Iragarkia
80. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BERA
Deialdia, garbiketako langileen bi lanpostu betetzeko, euskaraz jakin beharrekoak, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratudunen araubidean
Alkatetzaren 2025eko apirilaren 2ko 81. Ebazpenaren bidez, onetsi dira deialdia eta oinarriak oposizio-lehiaketa bidez bete daitezen garbiketako langileen bi lanpostu, euskaraz jakin beharrekoak, lan-kontratudunen araubidean.
Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko araudian xedatuarekin eta oinarri hauetan ezartzen denarekin:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Berako Udaleko garbiketako langileen bi lanpostu, euskaraz jakin beharrekoak, Berako Udalaren zerbitzura. Plantilla organikoan 17 eta 20 zenbakiak dituztenak. 31/2022 Legearen 20.2.4 artikuluko berariazko ordezte-tasa gehigarria, eta sartuta daude urte anitzeko plangintza-tresnan eta 2024rako enplegu publikoaren eskaintzan.
1.2. Izendapenak Berako Udaleko lan-kontratudun finko bilakatuko ditu izendatuak, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko dira eta, kasua bada, hartan alta emanen, lanpostuaren jabetza hartzen dutenetik aurrera.
1.3. Lanpostuek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen E mailari dagozkion ordainsariak izanen dituzte. Plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere izanen dituzte.
1.4. Lanaldi osoa izanen da. Urteko lanaldia izanen da zerbitzu osagarrietako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.5. Hautatzen diren pertsonek bete beharreko eginkizunen artean hauek daude, bertzeak bertze: eraikin eta lokaletako eta bide publikoko zoruak eta altzariak garbitzea, horretarako erabiliz haien higienizazioa eta kontserbazioa bermatzeko teknika, lanabes eta produktu egokiak, jarraikiz laneko segurtasun eta osasunaren arloan aplikatzekoak diren arauei, eta, orokorrean, gaur egun nahiz etorkizunean E mailari egokitzen zaizkion lanak (etorkizunean egokitzen zaizkionak, ofizio eta lanbideen eta maneiatzen diren erreminta eta lanabesen bilakaeraren ondorioz eta antolakuntza sistemetan eta egiten diren zerbitzuen osagaietan izaten diren aldaketen ondorioz). Horiek guztiak egonen dira Berako Udalak egokitzat jotzen dituen zerbitzu-beharren eta interes publikoaren mende.
1.6. Halaber, deialdi honen xedea da zerrenda bat egitea, hautapen-prozesuan plazarik eskuratzen ez dutenekin, jarraikiz aldi baterako kontratatzeko, deialdiaren 7.2 oinarriari.
2.–Baldintza orokorrak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
d) Gutxienez ere eskola ziurtagiria edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria.
e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea izatea.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
f) Eskatzen den euskararen jakite-maila egiaztatzen duen ziurtagiria edukitzea: B2 ahozko gaitasunean eta B1 idatzizko gaitasunean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Erakunde ofizial batek emaniko ziurtagiria izanen da, edo ofizialki baliokidetzat onartutako bertze titulazioren bat.
Euskara maila hori frogatzeko bertze bide bat izanen da, orobat, proba egitea (Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bidez edo Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikarien bidez). Kasu honetan, aipatutako proba egin nahi dutenek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean, horretarako jarritako tokian. Proba hori eginen da oposizioko probak hasi baino lehen.
2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aurreko betebeharrak, deialdi honen bederatzigarren oinarriak xedatzen duen maneran eta epean. Hori dena bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean eta oposizio prozedura osoan, izendapen eguna arte bete ere.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezten ahalko dira Berako Udalaren erregistro orokorrean (Herriko Etxeko plaza 1), egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.bera.eus) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean, eta azken eguneko 13:30 arte. Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.
Eskaera postetxe batean aurkeztea erabakitzen bada, honako aukera hauek izanen dira:
–Bide telematikoz bidaltzea, Erregistro Birtualeko Bulegoaren bidez, destinoko Kode Digital honetara: L01312508 - Berako Udala.
–Gutun-azal irekian aurkeztea, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik. Horrez gainera, frogagiria bidali beharko da mezu elektroniko bidez, helbide honetara: bera@bera.eus. Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da eskabidea onartuko.
