Iragarkia
80. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
250E/2025 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Los Corrales Energy SLUk sustatuta, Uxue, Pitillas eta Erriberri udalerriei eragiten dien "La Blanca" parke eolikoaren proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena –SET-Ampliación Promotores Olite azpiestaziorainoko ebakuazio azpiegitura barne–.
Dituen ezaugarriak direla-eta, proiektua Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 3. taldean –Industria Energetikoa, i)– jasotzen da, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaio.
1.–Aurrekariak.
2018ko urriaren 4an, Nafarroako Gobernuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena egin zuen, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluaren arabera. Bertan, "Los Corrales" parke eolikoaren proiektuaren (Uxue eta Pitillas udalerrietan kokatutako 2,0 MW-ko 40 aerosorgailu) ingurumen inpaktuaren azterketak izan behar zituen balioei, zabalerari eta xehetasun mailari buruzko informazioa eman zuen, bai eta sustatzaileak kontuan hartu beharreko beste inguruabar, arau edo informazio batzuei buruzkoa ere (espedientea: 0003-0226-2018-000016).
2019ko azaroaren 25ean, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak irismen txostena egin zuen, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluaren arabera, Uxue udalerriko ingurune bereko «Uxueko mendilerroa» parke eolikoaren proiekturako (24 aerosorgailu, eta guztira 100 MW-ko potentzia instalatua) (espedientea: 0001-0034-2019-000015).
2021eko maiatzaren 21ean, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak txostena egin zuen, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluaren arabera. "Los Corrales" parke eolikoaren proiektuaren kontrako txostena zen –haren ebakuazio azpiegitura barne– (17 aerosorgailu Uxue eta Pitillas udalerrietan, eta guztira 58,65 MW-ko potentzia instalatua), hura egikaritzeak inguruneko natura balioetan eta ingurumen baldintzetan galera eta aldaketa iraunkorrak eraginen lituzkeela iritzita (espedientea: 0001-0035-2021-000014).
2021eko abuztuaren 25ean, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak txostena egin zuen, Green Capital Power SLU sustatzaileak 2021eko maiatzaren 21eko txostenari emandako erantzunarekin ados zegoen edo, hala badagokio, objekzioak edo kexak zituen adierazteko. Sustatzaileak alegatutako erantzunek ez zituzten aldatu Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak bere garaian egindako gogoetak. Zuzendaritza horrek berriz ere ondorioztatzen du "Los Corrales" parke eolikoaren proiektuak (58,65 MW) –haren ebakuazio azpiegitura barne–, natura balioetan eta ingurumen baldintzetan galera eta aldaketa iraunkorrak eraginen lituzkeela, eta, ondorioz, ingurumenarekin bateraezina dela (espedientea: 0001-0035-2021-000045).
2021eko urriaren 20an, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak txostena egin zion organo substantiboari, Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37. artikuluaren arabera. "Los Corrales Ampliación" parke eolikoaren proiektuaren kontrako txostena zen (6 aerosorgailu Uxue udalerrian, eta guztira 26,95 MW-eko potentzia instalatua) (espedientea: 0001-0035-2021-000047).
Era berean, 2021eko maiatzaren 13an, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Eraginaren Atalak txostena egin zuen, Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritakoaren arabera, aurrekoen eremu berean kokatuta dagoen «Vigas Altas» parke eolikoaren proiektuari buruz –lotutako ebakuazio azpiegiturak barne– (12 aerosorgailu Uxue eta Murillo el Fruto udalerrietan, eta guztira 50 MW-eko potentzia instalatua). Proiektu horrek polilinea, barne bideak, lerrokadurak eta aerosorgailuen gutxi gorabeherako kokapena partekatzen zituen "Los Corrales" eta "Los Corrales Ampliación" parke eolikoen proiektuekin. Txosten horren arabera, "Vigas Altas" parke eolikoaren proiektuak, ebakuazio azpiegitura barne, ingurumen ondorio garrantzitsuak ditu, eta horiek haren ingurumen bideragarritasuna baldintzatzen ahal dute (espedientea: 0003-0226-2021-000005).
