81. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

156E/2025 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, dirulaguntza hau emateko deialdia onesten duena: "Dirulaguntza 2025-2026 aldian Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitate batzuei". DDBN identifikazioa: 823030.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren arabera, institutuak eskumena du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

Eskumen horiek garatzeko, NABIren eginkizunak izanen dira, besteak beste, emakumeen elkartegintza eta parte hartze soziala bultzatu eta sostengatzea, planak eta estrategiak proposatzea emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, eta elkarteetan emakumeen presentzia eta parte hartzea sustatzea.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, 25. artikuluan, ezartzen du botere publikoen politikek eta jarduketek sustatu behar dutela emakumeek parte hartze aktiboa izan dezatela eremu publikoetan, bai maila indibidualean bai kolektiboan, emakumeen elkarteak eta talde feministak sartuta.

Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" da aipatutako foru legea garatzeko plangintza publikoko tresna nagusia.

Plan horren IV. ildo estrategikoak ardatz du gizarte zibilaren protagonismoa sustatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraiki eta finkatzeko orduan. Balioak aldatzeko, gizarte zibilak protagonismo handiagoa izan behar du, eta emakumeek eta gizonek konpromiso aktiboa eta arduratsua hartu behar dute berdintasunarekin, hura baita pertsona guztien ongizatea lortzeko bidea. Horren haritik, elkarteen lana ezinbestekoa da, hain zuzen ere, emakumeen beharrizanei ahotsa jarriko diote elkarteek, emakumeen aniztasunetik, eta instituzioekin izanen duten elkarrizketak eragina izan behar du politiketan.

Beraz, politika publikoek emakumeak ahalduntzen lagundu behar dute, haien elkarte eta entitateetan eta haietatik abiatuta, ikuspegi feminista eta ikuspegi intersekzionala kontuan hartuta, bizitzaren jasangarritasunean eta zaintzen balioan oinarritutako eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egiteko.

Nafarroako Gobernuak emakumeen herritartasun osoa garatu dadin sustatzeko eta babesteko legezko agindua du. Agindu hori betetze aldera, zenbait baliabide ekonomiko bideratu ditu, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitatean, 2025-2026 aldian, genero-ikuspegidun proiektuak garatu dituzten emakume elkarteentzat eta irabazi asmorik gabeko entitateentzat, proiektu horiek helburu dutenean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea eta bultzatzea.

Emakumeen elkarteek eta horien federazioek indar handia dute emakumeen asoziazionismoan, emakumeen eskubideei, interesei eta ekarpenei buruzko aldarrikapenak bideratzen dituztelako ikuspegi berrietatik. Giza kapital horrek, neurri handi batean, gizarte berdinzaleago bat eraikitzen laguntzen du, eta aldaketa eragile bihurtzen da.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu eta baimendu dira:

AURREKONTU PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001 08200 4819 232203 Emakumeen elkarteentzako eta irabazi asmorik gabeko beste entitate batzuentzako dirulaguntzak

2025

180.000 euro

080001 08200 4819 232203 Emakumeen elkarteentzako eta irabazi asmorik gabeko beste entitate batzuentzako dirulaguntzak

2026

80.000 euro

Salbuespen gisa, deialdi honetarako zenbatekoa handitzen ahalko da, guztira 20.000 euro arte, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da foru lege horren 31.3.a) artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako.

4. Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2025eko martxoaren 26an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdiak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (aurrerantzean, NABI) dirulaguntzak emateko prozedura arautzen du, Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera bideratutako proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi asmorik gabeko bestelako entitateei zuzenduta.

Dirulaguntzen helburuak hauek dira:

–Emakumeen parte hartze soziala eta politikoa sustatzea.

–Emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzea, asoziazionismoaren bidez.

–Genero berdintasuna sustatzea gizartean eta herritarrengan.

2. oinarria. Exekuzio epea.

Deialdi hau urte anitzekoa da, eta, beraz, dirulaguntzen zenbatekoa bi alditan banatuko da:

–Lehen epealdia: 2025. 2025eko otsailaren 1etik 2025eko urriaren 31ra arte egindako jarduerak finantzatuko dira.

–Bigarren epealdia: 2026. 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urtarrilaren 20ra arte egindako jarduerak finantzatuko dira.

