81. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Deialdia, administrari-ofizialaren lau lanpostu oposizio bidez betetzeko, euskarako C1 mailako nahitaezko hizkuntza-eskakizunarekin eta funtzionarioen araubidekoak

Alkatetzaren 670/2025 Ebazpenaren bidez onetsi da lan publikoaren eskaintza, bat etorriz 2022ko maiatzaren 25eko 2022/627 Ebazpenaren bidez onetsi ziren lan eskaintzekin (2022ko ekainaren 7ko 2022/688 Ebazpenaren bidez zuzendu zen eta 2022ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 28an). Eskaintza horiek dagozkie administrari ofizialaren lanpostuei (C mailakoak, euskarako C1 mailako nahitaezko hizkuntza-eskakizunarekin), eta zenbaki hauek dituzte plantilla organikoan: 2.2, 5.51, 2.6 eta 6.27. Alkatetzaren 708/2025 Ebazpenaren bidez, erabaki zen onestea deialdi bat administrari-ofizialaren lau lanpostu lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.

Alkatetzaren 2025eko martxoaren 20ko 801/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da, oposizio bidez bete daitezen administrari-ofizialaren lau lanpostu, Burlatako Udalaren zerbitzuan jarduteko. Lanpostuek euskararen nahitaezko C1 hizkuntza-eskakizuna dute eta funtzionarioen araubidekoak dira.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (onetsi zen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez), estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko Sartzeko Erregelamendua (onetsi zen 113/1985 Foru Dekretuaren bidez), aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1,1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea administrari-ofizialaren lau lanpostu, funtzionarioen araubidekoak, C mailakoak eta euskararen nahitaezko C1 hizkuntza-eskakizunarekin.

Deituko diren lanpostuek plantilla organikoan zer zenbaki izanen duten zehaztuko da lekualdatze-lehiaketa ebatzi eta gero (708/2025 Ebazpenaren bidez onetsi zen).

1.2. Lau lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–2 lanpostu txanda irekian.

–2 lanpostu igoera txandan.

1.3. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bertzetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenendako erreserba txandan, eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 3.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 9.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

Plantilla organikoaren arabera (2024ko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 27an), honako ezaugarri hauek dituzte administrari-ofizialen lanpostuek:

"Administrari-ofiziala", euskarako C1 hizkuntza-eskakizuna; araubide juridikoa: funtzionarioa; C maila; sartzeko modua: oposizioa; lanpostuko osagarria: %27,28; mailako osagarria: %12.

Era berean, eta 12.1. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat eratzea, probak gainditu baina hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

1.4. Izendapenaren ondorioz hautatuak gertatzen direnak Udaleko funtzionario bilakatuko dira, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean.

1.5. Lanpostuek izanen dituzte Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak, baita plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.6. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

2.–Eginkizunak

Bete beharreko eginkizunak deialdian azaldutako kategoriari eta mailari dagozkionak izanen dira. Bertzeak bertze, jarraian aipatuko dira bete beharreko funtzioak, aipamen hutsez eta bertzelakoak baztertu gabe. Dena den, edozein unetan aldatzen ahal dira funtzioak zerbitzuaren beharren arabera. Hona hemen:

–Udaleko alorrendako garatutako kalkulu-orrien eta datu-baseen aplikazioak kudeatzea, mantentzea eta aldatzea.

–Alkatetzaren ebazpenak eta Gobernu Batzordearen, Osoko Bilkuraren eta bertze edozein administrazio organoren erabakiak kudeatzea.

–Dokumentuak, komunikazioak, inprimakiak edo bertze edozein idazki prestatzea eta izapidetzea.

–Arlo ekonomikoko administrazio lanak: ordainagiriak, fakturak, kobrantzak, ordainketak, bekak, banku berdinkatzeak, diru bilketa, kontabilitatea, zergak eta abar kontrolatzea eta kudeatzea.

–Word, Excel, Power Point, Outlook, taula dinamikoak, Drive eta administrazio espedienteak kudeatze aldera Burlatako Udalean ezarritako bertze edozein tresna informatiko erabiltzea.

–Jendeari arreta ematea, aurrez aurre, telefono bidez eta/edo telematikoa.

