propio irekitako kontuetan.

f) Banku batean helbideratzea.

g) Bankuko transferentzia.

h) Udal honek eskudirutan ordaintzeko beste edozein bide baimentzen ahalko du, merkataritza trafikoan ohikoa bada eta legez onartuta badago.

Txeke bidezko ordainketen kasuan, txeke horrek, merkataritzako legeriak eskatutako baldintza orokorrak betetzeaz gain, izenduna izan beharko du, tokiko diruzaintzaren alde.

Kreditu eta zordunketa txartelaren bidezko ordainketari dagokionez, berriz, ordainketa onargarria izanen da, baldin eta erabili beharreko txartela erakunde kudeatzaile eta laguntzaileek horretarako onartzen dituzten txartelen artean badago. Hala, ordainketa honela egiten ahalko da:

–Kasuan kasuko zerbitzuak edo jarduerak egiteaz arduratzen diren diru-bilketarako bulegoan edo tokiko zerbitzuetan ezarritako saltokiko datafonoak edo saltokiko terminalak (ST) erabiliz.

–Online ordainduz, tokiko erakundearen webgunean dagoen ordainketa-pasabide baten bidez, banku erakunde batek eskainia. Hala, ordainagiri bat ordaintzen ahalko da banku txartel baten kargura. Horretarako, ordainketa-gutun bat eduki beharko da (ordainagiria, isuna, likidazioa...), ordaindu beharreko balioa identifikatzen duten datuak ordainketa-pasabidean sartu ahal izateko.

Egin beharreko ordainketen muga izanen da erakunde jaulkitzaileak txartel bakoitzari banaka esleitutakoa, eta inola ere ez du gainditzen ahalko udaleko organo eskudunak sarrera agiri bakoitzeko ezartzen duen zenbatekoa. Nolanahi ere, sarrera dokumentu bererako, ez da baliatzen ahalko onartutako beste edozein ordainketa bitartekorekin batera. Zergapekoek kreditu edo zordunketa txartelen bidez ordaindutako zenbatekoak ez dira murrizten ahalko txartel horiek erabiltzean izandako deskontuengatik edo bestelako arrazoien ondorioz. Kreditu eta zordunketa txartelaren bidez egindako sarrerak Udalaren kontu korronteetan sartu diren egunean egindakotzat joko dira, eta ordainbide hori erabiltzeak sortzen dituen komisioak banku gastu gisa izapidetuko ditu diruzaintzak.

Aldizkako epemugadun zorrak direnean, baimendutako kreditu erakunde laguntzaileetan irekitako kontuetan helbideratzen ahalko da ordainketa. Helbideratze horretarako, zergadunek helbideratze agindua bete beharko dute. Agindu hori udal honetan entregatuko da, bertan ezarritako prozeduraren bidez. Beste modu bat da kreditu erakunde laguntzailearen bidez egitea, zorra kobratzeko unean, bere kontuan zordunduta.

Zergadunari "aribideko" zerga betebeharrak betetzen laguntzeko, eta banku helbideratzea ordainketa bide egokiena izan dadin sustatzeko, banku helbideratzeak aurkezteko epea eta aurkeztutako helbideratze aginduak aldatzeko eskaerak zergadunak egin beharko ditu, kobrantzarako borondatezko epea hasi baino gutxienez 2 egun natural lehenago. Bestela, borondatez ordaintzeko hurrengo epetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Ordainketen helbideratzeak epemugarik gabe izanen dute balioa, baldin eta interesdunak ez baditu baliogabetzen, kobrantza tresnak aurkeztu behar diren gordailu erakundeak atzera botatzen ez baditu, edo administrazioak, arrazoi justifikatuak direla medio, haiek baliogabetzea berariaz xedatzen ez badu. Helbideratutako ordainagiriak behin eta berriz ez ordaintzeak administrazioak helbideratzean baja ematea eragiten ahal du.

Helbideratutako ordainagirien kasuan, ez da beharrezkoa izanen ordainagiria zergadunaren helbidera bidaltzea, eta zorraren datuak bankuko kargua sortzen duen euskarri magnetikoan sartuko dira. Hala, baimendutako finantza erakunde laguntzaileak kontuan dagokion zordunketa egin eta igorri beharko du.

Ordaintzera behartutakoen kontuan zorduntzeko agindua emanen da, borondatezko epearen mugaegunaren azken hilabeteko lehen egunean. Helbideratzeari kasurik egiten ez bazaio, banketxeak kobrantzarako borondatezko epea akitu baino lehen jakinaraziko du, epe exekutiboko bilketa-kudeaketari hasiera emateko mugaegunean.

