81. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

202E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita San Adriango La Cerrada industrialdeko maltatze instalazio bat eta haren ekoizpen ahalmena handitzeko proiektuari buruz. Proiektuaren sustatzailea Intermalta SA da, eta instalazioa 1. poligonoko 1132. lurzatian dago, La Cerrada alderdian.

2024ko azaroaren 4an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedientearen ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.f) 3. taldean.

Intermalta SAren jarduera malta egitea da, garagarrarekin edo gariarekin nagusiki, ondoren garagardo industriei saltzeko. San Adriango industrialdean ditu instalazioak; bertan, administrazio eremuaz gain, honako hauek daude: maltatze instalazioa, kogenerazio elektrikorako instalazio bat eta instalazio fotovoltaiko txiki bat, zeina desmuntatuko baita instalazio berrientzat tokia egiteko.

Aldaketa proiektuaren xedea da okupatutako eremuaren iparraldean bi eraikin berri egitea (bata ernamuintze eta beratze lanetarako, eta bestea lehortze lanetarako), eta haien ondoan garagar eta malta siloak eraikitzea, prozesuari loturikoak. Bestetik, oraingo instalazioaren gunean, proiektuak aurreikusten du kogenerazioaren eraikina aldatzea eta aletze dorre berri bat eta metatze-depositu eta silo berriak instalatzea. Gainera, elementu berriak lehendik daudenekin lotuko dira eta industriako hondakin uren araztegia egokituko da. Aldaketa horren ondorioz, urteko ekoizpen ahalmena 150.000 tonatik 210.000 tonara igaroko da eta baldintza berrietara egokituko dira ekipoak.

–Ingurumen ebaluazioaren prozedura.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena egin aurretik, 2024ko abenduaren 10ean Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin dio Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko tramitearen barnean, bere eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzan. Atal horrek jakinarazi duenez, ez du uste planteatutako aldaketak inguruneko ingurumenaren kalitatearekin bateraezinak diren ukipenak eraginen dituenik, eta elikagaien, edarien eta esnearen industrien sektoreko teknika erabilgarri onenak aplikatuko zaizkio, Europako Parlamentuaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera, baliabideen kontsumoari eta emisio atmosferikoen eta akustikoen, isurketen eta hondakinen sorreraren arloko ukipenei dagokienez.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabaki behar du proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duela edo ez duela eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txostenean ezarritako baldintzetan.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Instalazioa Ebro ibaiaren lautada alubialera begira dagoen terraza batean dago kokatuta, mendebaldean NA-134 Ebroko Ardatza errepideak mugatzen du eta industriarako lurzoru urbanizagarria okupatzen du. Handitzea dela-eta, eraldatu gabeko lurzoruko 14.216 m² gehituko zaizkie lurzatiaren 67.563 m²-ei.

Jarduketak lurzoru urbanizatuan eginen direnez, espero daitezkeen ingurumen eraginak jardueran lehenagotik daudenei gehituko zaizkie, eta honako hauekin dute zerikusia: baliabideen eta energiaren kontsumoa (lehengaiak, produktuak, ura, gas naturala eta argindarra), balio berezirik gabeko lurzoru naturala okupatzea eta hondeaketa lurren bolumen esanguratsua mugitzea (lur horien kudeaketa aurreikusia dago dokumentazioari erantsi zaion eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketari buruzko azterketan).

Kontsulten emaitzaren ondorioz eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasoak dauden irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, jakinarazi du proiektua aztertu ondoren eta kontuan izanik industria eremu urbanizatu batean dagoela, zeinak ez baitu naturaren aldetik balioa duen elementurik, bai eta haren tamaina eta ezaugarriak ere, ez dela ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarri nabarmenik aurreikusten, baldin eta betetzen badira ingurumen agirian proposatutako neurri zuzentzaileak eta, orobat, ingurumen baimen integratuan sartzen direnak (jardueraren diseinuari, emisioen kontrolari, isurketei, hondakinei eta funtzionamendutik etor daitezkeen ustekabeko arriskuei dagokienez).

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. San Adriango La Cerrada industrialdeko maltatze instalazio bat eta haren ekoizpen ahalmena handitzeko proiektuak, Intermalta SAk sustatuak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan, eta, beraz, ez zaio egin behar ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta.

2. Proiektuaren baimenean, baldintza hauek bete beharra sartuko da:

–Bete beharko dira inpaktuak prebenitzeko proiektuan ezarritako determinazioak eta, halaber, ingurumen ebaluazioaren ondoriozkoak –baliabideen kontsumoari eta emisio atmosferikoen eta akustikoen, isurketen eta hondakinen sorreraren arloko ukipenei dagokienez–, zeinak ingurumen baimen integratuan jasoko baitira.

–Proiektuan aurreikusitako baldintzak eta ingurumen baimen integratuaren ebazpenean horretarako jasotzen direnak betetzeaz gain, jarduerarako beharrezko diren baimen guztiak ere izan beharko dira, hornidurari eta isurketei buruz arroko erakundeak eman beharrekoa barne.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2504939