Iragarkia
80. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ALESBES
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatua / lantaldeko peoia izateko lanpostu bat, E mailakoa, lan-kontratudun finkoen araubidean eta errelebo-kontratu bidez, etorkizuneko beharretarako lan-poltsa bat eratzeko
Alesbesko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2025eko apirilaren 1ean egin bilkuran, erabaki hau hartu zuen:
Lehena.–Hautaproben deialdia egitea, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat (lantaldeko peoia), E mailakoa. Lanpostua betetzeko, bada, errelebo-kontratu bat sinatuko da, udal honetako langile baten ordez aritzeko, hark adinagatik erretiroa hartzen duen arte, bat etorriz lan arloko legedian eta gizarte segurantzaren arlokoan xedatuta dagoenarekin eta erretiro partzialari aplikatzekoa denarekin. Lanaldi osoan jardunen du, plantillako lan-kontratudun finkoa izanen da, eta indarrean dagoen legediaren, lanpostuen zerrendaren eta udal aurrekontu orokorraren araberako ordainsariak jasoko ditu.
Bigarrena.–Deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orriko iragarki-taulan argitaratzea.
Alesbesen, 2025eko apirilaren 2an.–Alkate udalburua, M. Carmen Segura Moreno.
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehena.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat (lantaldeko peoia), E mailakoa. Lanpostua betetzeko, bada, errelebo-kontratu bat sinatuko da, udal honetako langile baten ordez aritzeko, hark adinagatik erretiroa hartzen duen arte, bat etorriz lan arloko legedian eta gizarte segurantzaren arlokoan xedatuta dagoenarekin eta erretiro partzialari aplikatzekoa denarekin. Lanaldi osoan jardunen du, plantillako lan-kontratudun finkoa izanen da, eta indarrean dagoen legediaren, lanpostuen zerrendaren eta udal aurrekontu orokorraren araberako ordainsariak jasoko ditu.
Lanpostuak 20 zenbakia du 2024. urterako onetsitako plantilla organikoan, plantilla organikoaren hasierako aldaketaren erabakiaren arabera (argitaratu zen 2025eko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 3an). Lanpostuak ditu %15eko mailako osagarria, %15eko lanpostuko osagarria, %6,3ko arriskuko osagarria eta %5,5eko lanaldiaren luzapeneko osagarria.
Izendatzen denak udal lantaldeko E mailako peoiaren eginkizunak beteko ditu (mantentze-lanak, kale-garbiketa, lorezaintza, makinen erabilera, jaiak, etab.).
Hautapen-prozesua gainditzen duten gainerako izangaiak lan-poltsa batean sartuko dira. Lan-poltsa erabiliko da etorkizunean izan daitezkeen premiei erantzuteko, errelebo-kontratua sinatu duenak uko egiteagatik edo bertzelako inguruabar batengatik. Lan-poltsa horrek egun dagoen bertze edozein ordezkatuko du.
Deialdia eta haren oinarriak udal honen web-orriaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
https://villafranca.sedipualba.es/
Deialdiaren lotutako hurrengo iragarkiak udal honen web-orrian argitaratuko dira.
Bigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.
Hautapen-prozesua, oinarri hauetan berariaz xedatua ez dagoen orotan, arau juridiko hauen arabera arautuko da:
–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak.
–2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.
8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina.
Hirugarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Oposizioan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.
Parte har dezakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun funtzionala izatea.
c) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
d) Eskola Ziurtagiriaren edo baliokidearen jabe izatea.
e) Ez egotea deialdiaren bidez eskuratu nahi den lanbide-kategoriari dagozkion eginkizunak betetzeko desgaitua epai irmoagatik edo bidezko deklaratutako diziplinazko kaleratzeagatik. Bertze estatu bateko nazionalitatea izanez gero, ez egotea desgaitua edo antzeko egoera batean, edo diziplina-zehapenik edo antzekorik ez izatea, bere estatuan enplegu publikorako sarbidea, baldintza berdinetan, eragozten dionik.
f) B motako gidabaimena izatea.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak, kontratuak eta, aldi baterako kontatuan kasuan, kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.
Laugarrena.–Aukera berdintasuna.
Desgaitasuna duten pertsonek gainerako izangaien baldintza berberetan parte har dezakete hautaprobetan, hala xedatzen baita azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Foru Dekretuan (Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten du).