Banku transferentzia bidez kobratzeko baimendutako sarreren prozeduretan, ordainketa egin dela ulertuko da interesdunak zerga kontzeptua, subjektu pasiboa, ordainagiriaren edo likidazioaren zenbakia eta/edo espediente zenbakia identifikatu dituenean, eta, beraz, hura aplikatzeko beharrezkoa den informazioa duenean. Bestela, ez da ulertuko zorra ordaindu denik, eta, beraz, zergaduna ez da zerga zorretik askatuko.

B.2. Ordainketa tokia.

Udalaren zerga bilketak eta zuzenbide publikoko bestelako diru-sarrerak udalbatzaren kutxan sartuko dira edota bere titularitzapean horretarako irekitako banku nahiz aurrezki kontuetan.

B.3. Ordainketa egiteko eta jasotzeko legitimazioa.

Edozein pertsonak egiten ahal du ordainketa, salbu eta bilketa organoak aldez aurretik eta modu fede-emailean jasoa badu zorduna aurka dagoela. Zorduna aurka egoteak ez du ondoriorik sortuko legezko edo erregelamenduzko xedapen baten ondorioz diru-sarrera egin behar duen edozein pertsonari dagokionez.

Zorra ordaintzen duen hirugarrenak ez du legitimaziorik Administrazioaren aurrean ordaintzera behartutakoari dagozkion eskubideak baliatzeko. Hala ere, ordaintzeagatik soilik eratortzen zaizkion eskubideak baliatzen ahalko ditu.

B.4. Ordainketaren egiaztagiria.

Honako hauek izanen dira eskudirutan ordaindu izanaren egiaztagiriak, kasuaren arabera:

a) Ordainagiriak.

b) Organo eskudunek edo ordainketa jasotzeko baimendutako erakundeek sinatutako edo baliozkotutako ordainketa-gutunak.

c) Egindako diru-sarrera egiaztatzen duten ziurtagiriak.

d) Udal honek berariaz ordainagiri izaera ematen dion beste edozein dokumentu.

Eskudirutan ordaindu izanaren egiaztagiriak datu hauek adierazi beharko ditu, gutxienez:

a) Zordunaren izen-abizenak edo sozietatearen izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea.

b) Kontzeptua, zorraren zenbatekoa eta zer eperi dagokion.

c) Ordainketaren data.

d) Ordainketa-gutuna eman duen organoa, pertsona edo entitatea.

C.–Diru-bilketako organoak.

Hauek dira udal honetako diru-bilketako organoak borondatezko epean:

a) Udalaren Diruzaintza.

b) Udal honen kreditu erakunde laguntzaileak (CaixaBank eta Nafarroako Rural Kutxa).

Epe exekutiboan, Geserlocal da udalaren diru-bilketako organoa.

Diru-bilketako laguntzaileak baimendutako finantza erakundeak izanen dira, baina erakunde horiek ez dira inola ere udalaren zerga bilketako organotzat hartuko. Lankidetza zerbitzua ez da ordainduko.

Laguntzaile gisa jardun nahi duten erakundeek baimena eskatuko diote udal honi, zerbitzua emateko moduan daudela adierazten duen berariazko adierazpenarekin batera.

Nolanahi ere, baimen hori eskuratu ahal izateko, erakunde laguntzaile gisa jardun nahi duten erakundeek egunean izan beharko dituzte zerga betebeharrak. Bestelako edozein kasutan, baimena ukatuko da.

D.–Premiamendu-prozedura.

Premiamendu-prozedura administrazio mailakoa da soil-soilik. Zerga Administrazioari baino ez dagokio hartaz arduratzeko eta haren gorabehera guztiak ebazteko eskumena.

Premiamendu-prozedura ofizioz hasi eta bultzatuko da izapide guztietan, eta, hasi ondoren, zerga arloko araudian ezarritako kasuetan eta moduan soilik etenen da.

Premiamendu-prozedura automatikoki etenen dute diru-bilketako organoek, bermerik jarri beharrik gabe, baldin eta interesdunak frogatzen badu zorra zehaztean akats materiala, aritmetikoa edo egitezkoa gertatu dela bere kaltetan; berdin gertatuko da zor hori ordaindu, barkatu, konpentsatu, geroratu edo eten denean, edo ordainketa eskatzeko eskubidea preskribatu denean.

1) Premiamendu-prozeduraren hasiera.