Diruz lagundutako proiektuekin lotutako jarduera edo ekintza guztiak epealdi orokorraren barruan egin beharko dira, hau da, 2025eko otsailaren 1etik 2026ko urtarrilaren 20ra.

3. oinarria. Onuradunak.

Dirulaguntzen onuradunak hauek izaten ahalko dira:

–Emakumeen elkarteak: Emakumeen elkartetzat joko dira, dirulaguntza honen ondoreetarako, Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen zentsuan inskribatzeko baldintzak betetzen dituzten elkarteak, Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsua arautzen duen uztailaren 27ko 52/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

–Irabazi asmorik gabeko beste elkarte eta entitate batzuk: "Irabazi asmorik gabeko beste elkarte eta entitate batzuk" izanen dira, dirulaguntza honen ondoreetarako, bi baldintza hauek betetzen dituztenak:

  • Beren helburuen eta jarduera eremuaren barruan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sartu beharko da.
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera bideratutako proiektuak garatu beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean.

4. oinarria. Baldintzak.

Dirulaguntza hauek lortzeko, irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta kasuan kasuko erregistroan inskribatuta egotea, nahiz eta inskripzio hori publizitate ondoreetarako baino ez izan.

–Dirulaguntza jasoko duten jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean egitea.

–Estatutuetan xede gisa jasotzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen (aurrerantzean, DFL) 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

–NABIren dirulaguntza izendunik ez jasotzea.

–Proiektuaren helburuak deialdi honen xedearekin bat datozela bermatzea.

Baldintza hauek bete egin beharko dira eskaera aurkezten den unean, eta hala jarraitu beharko dute proiektuaren egikaritza guztian, bukaeran justifikatzen diren arte.

5. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak eta diruz lagungarriak ez direnak.

5.1. Proiektu diruz lagungarriak.

Proiektu diruz lagungarriak bi motatakoak dira:

–A mota: jardueren proiektuak, gai hauek jorratzen dituztenak:

  • Efemerideen ospakizuna: M8, urriak 15 edo A25 bezalako efemerideen barruan sartzen diren jarduerak.
  • Zaintzen, erantzukidetasunaren eta balio aldaketaren gaineko sentsibilizazio eta prestakuntzarako jarduerak.
  • Emakumeen ahalduntzeari buruzko jarduerak.
  • Emakumeen eragin politikoko eta partaidetza kolektiboko gaitasuna sustatzen duten jarduerak.
  • Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko jarduerak.

–B mota: emakumeen elkarteen arteko topaketarako proiektuak, gai hauen inguruan:

  • Emakumeen sareak sortu eta elkartegintza sustatzeko jarduerak.
  • Esperientzien trukea sustatzea.
  • Belaunaldiarteko itunak eta lurraldeen arteko lankidetzak sustatzea.

Topaketak egun batean zehar ospatu behar dira.

Honako hauek hartu beharko dira kontuan:

–Emakumeen elkarteek bi eskaera aurkezten ahalko dituzte: eskaera bat A motako proiektu batekin eta beste eskaera bat B motako proiektu batekin.

–Gainerako elkarte edo entitateek eskaera bakarra aurkezten ahalko dute, soilik A motako proiektua jasoko duena.

Jarduerak doakoak izan beharko dira, herritarrei zabalik egon beharko dira eta hedapen egokia izan beharko dute, partaidetza bermatzeko. Salbuespen kasuetan, prezio sinbolikoa edukitzea baimenduko da, betiere NABIn justifikatzen bada eta aurrekontuan eta proiektuaren justifikazioan islatzen bada.

5.2. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.

Proiektuak eta jarduerak ez dira diruz lagungarriak izanen, baldin eta:

–Dirulaguntzaren baldintza orokorrak betetzen ez badituzte.

–Genero ikuspegia txertatzen ez badute, ez diseinuan, ez abian jartzean ezta ebaluazioan ere.

–Soilik aisialdia, musika, kirola edo jolasa bezalako jardueretara mugatzen badira.

–Genero estereotipoek ezarritako zereginak trukatu edo gaitasunak ikasteko jardueretara mugatzen badira.

