Iragarkia
81. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 25a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ALESBES
Deialdia, Alesbeseko Portaleko Birjina Egoitzarako gizarte-langilearen lanpostu bat oposizio-lehiaketaren medioz betetzeko, errelebo-kontratu bidezko lan-araubide finkoan
2025eko apirilaren 1ean egindako bilkuran, Alesbesko Udalaren tokiko gobernu batzarrak honako erabaki hau hartu zuen:
ERABAKIA:
Lehena.–Hautaproben deialdia egitea, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Alesbeseko Portaleko Birjina Egoitzarako gizarte-langilearen lanpostu bat. Lanpostua betetzeko, bada, errelebo-kontratu bat sinatuko da, egoitza horretako langile baten ordez aritzeko erretiroa hartzen duen arte, lan arloko legedian eta gizarte segurantzaren arlokoan xedatuta dagoenari eta erretiro partzialari aplikatzekoa denari jarraikiz betiere. Lanaldi osoan jardunen du, plantillako lan kontratudun finkoa izanen da, eta indarrean dagoen legediaren, lanpostuen zerrendaren eta udal aurrekontu orokorraren araberako ordainsariak jasoko ditu.
Bigarrena.–Deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webguneko iragarki taulan argitaratzea.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen helburua da Alesbeseko Portaleko Birjina Egoitzako gizarte-langilearen lanpostu baterako lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, lan-araubide finkoan, errelebo-kontratu bidez.
1.2. Deialdi honetako hautaprobak puntuaziorik handienarekin gainditzen dituen pertsonari lan-araubide finkoko lan kontratua eginen zaio, Alesbeseko Portaleko Birjina Egoitzan lan egiteko. Lanpostua lortzen duen pertsonaren ordainsari araubidea Portaleko Birjina Egoitzako plantilla organikoko 4. lanpostuan aurreikusitakoa izanen da, Alesbeseko Udalak 2025eko otsailaren 20ko bilkuran hasiera batez onetsiriko plantilla organikoaren aldaketari (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 47. zk., martxoaren 10ekoa) eta egoitzako hitzarmen kolektiboari jarraikiz.
Probak gainditzen dituzten gainerako izangaiak kontratazio zerrenda batean geldituko dira, kontratatutako pertsonaren lanpostu huts posibleak betetze aldera.
1.3. Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako eta gizarte-langilearen lanpostuko zereginetarako egokiak diren lan eta eginkizunetan ariko da.
Lanaldi osoko araubidea izanen du, zerbitzuko beharrei egokitua. Araubide hori noiznahi aldatzen ahalko du egoitzako gobernu batzordeak.
2. oinarria.–Bete beharreko lanpostuaren eginkizunak.
Lanpostuari eginkizun hauek dagozkio:
–Pertsonan zentraturiko arreta integraleko eredu bat ezartzea, laguntza eta gizarte programa bat garatzeaz gain, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak ezarritako irizpide eta araudietan oinarrituta.
–Egoitzako gizarte lana planifikatu eta antolatzea, xedeak egoki programatuz eta lana arrazionalizatuz. Alesbeseko Portaleko Birjina Egoitzako programen gizarte lana planifikatzea eta antolatzea, helburuak behar bezala programatuz eta lana arrazionalizatuz. Alesbesko komunitatearekin harremanetan betiere.
–Sartzeko eta irteteko prozesuan arreta ematea (harrera protokoloa eta zentrotik irteteko protokoloa gainbegiratzea) eta egoiliarraren historia eta fitxa soziala sortzea.
–Egoiliarrei buruzko alderdi sozialak ikertzeko azterlanak egitea eta egiten laguntzea.
–Jarduera administratiboak egitea eta erabiltzaileen txosten sozialak eta ekonomikoak prestatzea, bai eta egoitzako zuzendaritzak eskatzen dizkionak ere. Informazioa ematea erabiltzailearen beraren nahiz beste batzuen baliabideez, eta baloratzea haren egoera pertsonal, familiar eta soziala. Zentroko dokumentuak eta ziurtagiriak sortzea, ordainagiriak ematea, egoiliarren kobrantzak eta ordainketak kontrolatzea, etab.
–Iradokizunak eta erreklamazioak kudeatzeko sistema bat definitzea, zentroa hobetze aldera. Gogobetetasunari buruzko inkestak egitea erabiltzaileei, langileei eta senideei.