Eskabideak lotu behar zaizkio deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari. Haietan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatutako baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.2. Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren (NANa) fotokopia, edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena (AIZa).
b) Deialdi honen 2. oinarrian eskatzen diren titulazioen fotokopiak.
c) Eskatutako euskara-maila frogatzen duen agiria (B2 ahoz eta B1 idatziz).
d) Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.5. Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Berako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Berako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan argitaratzeko. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Berako Udaleko Erregistro Orokorrean.
4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta halakorik egon bada haiei erantzun ondoren, Berako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Aitor Elexpuru Egaña, Berako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Inés R. Matxiarena Aldalur, Berako Udaleko alkateordea.
1. epaimahaikidea: M. Dolores Oyarzabal Zubieta, Berako Udaleko kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Iñigo Urdangarín Zurutuza, Lesakako Udaleko kontu-hartzailea.
2. epaimahaikidea: Gonzaga J. Aristondo Cartagena, Udaleko arkitekto teknikoa.
Ordezkoa: Miren Arantzazu Iriarte Loiarte, Berako Udaleko administraria.
3. epaimahaikidea: Raúl Iglesias Álvarez, kultura-koordinatzailea, Berako Udaleko langileak ordezkatuz.
Ordezkoa: Mattin Leiza Larralde, udal-agentea, Berako Udaleko langileak ordezkatuz.
4. epaimahaikidea: Miguel J. Belarra Tellechea, Berako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: M. José Larráyoz Ariztegui, Lesakako Udaleko idazkaria.
Kalifikazio-epaimahaiko idazkari-lanak epaimahaiko kideren batek eginen ditu, eta behar diren aktak eginen ditu, epaimahaiko kide guztiek sina ditzaten.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin eta aipatutako egoerak gertatzen badira, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Araudian xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere 2 hilabete iragandakoan. Lehiaketaldia eginen da lehenik, eta ondotik, berriz, oposizioaldia, oinarri hauetan zehaztu bezala.
6.2. Atariko fasea: euskara proba.
Lehiaketaldia hasi baino lehen, euskara proba, baztertzailea, eginen dute izangaiek, baldin ez badute agiri bidez frogatu deialdi honen oinarrietan eskatutako jakite-maila. Proba horretan, idatzizko eta ahozko ariketak eginen dira, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den ala ez, B2 hizkuntza mailari dagokionez ahozkoan eta B1 hizkuntza mailari dagokionez idatzizkoan. Proba horiek Euskarabideko langileek edo Bortzirietako Euskara Mankomunitateko langileek eginen ahalko dute.
6.3. Lehiaketaldia.
Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 30 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:
6.3.1. Esperientzia (20 puntu gehienez).
1.–Udaletan emandako zerbitzuak, garbitzailearen lanpostuan: 4 puntu urteko.
2.–Bertze toki-erakunde batzuetan emandako zerbitzuak eta tokiko sektore publikoko bertze erakunde edo entitate batzuetan emandako zerbitzuak, baldin eta horiek administrazio publikoaren kontzeptuan sartzen badira, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea) eta horrekin bat datozen xedapenen arabera, garbitzailearen lanpostuan: 2 puntu urteko.
3.–Bertze administrazio publiko edo enpresa pribatu batzuetan emandako zerbitzuak, garbitzailearen lanpostuan: 1 puntu urteko.
Zerbitzuak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiri baten bidez. Ziurtagirian agertu beharko dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta bukaera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota. Baldin deialdia egiten duen toki-erakundeari berari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.
Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.
Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da, orobat. Zerbitzuak bete izana frogatzen duten agirietan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ziren, eta lanaldi murritza bazen, zenbatekoa zen.
Aurreko ataletako merezimenduak baturik, gehienez 20 puntu eskura daitezke.
6.3.2. Prestakuntza (10 puntu gehienez).
Lanpostuari dagozkion gaiei buruzko prestakuntza, hobekuntza eta espezializazioko ikastaroak, erakunde eta zentro ofizialek emanak edo homologatuak, eta Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzako ekintzak, baldin eta deialdia argitaratu aurreko 10 urteetan egin badira; prestakuntza-ordu bakoitzeko: 0,25 puntu.
