1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko apirilaren 2an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Txirrindulari eta oinezkoendako Bidasoko bide berdean Doneztebe-Elizondo tartea egokitzea (Bertizaranako tartea)" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
Bertizaranako Udalak, 2024ko urriaren 11n egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea "Txirrindulari eta oinezkoendako Bidasoko bide berdean Doneztebe-Elizondo tartea egokitzea" izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, Bertizaranako udal mugarteari dagokionez. Halaber, honako erabaki hauek hartu zituen: hasiera ematea proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetze-espedienteari; proiektuaren onura publikoa aitortzea eta deklaratzea, baita ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra ere, inplizituki proiektuaren onespenaren ondorio baitira; eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hamabost egun balioduneko epean jendaurrean jartzea.
Jendaurreko aldia iraganda, Bertizaranako Udalak, 2025eko otsailaren 13an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatu proiektua, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera. Halaber, erabaki zuen behar den kredituaren atxikipena egitea, ordaindu ahal izateko ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua eta desjabetze-prozeduraren ondorio diren gainerako obligazio ekonomikoak, eta Nafarroako Gobernuari eskatzea proiektua presakoa dela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.
Proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharraren justifikazioa hau da: Bidasoko trenbide zaharraren bide berdea Doneztebe-Elizondo tartean egokitzeko proiektua Baztan-Bidasoko Helmugako Jasangarritasun Turistikorako Planean jasotako jarduketa bat da, eta plan hori Turismo Ministerioak finantzatzen du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 14. osagaiaren 1. inbertsioaren esparruan (COVID-19aren krisiak eragindako kalteak konpontzeko, Europak gaitutako Next Generation funtsak bideratzeko Espainiako estrategia). Finantzaketa hori jasotzeko, zenbait jomuga eta helburu bete behar dira, besteak beste jarduketa 3 urteko epean gauzatu eta bukatu beharra, ematen den egunetik hasita: 2022ko abenduaren 27a. Justifikazio horri esker, Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekainaren 5eko Erabakiaren bidez, presakoa zela deklaratu zen, desjabetzearen ondorioetarako. Erabaki horren bidez, "Bidasoko trenbide zaharraren trazadura egokitzea Endarlatsa-Doneztebe tartean, bide berde gisa erabiltzeko" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa onetsi zen, haren hirigintza araudia egokitzeko eta Doneztebe-Elizondo tartea gehitzeko.
Bertizaranako Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta aurrekontuetan balio justua ordaintzeko behar den dirua badela egiaztatuta, Nafarroako Gobernuak justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Deklaratzea presakoa dela "Txirrindulari eta oinezkoendako Bidasoko bide berdean Doneztebe-Elizondo tartea egokitzea (Bertizaranako tartea)" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Bertizaranako Udalari jakinaraztea.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko apirilaren 2an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2505079