–Laguntza administratiboa ematea hala eskatzen duen edozein udal zerbitzuri.

–Mota guztietako dokumentuak idatzi, artxibatu eta berrikustea.

–Lankidetza trebetasunak.

–Administrazio edo kudeaketa beharrak hautematea.

–Komunikazioak eta dokumentuak sailkatu, erregistratu eta artxibatzea.

–Administrazio espedienteak izapidetzeko prozesuak kudeatzea.

–Deiak eta kontsultak erantzutea eta dagokien langileengana edo alorrera bideratzea. Mezuak idatziz jasotzea eta hartzaileek jasotzen dituztela ziurtatzea.

–Eta, oro har, arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak egitea, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion bertze edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuari dagokionez eta haren mailaren eta kategoriaren barnean.

3.–Betebeharrak.

3.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren bertze estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Titulu hauetako bat edukitzea, bat etorriz Burlatako Udalaren 2024rako plantilla organikoan ezarritakoarekin (2024ko 108. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 27koa):

–Administrazioko eta Finantzetako Goi Mailako teknikaria.

–Zuzendaritzarako Laguntzako goi-mailako teknikaria.

Edo Hezkuntza Sistemaren Lege Organiko Orokorrean (LOGSE) eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorretik eratorritako araudian jasotako bertze titulu baliokideren bat.

Edo aipatutako titulazio horietako edozein lortzeko moduan egotea (eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina), deialdian parte hartzeko eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, betiere eskuratu badute lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko xedapenen babesean.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) –Euskarazko C1 mailaren titulua edo baliokidea.

3.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bortz urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

4.–Eskabideak, tasak eta dokumentazioa.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Erregistro Telematikoaren bidez (https://sedeelectronica.burlada.es) aurkeztu beharko dira, NAN-e bidez edo ziurtagiri digitalaren bidez (CLAVE), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan, 3. apartatuan, ezarritakoaren arabera: "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuendako, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bertzelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela". Halaber, 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legearen hamabigarren xedapen gehigarrian. Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen-prozesuei buruzko xedapenetan hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskaerak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko." Alkatetzaren 381/2021 Ebazpenaren bidez, erabaki da Burlatako Udalari aukera ematea hautapen-prozesuetan eskabideak eta gainerako agiriak elektronikoki aurkezteko, izangaiak aurkezpen elektronikorako gai direla uste bada. Deialdi honetan eskatzen diren tituluengatik eta bete beharreko eginkizunengatik, aski justifikatutzat jotzen da eskabideak eta gainerako agiriak elektronikoki aurkezteko eskakizuna.

Eskaerak II. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

4.3. Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 4.5 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

4.4. Tasak.

Ordaindu beharreko zenbatekoa:

–25 euro, oro har.

–Doakoa, lanik izan ez eta prestaziorik kobratzen ez dutenendako.

Azterketa egiteko eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo, behar denean, frogagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da. Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera aurkeztu beharra behar den epean eta moduan.

4.5. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio eskaneatu hau aurkeztu beharko dute, kasuaren arabera:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

–Azterketa eskubideengatik tasa (25,00 euro) ordaindu izanaren frogagiriaren kopia. Udalaren kontu korronte zenbaki honetan sartu behar da: ES29 2100 5256 6722 0003 0756 (IBAN), Caixabank finantza-erakundean. Transferentziaren kontzeptuan, izangaiaren izen-abizenak adierazi beharko dira, eta administrari-ofizialen deialdirako dela.

edo

–Ordaintzetik salbuesteko egiaztagiriaren kopia (deialdiaren 4.4.1 oinarriaren arabera).

–Deialdiaren 3.1.c) apartatuan jasotako ikasketa tituluren baten kopia.

–C1 mailako euskara titulua edo baliokidearen kopia (deialdiaren 3.1.f) oinarriaren arabera).

–Alegatzen den desgaitasuna frogatzen duten agiriak, adieraziz, beharrezkoa izanez gero, azterketa egiteko behar diren egokitzapenak.

4.6. Tasa hau ordaintzetik salbuetsita egonen dira lan-eskatzaileak, baldin behar den bulegoan izena emanik badaude eta lan-eskatzailearen txartela aurkezten badute, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emana eta eguneratua. Deialdian enplegua hobetzeko parte hartzen dutenak ez dira salbuetsiko.

