81. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

132E/2025 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Nafarroako unibertsitateetako udako ikastaroak" izeneko dirulaguntzaren deialdia. DDBN identifikazioa: 824297.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, eta bertan proposatu Nafarroako lau unibertsitate zentroetan udako ikastaroak egiteko proiektuen dirulaguntzen 2025eko deialdia onets eta argitara dadila.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako unibertsitateetako udako ikastaroen dirulaguntzen deialdia onartzea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Gehienez, 100.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko aurrekontuko "Nafarroako unibertsitateetako eta UNEDek Nafarroan dituen zentroetako udako ikastaroak" izeneko G10001 G1100 4819 322300 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Sarrigurenen, 2025eko martxoaren 25ean.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Eva Perujuániz Bermúdez.

ERANSKINA.–NAFARROAN EGOITZA DUTEN LAU UNIBERTSITATE ZENTROETAN 2025EKO UDAKO IKASTAROAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

1. artikulua. Xedea.

a) Deialdi honen xedea da Nafarroan egoitza duten unibertsitate zentroek antolatutako udako ikastaroak finantzatzea, helburua Nafarroako sozietatearen ezagutza hedatzea izanik.

b) Ikastaroen gaia, ahal dela, lotuta egon beharko da Agenda 2030ean jasotako Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH), Unibertsitate Zuzendaritza Nagusiaren partaidetza duten Nafarroako Gobernuaren plan desberdinetan aurreikusitako ekintzekin (berdintasuna, irisgarritasun unibertsala, jasangarritasuna eta abar), bai eta tolerantzia, bizikidetza eta balio demokratikoak sustatzen dituzten gaiekin, eraldaketa demografiko, berde eta digitalarekin lotutako gaiekin, edo zientzia, teknologia eta osasunean gizarte zientziak zeharka sartzen dituzten horiekin ere.

2. artikulua. Parte hartzaileak.

Nafarroan egoitza duten unibertsitateek parte hartzen ahal dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentroek.

3. artikulua. Deialdiaren aurrekontu zuzkidura.

Laguntzak finantzatzeko deialdiaren zenbatekoa 100.000 eurokoa da.

4. artikulua. Eskaerak.

a) Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Ikastaroak antolatzen dituen unibertsitate zentroak izanen du eskaera aurkezteko ardura.

b) Aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Erantsitako dokumentazioa fitxategi bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

c) Honako hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera:

1.–Eginen diren ikastaroen proposamena:

–Ikastaroaren testuingurua: Gizarteari helarazi nahi zaizkion xedeak eta jarduera pedagogikoak.

–Bateragarritasuna Agenda 2030ean jasotako Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) eta Unibertsitate Zuzendaritza Nagusiaren partaidetza duten Nafarroako Gobernuren planetan aurreikusitako ekintzekin (berdintasuna, irisgarritasuna, jasangarritasuna, despopulazioa eta abar).

–Ikastaro bakoitzaren edukiaren laburpen txikia: ikastaroa emateko data, ordu kopurua, kredituen arabera baliozkotzeko aukera, lekua, prezioa (hala badagokio)...

–Ikastaroak gauzatzeko kronograma.

2.–Ikastaro bakoitzerako proposatutako hizlarien laburpena eta biografia laburra.

3.–Gastuen aurrekontua, ikastaro bakoitzaren arabera xehakatua, laguntzaren fitxako ereduari jarraituta.

4.–Ikastaroen eskaintza hedatzeko bitartekoak.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskaera gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio zentro eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko da, eta artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

5. artikulua. Gastu diruz lagungarriak eta ikastaroen finantzaketa.

Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko ditu deialdi honen esparruan unibertsitate zentro bakoitzak emandako udako ikastaroen garapenaren ondoriozko gastu zuzen guztiak, zentro bakoitzeko 25.000 euroko muga ezarrita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak dira garatu beharreko jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak. Hala, diruz laguntzeko modukoak izanen dira ikastaroen gastu zuzenak, besteak beste hizlari eta konferentziagileei egin beharreko ordainketak, hizlarien bidaia, ostatu eta dietak, ikastaroaren zuzendaritza, informazioko material eta liburuxkak, eta ikastaroak garatzeko beharrezkoak diren zuzeneko bestelako gastuak.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, dirulaguntzaren xede den gastua 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina erakunde. Aukeraketa hori egiteko, gutxienez 3 hornitzaile desberdinen aurrekontuak hartuko dira kontuan.

Gastuen aurrekontu bat aurkeztuko da, laguntzaren fitxan ezarritako ereduaren araberakoa. Aurrekontuan, ikastaroa emateko sortuko diren gastuak banakatuko dira.

