1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
89E/2025 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 27ko 359E/2024 Ebazpenaren III. eranskinaren aldaketa. Ebazpen horren bidez, ingurumen baimen bateratua ematen zaio Tafallako udal mugartean dagoen hiri-hondakinen transferentzia-zentro eta konpostatze-instalazio bati, zeinaren titularra Nafarroako Hiri-hondakinen Tratamendurako Partzuergoa baita.
Egun jardunean den instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren abuztuaren 27ko 359E/2024 Ebazpenaren bidez emana, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 5.1 taldean.
2025eko urtarrilaren 17an sartu zen eskaera hau Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, 2025/63298 zenbakiarekin (ondoren, zuzenketa, 2025eko urtarrilaren 23an, 2025/86821 zenbakiarekin), Nafarroako Hiri-hondakinen Tratamendurako Partzuergoarena:
"Aldatzea Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 27ko 359E/2024 Ebazpeneko III. eranskinean ezarritako determinazio bat, lurzoru urbanizaezinerako baimena ezartzen duena. Espedientearen kodea: 0001-0056-2023-000007 eta OT01-2023-000007".
Aurkeztutako eskaera aztertuta, 2025eko urtarrilaren 24an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txosten bat egin zuen, honako hau adieraziz:
"Ebazpenaren III. eranskinean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzu honek lurzoru urbanizaezinerako ezarritako baimenaren determinazioak jasotzen dira. Determinazio horietako batek Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 113.2 artikulua aipatzen zuen, ukitutako lurren balio-gehikuntzaren %10ari dagokion aprobetxamendua lagatzeko betebeharrari buruzkoa.
Partzuergoak aipatzen du toki entitate publikoa dela, eta, beraz, 113.1 artikulua aplikagarritzat jotzen du, eta ez 113.2 artikulua; hori dela eta, ez lioke laga beharko Tafallako Udalari ukitutako lurren balioaren %10a.
Toki entitatearen araubide publikoa ikusita, zeina, eskaeran adierazten den bezala, Nafarroako Gobernuak, Baztango Udalak eta foru lurralde osoko 14 mankomunitatek osatzen baitute, eta kontuan hartuta baimenaren xede den jarduera oinarrizko zerbitzu publikoa dela eta hondakinen kudeaketarekin lotuta dagoela, behin gaiaz Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurraldearen Zerbitzu Juridiko-administratiboari kontsulta eginda, honako hau da ondorioa:
Jarduera 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 113.1 artikuluan ezarritakoen barruan sar daiteke (... lurzoru urbanizaezinean garatu beharreko azpiegiturak, zerbitzuak, ekipamenduak eta zuzkidurak...), Nafarroako Hiri-hondakinen Tratamendurako Partzuergoak eskatzen duen bezala.
Beraz, aldeko txostena ematen da Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 27ko 359E/2024 Ebazpenari, "Lurzoru urbanizaezinerako baimenaren determinazioak" izeneko III. eranskinean, gehitutako determinazioen aldaketaz, determinazio hau ezabatzeko:
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 113.2 artikuluarekin bat etorriz, jarduketa honek bete behar du ukitutako lurren balio gehikuntzaren %10ari dagokion aprobetxamendu-lagapena, behin baimena eman ondoren eta edozein jarduketari ekin baino lehen. Udalak ebatziko du baimen honetatik eratorritako aprobetxamendua zenbatzeko modua, lurren balioa handitu den ala ez kontuan hartuta.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Onartzea Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 27ko 359E/2024 Ebazpenaren III. eranskinean eskatu den aldaketa, ebazpen honen eranskinean adierazitako moduan. 359E/2024 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen bateratua ematen zaio Tafallako udal mugartean dagoen hiri-hondakinen transferentzia-zentro eta konpostatze-instalazio bati, zeinaren titularra Nafarroako Hiri-hondakinen Tratamendurako Partzuergoa baita.
Bigarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Hirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Nafarroako Hiri-hondakinen Tratamendurako Partzuergora, Tafallako Udalera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzura, Lurzoru eta Klimatologia Bulegora, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura (Herri-lurren Atala eta Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala) eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 14an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2504185