–Terapia psikologikoko jarduerak tartean badira, banakakoak edo taldekoak.

–Beste entitate batzuei zerbitzuak eskaintzen badizkiete, deialdi hau laguntza zuzenean eskatzen duten onuradunei soilik zuzentzen baitzaie.

–Gelan edo eskola ordutegian egiten badira, Nafarroako Hezkidetza Planarekin bat.

–NABIren berezko jarduera edo programak jasotzen badituzte.

6. oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta ez-lagungarriak.

6.1. Gastu diruz lagungarriak:

–Zuzeneko gastuak:

  • Laguntza teknikoa.
  • Hizlarien ordainsariak, ikastaro edo hitzaldiak eginez gero edo azterlanak edo diagnostikoak prestatuz gero, betiere horien berdintasunaren gaineko prestakuntzako gutxieneko orduak 120 badira eta antzeko jardueretan gutxienez 3 urteko esperientzia badute (justifikatu egin beharko da, 9. eranskinaren bidez).
  • Hizlarien lekualdaketen do ostatuen ziozko dietak, 1.000 euroko muga ezarrita.
  • Diruz lagundutako jardueren publizitatea edo zabalkundea.
  • Proiektuaren helburua lortzeko ezinbestekoak diren materialen argitalpena.
  • Jarduera garatzeko material suntsikorraren edo lokalen alokairua (emandako zenbatekoaren %60 baino gehiago ez bada).
  • Jarduerak gauzatu bitartean laguntza beharra duten pertsonei eman beharreko arreta (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoen zaintza eta abar).
  • B motako topaketan parte hartzeko lekualdaketa gastuak, elkarteak ordainduak (gehienez ere 1.000 euro).
  • Jarduerari lotutako aholkularitza juridikoa.
  • Emandako jardueren ordainketari lotutako banku transferentzien gastuak.

Jarduerarekin lotutako aholkularitza edo laguntza (teknikoa, juridikoa edo bestelakoa) emateko zerbitzuen zioz diruz laguntzen ahal diren gastuak 12.000 eurotik gorakoak badira, entitate onuradunak justifikatu egin beharko du enpresa hautatzean eraginkortasuna eta ekonomia bezalako irizpideak kontuan hartu direla.

Hautaketa hori justifikatzea ez da nahitaezkoa izanen, baldin eta:

–Merkatuan ez badago entitate nahikorik zerbitzu hori eskaintzen duenik, edo

–Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bazen.

Justifikazio hori 10. eranskinaren bidez aurkeztu beharko da: Enpresa hautatzeari buruzko egiaztagiria.

Diruz lagundutako jardueren %100 azpikontratatzen ahalko dira.

–Zeharkako gastuak:

Emandako dirulaguntza osoaren edo justifikatutako gastu osoaren %10 gehienez, emandakoa baino zenbateko baxuagoa bada, betiere.

  • Proiektuaren aldiarekin lotutako alokairua, argia, ura, telefonoa eta administrazio gastuak.
  • Proiektua egikaritzeaz arduratu behar diren langileen nominak.
  • Elkarteko langile eta bazkideak proiektuan onartutako jarduerak garatzeko lekualdatu behar badira, lekualdaketa horren gastuak.

6.2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:

–Banku interesak, isunak edo errekarguak.

–Prozedura judizialak.

–Aperitiboak, otorduak, opariak edo merchandisinga (egutegiak, kamisetak edo antzekoak).

–Inprimagailuak, gailu mugikorrak edo elektronikoak, eta antzeko ekipamenduak.

–Deialdiaren xede eta helburuari lotuta ez dauden ekintzak.

–Diruz lagundutako jardueraren publizitatea edo sustapena, Nafarroako Gobernuaren logotipoa eta NABIrena ez badira agertzen.

–Entitatearen beraren publizitatea edo sustapena.

–Elkarte onuradunari lotutako pertsonek egindako jardueren gastuak. Lotutako pertsonatzat jotzen dira elkarteko Zuzendaritza Batzaren parte direnak.

7. oinarria. Eman beharreko dirulaguntzaren kalkulua eta muga.