4.7. Desgaitasuna izanik, egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan edota bitartekoetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Berta Arizkun González, Burlatako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

Lehen epaimahaikidea: Oier Aizkorbe Arlegui, Burlatako Udaleko obra eta zerbitzuetako burua.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

Bigarren epaimahaikidea: María del Mar Echaide Baigorri, Burlatako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

Hirugarren epaimahaikidea: langileen ordezkari sindikal bat.

Ordezkoa: langileen ordezkari sindikal bat.

Epaimahaikide idazkaria: Yolanda Álvarez López, Burlatako Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

6.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

6.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Aurreikusten da oposizioaldia 2025eko ekainetik aurrera hasiko dela. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Probetako deia emateko, epaimahaia arduratuko da argitaratzeaz, gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin Burlatako Udalaren egoitza elektronikoan: https://www.burlada.es/eu/. Bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Oposizioaldiko ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Burlatako Udaleko egoitza elektronikoan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gainera, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zein ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.2. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

Hautapen-prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bertzea praktikoa, eta guztiak baztertzaileak izanen dira. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 100 puntukoa izanen da.

7.2.1. Proba teorikoa: 45 puntu gehienez.

Test motakoa izanen da eta aukera anitzeko galdera sorta bati (gehienez ere 100) erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko I. eranskinean ageri direnak izanen dira.

Probaren balorazioa 45 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (22,5 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Proba hau gainditzen ez dutenek ezin izanen dute proba praktikoa egin.

7.2.2. Proba teoriko-praktikoa: 50 puntu gehienez.

Ariketa bat edo gehiago egin beharko dira, test motakoak edo/eta praktikoak, epaimahaiak ezarriko duen gehieneko denboran. Gaiak deialdiko I. eranskinean ageri direnak izanen dira.

Probaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Proba hau plika sistemaren bidez eginen da, baldin eta haren nondik norakoaren arabera gardentasunerako beharrezkoa balitz. Egin beharreko proba edo proben izaera zehaztuko da onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpenean.

7.2.3. Hizkera ez-sexista erabiltzea: 5 puntu.

"Burlatako Udalak egiten dituen lanpostuen deialdi publiko guztietan %5 baloratuko da probetan hizkera ez-sexista erabili izana"; halaxe ezartzen du Burlatako Udalaren esparruan hizkuntza ez-sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituen 2005eko otsailaren 7ko udal ordenantzak (29. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa; ondoren aldatu eta argitaratu zen, 2014ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 4koan). %5eko balorazioa oposizioaldiko guztizko puntuazioaren gainean eginen da. Beraz, 5 puntu emanen zaizkie 7.2.2. epigrafean jasota dagoen proba praktikoa egitean hizkera ez-sexista erabiltzen dutenei. Balorazio hau oposizioaldiko ariketa praktikoa gainditu dutenei baizik ez zaie aplikatuko eta ez da baztergarria izanen. Izangaiek badute eskuliburu bat Burlatako Udalaren web-orrian (www.burlada.es/eu/), hizkera ez-sexistaren erabilerari buruzkoa.

7.3. Epaimahaiak erabaki dezake ariketa hauetatik edozein euskaraz egitea.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Burlatako Udalaren egoitza elektronikoan, eta lau egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, bide elektronikotik. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

8.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.

8.1. Oposizioaldia amaitu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak gainditutakoen zerrenda eta lortutako kalifikazioak argitaratuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta zerrenda hori Burlatako Udaleko alkateari helaraziko dio.

8.2. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.

9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Alkatetzak 10 egun balioduneko epea irekiko du gainditu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts, beste hainbertze izangai) aurkez ditzaten, egoitza elektronikoaren bidez, betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak:

a) Deialdiko 2.1.1.c) eta f) apartatuetan eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, ziurtagiri bat, frogatzen duena eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela.

9.2. Gainditzen duten izangaiek, deitu diren lanpostu kopuruan, gaitasun psikofisikoaren azterketa bat gainditu beharko dute, frogatzeko betetzen dutela deialdiaren 2.1.1.d. oinarrian ezarritako baldintza.