Desgaitasuna duten izangaiek autonomia erkidegoko edo estatuko administrazioko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, egiaztatzen duena, batetik, desgaitasuna dutela, eta, bertzetik, gaitasuna dutela deialdi honen bidez bete nahi den lanpostuari dagozkion betekizunak betetzeko.
Desgaitasuna duten izangaiek probak denboraren eta baliabideen aldetik egokitzeko eskatzen ahalko dute, eta hautapen-organoak egokitzapenok ezarriko ditu. Horretarako, interesdunek dagokion eskaera aurkeztu beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera.
Bosgarrena.–Eskabideak aurkeztea eta izangaiak onartzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartzeko eskabideak behar bezala bete beharko dira (II eranskina). Izangaiek adierazi beharko dute hirugarren oinarrian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Eskabideok udal honetako alkateari zuzenduko zaizkio, eta aurkeztuko dira erregistro orokorrean, Udalaren egoitza elektronikoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bertze edozein tokitan. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina zenbatzen hasita.
Eskabideak aurkezteko epea amaitua, alkateak, hilabeteko epean, gehienez, ebazpen bat emanen du, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko (zerrenda hori Udalaren web-orriaren iragarki-taulan argitaratuko da). Ebazpen horretan, bazterturik egonez gero, baztertzeko arrazoiak zein izan diren adieraziko da. Orobat, baztertutako izangaiei akatsak zuzentzeko eta erreklamazioak aurkezteko epea (bortz egun baliodun) emanen zaie ebazpen horretan.
Deialdian izangai bazterturik ez bada, behin betiko zerrenda argitaratuko da zuzenean, bai eta oposizioaldia hasteko eguna, ordua eta tokia ere.
Erreklamaziorik egonez gero, behin betiko zerrenda onesteko administrazio-egintzan bertan ebatziko dira. Behin betiko zerrenda, hain zuzen, behin-behinekoa bezala argitaratuko da. Ebazpen horretan bertan adieraziko da lehenengo proba noiz, non eta zein ordutan eginen den. Edonola ere, ebazpena argitaratu eta gutxienez 10 egun baliodun igaro eta gero eginen da.
Erreklamaziorik ez badago, behin-behineko zerrenda automatikoki hartuko da behin betikotzat, eta inguruabar horren berri emanen da aurreko paragrafoan adierazitako iragarkian.
Behin betiko zerrenda onesteko ebazpenaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa edo, Nafarroako Administrazio Auzitegian gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, hilabeteko epean, argitaratzen denetik, edo, bertzela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bat etorriz ezarrita dagoenarekin uztailaren 13ko 29/1998 Lege indardunean (lege horren bidez arautzen da Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa).
Egitezko akatsak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.
Seigarrena.–Hautapen-organoa.
Honako kide hauek osatuko dute hautapen-organoa, baina behin betiko osaera zehazten ahalko da izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean. Kideok botoa eta hitza izanen dituzte.
–Epaimahaiburua: Alesbesko alkatea. M. Carmen Segura Moreno; edo legez haren ordezkoa dena.
–Epaimahaikidea: Ignacio Peralta Fernández, lantaldeko arduraduna; edo legez haren ordezkoa dena.
–Epaimahaikidea: Iñaki García Díaz, Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua; edo legez haren ordezkoa dena.
–Epaimahaikidea: Luis Ángel Pascual Álvarez, Udaleko uren zerbitzuko ofiziala; edo legez haren ordezkoa dena.
–Epaimahaikidea: Josué Soret Sánchez, Udaleko funtzionarioen ordezkaria; edo legez haren ordezkoa dena.
–Idazkaria: Udaleko idazkaria; edo legez haren ordezkoa dena.
Hautapen-epaimahaiko kideak erantzule izanen dira deialdiaren oinarriak zorrotz betetzearen gainean, bai eta probak egin eta baloratzeko eta emaitzak argitaratzeko ezarritako epeak betetzeari dagokionez ere.
Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organo horren osaerak balio dezan, bertan epaimahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
Onartutako eta baztertutako izangaien zerrenda behin betiko onesten duen ebazpenean bertan zehaztuko da hautapen-organoaren osaera, kideen errekusazioa sustatzeko, hala badagokio.