–Lantaldeko gainerako kideekin batera, egoiliarrei arreta pertsonalizatua emateko plana egitea.
–Egoiliarren espedienteei eta historia indibidualei buruzko datuen babesa bermatzea.
–Bultzatzea erabiltzaileak egoitzako bizitzan eta inguruneko bizitzan integratzea eta parte hartzea, bai eta senideekin ere.
–Parte hartzea erabiltzaileak egoitzara egokitzeko programak prestatzen eta martxan jartzen.
–Esleituriko programetako altak eta bajak kudeatzea. Datuak etengabe eguneratzea.
–Lanerako, jarduera fisikoetarako, animazio soziokulturalerako eta aisialdi jardueretarako lantaldeak koordinatzea. Zentroko jardueren hiru hilean behingo ebaluazioa eta urteko jarduera programa egitea, beste teknikari batzuekin koordinatuta.
–Batzorde teknikoetan parte hartzea.
–Behar diren kudeaketak egitea erabiltzaileei eragiten dieten arazo sozialak ebazteko, batez ere entitate eta erakundeekin.
–Sustatzea gizarte eta osasun zerbitzuen sistemako profesionalekiko eta baliabideekiko koordinazioa, komunikaziorako bideak ezartzeko. Osasun zentroko eta gizarte zerbitzuetako gizarte-langileekin koordinatzea.
–Parte hartzea, profesional anitzeko taldearekin, erabiltzaileek behar dituzten orientabideak edo laguntza lantzen.
–Zerbitzuen esleipenean eta aldaketan parte hartzea, mendekotasun eguneratzeak eta balorazioak eskatzeaz gainera.
–Egoitzan erabiltzaileari ematen zaion gizarte laguntzaren prozesuan, familiari ematea informazioa, orientazioa, aholkularitza eta laguntza.
–Udal arloekin koordinatzea, batez ere Alesbeseko Udaleko gizarte ekintzako arloarekin eta erreferentziako teknikariarekin.
–Koordinazio teknikoan egon litezkeen dirulaguntzak, hitzarmenak eta itunak eskatzea.
–Posta, mandatuak eta telefono bidezko edo idatzizko komunikazioak jasotzea eta interesdunei ahalik eta lasterren helaraztea.
Laburbilduz, gizarte-langilearen funtzioak askotarikoak dira, eta egoiliar bakoitzaren ongizatea bermatzea dute helburu eta, horretarako, haien ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko eskura duten guztia ematea.
Lanaldi osoko araubidea izanen du, zerbitzuko beharrei egokitua. Araubide hori noiznahi alda dezake Alesbeseko Udalak.
Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da. Bitarte horretan, entitate kontratatzaileak kontratu harremana suntsiarazi edo hutsaltzen ahalko du, egoitzari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.
Lan hori egiteko, erabiltzaileen datu pertsonalak eskuratzen ahalko ditu, osasunari buruzkoak barne, eta fitxategiak dauden tokietara sartzeko baimena izanen du. Une oro konfidentzialtasuna gordeko du datu pertsonalei, irudiei eta egindako lanetan jasotzen duen informazio orori buruz (egoera fisikoa, prozesu patologikoak, egoiliarren familia egoera eta abar). Duen informazioa soilik erabiltzen ahalko lanpostuko beharkizun eta beharretarako, eta ez du erabiltzen ahalko lanekoaz besteko helburuetarako, ez eta hirugarrenei jakinarazten ahalko ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra mugagabea da.
Hautatutako pertsonak nahitaez bermatu beharko du bere lankidetzagatik/lanagatik ezagututako datuen konfidentzialtasuna eta tratamendu egokia, eta sekretu profesionalaren betebeharren eraginpean geratuko da, bai eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan –Pertsona fisikoen babesari buruzkoan (datuen tratamenduari dagokionez)–, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta hura garatzeko araudian –edo horiek ordezten edo aldatzen dituen beste edozein arautan– jasotakoen eraginpean ere.
3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Hautespen prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek honako hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) 18 urteak beterik izatea.
b) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Gizarte Laneko diplomadun edo gradudun titulua edo baliokidetzat aitortutako beste unibertsitate titulu bat edukitzea, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko. Baldintza hori kontratazioa egin aurretik egiaztatu beharko da, enpresak egin beharreko aitorpenaren bidez.
d) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.
f) Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribatuta egotea, nola enplegu eskatzaile hala enplegu hobekuntza gisa.
