81. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

844/2025 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Asier Aranguren Garralda jauna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario izendatzen duena, eskolazain lanpostuetan aritzeko, eta lanpostua esleitzen diona.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren irailaren 27ko 2475/2022 Ebazpenaren bidez, zenbait sarrera-prozeduraren deialdiak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko D mailako lanpostu batzuetan, II. eranskinean zerrendatzen direnetan, gehieneko plaza kopuru bat salbuespenez merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko, hori guztia enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan. Ebazpen hori 2022ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 10ekoan.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 9ko 147/2023 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsi zen. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen, 2023ko urtarrilaren 23an.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 962/2023 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi zen. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen 2023ko martxoaren 16an, eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren apirilaren 9ko 1378/2024 Ebazpenaren bidez, eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuten eta baldintzak betetzen zituzten izangai batzuk funtzionario izendatu ziren eta beste batzuk kontratatzea bidezkoa zela erabaki zen, eta epearen zenbaketa eten zitzaion, besteak beste, Asier Aranguren Garralda jaunari, ezinbesteko arrazoi bat alegatu zuelako.

Alegatutako ezinbesteko arrazoia bukatu denez, aurkeztutako dokumentazioa azterturik, eta egin denez lanpostuan jarduteko gaitasunari buruzko txosten medikoa, bidezkoa da izendapena egitea eta dagokion lanpostu hutsa esleitzea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Asier Aranguren Garralda jauna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario izendatzea, eskolazain lanpostuetan aritzeko, eta plantilla organikoan 35728 zenbakia duen lanpostua esleitzea, Hezkuntza Departamentuko Biurdana BHIri atxikia dagoena eta destinoa Iruñean duena. Lanpostu horretan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere, eta B2 euskara maila izatea.

2. Izendatutako izangaiak 2025eko apirilaren 28an jabetu beharko du lanpostuaz, Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuan.

Lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan, eskubide guztiak galduko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izateko.

3. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura eta Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzura, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzura, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura eta Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzura, eta interesdunari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Iruñean, 2025eko martxoaren 18an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

Iragarkiaren kodea: F2504372