7.1. Dirulaguntzaren kalkulua:

Dirulaguntza kalkulatzeko ehuneko hauek aplikatuko dira, oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera:

–Eman beharreko zenbatekoa 3.500 eurokoa edo baxuagoa den proiektuetarako:

  • zenbatekoaren %100, betiere 2. eranskineko oinarrizko irizpideak baloratzeko atal guztiak gainditu badira.

–Eman beharreko zenbatekoa 3.500 eurotik gorakoa den proiektuetarako:

Betiere 2. eranskineko oinarrizko irizpideen balorazioa gainditu bada eta gutxienez 25 puntu lortu baditu 2. eranskineko irizpide osagarrien balorazioan:

  • 41-50 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako zenbatekoaren %100.
  • 31-40 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako zenbatekoaren %80.
  • 25-30 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako zenbatekoaren %60.

Balorazioa gainditu ez duten edo irizpide osagarrietan 25 puntu baino gutxiago eskuratu duten proiektuei ez zaie dirulaguntzarik emanen.

7.2. Dirulaguntza emateko zenbatekorako muga:

–Emakumeen elkarteak: ez da 10.000 eurotik gorakoa izanen.

–Irabazi asmorik gabeko beste elkarte eta entitate batzuk: ez da 5.000 eurotik gorakoa izanen.

8. oinarria. Aurrekontuaren banaketa.

Aurrekontu osoa honela banatuko da: %80 emakumeen elkarteei bideratuko zaie; gainerako %20a beste elkarte eta entitateei:

  • 208.000 euro emakumeen elkarteek aurkeztutako proiektuetarako.
  • 52.000 euro irabazi asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateek aurkeztutako proiektuetarako.

Kategoriaren batean kreditua agortzen ez bada, soberakina beste kategoria batera pasatuko da.

9. oinarria. Eskaturiko dokumentazioa.

Nahitaezkoa da deialdi honetan eranskin gisa jasotzen diren ereduak erabiltzea.

–3. eranskina: eskaera.

–4. eranskina: proiektua.

–5. eranskina: onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena.

–Estatutuak (aurreko deialdietan aurkeztu ez badira edo gerora aldatu badira).

Aurrerakina eskatzen dutenentzat:

–Nahikoa egiaztapen, proiektuaren egikaritza behin-behinean finantzatzeko baliabiderik ez dagoela justifikatzeko (ikus 16. oinarria).

10. oinarria. Eskaerak aurkeztu eta akatsak zuzentzea.

10.1. Eskaerak aurkeztea:

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen tramiteen atarian (www.nafarroa.eus) dagoen deialdiaren fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Izapidea egiteko nahitaezkoa izanen da elkarte eskatzailearen ziurtagiri digitala edukitzea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskatzailea emakumeen elkartea bada eta A motako eta B motako proiektuak aurkeztu nahi baditu, bi eskaera desberdin egin beharko ditu: bana proiektu bakoitzerako.

Irabazi asmorik gabeko beste elkarte eta entitate batzuen kasuan, emakumeen elkarte ez badira 3. oinarriaren arabera, eskaera bakarra aurkezten ahalko da: A motako proiekturako.

10.2. Akatsak zuzentzea:

Aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta bada edo akatsen bat badago, elkarte edo entitatea jakinaren gainean jarriko da, informazioa osatu edo zuzen dezan, 10 egun balioduneko epean. Epe horretan informazioa zuzentzen ez badu, bere eskaera bertan behera utziko da, horretarako dagokion ebazpena eman ondoren.

"4. eranskina: proiektua" izeneko dokumentazioa ez da zuzentzen ahalko. Hala ere, NABIk proiektuaren gaineko azalpenak eskatzen ahalko ditu. Azalpen horiei erantzuteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da.

11. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

NABIren Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza arduratuko da dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioaz.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Aurrekontua ez bada aski baldintzak betetzen dituzten eta gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaera guztiei erantzuteko, zenbateko osoa diruz lagundutako proiektuen artean hainbanatuko da, 7. oinarrian adierazitako zenbatekoetan.

Balorazio teknikoa eta aurrekontuaren onarpena:

NABIko teknikariek eskaera bakoitza teknikoki baloratuko dute, zehazteko ea betetzen ote dituzten 2. eranskinean irizpidearen arabera ezarritako baldintzak. Gainera, oinarri hauen erabilera diruz lagungarriak ez diren jarduerak eta gastuak ez dira kontuan hartuko.