Aurreko betebehar horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako betetzen direla ulertuko da.
4. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Deialdian parte hartzeko eskabidea Alesbesko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko da, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Eskabidea 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz aurkezten bada, 24 orduko epean posta elektronikoa igorri beharko da ayuntamiento@villafranca.es helbidera, horren berri emateko. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.
Deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari egokituko zaio eskabidea.
Eskabideak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogeita hamar eguneko epean.
Prozesuaren garapena Alesbesko Udalaren gardentasun atarian argitaratuko da, izangaiei jakinarazpen elektronikoa eginez.
Eskabidearekin batera, izangaiek honako hauen fotokopiak aurkeztu beharko dituzte: nortasun agiri nazionala, edo izangaiaren identitatea frogatzen duen agiri bat; langabeziako txartela edo lana hobetzeko eskatzailearen txartela; eskatzen den titulua –edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako hura erdiesteko moduan izanen direla frogatzen duen agiria–; eta baloratzeko alegatutako merezimenduak.
Eskabideak aurkezteko epea ez da luzatzen ahalko.
5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
Eskabideak aurkezteko epea iraganik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialaren webgunean, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko edo aurkeztutako eskabideen akatsak zuzentzeko.
Baztertutako hautagairik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, hautaproba egiteko egun, leku eta orduarekin batera.
Aipatutako epean alegazioak aurkezten badira, alegazio horiek ebatzi ondoren, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialaren webgunean, adierazita hautaproba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.
6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
–Epaimahaiburua: María Carmen Segura Moreno, Alesbesko alkatea, edo haren legezko ordezkoa.
–Epaimahaikidea: Clarencia Fernández Cinto, Portaleko Birjina Egoitzako langilea, edo haren legezko ordezkoa.
–Epaimahaikidea: Carolina Ansó López, Portaleko Birjina Egoitzako zuzendaria, edo haren legezko ordezkoa.
–Epaimahaikidea: Misael Narros Martin, Portaleko Birjina Egoitzako kanpo aholkularia, edo haren legezko ordezkoa.
–Epaimahaikidea: María Lafraya Fernández, langileen ordezkoa, edo haren legezko ordezkoa.
–Epaimahaikidea: Raquel Lacabe Barrachina, Erriberriko egoitzako gizarte-langilea.
–Idazkaria: Udalekoa; edo legez haren ordezkoa dena.
6.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.
6.3. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa bertan izatea.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabil dezake.
Halaber, oposizio-lehiaketaren azterketa saio guztiak edo horietako bat zuzen egin daitezen, beharrezkotzat jotzen diren barneko funtzionamendu arauak ebazteko ahalmena izanen du, betiere deialdian azaltzen diren oinarriei egokituz.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
6.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako ezarriak dauden arrazoiak.
7. oinarria.- Deialdiaren bilakaera.
Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala aldean daramatela. Probetara agertzen ez diren hautagaiak bazterturik geldituko dira. Probetan iruzurrik egiten bada, edozein delarik ere, izangaia berehala baztertuko da, eta, gainera, behar diren jarduketa penalak gauzatuko dira, bidezkoak badira.
Honako fase hauek izanen dira: oposizioaldia, lehiaketaldia eta buruz buruko elkarrizketa.
7.1. Oposizioaldia.
7.1.1 Proba teorikoa: test motako 30 galderari erantzun beharko zaie, izangaiek bete beharreko lanpostuaz zer ezagutza duten egiaztatzeko, III. eranskinean jasotako gai zerrendaren arabera.
Galdera zuzen bakoitzeko puntu bat emanen da, eta akats bakoitzeko 0,25 puntu kenduko dira. Ariketa gainditzeko, gutxienez 15 puntu lortu beharko dira.
7.1.2. Proba teorikoa: garatzekoa; puntuazio bereko hiru galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz, izangaiek bete beharreko lanpostuaz zer ezagutza duten egiaztatzeko.
Gehieneko puntuazioa: 30 puntu.
Bi proben gehieneko puntuazioa: 60 puntu.
Bazterturik geldituko dira bi proba teorikoetan, osotara, gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
7.2. Lehiaketaldia.
7.2.1 Izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, baloratu beharreko merezimenduak aurkeztu beharko dituzte, eta epaimahaiak oinarri hauen II. eranskineko baremoari jarraikiz baloratuko ditu.