2021eko abenduaren 28an, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak txostena egin zuen Green Capital Power SLU sustatzaileak 2021eko urriaren 20ko txostenari emandako erantzunarekin ados zegoen edo, hala badagokio, objekzioak edo kexak zituen adierazteko. Sustatzaileak aurkeztutako argudioek ez zuten aldatu Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak emandako txostenean adierazitakoa (espedientea: 0001-0035-2021-000091). Aurretik jakinarazitakoa berresten du, eta ondorioztatzen du "Los Corrales Ampliación" parke eolikoaren proiektuak galera eta aldaketa iraunkor handiak eraginen dituela ingurumen eta paisaia balioetan, eta, ondorioz, ingurumenarekin bateraezina dela.
2022ko abenduaren 2an, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak txostena egin zuen, Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37. artikuluaren arabera, Uxue, Pitillas eta Erriberri udalerrietako "Los Corrales Modificación" parke eolikoaren proiektuari buruz –ebakuazio azpiegitura barne– (17 aerosorgailu, eta guztira 85,5 MW-eko potentzia instalatua). Txosten horretan, ingurumen organoak irizten dio, proposamen berriak inpaktuak nabarmen murrizten baditu ere, aerosorgailu gehiegi direla eremu horretarako, fauna hegalariaren gainean eragina izateko arriskua nabarmena delako (espedientea: 0001-0035-2022-000086).
2.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.
2.1. Jendaurreko informazioa eta kontsultak.
2023ko maiatzaren 26an, sustatzaileak "La Blanca" parke eolikoaren eta haren ebakuazio azpiegituraren proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa aurkeztu zituen organo substantiboan ("Los Corrales Modificación" parke eolikoaren eremu berean dago parke hori), eta aurretiazko administrazio baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena lortzeko izapidea hasteko eskatu zuen.
Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Industriaren, Energiaren eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, eta jendaurrean jarri zituen "La Blanca" parke eolikoaren proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa –haren ebakuazio azpiegitura barne–. 2023ko uztailaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (151. zk.) argitaratu zen iragarkia. Aldi horretan 14 txosten edo alegazio aurkeztu dira, eta haien edukia ebazpen honetako I. eranskinean dago laburtuta.
2.2. Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera.
2023ko irailaren 22an, Los Corrales Energy SLUk proiektuaren jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidean aurkeztutako txosten eta alegazioen erantzunak bidali zizkion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari.
2023ko abenduaren 11n, Los Corrales Energy SLUk "La Blanca" parke eolikoaren proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa aurkeztu zituen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, eta eskatu zuen kontuan har zitezela txosten eta alegazioei dagokienez 2023ko irailaren 22an aurkeztu zituen erantzunak, bai eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa has zedila ere, 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan eta 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitakoaren arabera.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen inpaktuaren adierazpen egokia egiteko.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondotik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren iritziz, aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketak ez du jasotzen zerbitzu horrek ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta izapidean egindako txostenean adierazitakoa, eta beharrezkoa da ohar horiek ingurumen inpaktuaren azterketan txertatzea proiektuaren ingurumen ebaluazio zuzena egiteko. Beraz, dokumentazio hori zuzentzeko eskatu behar dio organo substantiboari.
Azpiegitura Energetikoen Atalak errekerimendua helarazi zion sustatzaileari, eta hark, 2024ko uztailaren 18an, erantzun partziala eman zion errekerimendu horri. Zegokion ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko izapidearekin jarraitzeko eskatu zuen. Ondoren, 2024ko azaroaren 18an, sustatzaileak kiropteroen azken txostena aurkeztu zuen, eta erantzun osoa eman zion Ingurumen Ebaluaziorako Atalak egindako errekerimenduari.
3.–Proiektuaren deskribapena.
9 aerosorgailu instalatu nahi dira. Dorreek 120 m-ko altuera izanen dute abatzeraino eta errotoreek 155 m-ko diametroa izanen dute. Hau da aerosorgailuen hasierako kokapena –zertxobait aldatzen da LBL04, LBL06 eta LBL07 aerosorgailuetarako–:
AEROSORG. | X | Y |
LBL01 | 623.098 | 4.702.175 |
LBL02 | 623.696 | 4.702.434 |
LBL03 | 624.103 | 4.702.342 |
LBL04 | 624.705 | 4.701.870 |
LBL05 | 625.049 | 4.701.023 |
LBL06 | 624.133 | 4.701.019 |
LBL07 | 623.881 | 4.700.723 |
LBL08 | 623.298 | 4.700.350 |
LBL09 | 623.159 | 4.699.860 |
Erreferentziako Koordenatu Sistema (CRS) ETRS 1989/UTM Zone 30N.