Premiamendu-prozedura zergapekoari jakinarazitako probidentzia baten bidez hasiko da. Probidentzia horretan, ordaintzeko dagoen zorra identifikatuko da, errekarguak likidatuko dira eta ordainketa egiteko eskatuko zaio.

Premiamendu-probidentzia nahikotzat hartuko da premiamendu-prozedurari hasiera emateko, eta zergapekoen ondasun eta eskubideen kontra jotzeko epaitegiko epaiak adina indar izanen du.

Premiamendu-probidentziaren aurka egiteko arrazoi hauek baino ez dira onartuko:

a) Zorra erabat azkentzea edo ordainketa eskatzeko eskubidea preskribatzea.

b) Borondatezko epean zorra geroratzeko, zatikatzeko edo konpentsatzeko eskatzea, eta diru-bilketako prozedura eteteko beste zenbait arrazoi izatea.

c) Likidazioa ez jakinaraztea.

d) Likidazioa baliogabetzea.

e) Akatsa egitea edo omisioa izatea premiamendu-probidentziaren edukian, zorduna edo premiamenduzko zorra identifikatzea eragozten duena.

Epe exekutiboa hasi eta premiamendu-probidentzia jakinarazi ondoren, zerga zorra honako epe hauetan ordaindu beharko da:

a) Probidentziaren jakinarazpena hilabete bakoitzeko 1. egunetik 15. egunera bitartean egiten bada, jakinarazpena jasotzen den egunetik hilabete horretako 20. egunera arte edo, hura balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.

b) Probidentziaren jakinarazpena hilabete bakoitzeko 16. egunetik azken egunera bitartean egiten bada, jakinarazpena jasotzen den egunetik hurrengo hilabeteko 5. egunera arte edo, hura balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.

2) Ondasunak eta eskubideak enbargatzea.

Beti proportzionaltasun printzipioa errespetatuz, zergapekoaren ondasunak eta eskubideak enbargatuko dira, honako hauek estaltzeko adinako zenbatekoan:

a) Ordaindu gabeko zorraren zenbatekoa.

b) Diruzaintzan sartu arteko data arte sortu diren edo sortzen diren interesak.

c) Epe exekutiboko errekarguak.

d) Premiamendu-prozeduraren kostuak.

Ez dira enbargatuko legeek enbargaezintzat jotako ondasunak edo eskubideak, ez eta beste batzuk ere, baldin eta uste bada ondasun edo eskubide horiek gauzatzearen kostuak haiek besterentzean eskuarki lor litekeen zenbatekoa gainditzen duela.

Enbargo jarduketa bakoitza eginbidean dokumentatuko da, eta eginbide horren eskumena duen pertsonari jakinaraziko zaio.

Ondasunak edo eskubideak enbargatu ondoren, eginbidea jakinaraziko zaio zergapekoari, eta, hala badagokio, ondasunen hirugarren titularrari, edukitzaileari edo gordailuzainari, jarduketak haiekin egin ez badira, bai eta zergapekoaren ezkontideari ere, enbargatutako ondasunak irabazpidezkoak direnean, eta ondasun horien jabekideei edo titularkideei ere.

Enbargo eginbidearen aurka egiteko arrazoi hauek baino ez dira onartuko:

a) Zorra azkentzea edo ordainketa eskatzeko eskubidea preskribatzea.

b) Premiamendu-probidentziaren jakinarazpena ez egitea.

c) Enbargoaren arauak ez betetzea.

d) Diru-bilketako prozedura etetea.

3) Premiamendu-prozedura akitzea.

Honela bukatuko da premiamendu-prozedura:

a) Zor den zenbatekoa ordainduta.

b) Kreditua guztiz edo partzialki kobraezina dela deklaratzen duen erabakiaren bidez, ordaintzeko betebeharra duten guztiak kobraezintzat deklaratu ondoren.

c) Beste arrazoi batengatik zorra azkentzen dela dioen erabakiaren bidez.

Kreditua kobraezintzat jo den kasuetan, berriro ekinen zaio premiamendu-prozedurari, preskripzio epearen barruan, ordaintzeko betebeharra duen pertsonaren bat kaudimenduna dela jakitean.

15. artikulua. Zerga arloko zorrak geroratzea eta zatikatzea.