7.2.2. Epaimahaiak ez du inola ere kontuan hartuko alegatu ez den edo agiri bidez frogatu ez den merezimendurik.
7.2.3. Gehieneko puntuazioa: 30 puntu.
Merezimenduak oposizio faseko emaitzarekin batera argitaratuko dira, eta gainditu duten pertsonenak baino ez.
7.3. Elkarrizketa fasea.
7.3.1 Gero, kalifikazio epaimahaiak buruz buruko elkarrizketa bat eginen du aurreko faseetan, osotara, puntuazio handienak lortu dituzten bost izangaiekin.
7.3.2. Gehienez ere, 10 puntu.
7.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak Udalaren webgunean argitaratuko du gainditutako izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta izen-deiturak eta puntuazioa jasoko ditu zerrenda hark, bai eta hurrengo proba egiteko eguna eta lekua ere.
7.5. Proben emaitzen kontra erreklamazioa paratzen ahalko da 3 egun naturaleko epean, emaitzak Udalaren webgunean eta tauletan argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.6. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean bertan azaldutakoaren arabera.
7.7. Azken kalifikazioa edo azken balorazioa proba guztien eta aurkeztutako merezimenduen puntuazioak batuz ateratzen dena izanen da.
8. oinarria.–Puntuazioen zerrenda eta agirien aurkezpena.
8.1. Hautapen-prozesua bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du izangaien zerrenda, lortutako puntuazio-ordenari jarraikiz, Alesbesko Udalaren eta egoitzaren iragarki tauletan, eta puntu gehien lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio egoitzako buruari, hark onets dezan.
8.2. Hautatutako izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte egoitzaren idazkaritzan, kontratatuak izateko:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo frogagiri baliokideren batena.
b) Eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.
c) Gizarte Segurantzako afiliazio zenbakia ("Número de afiliación a la seguridad social" eremua).
9. oinarria.–Datuen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna: Alesbesko Udala.
Datuak babesteko ordezkaria: dpd@villafranca.es.
Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Legitimazioa: Legezko betebeharrak betetzeko tratamendua (2016/679 DBEOren 6.1 art., c letra). –Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo botere publikoen izenean gauzatutako eginkizun bat betetzeko (2016/679 DBEOren 6.1 art., e letra). Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzea, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina ezartzen duena.
Jatorria: datu pertsonalak interesdunak berak emanen ditu.
Kontserbazio epea: aipatutako helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira datuak, eta Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren webgunean eta iragarki tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta informazio osagarrian jasotako beste eskubide batzuk baliatzeko ere, Udalaren webgunearen bidez, "Arsol Eskubideak Baliatzea" formularioan.
Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, haren egoitza elektronikoaren bidez (www.aepd.es).
Datuen babesari buruzko informazio gehiago: Udalaren webgunean kontsultatu dezakezu edo posta elektronikoz dpd@villafranca.es.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, zuzenean, Nafarroako Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratzen denetik edo errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita, edo, aurretik eta nahi bada, honako errekurtso hauetako bat:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egoitzako presidenteari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, egoitzako buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aurrera.
Alesbesen, 2025eko abenduaren 4an.–Alkate udalburua, María Carmen Segura Moreno.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–BAREMOA
A) Laneko esperientzia. (Gehienez 20 puntu).
–Egoitza publiko edo pribatu batean gizarte-langile gisa emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 4 puntu.
–Titulartasun publiko edo pribatuko eguneko zentroetan gizarte-langile gisa lanean emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 2 puntu, eta gehienez ere 10 puntu.
–Titulartasun pribatu edo publikoko beste entitate batzuetan gizarte-langilearen lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 2 puntu, eta gehienez ere 10 puntu.
Esperientzia denborak urte osoa egiten ez badu, proportzioan dagokiona emanen zaio.
Egin diren zerbitzuak frogatuko dira soilik administrazio publikoak edo dagokion enpresak emandako ziurtagirien bidez.
B) Prestakuntza ikastaroak. 10 puntu gehienez.
–Pertsonarengan zentratutako arretako prestakuntza programak egiteagatik (masterra, graduondokoa, aditua): 5 puntu.
–Gizarte zerbitzu eta zentroen koordinazioko/zuzendaritzako titulua izateagatik: 2 puntu.