Langileok txosten teknikoa igorriko dute, eskaeren balorazioa jasoz. Txosten hori loteslea izanen da organo instruktorearentzat, eta, beraz, horren arabera, ebazpen-proposamenaren txostena igorriko du.

Balorazioan, honakoak ezarriko dira:

–Proiektuaren aurrekontua: entitateak 4. eranskinean aurkeztutako aurrekontua da.

–NABIk onartutako aurrekontua: berrikuspen teknikoa egin ondoren onartutako zenbatekoa, kontuan hartuta soilik deialdi honen oinarrien arabera diruz lagungarritzat jo direnak.

–Dirulaguntza emateko ehunekoa: balorazio teknikoan lortutako puntuen arabera kalkulatuko da, deialdiaren 7. oinarriko eta 2. eranskineko irizpideak aplikatuz.

3.500 eurora arteko proiektuek ez badute balorazioa gainditzen, ezetsi eginen dira. 3.500 eurotik gorako proiektuek ez badute balorazioa gainditzen edo 25 puntu lortzen ez badituzte, ezetsi eginen dira.

Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen-proposamena igorriko dio NABIko zuzendari kudeatzaileari. Proposamen horretan txosten bat jasoko da, entitate eta elkarte onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela berretsiz.

12. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren jakinarazpenak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barnean egiten diren komunikazioak telematikoki eginen dira, entitate onuradunak beren eskaeran adierazi duten gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GEHB) bidez.

GEHB lortzeko, https://dehu.redsara.es/ orrira sartu behar da. Beharrezkoa da prozesua osatzeko ziurtagiri digital bat edukitzea. Gainera, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretan harpidetu beharko dute entitateek. Harpidetza, halaber, GEHB eskuratzen den helbide berean ere egiten da.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzak ezagutzera ematea.

NABIk Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak, izapidearen fitxaren bidez. Bertan, deialdi honen izapideekin lotutako informazio guztia jasoko du.

Era berean, jendaurrean jarriko dira emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, dirulaguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

14. oinarria. Dirulaguntza emateko ebazpena.

14.1. Ebazpenaren epea eta jakinarazpena:

Dirulaguntzak emateko ebazpena NABIko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean jakinaraziko da, gehienez ere.

–Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxa espezifikoan.

–3 hilabete igarotakoan ez bada ebazpenik ezarri eta jakinarazi, eskaera ezetsitzat joko da, eta errekurtsoa jartzen ahalko da.

14.2. Ebazpenaren edukia:

Ebazpenean, 2025-2026 deialdiari buruzko informazio zehatza jasoko da:

–Jasotako eskaera guztien zerrenda.

–Ezetsitako eskaeren zerrenda, kausa egokia adierazita.

–Entitate onuradunen zerrenda, aldi bakoitzerako emandako zenbatekoak adierazita.

–Aldi bakoitzeko justifikatu behar den zenbatekoa.

–Balorazio ehunekoa.

14.3. Gardentasuneko baldintzak:

Entitate onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen (aurrerantzean, GFL) 12.4. artikuluan aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, baldin eta:

–Urtebetean 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte.

–Laguntzak urteko diru-sarreren %20 badira gutxienez, betiere gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Betebehar hori betetzeko, entitateen betebeharra izanen da:

–Hilabeteko epean, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazten denetik, GFLren 12.4 artikuluan eskatutako informazioa jakinaraztea, gardentasunaren betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztuta.

Dirulaguntzak emateko ebazpenaren ondoren, esteka bat gaituko da deialdiaren fitxan, gardentasunari buruzko adierazpenaren kudeaketa tramitatzeko.

Ez-betetzea:

Betebehar hau betetzen ez bada, ez da dirulaguntza ordaintzen ahalko, ezta aurrerakinak ere, eta dagoeneko jaso diren zenbatekoak itzultzeko eskatzen ahalko da, GFLren 35.1 c) artikuluaren arabera.

15. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoa betez.

Garatu bitartean, proiektuko ekintzak egokitu egiten ahalko dira, baldin eta aurkeztutako proiektua nabarmen aldatzen ez bada.