Puntan 120,9 m-ko altuerako neurketa dorre iraunkor autosostengatu bat ere instalatzea aurreikusten da. Koordenatuak: X: 623.409, Y: 4700043.
Aerosorgailuetara Uxue eta Murillo el Fruto arteko NA-5311 errepideko 4 puntutatik iristen da (6+000 KP, 6+600 KP, 7+940 KP eta 8+240 KP). Parkera sartzeko eta turbinak interkonektatzeko 15,2 km bide eraikitzea edo egokitzea eta egitea aurreikusten da. Errodadura gutxienez 6,0 m zabal izanen da; gutxienez 30 m-ko erradioa izanen dute, eta gehienez %14ko malda.
Sortzen den energia elektrikoa erdi tentsioko zirkuituen bidez bilduko da (30kV) –interkonexio bideekiko paraleloak diren zangetan daude horiek–, eta proiektatutako SET-La Blanca azpiestazio jasotzaileraino (30/66 kV) eramanen da. SET horretatik, linea elektrikoa (66 kV) lurpetik doa –18,15 km gutxi gorabehera– proiektatutako SET-Ampliación Promotores Olite(66/220 kV) transformazio azpiestazioraino. Azpiestazio hori SET-Promotores Olite azpiestazioaren ondoan dago –beste proiektu baten xede da–. Bertan, sorkuntza berriztagarriko zenbait proiektu ebakuatzen dira. Azken SET horretatik lurpeko 220 kV-ko linea bat aterako da, Red Eléctrica de España (REE) enpresaren jabetzako SET-Olite Ampliación lotuko dena –beste proiektu baten xede da hura–.
4.–Espedientearen analisi teknikoa.
a) Alternatiben azterketa.
Alternatibak aztertzeko prozesuko lehen urratsa alternatiben hautaketan diskriminatzaileak diren ingurumen irizpide esanguratsuenak identifikatzean eta aztertzean datza. Irizpide horiek, funtsean, Natura 2000 Sarea, fauna, BIHak eta interesekoa den bestelako landaredia, onura publikoko mendiak eta kultura ondarea dira. Azterketa hori egin ondoren, hainbat arrisku mapa lortzen dira, non ingurumen aldetik sentikorrenak eta proiektuaren ezarpenarekiko kalteberenak diren eremuak kokatzen diren; parke eolikoa bertan jartzea saihestu behar da.
Ondoren, alternatibak aztertzeko, irizpide anitzeko balorazio haztatua egiten da. Erabiliko diren irizpideak azterketa eremuan duten eraginagatik garrantzitsuentzat jotzen diren faktoreen arabera hautatu dira, eta faktore horiek alderdi teknikoetan, sozialetan eta ingurumenekoetan taldekatu dira.
Aerosorgailuak kokatzeko, sustatzaileak hiru alternatiba planteatzen eta aztertzen ditu, proiektua ez gauzatzeko zero alternatibaz gain. Azterketak ezetsi egiten du 0 alternatiba, uste baita proiektua lagungarria dela energia iturri berriztagarriekin dibertsifikatzeko politika publiko eta erkidegokoak betetzeko, bai eta herrialdeko energia ekoizpenerako ere. Atzerriko energiarekiko mendekotasuna murrizten du; energiaren kostua egonkortzen du, eta industrien lehiakortasuna bultzatzen du, bai eta landa eremuaren maila sozioekonomikoa ere.
Planteatutako beste 3 alternatibak "Los Corrales" eta "Los Corrales Ampliación" parke eolikoetarako hasieran izapidetutako proposamenak osatu ondoren lortu dira. Kontuan hartzen dute Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren txostenen edukia. 3. alternatiba hautatu da behin betiko aukera gisa, hau da, 3. puntuan (Proiektuaren deskribapena) zehazten dena.