Proiektuen araberako gastu aurrekontuan haiei lotutako gastuak agertuko dira bakarrik, hau da, proiektua osatzen duen jardueretako bakoitzari lotutakoak. Zuzeneko gastu horiek izaeraren arabera xehakatu beharko dira (ordainsariak, materialak, eskuorriak, etab.).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak dira zalantzarik gabe bat datozenak garatu beharreko jardueraren izaerarekin, baldin deialdi honetan ezarritako epean egin eta memorian sartu badira.

Kontratatzen diren langileen gastua ere diruz laguntzen ahalko da, deialdi honetan aurkezten diren proiektuetako jarduerak garatzeko kontratatzen badira, dedikazio zuzen eta esklusiboan. Gastu hori ez da izanen proiektuetako kostu diruz lagungarri guztien %15 baino gehiago.

Ez dira diruz lagunduko unibertsitatearen barneko langileria gastuak, unibertsitatearen jarduera arruntarenak, ez eta idazkaritzako, kudeaketako eta gisako gastuak ere. Zeharkako gastuak ere ez dira inola ere lagunduko, urtebetetik gorako bizitza baliagarria duten ekipamendu informatikoak edo antzekoak barne.

Unibertsitateko langileek egindako lanaren kostua diruz laguntzen ahalko da, baldin eta langile horiek hizlariak badira hitzaldi eta ikastaroetan. Horretarako, dagokion faktura egin beharko da zerbitzu horiek egiteagatik.

Jasandako BEZa justifikatu beharreko zenbatekoan sar daiteke, unibertsitate eskatzailearen jarduerei aplikatzen ahal zaien BEZeko salbuespenari dagokion zati proportzionalean. Horretarako, unibertsitateek egiaztagiri fiskala aurkeztuko dute.

Diru sarrerak dituzten jarduerengatik aurreikusitako diru sarrerak (adibidez, parte hartzaileen matrikulak) gastuen aurrekontuan sartu beharko dira, eta guztizko zenbatekoa txikiagotuko dute.

6. artikulua. Hautaketa irizpideak eta prozedura.

a) Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, objektibotasun, gardentasun, berdintasun, publizitate eta diskriminaziorik ezeko printzipioekin bat.

b) Prozedura instruitzeko organo eskuduna Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusia da, eta, haren barnean, Unibertsitateko Zerbitzua. Balorazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak. Batzorde hori Unibertsitateen Zerbitzuko teknikariek osatuko dute, eta Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuetako teknikarien laguntza eskatzen ahalko dute.

c) Unibertsitate zentro bakoitzaren proposamena lortutako puntuazioaren arabera antolatuko da. Gutxienez 60 puntu lortu behar dira dirulaguntza jasotzeko aukera izateko. Eskaerak irizpide hauek kontuan hartuta ebaluatuko dira:

–Gehienez 40 puntu ikastaroak 1. artikuluan aipatzen diren gaietara egokitzeagatik.

–Gehienez 20 puntu ikastaroak emateko proposatutako hizlarietan emakumeen eta gizonen arteko orekari eusteagatik eta alderdi desberdinetan generoa zeharkako moduan aplikatzeagatik.

–Gehienez 20 puntu proposatutako eskaintzan euskarazko ikastaroak sartzeagatik.

–Gehienez 10 puntu ikastaroak emateko proposatutako espazioetan irisgarritasun neurriak aurreikusteagatik eta baliabide pedagogiko irisgarriak erabiltzeagatik.

–Gehienez 10 puntu ikastaroak zabaltzeagatik (sare sozialak, neswsletterra, webgunea, etab.).

7. artikulua. Deialdia ebaztea eta laguntzak ematea.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, eta eskaerak ebaluatu ondoren, Unibertsitateko zuzendari nagusiak, hilabeteko epean gehienez, ebazpen bat emanen du laguntzak emateko. Ebazpena Nafarroako Gobernuko Atariko izapideen katalogoan argitaratuko da (www.nafarroa.eus), eta zentro interesdunei jakinaraziko zaie gaitutako helbide elektronikoan (DEHu). Gastuen aurrekontua eta ebazpen horretan onesten den laguntza ez dira gainditzen ahalko behin betiko laguntzaren justifikazioan eta ordainketan.

8. artikulua. Exekuzio epea.

Udako ikastaroak 2025eko aurrekontu ekitaldiaren barruan eman beharko dira, eta, zehatzago, udako hilabeteetan, 2025eko ekainaren eta 2025eko irailaren artean. Diruz lagundutako ikastaroak ematen direnetik, unibertsitate zentro esleipendun bakoitzak jardueren gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu Unibertsitate Zentroan, hurrengo artikuluan adierazitako prozeduraren arabera.