Oro har, ez dira aldaketak baimentzen, oinarri honetan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

16. oinarria. Aurrerakina.

Entitateek dirulaguntzaren aurrerakina eskatzen ahal dute. Hala egiten badute, 2025eko lehen aldirako emandako zenbatekoaren %100 jasotzen ahalko dute, baina soilik baldin eta jarduera behin-behinean finantzatzeko baliabide nahikorik ez dutela justifikatzen badute.

Aurrerakina egiteko, beharrezkoa da:

–Eskaeran atal egokia betetzea (3. eranskina).

–Banku saldoen egiaztagiria eranstea (eskaera egin baino hilabete lehenagokoa).

17. oinarria. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak egutegi honen arabera ordainduko dira:

–Lehen aldia (2025eko otsailaren 1etik 2025eko urriaren 31ra):

  • Aurrerakina eskatu duten entitateentzat: gardentasuna adierazi ondoren, proiektuko lehen aldia egikaritzeko emandako zenbatekoaren aurrerakina jasoko dute.
  • Aurrerakinik eskatu ez duten entitateentzat: hilabetean, egindako gastuaren erantzukizuneko adierazpena aurkeztu ondoren (6. eranskina), ordainketa jasoko dute. Adierazpena aurkezteko azken eguna 2025eko urriaren 31 izanen da.

–Bigarren aldia (2025eko azaroaren 1etik 2026ko urtarrilaren 20ra):

Entitate guztientzat: proiektu osoa justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren, bigarren aldiko ordainketa jasoko dute, gehienez ere hiru hilabeteko epean, justifikatzeko azken eguna bukatzen denetik.

Dirulaguntza Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den onuradunaren kontuan eginen da. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

18. oinarria. Gastuen justifikazioa.

Dirulaguntza ordaintzeko, entitateek, telematikoki, egindako gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, epe hauen arabera:

–2025eko urriaren 31ra arte:

6. eranskina: egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena (aurrerakinik jaso ez duten onuradunek soilik aurkeztu behar dute).

–2026ko urtarrilaren 31ra arte: onuradun guztiek proiektuaren azken justifikazioa aurkeztu beharko dute, 2025eko otsailaren 1aren eta 2026ko urtarrilaren 20aren artean egindako gastuaren dokumentazio tekniko-ekonomikoarekin batera:

  • 7. eranskina: Justifikazio memoria.
  • 8. eranskina: Gastuen eredua (kalkulu orria): gastuen frogagirien eta egindako ordainketen zerrenda.
  • Fakturak eta ordainagiriak.
  • Dokumentu probak: argazkiak, kartelak, agiriak eta bestelakoak, Nafarroako Gobernuaren eta NABIren logotipo ofiziala jasotzen dutenak, dirulaguntza eman aurretik inprimatutako materialetan izan ezik.
  • 9. eranskina: Prestakuntza egiaztatzeko adierazpena. Ikastaro edo hitzaldiak ematen dituzten hizlariek edo azterlanak edo diagnostikoak egiten dituzten pertsona edo laguntzaile teknikoek soilik osatu behar dute. Berdintasunaren gainean gutxienez 120 orduko prestakuntza eta antzeko jardueretan 3 urteko esperientzia beharko dira.
  • 10. eranskina: Enpresa hautatzeari buruzko egiaztagiria. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuetako enpresen ondoriozko gastua 12.000 eurotik gorakoa bada soilik osatu beharko da.

Gastuak justifikatzeko fakturak edo ordainagiriak aurkeztuko dira (faktura elektronikoak eta froga agiri baliokideak ere onartuko dira, baina ez froga baliorik ez duten egiaztagiri, tiket eta bestelakoak).

Jarduera guztiak ordainduta egon beharko dira egikaritza epearen barruan (2025eko otsailaren 1etik 2026ko urtarrilaren 20ra). Ondorioz, aldi horretatik kanpoko faktura eta ordainagiri guztiak ez dira ontzat emanen.

Finantza edo tributu gastuak justifikatzen ahalko dira, benetako ordainketa egiaztatu gabe, baldin eta data horren ondotik likidazio aldia irekita badago.

Aurkeztutako dokumentazioan akatsak atzematen badira, 10 egun emanen dira akatsak zuzentzeko.