Hala eskatzen duten probetarako, hautapen-organoak laguntzaileak edo espezialistak izendatzen ahalko ditu. Laguntzaile horiek epaimahaiaren zuzeneko zuzendaritzaren eta kontrolaren pean egonen dira beti, eta beren espezialitate teknikoei lotutako zereginetara mugatuko dira. Hala, hautapen-organoarekin lankidetzan arituko dira, hitzarekin baina botorik gabe. Aholkulariek eta espezialistek hautapen-organoko kideen abstentzio- eta errekusazio-arrazoi berberak izanen dituzte.
Ezinen dira hautapen-organoko kide izan dagokion deialdia argitaratu aurreko bortz urteetan izangaiak hautaprobetarako prestatzeko ikastaroak eman dituztenak edo horiei lotutako lanak egin dituztenak.
Alkateak hautapen-organoko kideei eskatzen ahalko die berariazko adierazpen bat aurkez dezatela, frogatzeko ez daudela legez aurreikusitako abstentzio-arrazoiren baten pean. Halaber, abstentzio-kausaren bat dutenek alkatetzari jakinarazi beharko diote, gehienez ere 5 egun balioduneko epean.
Zazpigarrena.–Hautapen-prozesuaren egutegia.
Udalaren web-orriko iragarki-taulan argitaratuko da lehen proba zer egunetan eginen den.
Hautaprobak hasita, Udalaren web-orrian argitaratuko dira gainerakoak non eta zein ordutan eginen diren zehazteko iragarkiak. Iragarki horiek gutxienez 12 ordu lehenago argitaratu beharko dira ariketa berari buruzkoak direnean, eta 48 ordu lehenago bertze ariketa bati buruzkoak direnean.
Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek proba egiteko eskubidea galduko dute baldin eta dagokion tokian agertzen badira proba hasita dagoela edo agertzen ez badira, nahiz eta arrazoi justifikaturen bat eduki. Banakako eta ondoz ondoko probak direnez, hautapen-organoak alegatutako arrazoiak kontuan hartzen ahalko ditu eta, ondorioz, izangaia onartu. Dena den, horretarako, probak ezin dira amaituta egon eta onartzeak ezin du urratu gainerako izangaiekiko berdintasun-printzipioa.
Hautapen-organoak edozein unetan eskatzen ahalko die izangaiei beren nortasuna frogatzeko. Horretarako, NANa edo, halakorik ezean, nortasuna frogatzen duen bertze agiri ofizialen bat eraman beharko dute.
Zortzigarrena.–Oposizioaldia.
Gehienez 80 puntu emanen dira.
Proba praktikoa: 80 puntu.
Proba teoriko-praktiko bat edo gehiago eginen dira, arlo hauetakoak: lorezaintza, mantentze-lan orokorrak, garbiketa, obrako makineria arin edo ertaina maneiatzea, edota bertzelako edozein, betiere lanpostuaren eginkizunekin zerikusia dutenak.
Gehienez ere 80 puntu eskuratzen ahalko dira, eta bazterturik geldituko da gutxienez 40 puntu erdiesten ez dituen izangaia.
Kasu batean zein bertzean, ariketa lotuta egonen da bete beharreko eginkizunekin eta I. eranskinean zerrendatutako gai espezifikoekin.
Bederatzigarrena.–Lehiaketaldia.
Gehienez 20 puntu emanen dira.
Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin soilik.
Horretarako, merezimenduak justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte hautapen-prozesu honetan parte hartzeko eskabidearekin batera.
Hautatzen den izangaiak merezimenduak justifikatzeko jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu, Tokiko Gobernu Batzarrak lanposturako izendapena egin aurretik konpultsatu daitezen.
Merezimendu hauek baloratuko dira:
1.–Egindako zerbitzuak: Soilik baloratuko dira behar bezala egiaztatutako zerbitzuak (horretarako, ziurtagiri ofizialak beharko dira).
1.1. Okupatu nahi den lanpostuaren kategoria berean edo goragoko batean lan egin izana edozein administrazio publikotan: 0,20 puntu hilabete bakoitzeko.
1.2. Okupatu nahi den lanpostuaren kategoria berean edo goragoko batean lan egin izana sektore pribatuan: 0,10 puntu hilabete bakoitzeko.
Egindako zerbitzuak egiaztatzeko, dagokion enpresa edo erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko da; ziurtagiri horretan agertu behar dira, gutxienez, betetako lanpostua eta lan harremanaren iraupena, ez baita aski izanen lan bizitza aurkeztea.
