Iragarkia
80. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MENDILIBARRIKO KONTZEJUA
Herri-lurrak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Mendilibarriko Kontzejuak, 2024ko apirilaren 10ean egin ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Mendilibarriko Kontzejuaren herri-lurrak arautzen dituen ordenantza.
Erabaki hori 2025eko 18. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 28an.
Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzea erabaki da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Mendilibarrin, 2025eko martxoaren 19an.–Kontzejuko burua, Javier Azcona Zabalza.
ORDENANTZA, MENDILIBARRIKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Mendilibarriko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.
2. artikulua. Definizioa.
Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Ezaugarriak.
Herri-ondasunak bertzerenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Araubide juridikoa.
Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren gaineko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Mendilibarriko Kontzejuaren ahalmenak.
Mendilibarriko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.
Herri ondasunen inguruan Mendilibarriko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Desafektazioa.
Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori egin baino lehen, Mendilibarriko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren kasuetarako edo betetzen ez diren kasuetarako.
Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Mendilibarriko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa.
Horretarako, jarraikiko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Zaintza, defentsa.
Mendilibarriko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiori, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.
8. artikulua. Berreskurapena.
Mendilibarriko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Finken hedadura soberakina.
Mendilibarriko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Mendilibarriko Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.
10. artikulua. Transakzioak.
Mendilibarriko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.
11. artikulua. Ondasunen gaineko eskubideen iraungipena.
Mendilibarriko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, azkendu nahi baditu baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Interpretazioa.
Mendilibarriko Kontzejuak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua. Herritarren ekimena.
Mendilibarriko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren ekintza, horretarako ezarritako eran. Ekimen horrek aurrera eginez gero, Mendilibarriko Kontzejuak sortutako gastuak itzuli beharko dizkie auzotarrei.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua. Aprobetxamendu motak.
Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.
b) Herri-larreen aprobetxamendua.
c) Egurraren aprobetxamendua.
d) Herri-lurretako bertze aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Izaera soziala.
Mendilibarriko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.
16. artikulua. Onuradunen betebehar orokorrak.
1. Orokorrean, Mendilibarriko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez.
c) Bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.
2. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Mendilibarriko Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.
17. artikulua. Herri-lurren itxitura.
Herri-lurretan itxiturak paratzeko Mendilibarriko Kontzejuko Alkatetzaren lizentzia idatzia beharko da, herri-lurren gaia daraman batzordeak aitzinetik txostena eginda.
Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere batera hesitu.
18. artikulua. Onuradunen arteko trukaketak.
Orokorrean, ez dira onartuko aprobetxamenduen trukaketak onuradunen artean. Eskaera batera egiten badute eta interesdun eta ukituak bat heldu badira, Kontzejuak baimena ematen ahalko du, herri-lurren gaia daraman batzordeak aitzinetik txostena eginda.
19. artikulua. Zuhaitzen landaketa.
Zuhaitzen landaketari dagokionez, Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bertzelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betiko, eragiten badiete. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari hiru hilabete lehenago.
Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
20. artikulua. Aprobetxamendu moduak.
Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak bi modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
b) Enkante publiko zuzenaren bidezko adjudikazioa.
Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA.–BALDINTZAK
21. artikulua. Epea.
Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da, oro har.
Urte anitzeko laboreen kasuan, eta interesdunak eskatuta, Kontzejuak eskaera aztertu eta herri-lurren ardura duen batzordearen txostena ikusita, bidezko bada, baimena emanen du epea laborearen urte onuragarriak bukatu arte luzatzeko.
22. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala.
Onuradunek zuzenean berek landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste moduren batez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere hartuko da norberak zuzenean landutzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 16. artikuluan adierazitako baldintzak.
Ordenantza honen ondorioetarako, norberak zuzenean landutzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak nahiz haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko baldin, kontzeju honen iritziz, soldatapekoak hartzen badira laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Mendilibarriko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.
Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurren zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 27 a) artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
23. artikulua. Adjudikaziodun izateari uztea.
Adjudikaziodun izateari utzi nahi diotenek eskaera aurkeztu beharko dute Kontzejuaren Erregistroan, arrazoiak adierazita.
a) Ezintasun fisikoagatik.