Proiektuaren azken kostua NABIk onartutako aurrekontua baino baxuagoa bada, dirulaguntza proportzioan doituko da, formula honen arabera:

–Justifikatutako eta onartutako zenbatekoa bider emandako zenbatekoa zati justifikatu beharko zenbatekoa.

19. oinarria. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Entitate onuradunek dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera gehiago jasotzen ahalko dituzte estatuko edo nazioarteko beste administrazio, entitate publiko edo pribatu batzuetatik, xede eta helburu bererako, betiere guztizko zenbatekoak (dirulaguntza guztiak batuta) proiektuaren kostuaren %100 gainditzen ez badu.

Ez da zuzeneko dirulaguntzarik lortzen ahalko NABIren beste deialdi batzuetatik, helburu eta xede bererako.

Jarduerak baliabide propioekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu badira, funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa bukaerako memorian justifikatu beharko dira.

20. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetako dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzen Foru Legean (DLF) ezarritakoez gain:

a) NABIri eta beste organismo eskudun batzuei aukera ematea eskatutako eta emandako dirulaguntzak teknikoki eta ekonomikoki egiaztatu eta kontrolatzeko. Berrikuspen horietan eskatzen den dokumentazioa aurkeztea.

b) Jarduera bererako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu bada, NABIri horien berri ematea. Jakinarazpen hori informazioaren berri izan bezain pronto egin behar da, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.

c) Kontabilitateko liburu, erregistro eta agiriak araudiaren arabera ikuskatuta edukitzea.

d) Funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

e) Emakumeen irudi diskriminatzaileak edo estereotipo sexistak saihestea. Proiektuko material, dokumentazio, publizitate edo irudi orotan hizkuntza inklusiboa erabili beharko da, eta berdintasuna, ekitatea, aniztasuna, erantzukidetasuna eta genero rol eta identitate askotarikoak errespetatzen dituzten irudiak sustatu.

f) Proiektua sare sozial, kartel edo bestelako komunikazio kanalen bidez hedatzea.

g) Beren-beregi adieraztea ea baimena ematen den, dirulaguntzen ebazpen-proposamena onartzen denean, egiaztatzeko zerga guztiak ordainduta eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuta daudela. Kontsulta hori baimentzen ez bada, dirulaguntzaren fitxaren bidez aurkeztu beharko dira egiaztagiriak.

21. oinarria. Ez-betetzea eta dirua itzultzea.

Deialdi honen oinarriak edo GFL urratuz gero, jasotako zenbatekoak osorik edo partzialki itzuli beharko dira, atzerapen interesak barne, ordainketaren egunetik itzulketa egin behar dela adierazten den datara arte, araudi aplikagarriaren arabera, legezko besteko zehapen batzuk jartzen ahalko diren arren.

–Erabateko ez-betetzea: proiektuko jarduera bat ere egiten ez bada. Kasu honetan:

  • Entitateak aurrerakinen bat jaso badu: aurreratutako zenbatekoaren % 100 itzuli beharko du.
  • Entitateak ez badu aurrerakinik jaso: dagokion zenbatekoa kobratzeko eskubidea galduko du.

–Ez-betetze partziala: jarduera batzuk egikaritzen ez badira, entitateak dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko du, edo, bestela, dagokion zenbatekoa kobratzeko eskubidea galduko duela adieraziko da, kasuaren arabera.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak GFLren 35.6 artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Arau-hausteak eta zehapenak GFLren 42. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera aplikatuko dira.

22. oinarria. Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

23. oinarria. Araudi gehigarria.

Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez denetan, GFLn, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoa aplikatuko da.

Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/emakumeen-elkarte-eta-irabazi-asmorik-gabeko-bestelako-elkarte-edo-entitateentzako-diru-laguntza-emakumeen-eta-gizonen-arteko-berdintasuna-bultzatu-eta-sustatzeko-proiektuak-garatzeko-2025-2026

2. ERANSKINA.–EBALUAZIO IRIZPIDEAK

A) Oinarrizko irizpideak: proiektu guztietarako.

Proiektu guztiek gainditu beharko dute oinarrizko irizpideen ataletako bakoitza.