Norberaren kontura emandako zerbitzuen kasuan, Jarduera Ekonomikoetan eta Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion Mutualitatean alta emanda egotea edo egon izana frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
Hamargarrena.– Lehiaketaldiaren kalifikazioa.
Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin soilik.
Merezimenduak barematu ondoren, hautapen-organoak jendaurrean jarriko du izangaiek fase honetan lortutako puntuazioaren zerrenda, bai eta gainditu dutenena ere, guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta. 10 egun balioduneko epea emanen zaie baremazioaren inguruan egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak eta alegazioak egiteko.
Azken puntuazioa izanen da oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioen batura. Berdinketarik izanez gero, honela ebatziko dira:
–Lehenbizikoa: oposizioaldian puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.
–Bigarrena: merezimenduen baremazioan, eskarmentuaren atalean sektore publikoan izandako esperientziari dagokion puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.
–Hirugarrena: berdinketarik izanez gero, zozketa eginen da berdinduta dauden hautagaitzen artean.
Hamaikagarrena.–Gainditzen dutenen zerrendak.
Hautapen-organoak zerrenda hori igorriko dio alkateari, azken bilkurako aktarekin batera. Bertan, probak gainditu dituzten izangaiak agertuko dira. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.
Hamabigarrena.–Agiriak aurkeztea eta kontratatzea.
12.1. Gainditutakoen zerrenda udal honetako iragarki-tauletan argitaratu eta hogei egun balioduneko epean, lehenengo tokian agertzen den izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) NANa, jatorrizkoa, behar bezala konpultsatzeko.
b) Deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioaren fotokopia (eskola ziurtagiria edo horren baliokidea).
c) Merezimenduak egiaztatzeko jatorrizko agiriak, konpultsatzeko.
d) Zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazten duena ez dagoela deialdiaren bidez eskuratu nahi den lanbide-kategoriari dagozkion eginkizunak betetzeko desgaitua epai irmoagatik edo bidezko deklaratutako diziplinazko kaleratzeagatik.
e) Txosten medikoa, frogatzen duena ez duela dagozkion eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasunik edo akats fisikorik.
f) SEPEk emandako ziurtagiria, enplegu-eskatzaile izaera egiaztatzen duena. Baldintza hori betetzen ez bada, kontratazioa ez da bidezkoa izanen, eta hautaketa-prozesutik eratorritako eskubide guztiak galduko dira, eta, ondorioz, kontratatzeko eskubidea.
12.2. Ezarritako epearen barruan, ezinbertzeko kasuetan izan ezik, agiriak aurkezten ez badira, edo agiriok aztertuta hirugarren oinarrian adierazitako baldintzaren bat betetzen ez dela ikusten bada, ezin izanen da izendatu, eta, ondorioz, bere jarduerak baliogabeak izanen dira eta hautapen-organoaren egintzak baliorik gabe geratuko dira. Horrek ez du erran nahi, ordea, erantzukizunik izanen ez duenik eskabidea faltsutzeagatik.
12.3. Dokumentuak aurkezteko epea amaitutakoan, Tokiko Gobernu Batzarrak dagokion kontratazioa erabakiko du.
Hamahirugarrena.–Lan-poltsa.
Probak gainditu dituzten izangaiak lan-poltsa batean sartuko dira, lanpostu horretan gertatzen diren ordezkapenei eta gorabeherei erantzuteko. Lan-poltsa osatzen dutenei dei egiten ahal zaie lanpostu hutsa betetzeko edo lanpostuan aldi batez aritzeko, dela gaixotasun bajengatik, lizentziak hartzeagatik, asistentzia-dispentsengatik edo eta plaza erreserbatzeko eskubidea duten bertze kasu batzuengatik.
Lan-poltsa osatzen dutenei deituko zaie puntuazioaren arabera, puntuazio handienetik txikienera.
Lan-poltsetan egoteak ez dakar izendapena lortzeko inolako eskubiderik. Izangaiei aldi batez lan egiteko dei eginen zaie, lanpostuan aritu daitezen hura uzteko arrazoiak irauten duen bitartean. Kontratua formalizatzeko zehazten zaien dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 4. oinarrian aipatutakoa barne.