Ezintasun fisikoa dela-eta onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko unean edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuko Erregistroan aurkeztu beharko du uzteko eskaria. Adjudikazioa uzteko eskaria onartuta dela, herri-lurren gaia eramaten duen batzordeak aldez aurretik txostena egin ondoan, Kontzejuak herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa baliatuko du.
Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
Uzteko arrazoi sendorik ez baldin badago ere, onartzen ahalko zaio. Dena dela, ezin izanen da herri-lurretako lurzati baten onuradun izan bertze adjudikazioaldi bat jende ororentzat irekitzen den arte.
b) Familia-unitateko beste kide bati subrogatuta.
Inork lurzatien onuradun izan nahi badu, jatorrizko eskatzaileak subrogatuta familia-unitatearendako eskatzaile gisa, eskaera idatzia aurkeztu beharko da Kontzejuko Erregistroan eta 16. artikuluko baldintzak betetzen dituela frogatu. Onuradunaren uztea eta familia-unitate bereko titularrarendako subrogazioa onetsi ondoan, hura onuradun bilakatuko da, lehengo titularraren baldintza beretan.
c) Epea baino lehenagoko bajak.
Epea bukatu baino lehen, besterik gabe, adjudikaziodun izateari utzi nahi dioten onuradunek uzteko eskaera aurkeztu beharko dute Kontzejuaren erregistroan. Eskaera onar daiteke, baina halakoetan ezin izanen dira herri-lurretako lurzatien onuradunak izan, egokitu zitzaien adjudikazioaldi osoa bete arte.
d) Behartutako bajak.
Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte. Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.
Adjudikaziodun izateari utziko diote onuradun izateko baldintzetako edozein betetzen ez dutenean.
Betiere, adjudikazioa utzi beharko dute laborantza urtean erretiratu edo pentsiodun bilakatzen diren onuradunek.
24. artikulua. Laborantza zuzenean eta norberak egiten duela ziurtatzea.
Mendilibarriko Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Erabakiko da ez duela norberak zuzenean lantzen lurra honako kasu hauetan:
a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.
b) Herri-lurren gaia eramaten duen batzordearen txostenaren ondoan osoko bilkurak gehiengo soilez hartzen duen erabakiaren arabera, adjudikatutako herri-lurrak zuzenean eta norberak lantzen ez dituenean, ordenantza honen 23. artikuluan xedatuari jarraikiz.
c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondoan, Kontzejuak agindu epean aurkezten ez dituenean: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena, eta lurra lantzeari, lehengaiak erosteari eta produktuak saltzeko lanei dagozkienak, berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.
d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, eta Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena egiten ez duenean errentan emandako lurzatiengatik.
e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen ez lantzea.
f) Laborantzako lurrak jabetzan izanik, horiek errentan ematea hirugarren batzuei.
g) Erretirodunak eta pentsiodunak.
2. ATALA.–HERRITARRENTZAKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK
25. artikulua. Loteen azalera.
Kontzejuak erabakiko du zein den herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, zenbateko azalera gelditzen den, zer konfigurazio duten eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta.
26. artikulua. Kanona eta haren eguneratzea.
Mendilibarriko Kontzejuak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herri-lurrak adjudikatzeko espedientea hasteko erabakian.
Zenbatekoa izanen da gisako ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko eskualdean izaten diren prezioen %90.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.
3. ATALA.–ENKANTE PUBLIKO ARRUNTA
27. artikulua. Enkantearen bidezko adjudikazioa.
Laborantzako lurrik sobera gelditzen bada, Mendilibarriko Kontzejuak enkante publiko bidez adjudikatuko du. Arau orokorra izanen da 2 urte izatea enkante arrunt hauetako adjudikazio epea, non eta Kontzejuak, osoko bilkuran, gehiengo soilaz bertze erabaki bat hartzen ez duen, herri-lurren ardura duen batzordeak txostena egin ondoan, izan ere erabaki dezake adjudikazio epea amaitzea lehenago adjudikatutako lurzatien adjudikazioa amaitzen denean.
Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24. artikuluan xedatuari jarraituko zaio.
Kontzejuak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa, eta hura izanen da inguruko gisako lurrak errentan emateko prezioaren antzekoa.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.
4. ATALA.–ADJUDIKAZIO MODU GUZTIETARAKO PROZEDURA
28. artikulua. Adjudikaziorako eskaera aurkezteko epea.
Mendilibarriko Kontzejuak aitzinetik erabakia hartuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.
29. artikulua. Dokumentazioa.
Eskaerei agiri hauek erantsiko zaizkie nahitaez:
a) Kontzejuaren erroldatze eta bizikidetza agiria, gutxienez 3 urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatearen ziurtagiria.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideen aitorpena. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen eskatzaileek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.
d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko azken urteko aitorpena, familia-unitateko kide guztiena.
e) Jabetzan dituzten laborantzako lurren azalera, eta laborantza motak.
f) Errentan edo jabetza ez den beste titulu baten bidez lantzen dituzten lurrak, eta laborantza motak.
g) Nekazaritza Politika Erkidearen aitorpena.
h) Jabetzako lurrak, hirugarrenei errentan emanak daudenak.
Eskatzaileren batek eskatzen zaizkion agiriak ekartzen ez baditu, akatsa zuzentzeko epea emanen zaio eta hura iraganik eskaera bertan behera gelditu dela ulertuko da.
30. artikulua. Onuradunen zerrendaren behin-behineko onespena.
Herri-lurrez arduratzen den batzordeak aztertu ondoan, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikazio modu bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan.
Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da eta alegazioak egin daitezen argitaratuko da.
31. artikulua. Alegazioak.
Aprobetxamendu modu bakoitzean onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko.
Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.
Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda, modu bakoitzerako.
32. artikulua. Onuradunen behin betiko zerrenda.
Familia-unitatearen titular diren bizilagunen zerrenda ikusirik, Osoko Bilkurari igorriko zaio, behin betiko onets dezan, eta lurzatiak adjudikatzeko egunak emanen dira aditzera.
33. artikulua. Adjudikazioa.
Behin betiko zerrenda ikusita, loteak adjudikatuko dira; haien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 25. artikulukoak izanen dira.
Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki-taulan. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.
III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
1. ATALA.–XEDAPEN OROKORRAK
34. artikulua. Aziendaren osasun baldintzak.
Herri-lurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, indarra duten arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela dioena.
35. artikulua. Kanona.
Mendilibarriko Udalak, osoko bilkuran, urtero finkatuko du aurrekontu arruntean larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona azienda-espezie bakoitzeko.
Adjudikazioaren prezioa urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.
Urtea bukatuta ordainduko du adjudikaizodunak aprobetxamenduaren urteko zenbatekoa, aitzinetik jakinarazpena eginda abenduaren 15ean.
Hamabost egun iragaten badira bidezko den zenbatekoa ordaindu gabe, adjudikazioa deuseztatutzat joko da, eta fidantza galduko.
36. artikulua. Fidantza.
Behin betiko adjudikaziodunak, Kontzejuaren aldeko fidantza eratu beharko du Udal Diruzaintzan, ordenantza honen eta adjudikazioaren baldintzak zehatz-mehatz betetzen direla bermatzeko.
Fidantza hori banku-abalaren bidez eratu beharko da, betiere adjudikazioa behin betikoa bilakatu ondoko 15 egun baliodunean.
Fidantza horren zenbatekoa izanen da adjudikazioaren lehen urteko kanonaren %10.
37. artikulua. Arriskua eta mentura.
Adjudikaziodunak bere gain hartzen du arriskua eta mentura; beraz, kanonean ez da murriztapenik eginen ezbeharragatik.
Orobat, ez du izanen eskubiderik larreen edo uraren erreklamazio osoa edo partziala egiteko, idorteagatik edo izadiko bertze fenomeno batzuengatik, epizootiengatik, azienda hil zaiolako edo aprobetxamendua eskasten duen bertze edozein ustekabe txar gertatu zaiolako. Udalak ere ez du bere gain hartuko adjudikaziodunaren ardurapeko langileek izan ditzaketen lan istripuengatik etor daitekeen erantzukizunik.
