81. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

212E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Zangozako Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz. Aldaketak lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioari eta babes araubideari eragiten die.

2022ko azaroan, lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioari eta babes araubideari dagokienez Zangozako Udal Planean egin nahi den aldaketa egituratzaile baten espedientea jaso zen Ingurumen Ebaluaziorako Atalean. 2023ko apirilean, aipatu atalak errekerimendu bat egin zuen. Haren erantzuna 2024ko abenduan jaso zen eta, dokumentazio hori aztertu ondoren, honako hau dioen txostena eman da:

Aldaketaren xedea da Zangozako Udal Planaren arau izaerako zehaztapen batzuk aldatzea, lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioari eta babes araubideari eragiten dietenak.

Horrela, udalaren hirigintza-plangintza egokitu nahi da, lurzoru urbanizaezinaren sailkapenarekin loturiko guztia egokitzeko lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko indarreko araudira eta lurralde antolamenduko tresnetara, bai eta indarrean den gainerako legedi sektorialera ere, udal planak gai horiekin lotura duen heinean.

Udal planaren aldaketak, lurzoru urbanizaezinari buruzkoa baita, Zangozako udal mugartearen zati handienari eragiten dio, alegia, hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri gisa sailkatua ez dagoen guztiari.

Aldaketak ez du udal mugarteko lurzorua sailkatzen. Izan ere, indarreko planeamenduaren ondoriozko sailkapenari eusten dio eta, ondorioz, ez du handitzen ez hiri-lurzorua, ez lurzoru urbanizagarria.

Proposamenak udal mugarteko lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioa aldatzen du, eta haren ondoriozko azpikategorietako bakoitzerako berariazko babes araubidea ezartzen du. Gainera, eraikitzeko baldintza orokorrak eta partikularrak ezartzen ditu, neurri handi batean, indarreko planeamenduak markatutako ildo berean, baina indarreko legediaren ondoriozko baldintza berriak sartuta.

Kategorizazio berrian azpikategoriak mugatzen dira babestu beharreko zein gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean, eta kategoria horiek guztiak zehaztu dira 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuko (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina) 92. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Babestu beharreko lurzoruaren azpikategorietarako, funtsean, indarreko legedi sektorialaren eta "LAP 4 Erdialdeko Eremuak" planaren ondoriozko kategorizazioa ezarri da. Horiei gaineratu behar zaizkie dauden arriskuetatik datozen ukipenak, batez ere arrisku naturalen ondoriozkoak.

Gorde beharreko lurzoruaren azpikategoriekin, alegia, Udal Plan Orokorrak berak ezartzen dituenekin, ia udal mugarte osoa betetzen da, halako moduz, non esparru batzuetan babeseko azpikategoria batekin edo gehiagorekin gainjarrita dauden, baita gorde beharreko lurzoruaren beste azpikategoria batzuekin ere. Horrekin lortu nahi dena da, inoiz esparruren baten gaineko babes legala galtzen bada lege zehatzen bat aldatu edo indargabetu delako, udal mugarteko esparru bat ere ez gelditzea lurzoru urbanizaezineko azpikategoriarik gabe.

Lurzoru batek babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategoria izateak ez du galarazten gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategoria ere izatea. Izan ere, lurzoru urbanizaezinean gainjarrita egon daitezke, eremu berean, azpikategoria guztiak, gorde beharreko lurzoruarenak zein babestu beharrekoarenak.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela, eta proposatu du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren txostena ematea, ingurumen ukipen nabarmenik sortzen ez dela iritzita.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Zangozako Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz, ingurumenean ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketak lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioari eta babes araubideari eragiten die.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2504949