9. artikulua. Ordainketa eta justifikazioa.

a) Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez baimenduko da dirulaguntzaren ordainketa, zentro onuradunek aurkeztu ondoren proiektuen gastuaren justifikazio kontua Nafarroako Gobernuko Atariko tramiteen katalogoan, 2025eko azaroaren 4a baino lehen.

b) Justifikazioko kontuak bi apartatu izanen ditu: memoria ekonomikoa eta memoria akademikoa.

A.–Justifikazio ekonomikoa - Memoria ekonomikoa.

a) Ikastaroen gastuen laburpena aurkeztuko da, dagozkien fakturak xehakaturik, laguntzaren fitxako ereduari jarraituta.

b) Gastua justifikatzeko, fakturen kopiak eta egiaztatzeko moduko ordainagirienak aurkeztu beharko dira.

c) Hizlariek aurkezten dituzten fakturetan zehaztu beharko da zenbat ordu egin duten fakturatutako zerbitzuan.

d) Deialdi honetan aurkezten diren ikastaroak emateko asmoz dedikazio zuzen eta esklusiboarekin kontratatzen diren langileen gastuaren kasuan, kontratua aurkeztu beharko da. Horrez gain, unibertsitateko langileria arduradunak egindako ziurtagiria erantsiko da, non adieraziko baita kontratazio horren kostua; bertan zehaztu beharko da nola banatzen eta egozten den kostu hori langile horien parte hartzea izan duten ikastaroetako bakoitzean.

e) Laguntza horien zenbatekoa laguntzaren xedeko ikastaroak egitean zuzenean sortzen diren gastuei aplikatzen ahal zaie soilik, deialdi honen 6. artikuluan zehaztutakoa kontuan harturik. Gastuen ordainagirien eguna, hots, fakturena, 2025. urtekoa izanen da. 9. artikuluan ezarritako justifikazio epea bukatu aurretik egiazki ordaindu diren gastuak soilik izanen dira diruz lagungarriak.

f) Diru sarrerak izan dituzten ikastaroen kasuan, diru sarrera horiek zenbatu eta justifikatu beharko dira (adibidez, parte hartzaileen matrikulak). Diru sarrera horiek jardueren gastuetatik kenduko dira jarduera horietan diruz lagundu daitekeen kostua kalkulatzean.

g) Ematen ez diren ikastaroak ez dira diruz lagunduko, prestatzeko gastuak eduki arren.

B.–Justifikazio akademikoa - Memoria akademikoa.

Memoriak honako hauek bildu beharko ditu:

a) Deialdi honen kargura finantzatu eta garatu diren ikastaroen edukia eta xehetasunak.

b) Erabilitako hedabideak (sare sozialak, prentsa, webgunea, etab.) eta horretarako diseinatutako materialak.

c) Beste edozein bitarteko, jarduerak egiazki egin direla justifikatzeko.

d) Ikastaro bakoitzean parte hartu dutenen kopurua (sexuaren arabera banatuta).

e) Eskari kopurua eta azkenean estalitako plaza kopurua.

f) Ikastaroetako partaideen asebetetze ebaluazioa, sexuaren arabera banatuta.

10. artikulua. Zentro onuradunen betebeharrak.

–Ikastaroak ezarritako egutegian egitea.

–Udako ikastaroen berri ematea, jendeak horietan parte har dezan.

–Memoria akademiko eta ekonomikoa ezarritako epean aurkeztea.

–Ikastaroetan eta horien zabalkundea egiteko materialetan Nafarroako Gobernuak emandako laguntza aipatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

–Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan (haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak) eta maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa) xedaturikoa betetzea. Azken horrek Nafarroako Foru Aurrekontuen kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak ezartzen ditu. Betebehar horiek bete behar badira, onuradunek arauan eskatzen den informazioa emanen dute. Betebehar horretatik salbuetsita badago, hori adierazten duen deklarazioa aurkeztuko du.

–Emanen diren ikastaroak aurrez aurrekoak direnean, jarduera horiek garatzen diren ingurune fisikoaren irisgarritasun unibertsala bermatu beharko da. Online jarduerak direnean, horietarako irisgarritasun kognitiboa bermatuko da. Ikastaro horien informazioa zabaltzen denean, irisgarriak direla behar bezala jakinarazi beharko da.

11. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honek udako ikastaroen gastuak gehienez ere 25.000 eurora arte finantzatzea aurreikusten duenez, horiek egiteko ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da jarduera horietarako kanpotik jasotzen den beste edozein laguntza edo finantzaketarekin, betiere muga hori gainditu gabe.

Gastua 25.000 eurotik gorakoa bada, deialdi honetan emandakoaz bestelako finantzaketa jasotzen ahalko du.

12. artikulua. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

13. artikulua. Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2505067