Ordainketa geroratzeko eta zatikatzeko eskaeran, honako datu hauek jasoko dira, nahitaez:

a) Eskatzailearen izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea, eta esku hartzen duen izaera edo ordezkaritza, bai eta interesdunaren izen-abizenak edo sozietate izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea ere, eta jakinarazpenetarako adierazitako tokia.

b) Zorraren edo zorren identifikazioa, honako hauek adierazita: kontzeptua, kontabilitate erreferentzia, zenbatekoa eta ordaintzeko epea akitzen den eguna, diru-bilketako borondatezko epean badago.

c) Kuota geroratuen edo zatikatuen kobrantza helbideratzeko banku kontuaren datuak.

d) Eskaera egiteko arrazoiak.

e) Epeak eta baldintzak.

f) Uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaren arabera ematen den bermea.

g) Tokia, data eta eskatzailearen sinadura.

2.–Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Geroratzeko/zatikatzeko eskatzen den zorra justifikatzen duen agiria.

b) Ordezkaritza frogatzen duen agiria.

c) Diruzaintza arazoak direla justifikatzen duen agiria, ordainketa ezarritako epean egitea behin-behinean eragotziko diona.

d) Kasuaren arabera udal honek komenigarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk.

Zatikapenak eta geroratzeak emateko irizpide objektiboak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90.-92. artikuluetan (biak barne) xedatutakoaren arabera Administrazioari aitortzen zaion diskrezionalitatearekin bat etorriz, geroratzea edo zatikatzea emateko edo ukatzeko kontuan hartu beharreko irizpide objektibo hauek ezartzen dira, berme lekapenarekin edo gabe, eta horien berri emanen zaio eskatzaileari eskaera egiten duen unean:

Aldizkako kobrantzen ordainagiriak ordaintzeko borondatezko epean ez da zatikatzerik edo geroratzerik emanen. Autolikidazioak zatikatzen edo geroratzen ahal dira, Nafarroako Foru Ogasunak egiaztatu eta begiratu ondoren, eta horiei dagokienez dagozkion likidazioak egin ondoren.

Zehapen espedienteen kasuan, ez da zorraren zatikapenik edo geroratzerik bideratzen ahalko ordaintzeko borondatezko epean; hots, epe exekutiboko zorraren gainean soilik egiten ahalko da, eta Nafarroako Foru Ogasunak izanen du horretarako eskumena. Horretarako eskabiderik aurkeztuz gero, automatikoki ezetsitzat joko dira, hargatik eragotzi gabe interesdunari dagokion jakinarazpena egitea.

16. artikulua. Zerga ikuskapena.

A.–Zerga ikuskapena.

Zerga arloko ikuskapena da beharrezko administrazio eginkizunak gauzatzea, zeregin hauek betetzeko:

a) Zerga betebeharren egitateak ikertzea, administrazioarentzat ezezagun direnak atzemateko.

b) Zergapekoek aurkeztutako aitorpenak egiazkoak eta zehatzak direla egiaztatzea.

c) Zergen aplikazioarekin lotutako informazioa lortzeko jarduketak egitea.

d) Eskubideen, errenten, produktuen, ondasunen, ondareen, enpresen eta gainerako elementuen balioa egiaztatzea, zerga betebeharrak zehazteko beharrezkoa denean.

e) Zerga onurak edo pizgarriak eta zerga itzulketak lortzeko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea, bai eta azken horiek nola bete behar dituzten egiaztatzea ere.

f) Egiaztapen eta ikerketa jarduketen ondoriozko zerga likidazioak egitea.

g) Egiaztapen mugatuko jarduketak egitea.

h) Administrazio publikoko organoei aholkuak eta txostenak ematea.

i) Zerga arloko esku-hartze iraunkorrak edo ez-iraunkorrak egitea.

j) Beste xedapen batzuetan ezartzen diren gainerakoak edo agintari eskudunek agintzen dizkiotenak egitea.

B.–Zergak ikuskatzeko ahalmenak.

Ondokoak aztertuz gauzatuko dira ikuskatze jarduketak: dokumentuak, liburuak, kontabilitate nagusia eta lagungarria, fitxategiak, fakturak, frogagiriak, zerga arloan garrantzia duen gutuneria, datu-base informatizatuak, programak eta jarduera ekonomikoei buruzko erregistro eta fitxategi informatikoak. Halaber, Administrazioari jakinarazi beharreko edo zerga betebeharretarako behar diren ondasunak, elementuak, ustiapenak eta beste edozein aurrekari edo informazio ikuskatuko dira.

