118. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

110E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Lizarrako esku-hartze orokorreko proiektu baten indarraldia luzatzea (PIG 49).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aurrekoarekin bat etorriz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren uztailaren 4ko 36/2022 Foru Aginduaren bidez, Lizarrako San Jose plazako 2, 3, 4 eta 5 zenbakietako jabeen erkidegoetarako esku-hartze orokorreko proiektua onetsi zen (PIG 49).

Foru agindu hori 2022ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 28koan. Foru aginduaren lehenengo atalak ezartzen zuen jabeen erkidegoek jarduketa babesgarriaren behin-behineko kalifikazioa eskatu behar zutela lau urteko epean, foru aginduaren datatik hasita, eta epe hori beste lau urtez luzatzeko aukera aurreikusten zen.

Lizarrako Udalak lau urteko luzapen hori eskatu du.

Etxebizitzak birgaitzea Nafarroako Gobernuaren helburu nagusia ere bada, 2018-2028 aldirako Etxebizitza Planak jasotzen duen bezala, eta are gehiago esku-hartze orokorreko proiektu baten barruan sartutako etxebizitzei buruz ari garela. Beraz, aurkeztu den eskaera baiesten ahal da, eta beste 4 urtez luzatuko da EOParen indarraldia.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Lizarrako 49. esku-hartze orokorreko proiektua beste lau urtez luza dadila onestea. Proiektu horretan Lizarrako San Jose plazako 4 jabeen erkidego hauek daude sartuak: San Jose plazako 2, 3, 4 eta 5 zenbakietakoak.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea Lizarrako Udalari, ukitutako jabeen erkidegoei, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko idazkari tekniko nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.etxebizitza.nafarroa.eus), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 2an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2608017