81. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

228E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita Barasoainen dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratua aldatzeko proiektuari buruz. Proiektua Nordex Energy Spain SAk sustatu du, instalazioaren jardueran nacelleak desmuntatzeko lanak gehitzeko.

2024ko abenduaren 19an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak goian aipatutako proiektua eta ingurumen agiria igorri zizkion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Azaldutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) taldean sartzen da proiektua; horregatik, legean ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.

Sustatzaileak (Nordex) planteatzen du Barasoaingo industrialdean, 1. poligonoko 227. lurzatian, duen instalazioan lehendik egiten dituen jardueren barnean (diseinu propioko turbina eolikoen osagaiak muntatzea eta nacelleak eta nacelleen zatiak muntatzea), nacelleak desmuntatzeko lanak ere –haize-parkeak berrindartzeko egiten direnak– sartzea.

Proiektuak aurreikusten duenez, egun dagoen 192 m²-ko zabalgune hormigoituan jasoko dira nacelleak (4 gehienez ere), aldez aurretik kenduta olioak eta hondakin arriskutsutzat har daitezkeen beste likido hozgarri batzuk. Ondoren, muntaketako 3. nabearen barnean eginen dira nacelleak desmuntatzeko lanak. Bastidoreak desmuntatu eta gero, zabalgune hormigoitura eramanen dira, horretarako egokitutako 168 m²-ko eremu batera. Eremu berean biltegiratuko dira, edukiontzietan, metalezko zatiak, aldez aurretik ebakita. Desmuntatuko azpiosagai guztiak kanpokoaldeko zabalgunean biltegiratuko dira, lurzoru hormigoituaren gainean, horretarako egokitutako 240 m²-ko eremu batean.

Kanpoaldeko zabalgune guztiek euri urak bereizteko sistema bat izanen dute, uren eta koipeen bereizgailuari konektatuta industrialdeko hodi biltzaileari lotu aurretik, eta hondakinak –desmuntatze, bereizketa eta sailkatze lanak bukatu ondoren– hondakinen kudeatzaile batek eramanen ditu.

Ingurumen inpaktuaren txosten honen I. eranskinean, Nordex Energy Spain SAren instalazioen kokapenaren eta proiektuaren aldaketaren irudiak agertzen dira.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; zehazki, Barasoaingo Udalari eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari galdetu zaie.

Barasoaingo Udalak, 2025eko urtarrilaren 15ean egin zuen txostenean, ohartarazten du maiz gainditzen dela proiektuan aurreikusitako puntako emaria. Horregatik, gomendatzen du euri urak jasotzeko eta koipeak bereizteko sistema berrikus dadila eta, gainera, drainatze jasangarriak erabil daitezela, soberakina industrialdeko sarerako konexiora bideratuta.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, 2025eko urtarrilaren 14an eman zuen erantzunean, adierazi zuen ezen, jarduera finkatutako industria eremu batean kokatua dagoenez eta eskatutako baldintzek ahalbidetuko dutenez haren funtzionamendua teknika erabilgarri onenen (TEO) araberakoa izatea, ez duela uste planteatutako aldaketak inguruneko ingurumenaren kalitatearekin bateraezinak diren ukipenak eraginen dituenik. Halere, oraindik egiteko dago beste ukipen batzuen balorazioa (baliabideen kontsumoarekin, emisio atmosferiko eta akustikoekin, isurketekin eta hondakinen sorrerarekin loturikoa), ingurumen baimen bateratuaren tramiteari baitagokio.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Ingurumen agirian alternatiben azterketa bat jaso da, non kokapenerako eta tratamendu tekniketarako zenbait aukera aztertzen baitira ingurumenaren ikuspegitik. Azkenik, efizientziagatik, erabaki da enpresak bere instalazioetan nacelleak muntatzen dituen toki berean kokatzea desmuntatze jarduera. Alternatiba teknikoei dagokienez, teknika erabilgarri onenak barnean dituen aukera hautatu da, inguruneari ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

Jarduera industria erabilerako lurzati batzuetan egiten da, jarduera ekonomikoetarako eremu batean. Ingurumen agiriak ondorioztatzen du ez dela ingurumen inpaktu nabarmenik espero, lur mugimenduak oso txikiak direla, bolumen berriak oraingo eraikinekin tartekatuta sartuko direla, guztiz antropizatua dagoen industria ingurune batean, eta haren inguru hurbilak ez duela ingurumen baliorik (landaredi naturala edo basafauna).

Ingurumen agiriaren 5. kapituluan (Proiektuaren inpaktuen identifikazioa eta balorazioa), inpaktu bateragarri hauek identifikatzen dira: drainatze-sarea eta uraren eta atmosferaren kalitatea aldatzea, zarata handitzea, faunaren portaera alda daitekeela obrak egin bitartean asaldura areagotzeagatik, eta herritarren gaineko eragina, sortuko zaizkien eragozpenengatik eta trafikoa areagotzeagatik. Bestalde, uste da proiektuak jarduera ekonomikoan izanen duen inpaktua onuragarria, sinergikoa eta oso handia izanen dela. Ingurunearen gainerako osagaien gaineko inpaktuak nabarmenak ez direla jotzen da.

Azkenik, ingurumen agiriak ondorioztatzen du inpaktu orokorra "bateragarria" izanen dela ingurumen agirian jasotako prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren, egokiak eta nahikoak baitira. Era berean, egokitzat jotzen da ingurumena zaintzeko plana.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak (Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua) ondorioztatu du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean. Halere, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak bere txostenean adierazi bezala, oraindik egiteko dago beste ukipen batzuen balorazioa (baliabideen kontsumoarekin, emisio atmosferiko eta akustikoekin, isurketekin eta hondakinen sorrerarekin loturikoa), ingurumen baimen bateratuaren tramiteari baitagokio.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Barasoainen dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratua aldatzeko proiektuak, Nordex Energy Spain SAk sustatu duenak instalazioaren jardueran nacelleak desmuntatzeko lanak gehitzeko, ez du eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan.

2. Ingurumen inpaktuaren txosten hau proiektuaren ingurumen ebaluazioaren tramitearen ondorioetarako bakarrik egiten da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren, eta ez du deusetan galarazten gainerako baldintza guztiak bete behar izatea: sustatzaileak eskatutakoak, instalazioaren funtzionamendua teknika erabilgarri onenen (TEO) araberakoa izatea ahalbidetuko baitute, proiektuari erantsitako ingurumen agirian sartutakoak eta, orobat, ingurumen baimen bateratuan ezartzen direnak eta aplikatzekoa den berariazko araudiagatik behar den beste edozein baimenetakoak.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Barasoaingo Udalari, Tafalla-Zangoza barrutiko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA

Kokapenaren eta proposatutako aldaketaren planoa

Iragarkiaren kodea: F2504946