Prestakuntzako merezimenduak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiri baten bidez. Ziurtagirian datu hauek agertu beharko dira: ikastaroaren iraupena eta izena eta emandako ikasgaiak. Programa edo eskola-orduen iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
Atal honetan ez dira baloratuko 5 ordutik beherako iraupena duten ikastaroak, ez eta titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ere (unibertsitatekoak nahiz unibertsitatetik kanpokoak).
Atal honetako merezimenduak baturik, gehienez 10 puntu eskura daitezke.
6.3.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.
Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak, baremoaren atal bakoitzerako. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu gabeko edo agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan ezarritakoez bertzelako merezimendurik ere, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.
Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.
6.3.4. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.bera.eus) argitaratuko du izangaien zerrenda, eskuratzen dituzten puntuazioekin batean.
Behin-behineko kalifikazio horien aurka, alegazioak aurkezten ahalko dira bortz egun naturaleko epean.
6.4. Oposizioaldia.
Oposizioaldiak hiru proba izanen ditu. Egun desberdinetan eginen dira, eta behar bezala iragarriko dira.
6.4.1. Lehen proba: test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Lau aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena.
Ariketa honetan, gehienez, 40 puntu eskuratzen ahal dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.4.2. Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa izanen da, eta idatziz garatu eta ebatzi beharko dira epaimahaiak proposatuko dituen kasu praktiko bat edo batzuk, deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz.
Ariketa honetan, gehienez, 20 puntu eskuratzen ahal dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.4.3. Hirugarren proba: proba psikoteknikoa.
Proba psikoteknikoak egin beharko dira, neurtzeko izangaiak noraino egokitzen zaizkien lanposturako zehazturiko ezaugarri profesiografikoaren eskakizunei.
Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen ditu, edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.
Proba psikoteknikoei gehienez 10 puntu emanen zaizkie. Bazterturik geldituko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.4.4. Probak egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko bertze materialik ere. Mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza soilik erabiltzen ahalko da. Izangaiek oharrak kopiatzen badituzte edo bertzelako iruzurrik egiten badute, berehalakoan baztertuko dira probetatik.
Kalifikazio-epaimahaiak ezarriko du proba horien gehieneko iraupena, hasi baino lehen. Probaren bat edo proben atalen bat euskaraz egiten ahalko da.
6.4.5. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.bera.eus) argitaratuko du kalifikazioen zerrenda eta, era berean, gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua adieraziko ditu.
Behin-behineko kalifikazio horien aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte 5 egun naturaleko epean.
6.4.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen bertze identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.
7.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak iragarki-taulan jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren ordenan, eta igorriko du puntuaziorik handiena eskuratu duten 2 izangaiaren aldeko izendapen proposamena.
Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko lehen ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinduta segituz gero, bigarren ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan eta, azkenik, berdinketak badirau, jendaurreko zozketa eginen da.
7.2. Epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaileen behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Berako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan, eta izangaien zerrenda alkateari igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark behar den izendapen proposamenaren ebazpena eman dezan eta, gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.
Gainditu duten gainerako izangaiak, lortutako puntuazioaren arabera, Berako Udalaren kontratazioetarako zerrenda batean sartuko dira, Udalak ematen dituen zerbitzuetan sortzen ahal diren premiei erantzuteko kontratazioak egiteko, jarraikiz xedatuta dagoenari deialdi honen 1.6 oinarrian.
8.–Agiriak aurkeztea.
8.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Berako Udalaren erregistro orokorrean:
a) Nortasun agiri nazionalaren (NAN) fotokopia konpultsatua, edo bertze agiri bat, frogatzen dituena izangaien nazionalitatea eta nortasuna.
b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.
c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
8.2. Epe horretan, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, salbu behar bezala frogatutako ezinbertzeko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta indarrik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.
8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, Alkatetzak hutsunea beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
9.–Izendapena eta kontratazioa.
9.1. Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Berako Udaleko garbiketako langile izendatuko ditu aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duten izangaiak.
9.2. Izendapenak eta kontratazioak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
9.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean formalizatu beharko dute kontratua eta hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, kontratazioa jakinarazten zaienetik hasita. Epe horretan, ezinbertzeko arrazoiak salbu, kontratua formalizatzen ez badute, Berako Udaleko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Halakorik gertatzen bada, 8. oinarrian xedaturikoari jarraikiko zaio.