Lanean hasten denetik, langileak lan-kontratuan ezarritako probaldia gainditu beharko du, gehienez ere hilabetekoa, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, gerta liteke lanean aritzea epe laburrago batean; kasu horretan denbora hori metatu eginen da probaldia osatu arte.
Dei hauek egiten dira, hain zuzen, lanean lehenbailehen hasteko. Hortaz, ahalik eta eraginkorrenen izateko, Alesbesko Udalak eginen ditu deiok eta prozesuan egindako urrats bakoitza jaso beharko du espedientean. Hala, izangaiari dei eginen dio eta/edo mezu elektroniko bat bidaliko dio, horretarako erabiliz hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidean adierazitako telefono zenbakia edo helbide elektronikoa. Izangaiek arduratu beharko dute telefono zenbakiak edo helbide elektronikoak eguneratzeaz, hala behar denean. Horretarako, dagokion informazioa eman beharko dute, noiznahi, udal bulegoetan. Behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan, Udalak bertze prozedura batzuk ezartzen ahalko ditu.
Kontratua egiteko deia egin eta interesdunak ez badu adierazten, ezarritako epearen barnean, lanpostua onartzen duen edo hari uko egiten dion, zerrendaren azken tokira igaroko da hurrengo kontrataziorako. Bigarrenez uzten badio erantzuteari, ulertuko da uko egiten diola eskainitako lanpostuari, eta horrek ekarriko du automatikoki ematea baja poltsan, salbu eta kasu hauetan:
Haurdun egotea, amatasun edo aitatasun bajan edo antzeko egoeraren batean.
Gaixorik egotea.
Kasu horietan, poltsan hurrengoa denari dei eginen zaio, eta aipatutako arrazoiren batengatik eskaintzari uko diona poltsako lehenbiziko tokian geratuko da hurrengo kontratazio-eskaintzari begira.
Poltsatik kanpo hamabi hilabete baino gutxiago egin dutenak, poltsara itzultzean, hasieran zeukaten tokian geratuko dira, eta denbora gehiago eman dutenak poltsatik kanpo, aldiz, poltsako azken tokian geratuko dira.
Behin kontratua sinatuta hari uko eginez gero, horrek ekarriko du lan-poltsatik kanpo geratzea.
Lan-poltsa indarrik gabe geratuko da kontratuaren hasieratik hiru urte iraganik.
Hamalaugarrena.–Gorabeherak.
Baimena ematen zaio hautapen-organoari sortzen ahal diren zalantzak argitzeko, deialdi honetako oinarriak interpretatzeko eta hautapen-prozesua behar bezala gauzatzeko erabakiak hartzeko.
Hamabosgarrena.–Oinarrien izaera loteslea.
Oinarri hauek lotesteak dira Udalarendako, hautapen-organoarendako eta hautaprobetan parte hartzen dutenendako. Interesdunek deialdiaren eta hautapen-organoaren jardunaren ondoriozko oinarriak eta administrazio-egintza guztiak aurkaratzen ahalko dituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako kasuetan, epeetan eta moduan.
Hautapen-epaimahaiko kideak erantzule izanen dira deialdiaren oinarriak zorrotz betetzearen gainean, bai eta probak egin eta baloratzeko eta emaitzak argitaratzeko ezarritako epeak betetzeari dagokionez ere.
Administrazio bideari amaiera ematen dioten oinarri hauen aurka, honako errekurtso hauek jar daitezke, hautara: berraztertzeko errekurtsoa, udal honetako alkateari zuzendua, jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik hilabeteko epean, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 123. eta 124. artikuluei (foru lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea); edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik hasita, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluari (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea). Interesdunek egokitzat jotzen duten bertze edozein bidezko errekurtso jartzea deusetan galarazi gabe.
Alesbesen, 2025eko apirilaren 4an.–Alkatea, M.ª Carmen Segura Moreno.
I. ERANSKINA.–PROGRAMA
–Erremintak, oinarrizko materialak eta lanak: garbiketa, lorezaintza, pintura eta eraikinen mantentzea.
–Obrako makineria arina eta ertaina maneiatzea, eta traktorea, garabi teleskopikoa eta eskorga gidatzea.
–Norbera babesteko ekipamenduen erabilera eta laneko arriskuen prebentzioa.
II. ERANSKINA.–PARTE HARTZEKO ESKAERA
Iragarkiaren kodea: L2505269
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