2. ATALA.–LARREAK
38. artikulua. Aprobetxamendua.
Larratzeko izanen den lurren azalera osatzen dute Mendilibarriko mendiaren barnean diren herri-lurrek.
39. artikulua. Aprobetxamendua epea amaitu baino lehen uztea.
Mendilibarriko Udalak, onuradunei hiru hilabete lehenago jakinarazita, aprobetxamendu horien adjudikazioak bertan behera utz ditzake, herri-lur horietan hobekuntzak egiteko asmoa baldin badu, bazkaleku osoan izan edo haren parte batean izan.
3. ATALA.–ADJUDIKAZIO-PROZEDURA
40. artikulua. Modalitateak.
Mendilibarriko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:
a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Tradiziozko ohiturari jarraikiz.
c) Enkante publikoan adjudikatuz.
41. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Ogibide nagusia nekazaritza edo abeltzaintza izan beharko dute eta aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eta ustiapen liburuan ere jasorik.
42. artikulua. Zuzeneko aprobetxamendua.
Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Mendilibarriko Kontzejuak ulertuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia-unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldako Erregistrotik.
43. artikulua. Prozedura.
Mendilibarriko Kontzejuak erabakiko du, osoko bilkuran eta onuradun izan litezkeenek beren eskabideak aurkeztu aitzin, Mendilibarriko mugarteak jasan dezakeen aziendaburuen kopurua.
Urtero, epea irekiko da, urtarrilaren 2tik 15era bitartean, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.
Eskaerei agiri hauek erantsiko zaizkie nahitaez:
a) Erroldatze agiria eta bizikidetasunarena, gutxienez hiru urteko antzinatasuna adierazten duena, eta Mendilibarrin urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Mendilibarriko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.
c) Aitorpena, familia-unitatea zenbat kidek osatzen duten adierazten duena. Aparteko eranskinean adieraziko da horietakoren batek desgaitasun fisikorik edo mentalik duen.
d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko azken urteko aitorpena, familia-unitateko kide guztiena.
Mendilibarriko Kontzejuak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.
44. artikulua. Onuradunen zerrendaren behin-behineko onespena.
Aurkeztutako eskabideak eta Mendilibarriko herri-lurrek jasan dezaketen azienda karga ikusirik, behar den banaketa eginen da azienda espezie desberdinen arteko baliokidetasunak kontuan harturik, familia-unitatearen diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan. Herri-lurren ardura duen batzordeak behin-behinekoz onetsiko ditu onartuen zerrenda eta larreetan bazka daitezkeen azienda espezieak eta bakoitzeko buruen kopurua.
Behin-behineko zerrenda eginen da eta hura Udalaren iragarki-taulan paratuko da hamabost egun baliodunean, erreklamazioak egiteko. Epe hori iraganik erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.
Alegaziorik egiten bada, egindako akatsak behin zuzenduz gero, herri-lurren ardura duen batzordeak haien gaineko ebazpena emanen du, eta herri-larreen aprobetxamenduak erabiltzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onetsiko.
45. artikulua. Onuradunen behin betiko zerrenda.
Onuradunak izateko eskubidea duten familia-unitateen titularrak diren bizilagunen zerrenda osoko bilkurara eramanen da, behin betiko onespena eman diezaion, eta belarrak aprobetxatzeko datak zehaztuko dira. Zerrenda 15 egunean emanen da argitara, iragarki-taulan.
46. artikulua. Epea.
Aprobetxamendua egiteko epea 8 urte izanen da. Hala ere, epe motzagoa ezartzen ahalko da, Mendilibarriko Kontzejuak osoko bilkuran hala erabakitzen badu.
47. artikulua. Soberako larreak.
Ez da aurreikusten herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzerik, baina hala gertatzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Mendilibarriko Kontzejuak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta, betiere, eta herri-lurren ardura duen batzordeak aldez aurretik txostena eginda, indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.
48. artikulua. Aziendek egiten dituzten kalteak.
Bazkalekua aprobetxatzen edo larreez eta belarrez baliatzen diren azienden jabeak ordainduko ditu aziendek jabego partikularretan egiten dituzten kalteak.