9.3. Aurreko izapideak egin eta gero, alkatetzak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da informazio hori.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, lanpostu hutsak eskuratzeko.

10.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Epaimahaiak, espediente osoarekin batera, izendapen proposamena igorriko dio alkateari, txanda irekian lehenengo tokian agertzen diren pertsonak izendatzeko.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

10.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalean, proposaturiko izangaiek aurkeztu beharko dituzte 3.1 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela ziurtatzen duten agiriak:

A) Txanda irekitik sartzen diren izangaiak:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokide batena.

b) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea guztiz eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.

d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) 3.1 oinarriko c) letran jasota diren titulazioetako bat izatea frogatzen duen dokumentazioa.

f) Euskarazko C1 titulua edo haren baliokidea den titulazioa izatea frogatzen duen dokumentazioa.

B) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako bertze administrazio publikoren bateko langile finkoak diren izangaiek, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, langile finko direla frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

C) Burlatako Udalaren zerbitzuko langile finko diren izangaiek espedientean ez egoteagatik eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu beharko dute, behar izanez gero.

10.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, Alkatetzak hutsik geratu den lanpostua beteko du 7. oinarrian aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

11.–Izendapena, lanpostu hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

11.1. Alkatetzak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak izendatuko ditu Burlatako Udaleko funtzionario, lanpostua bete dezaten, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.

11.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatuak nomina eta plantillako funtzionario bilakatzea, eta izanen dituzte indarreko xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Izendatuek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik hasita.

Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Burlatako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuari jarraituko zaio.

11.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, Interneten argitaratuko da proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunendako jakingarri den informazio orokor guztia ere, hots, https://www.burlada.es/eu/ helbidean, deialdi honi dagokion fitxan.

13.–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendak.

13.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako kudeaketa arauetako aplikatuko da Burlatako Udalaren, erakunde autonomoen, sozietate publikoen eta Udalaren mendeko bertze erakunde ororen zerbitzura aritzeko langileak aldi baterako kontratatzeko erregelamendua (2021eko 170. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 22koa; aldaketa argitaratu zen 2023ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 24an).

Aldi baterako kontratazioetarako izangaien ondoko zerrenda hauek eratuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik eskuratzen ez dutenekin:

1) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrenda.

2) Gainditu ez duten izangaien zerrenda, bigarren proban lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran.

3) Gainditu ez duten izangaien zerrenda, lehenengo proban 15 puntu baino gehiago lortu dutenekin.

13.2. Alkatetzaren ebazpen baten bidez onetsiko dira zerrenda hauek: probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda, batetik, eta gainditu gabe ere hautapen prozesuko lehenengo proba gainditu duten izangaien zerrenda, bertzetik.

Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrendak lehentasuna izanen du hautapen prozesuko lehenengo proba gainditu duten izangaien zerrendaren aldean. Zerrendaren ordena hautapen prozesuan ateratako puntuazio handienaren arabera erabakiko da.

Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan, 7. oinarrian proben puntuazioari eta zozketari buruz aipatzen direnak, hain zuzen. Goian aipatutako zozketa egin ez bada, hautapen prozesuaren momentu horretan eginen da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

13.3. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Burlatako Udalaren, erakunde autonomoen, sozietate publikoen eta Udalaren mendeko bertze erakunde ororen zerbitzura aritzeko langileak aldi baterako kontratatzeko erregelamendua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

13.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.

Exijitutako baldintzak bete beharko dira sarrera prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

13.5. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek sarrera-deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du erran nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den moduan.

14.–Datuen babesa.

Burlatako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, datu pertsonalak erabiltzen direnean enplegu deialdiak kudeatzeko, Udalak dituen botere publikoak baliatuz.

Datuak laga dakizkieke bertze toki-erakunde, sozietate publiko eta partzuergo batzuei edo bertze edozein organismo publikori, deialdiko lanpostuaren antzeko lanpostuetarako aldi baterako kontratazioak egiteko, beharren arabera, bat etorriz Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.e) artikuluan ezarritakoarekin:

"Datuen tratamendua beharrezkoa da eginkizun bat betetzeko interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleituriko botere publikoen izenean".