10.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.
10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.6 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratuko da:
–Zerrenda nagusia, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
–Erreserba-zerrenda, oposizioaldiaren lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.
Honela zehaztuko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan:
–Probak gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera (lehiaketa + oposizioa).
–Gainerako izangaien kasuan, oposizioko lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera.
Hautagai bi edo gehiagoren artean berdinketa gertatuz gero, zozketa eginen da.
Izangaiei dei egiten zaienean, garbiketako langileen lanpostua aldi baterako betetzeko, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte, eta frogatzen badute desgaitasuna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin.
10.2. Deitzea.
10.2.1. Zerbitzuaren beharren arabera kontratatuko dira probak gainditu dituzten izangaiak, oro har, aurretiaz banakako deiak eginik.
10.2.2. Izangaiek, azkar lokalizatuak izateko, ematen ahalko dituzte harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki, eta eguneraturik eduki beharko dituzte beti.
Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengo denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, izangai horiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.
10.3. Uko egiteak.
10.3.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasatuko da, ez bada frogatzen honako egoera hauetakoren batean dagoela:
a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Baja-egoeran egotea, gaixotasun baten ondorioz.
c) Izendatua edo hautatua izatea kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako, eta, horren ondorioz, bateraezintasuna izatea bere eginkizunetan aritzeko; aukeratua izatea administrazio publiko batean aritzeko, izendapen libreko plaza batean; edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratu izana, konstituzio organoetan parte hartzeko, edo bertze postu batean aritzeko, ganbera batek hautatu behar duenean.
d) Ezkontzearen edo bikote egonkor izatearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen ari izatea, arau honekin bat: otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua.
e) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hil izana, edo gaixotasun larri bat izatea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.
f) Amatasun, aitatasun edo adopzio nahiz harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.
g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian egotea.
h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen norbait, %33ko edo hortik gorako minusbaliotasuna duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.
i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.
j) Izangaiak hala erabakitzea, urtebeteko epearen barnean genero-indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.
k) Erakunde ofizial baten beka bat jaso izana.
10.3.2. Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu gabeko lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori egiaztatzeko agiriekin eta modu frogagarrian. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
10.3.3. Lehen aipatutako kasuetan, izangaiek komunikatu beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, ulertuko da eskainitako kontratuari uko egiten diola, bidezko arrazoirik gabe, deiaren egunetik hasita.
Era berean, hautagaiak edozein unetan jakinarazi ahalko dio Berako Udalari prestasunik ez izateko edozein kausatan dagoela, eta jakinarazpena egiten den unean egiaztatu beharko du.
10.4. Zerrendatik kanporatzea.
10.4.1. Deia eragin duen zerrendatik kanpo geldituko dira honako egoera batean dauden izangaiak:
a) Ez betetzea baldintza orokorrak eta titulazioari lotutakoak, ez eta lanpostuan jarduteko beharrezkotzat jotzen diren gainerakoak ere.
b) Desgaitua egotea lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko, edo edozein administrazio publikotatik kendua izatea diziplinako espediente baten bidez, egoera horrek irauten duen bitartean.
10.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:
Kanporatzeko kausaren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta, 10 eguneko entzutea eman ondoren, bidezkoa denean, izangaia kanporatzeko proposamena eginen dio Berako alkateari.
Alkateak izangaiak kanporatzeko ebazpen bat emanen du, aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio 10 eguneko epean gehienez, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.
Kanporatzeko prozedura izapidetu bitartean, ulertuko da izangaia ez dagoela kontratatzeko moduan.
10.4.3. Honako hauetakoren bat egin duten izangaiek galdu eginen dute zerrendan zeukaten tokia, eta igaroko dira zerrendetako azken tokira:
a) Uko egitea, justifikatu gabe, eskainitako lanpostuari edo bi lan-eskaintzari.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
c) Sinatutako kontratuari uko egitea.
d) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.
11.–Datuen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna: Berako Udala.
Datuak babesteko ordezkaria: dpd@bera.eus.
Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
Datuak gordeko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bertzalde, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak bete beharko dira.
Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuetan sartzeko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezerezteko ere.
Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza-elektroniko honetara: www.agpd.es.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Beran, 2025eko apirilaren 2an.–Alkatea, Aitor Elexpuru Egaña.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETE DAITEZEN GARBIKETAKO LANGILEEN BI LANPOSTU, EUSKARAZ JAKIN BEHARREKOAK, LAN-KONTRATUDUNEN ARAUBIDEAN ETA BERAKO UDALAREN ZERBITZURA
I.–Hautapen-prozesua:
Deialdia egiten duen erakundea: Berako Udala.
Lanpostuaren izena: garbiketako langilea.
II.–Datu pertsonalak:
Deiturak eta izena: ..........................................................................................................................
NANa: ......................................................................................................................................................
Helbidea: ............................................................................................................................................
1. telefonoa: ........................................................... 2. telefonoa: ............................................................
Posta elektronikoko helbidea: .................................................................................................................
–Bitarteko elektronikoak: jakinarazpen telematikoa: BAI/EZ.
–Adierazitako posta-helbidean jakinaraztea: BAI/EZ.
Bitarteko elektronikoak aukeratzen badituzu, bide hori erabiliko da eskabide honekin lotutako edozein komunikazio edo jakinarazpen egiteko, eta jakinarazpenak behar bezala egintzat joko dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, harik eta berariaz jakinarazten duzun arte jakinarazpenak posta-helbidearen bidez egitea nahi duzula.
III.–Aditzera ematen dut:
–Desgaitasun-baldintzak:
Aitortua DUT / EZ DUT desgaitasun bat, honako maila honetakoa: % ..............(e)koa eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dut.
–Euskararen jakite-maila frogatzea:
Titulua erantsi da.
Ezin dut aurkeztu euskararen jakite-maila frogatzen duen agiririk, eta, bete beharreko baldintza izanik, konpromisoa hartzen dut eginen diren egiaztatze probetara aurkezteko.
Horiek horrela, ADITZERA EMATEN DUT:
1. Betetzen ditut hautapen-prozesuan parte hartzeko baldintza guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatu bezala.
2. Ez nago kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
3. Ez dut indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasun edo bateraezintasunerako berariazko kausarik.
4. Errealitatearen isla zehatza dira alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak.
Horregatik guztiagatik,
ESKATZEN DUT onar nazatela eskabide honetan aipatzen den deialdian.
Eguna eta sinadura
Deklaratzen duenak baimena ematen dio toki-erakundeari, jarraikiz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa), tratatu daitezen espedientean eta izapideetan jasota dauden bere datuak, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei erraztea dagozkien kudeaketa-, egiaztapen- eta jarraipen-prozedurak kontrolatzea eta hobetzea. Halaber, deklaratzen duenak badaki, aipatutako lege organikoaren arabera, toki-erakundearengana jo dezakeela, baldin bere eskubidea erabili nahi badu datu horiek ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko, idatziz, eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen frogarekin, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paratuz.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Oinarrizko kontzeptuak garbiketari buruz, zoru-motak eta zoruen fitxa teknikoak.
2.–Garbiketa sistemak: zorua edo zoladura, eskailerak, altzariak, hormak eta zokaloak, kristalak, leihoak eta ispiluak.
3.–Administrazioaren eraikinak garbitzea: administrazio eremuak, bulegoak, ikasgelak eta laborategiak, egongelak eta itxarongelak, atarteak eta korridoreak. COVID-19a dela eta, zentro publikoen garbiketa neurriak.
4.–Bainugela eta komun publikoak garbitzea.
5.–Oinarrizko tresnak eta lanabesak garbiketarako.
6.–Produktu kimikoak garbiketan: tipologia, ontziak, etiketak, datu-fitxak, piktogramak eta ohartarazpen-hitzak, zuhurtasun-gomendioak, dosifikazioa, biltegiratzea, manipulazioa eta ontziz aldatzea.
7.–Garbiketaren alderdi ekologikoak. Hondakinen ezabatzea.
8.–Laneko arriskuen prebentzioa: arriskuak eta prebentzio neurriak garbiketa lanetan; norbera babesteko ekipamenduak.
9.–Berako geografia (mendiak, ibaiak...). Berako mugak. Berako kaleak, auzoak, alderdiak eta eraikin bereziak.
Iragarkiaren kodea: L2505110
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