–Lanpostuarekin zerikusia duten gaietan hobekuntza ikastaroak egiteagatik, prestakuntza frogatuko 10 ordu bakoitzeko: 0,1 puntu, gehienekoa 4 puntu izanik.
–Berdintasun prestakuntza egiteagatik, prestakuntza frogatuko 10 ordu bakoitzeko: 0,1 puntu, gehienekoa 2 puntu izanik.
–Laneko arriskuen prebentzioko prestakuntza egiteagatik, prestakuntza frogatuko 10 ordu bakoitzeko: 0,1 puntu, gehienekoa 2 puntu izanik.
Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak.
III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa: Xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. Kontsultatzeko eta parte hartzeko organoak.
2.–8/2013 Foru Legea, otsailaren 25ekoa, zeinaren bidez Nafarroan bizi direnei aitortzen baitzaie Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun laguntza jasotzeko eskubidea.
3.–17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, zeinak hizpide baititu Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideak eta betebeharrak: Xedapen orokorrak. Laguntza zerbitzuekin lotutako eskubideak. Ahultasun handieneko kolektiboen eskubideak. Intimitatearekin eta konfidentzialtasunarekin lotutako eskubideak. Informazioaren eta parte-hartzearen arloko eskubideak. Borondatearen autonomiari buruzko eskubideak. Osasun dokumentazioaren arloko eskubideak. Pertsonek osasunaren arloan dauzkaten betebeharrak.
4.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, zeinak hizpide baititu autonomia pertsonala sustatzea eta mendetakotasun egoeran dauden pertsonak zaintzea: mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistema (2): mendekotasuna eta haren balorazioa. Eskubidea aitortzea. Sistemaren finantzaketa eta onuradunen ekarpena.
5.–Otsailaren 15eko 1/2011 Foru Legea, zeinaren bidez ezartzen baita mendekotasun egoera aitortzeko prozedura eta arautzen baitira Nafarroan mendekotasun egoera balioesteko taldeak eta organoa eratzen dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea: Mendekotasun egoera aitortzeko prozedura eta sistemako prestazioak jasotzeko eskubidea.
6.– Ospitaleko alta planifikatzea: esparru teorikoa, alderdi orokorrak, programaren ezarpena, xedeak, zirkuituak, kronologia, biztanleria taldeen araberako plangintza.
7.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa: datuen babesaren printzipioak, pertsonen eskubideak. Datuak Babesteko Agentzia.
8.–Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: gaixotasun profesionalaren kontzeptuak, lan istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.
9.–Gizarte lanaren kode deontologikoa. Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte-laguntzaileen Elkargo Ofizialetako Kontseilu Nagusia.
10.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa: Datuen babesaren printzipioak, pertsonen eskubideak. Datuak Babesteko Agentzia.
11.–Bioetika: jatorria, bilakaera, printzipioak: autonomia, kalterik ez eragitea, ongintza eta justizia.
12.–Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala ematea pazienteari, zaintzaile nagusiari eta familiari.
13.–Osasunaren eta gaixotasunaren kontzeptuak. Garapena eta paradigmak. Osasunean eragina duten faktoreak.
14.–Laguntza eta zaintza zaharrari: zahartasunaren kontzeptua, zaharraren zaintza, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak. Dementzia duen pazientea laguntzea.
15.–Laguntza eta zainketak hil hurren den pazienteari, zainketa aringarriak: gaixotasun terminalaren kontzeptua, arazo nagusiak. Dolua, motak eta adierazpenak, laguntza ematea zaintzaile nagusiari eta familiari. Hil ondoko zainketak.
16.–Pertsonarengan zentratutako arreta eredua. Autonomia pertsonala sustatzea. Ezarpen sistemak egoitzetan, eguneko egonaldietan eta beste programa batzuetan.
17.–Jarduteko gaitasuna aldatzea. Prozesua, legezko gaitasun aldatua, ustez ezgai denaren babesa. Tutoretza eta kuradoretza.
18.–Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretua, arautzen duena Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.
19.–Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuetako egoitza eta eguneko egonaldietarako lanpostuak ituntzeko eredua, Open House sistema berriaren baldintza teknikoen agiria eta baldintza administratiboen agiria.
20.–Mendekotasun Legearen laguntzak eta prestazioak kudeatzeko sistema Nafarroako Foru Komunitatean.
Iragarkiaren kodea: L2505422
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