Ikuskapen jardueretan beharrezkoa baldin bada, zergen ikuskapen lanak egiten dituzten funtzionarioek ahalmena izanen dute, erregelamenduz zehaztutako baldintzetan, finketan, negozioetako lokaletan eta bestelako establezimenduetan edo tokietan sartzeko, bertan karga duten jarduerak edo ustiapenak egiten badira, zergapeko ondasunak badaude, zergapeko egintzak edo zerga betebeharren kasuak gertatzen badira edo horien frogaren bat baldin bada.

Aurreko paragrafoan aipatutako tokien zaintza duen pertsonak ez badu onartzen zerga arloko ikuskapeneko funtzionarioak sartzea, beharrezkoa izanen da administrazio agintaritzaren baimen idatzia.

Ikuskapen jarduketetan beharrezkoa baldin bada zergapekoaren egoitzan sartzea, hots, Konstituzioak babestutako egoitzan, Zerga Administrazioak nahitaezkoa izanen du horren adostasuna edo bidezkoa den epailearen baimena.

Zergapekoek Ikuskaritza hartuko dute, eta behar duen laguntza emanen diote bere eginkizunak bete ahal izateko.

Ikuskaritzaren errekerimendua jasotzen duen zergapekoak (bera edo haren ordezkari batek) jarduketak egiteko ezarritako leku, egun eta orduetan agertu beharko du, eta eskatutako agiriak eta gainerako elementuak ekarri edo Ikuskaritzak erabiltzeko eran izan beharko ditu.

Salbuespenez, eta arrazoituta, ikuskapenak eskatzen ahalko du zergapekoa bera agertzea, egin beharreko jarduketek halakorik eskatzen badute.

Ikuskapen lanak egiten dituzten funtzionarioak agintaritzaren agentetzat joko dira, eta, hala eskatzen bazaie, bulego publikoetatik kanpo egiaztatu beharko dute beren izaera.

C.–Ikuskapen prozeduraren hasiera.

Honela hasiko da:

a) Ofizioz.

b) Zergapekoak eskatuta.

Zergapekoei ikuskapen prozeduraren jarduketen hasieran jakinarazi behar zaie jarduketen izaera eta norainokoa, bai eta jarduketa horietan zehar dituzten eskubide eta betebeharren berri eman ere.

Ikuskapen prozeduraren jarduketak orokorrak edo partzialak izaten ahal dira. Izaera partziala izanen dute egiaztapenaren xede den aldian zerga bakoitzaren ordenantza fiskaletan adierazten diren kasu guztietan eta zerga betebeharraren elementu guztiei eragiten ez badie. Bestela, ikuskapen prozedurako jarduketek izaera orokorra izanen dute zerga betebeharrari eta egiaztatutako aldiari dagokienez.

D.–Ikuskapen jarduketen epeak.

Ikuskapeneko prozeduraren jarduketak hamabi hilabetean bukatu beharko dira, zergapekoari prozeduraren hasiera jakinarazi eta egun horretatik aurrera zenbatuta. Ulertuko da jarduketak bukatzen direla haietatik datorren administrazio egintza jakinarazten denean edo jakinarazitzat jotzen denean.

Nolanahi ere, legez aurreikusitako epeak luzatzeko erabakia hartzeko, nahitaezkoa izanen da arrazoitzea, egintzak eta zuzenbideko oinarriak aipatuz.

E.–Ikuskapen jarduketen bukaera.

Zergen ikuskapen jarduketak komunikazioetan, eginbideetan, txostenetan eta aktetan dokumentatuko dira.

Ikuskapen jarduketen emaitza dokumentatzeko, aktek aipu hauek jaso behar dituzte, gutxienez:

a) Formalizazioaren tokia eta eguna.

b) Zergapekoaren izen-deiturak edo sozietate izena, osorik, identifikazio fiskalaren zenbakia eta haren zerga egoitza, bai eta jarduketetan parte hartzen duen pertsonaren izen-deiturak eta identifikazio fiskaleko zenbakia ere, jarduketetan parte hartzeko duen izaera edo ordezkapena adierazita.

c) Zerga egitatearen edo zerga arloko betebeharraren egitezko baldintzaren oinarrizko elementuak nahiz hura zergapekoari egoztekoak, bai eta erregularizaziorako zuzenbideko oinarriak ere.

d) Hala badagokio, zergapekoaren zerga egoeraren erregularizazioa eta dagokion likidazio proposamena.

e) Zergapekoa erregularizazioarekin eta likidazio proposamenarekin ados dagoen.

f) Aktaren ondoko prozeduraren izapideak; eta, akta adostasunekoa denean, horren ondoriozko likidazio egintzaren aurka aurkezten ahal diren errekurtsoak, zein organoren aurrean aurkeztu behar diren eta haiek aurkezteko epea.

g) Aktuarioaren iritziz, zerga arloko arau-hausteren bat egon den ala ez.

h) Zerga bakoitzari dagozkion ordenantza fiskaletan ezartzen diren gainerakoak.