OINARRIZKO IRIZPIDEEN ATALAK

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

EGOKIA DA?

Kalitate teknikoa

Proiektua deialdiaren helburura eta xedera egokitzen da

Bai / Ez

Azalpenean eta idazkuntzan informazio aski eta argia jasotzen da

Proposatutako jarduerak aski deskribatzen dira eta kronograma baten bidez planifikatzen dira

Jardueren, helburuen eta aurrekontuaren artean koherentzia dago.

Genero ikuspegia

Jarduerek kontuan hartzen dute lurraldeko emakumeen eta gizonen errealitatea

Bai / Ez

Proiektuan datuak sexuen arabera bereizita eskaintzen dira

Proiektuko jardueren bidez estereotipoak eta genero rolak murrizten laguntzen da

Aurrekontua

Jarduerak deskribatzean aurrekontu zehatza ematen da

Bai / Ez

Proiektua egokia da proposatutako jardueretarako

Zabalkundea eta komunikazioa

Partaidetza sustatzeko jarduerak hedatu eta jakinarazteko modua era egokian deskribatzen da

Bai / Ez

B) Irizpide osagarriak: 3.500 eurotik gorako proiektuetarako.

3.500 eurotik gorako dirulaguntza lortu nahi duten proiektuek, oinarrizko irizpideen atal bakoitza gainditzeaz gain, gutxienez 25 puntu lortu beharko dituzte irizpide osagarrien balorazioan. Gutxieneko puntuazio hori lortzen ez bada, ez da dirulaguntzarik eskuratuko.

IRIZIPIDE
OSAGARRIAK

AZPI-IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

LORTUTAKO PUNTUAK

Erakundea / entitatea

(20 puntu)

Adierazi zenbat pertsonak osatzen duten elkartea edo entitatea

10 baino gutxiago: puntu 1

10 eta 75 artean: 2 puntu

75 baino gehiago: 3 puntu

Entitate edo elkarteko emakumezko bazkideak %85 baino gehiago dira

7 puntu

Entitatea emakumeen elkartea da, edo legezko ordezkaria emakumea da

5 puntu

Elkartea edo entitatea dagoen herriko biztanleak

0-1.000: 5 puntu

1.001-3.000: 3 puntu

3.001-6.000: 2 puntu

6.001-10.000: puntu 1

Sarean lan egiten du

(8 puntu)

Beste elkarte batzuekin lankidetzan aritzen da proiektua garatzeko

6 puntu

Zinegotzigo, berdintasun teknikari, gizarte zerbitzu eta abarrekin lankidetzan aritzen da

2 puntu

Berrikuntza

(2 puntu)

Proiektua originala eta sormenezkoa da

2 puntu

Intersekzionalitatea eta balio aldaketa sustatzen ditu

(6 puntu)

Irisgarritasuna sustatzeko neurriak ditu

2 puntu

Zaintzei eta erantzunkidetasunari balioa emateko jarduerak ditu programatuta

puntu 1

Emakume gazteei, emakume migratzaileei eta beste batzuei zuzendutako jarduerak ditu

puntu 1

Emakumeen kontrako indarkeriari eta harreman afektiboei buruz ikasteko jarduerak ditu

puntu 1

Genero estereotipoei eta eredu berrien ikaskuntzari buruz hausnartzeko jarduerak ditu

puntu 1

Inpaktua eta ebaluazioa jasotzen ditu

(4 puntu)

Proiektuaren garapenak lurraldeko edo herriko eragin politikoa sustatzen du

2 puntu

Ebaluazio adierazleak zehazten dira neurtzeko proiektuaren garapena egokia den

2 puntu

Jardueraren tipologia

(10 puntu)

Proiektuak barne hartzen ditu berdintasunari buruzko prestakuntza ekintza espezifikoak, gutxienez 10 ordukoak

4 puntu

Proiektuak barne hartzen ditu sentsibilizazio ekintzak (berdintasunari buruzko hitzaldiak edo jardunaldi espezifikoak)

3 puntu

Proiektuak asoziazionismoa sustatzeko ekintzak ditu

3 puntu

Guztizkoa

Gehienez, guztira:

50 puntu

Eskuratutakoa, guztira:

Iragarkiaren kodea: F2504729