Aziendek bide, areka eta ezpondetan egiten dituzten kalteak herri-lurren ardura duen batzordeak ebaluatuko ditu, eta peritazioaren ondotik, horiek konpontzeko epea emanen zaio abeltzainari, eta konpontzen ez baditu, Kontzejuak ginen du, baina konponketaren kostua abeltzainaren gain izanen da.
49. artikulua. Adjudikaziodunaren betebeharrak.
Hona hemen adjudikaziodunaren betebeharrak:
a) Azienda Mendilibarrin erroldaturik edukitzea, adjudikazioak dirauen bitartean.
b) Adjudikatu zaizkion lurrak azpierrentamenduan ez ematea beste inori, ez eta eskualdatzea ere.
c) Larreetarako adjudikatu diren lurretan laborantzetan ez aritzea.
50. artikulua. Lur landu gabeak eta hobekuntzak.
Udalak beretako gordeko du lurraren erabileraz erabakitzeko ahalmena; baita belar aprobetxamenduaren murrizketa ekartzen duenean ere, helburua bada azpiegitura lanak, basoberritzekoak, lehorreko lurrak berregituratu edo ureztalur bihurtzekoak, larreak sortzea edo basoberritzea, edo abeltzaintzarekin bateraezina den bertze edozein erabilera egitea. Adjudikaziodunari entzutea emanen zaio sortzen den espedientearen gainean, eta eguneratuko da larreen adjudikazioaren prezioa.
IV. KAPITULUA.–EGURRAREN APROBETXAMENDUA
51. artikulua. Etxerako epaitzak.
Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Mendilibarriko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
52. artikulua. Epaitzen bolumena.
Mendilibarriko Kontzejuak urtero zehaztuko du, eskatutako epaitzen arabera, zenbateko bolumena izanen duten familia-unitate bakoitzari adjudikatuko zaizkien epaitzek.
53. artikulua. Zuzenean erabiltzea.
Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea. Horretarako, errekerimendua egiten ahalko da frogatzeko berokuntza egur bidezkoa dela, edo sutondoa, sukalde ekonomikoa eta gisakoak erabiltzen direla.
54. artikulua. Kanona.
Kontzejuak urtero ezarriko du etxerako epaitzen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.
55. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie kontzejuburuak ematen dituen jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.
56. artikulua. Zuzeneko ustiapena.
Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du egurra, ondoren saltzeko. Dena den, horretarako nahikoa epaitza egon behar da mendian, eta aldez aurretik Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu beharko ditu.
V. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BERTZE APROBETXAMENDU BATZUK
57. artikulua. Ehiza.
Herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraituz gaiari buruzko araudian ezarritakoari.
58. artikulua. Urak eta harrobiak.
Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Mendilibarriko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
59. artikulua. Hobekuntzak herri-lurretan.
1. Mendilibarriko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurrak hobetzea.
c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.
2. Proiektu horiek Udalak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.
3. Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:
a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.
b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuak onestea.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
60. artikulua. Herri-lurrak hobetzeko proiektua.
Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, hamabost egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalean ebatzi beharko dira gero.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
61. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.
c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrendako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.
d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez egitea.
e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.
f) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
g) Udalak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.
h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.
i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta lege hori garatzen duen Erregelamendua.
k) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
l) Herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesaren gainean indarra duen araudia ez betetzea.
m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.
62. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:
–a), b), c), d), f), h) eta j) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak ukatu gabe, eta bertzelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.
–i) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea.
–Gainerako arau-hausteengatik, ordaindu beharko da egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitarte, eta errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, aldatu baldin bada. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena.
–Zehapen prozedura honako arau hauei jarraituz eginen da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta, hala behar badu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea.
63. artikulua. Ordenantza hauek ez diete ematen ez Udalari ez aprobetxamenduen adjudikaziodunei bestelako eskubiderik; alegia, lehendik legeek emanak dituzte soilik. Era berean, lehendik zituzten horiek ez dizkiete kentzen.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta udal xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Iragarkiaren kodea: L2504215
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