17. artikulua. Zerga arloko arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteen edo zehapenen erregimena Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen VI. atalean dago araututa.

A.–Arau-hausteak.

Zerga arloko arau-hausteak dira dolozko edo erruzko egiteak edo ez-egiteak, edozein zabarkeria mailarekin, legean tipifikatuta eta zehatuta daudenak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluaren arabera, zerga arloko arau-hausteak arinak edo astunak izaten ahal dira.

1. Arau-hauste arintzat hartzen da zerga arloko kudeaketan edozein pertsonari –subjektu pasiboa izan ala ez– eskatzen zaizkion zerga betebeharrak edo betekizunak ez betetzea, arau-hauste astunak ez direnean.

2. Arau-hauste astunak honako hauek dira:

a) Zerga zorra osorik edo partez ez ordaintzea horretarako ezarritako arauzko epeetan.

b) Salbuespenak, zerga onurak edo itzulkinak bidegabe baliatu edo erdiestea.

c) Toki entitateak autolikidazio jardunbidearen bidez eskatzen ez diren zergak likidatu ahal izateko behar dituen aitorpen edo agiriak ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo modu osatugabe edo okerrean aurkeztea.

B.–Zehapenak.

Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak.

Isun finkoen zenbatekoa ekitaldi bakoitzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean eguneratzen ahalko da.

Diru bidezko isun proportzionala aplikatuko da zerga kuotaren, ordaindu gabeko kopuruen eta bidegabe lorturiko onuren edo itzulketen zenbatekoaren gainean.

Administrazio egintzak egin behar dituzten organoek zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte, interesdunari entzunaldia eman ondoren; administrazio egintza horietan zergen behin-behineko edo behin betiko likidazioak eginen dira, eta, betiere, behar den espedientea ireki aurretik.

Zerga zehapenak mailakatzeko honakoak hartuko dira kontuan:

a) Zerga arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin diren.

b) Toki entitatearen ikerketa lanei trabak jarri, uko edo aurka egin zaien.

c) Arau-haustea egitean iruzurrezko bideak erabili diren edo beste norbait tarteko egin den.

d) Aitorpenik aurkeztu ez ote den edo aitorpen faltsu, osatugabe edo zehaztugabeak aurkeztu ote diren, horrek zerga zorra gutxitzea badakar berekin.

e) Formazko edo laguntza emateko betebeharrak nork bere kabuz bete ez ote duen edo berandu bete ote duen.

f) Zerga kudeaketarako zer-nolako munta duten eman gabeko datu, txosten edo aurrekariek eta, oro har, eginbide formalak, kontabilitatekoak edo erregistrokoak, eta toki entitateari lagundu edo informatzekoak ez betetzeak.

Mailakatze irizpideak aldi berean aplikatzen ahal dira.

Aurreko e) eta f) letretan aipatzen diren irizpideak arau-hauste arinei dagozkien zehapenak mailakatzeko baizik ez dira erabiliko. Aurreko d) letran aipatzen den irizpidea arau-hauste astunei dagozkien zehapenak mailakatzeko baizik ez da erabiliko.

Mailakatze irizpide bakoitzaren aplikazioa arau bidez akituko da.

Zerga arloko arau-hauste astunen zehapenen zenbatekoa % 30 murriztuko da subjektu arau-hausleak edo, hala balitz, erantzuleak egiten zaion arautze proposamenarekin bat datorrela adierazten duenean.

Arau-hauste arin bakoitzak 6 eurotik 300 eurora bitarteko zehapena izanen du.

Beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, ikuskatzaileen jardunari kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

Arau-hauste astunei diru-isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren % 50etik % 150era bitartekoa, aurreko artikuluan aipatutako murrizketa deusetan galarazi gabe.

Era berean, zilegi izanen da berandutze interesak eskatzea ordainketarako borondatezko epea bukatu eta zerga egoera erregularizatuko duen likidazioa egiten den egunera bitarteko denboragatik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsi ondoren, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ordenantza fiskal orokor hau eta toki erakunde honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen –Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea– IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoarekin.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta toki mailako erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Iragarkiaren kodea: L2505100