Aipatutako helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira datuak, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bertzalde, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak bete beharko dira.

Emaitzak udalaren webgunean eta iragarki-tauletan argitaratuko dira, deialdian adierazitakoaren arabera.

Interesdunek eskubidea dute beren datu pertsonalak ikusteko, zuzenak ez badira zuzentzeko, datuak ezabatzeko eskatzeko, haien tratamenduaren aurka egiteko eta gainerako eskubideez baliatzeko; horretarako helbide honetara jo beharko dute: Burlatako Udala. Larrañetako plaza, 31600 Burlata (Nafarroa). Telefonoa: 948 23 84 00. Helbide elektronikoa: dpd@burlada.es.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza-elektroniko honetara: www.agpd.es.

Gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza, pribatutasun-politikaren atalean.

15.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Burlatan, 2025eko martxoaren 20an.–Alkatea, Berta Arizkun González.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua, Kapituluak: I.a, II.a, IV.a, V.a eta VI.a.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua, I. kapitulua (1., 2., 3. eta 4. atalak), II. eta III. kapitulua; II. titulua; III. titulua; IV. titulua; V. titulua, I. eta II. kapituluak; VI. titulua; VII. titulua, I. kapitulua, II. kapitulua (1. atala); IX. titulua.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua, II. titulua (I., II. eta III. kapituluak), V. titulua.

5.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

6.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, aurrekontuen egiturari buruzkoa.

7.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorra onesten duena.

8.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua; I. tituluko III. kapitulua; I. tituluko V. kapituluko 1., 3., 6. eta 7. atalak; I. tituluko VII. kapituluko 2. atala; II. tituluko 131. eta 132. artikuluak eta I., II. eta V. kapituluak.

9.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. I. tituluaren I. kapitulua: Aplikazio eremua; I. tituluko (Dirulaguntzak eman eta kudeatzeko prozedurak) I., II., III. eta IV. kapituluak.

10.–Kapitalizazio eta eguneratze bakuna eta konposatua. Deskontua eta arrazionala, bakuna eta konposatua. Mugaeguna, arrunta eta batez bertzekoa. Errentak. Maileguak amortizatzeko sistemak: diru-itzultze bakarra, amortizazio bakarra aldian aldiko interesen ordainketarekin, sistema frantsesa, amortizazio kuota iraunkorra.

11.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua.

12.–Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorra (2021eko 185. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 9koa).

13.–614/1996 Foru Dekretua, azaroaren 11koa: Ekonomia jardueren gaineko zerga kudeatzeko arauak.

14.–Udal ordenantza, prozedura arautzen duena erantzukizuneko aitorpena eta aurretiazko komunikazioa egiteko, udal mugapeko jarduera sailkatuetarako, obretarako eta era guztietako jarduerak abiarazteko (2016ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 25ekoa).

15.–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua onesten duena: biztanleria eta errolda. (1690/1986 Errege Dekretuaren II. titulua).

16.–SEDIPUALBA espediente elektronikoa: Segra, Segex, Sefycu eta Seres (www.sedipualba.es).

17.–Informatika-kontzeptuak: Word-eko testu tratamenduak, Excel kalkulu-orria, espedienteen kudeaketa, Internet eta posta elektronikoa.

18.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua; II. titulua (I., II., III., IV., V. eta IX. kapituluak).

19.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa: I. titulua, II. titulua, Tratamendu jardueren erregistroa, Tratamendu arduraduna eta Datuak babesteko ordezkaria, X. titulua.

20.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: I. titulua; II. titulua (I. eta III. kapituluak); III. titulua.

21.–Ordenantza, Burlatako udal esparruan hizkera ez sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituena (2014ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 4koa).

22.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: Osoko Bilkura eta Gobernu Batzordea: III. tituluko I. kapitulua eta III. kapitulua; informazio-batzordeak (123-127 eta 134-138 artikuluak); administrazio-prozedura eta egintzen eta erabakien publizitatea eta konstantzia: VI. tituluko I. eta II. kapituluak.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

II. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/013_Local_solicitud_concurso_con_euskera_E.pdf

Iragarkiaren kodea: L2504341