SET-La Blanca azpiestazio elektrikoa kokatzeko, bi alternatiba aztertu dira, eta 2.a aukeratu da, zangen luzera murrizteko posizio hobean geratzen delako, eta, gainera, lursail irekiago batean dagoelako, malda txikiagoekin. Beraz, lur mugimendu txikiagoak eragiten ditu.
Azkenik, ebakuazio azpiegiturarako hiru alternatiba planteatzen dira: bata erabat airekoa, bestea erabat lurpekoa eta bestea airekoa eta lurpekoa. Erabat lurpekoa aukeratu da, batez ere faunan eta paisaian inpaktu txikiena duelako.
b) Proiektuaren inpaktu nagusien analisia.
–Atmosfera: Airearen kalitatea eta soinuak.
Eraikuntza fasean, solidoak eta gasak aireratuko dira atmosferara obra zibilaren ondorioz.
Zarataren haritik, sustatzaileak ezarri beharreko turbinaren ereduak ustiapen fasean sortutako soinu presioaren igoeraren modelizazioa egin du, eta ondorioztatu du inpaktu bateragarria aurreikusten dela, aerosorgailuek sortzen duten soinu immisio txikia eta biztanleguneekiko distantzia dela eta. Emisioak, gainera, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuak zehaztutako mugen barruan daude beti (135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, soinua edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri dituena).
IIAk hainbat prebentzio neurri aurreikusten ditu alderdi horien gaineko ondorioak arintzeko, eta bateragarritzat jotzen du horien guztien hondar inpaktua.
IIAk datuak ematen ditu maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 6.d) artikuluaren arabera saihestutako CO2 emisioei buruz. Haren bidez arautzen da Nafarroako parke eolikoetarako baimena. Eraikuntza fasean 1.230 tona CO2 baliokideko (tCO2eq) karbono aztarna kalkulatzen da, Funtzionamendu fasean, bizitza baliagarri osoan, 307 tCO2eq emititzea aurreikusten da parkearen ustiapenaren eta mantentze lanen ondorioz, eta 1.168.650 tCO2eq aurreztea, saihestutako emisio gisa. Eraiste fasean, egungo teknologia kontuan hartuta, 1.098 tCO2eq emititzea aurreikusten da.
–Lurzorua, geologia, geomorfologia eta edafologia:
Parkeko eraikuntza elementuek 363.743 m² lurzoru okupatzea aurreikusten da –aldi baterako okupazioak barne–, eta lur erauzketako eta lubetetako lur mugimenduen guztizko bolumena 84.691 m³ eta 78.861 m³ izanen da, hurrenez hurren. Okupazioaz gain, honako inpaktu hauek detektatu dira: lur mugimenduen ondorioz, higadura arriskua areagotzea, eta makinen joan-etorrien eta balizko isurketen ondorioz, lurzoruen kalitatea trinkotu eta aldatzea.
Proiektuaren diseinuan, lurren balantzea ahalik eta gehien konpentsatzen da, eta ezpondak 1H:2V maldan jartzen dira lur erauzketetan, eta, 3H:2V, lubetetan. Gainera, neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk planteatzen dira, ingurumena leheneratzeko plan bat barne. Hondar inpaktu handiena (higadura arriskuak areagotzea) arintzat hartzen da.
–Hidrologia:
Hautemandako inpaktu nagusiak uraren kalitatea aldatzea eta azaleko jariatze ura aldatzea dira. Lehenengoa neurrizkotzat jotzen da, lur mugimendu asko egin behar direlako eta eraikuntza elementuen eta ur ibilguen artean egin behar diren gurutzaketengatik. Hori gertatzeko arriskua bereziki handia izanen da Almudateko sakanean, parkea gertu dagoelako, bai eta ebakuazio azpiegitura Cidacos ibaiarekin gurutzatzen den puntuan ere. Obra fasean azaleko jariatze ura aldatzearen inpaktua bateragarritzat jotzen da. Neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu ondorengo hondar inpaktua bateragarritzat jotzen da.
–Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:
Ezarpen eremuak lehorreko belarkara laboreen lurzatiak hartzen ditu oso osorik, mosaikoan, zuhaitz heskaiekin eta mendi mediterraneoko orbanekin. Basoak garrigak dira; erkametz oin sakabanatuak dituzte, batez ere ekialderago dagoen eremuan; sastrakadiak, berriz, abariztiak dira; ipurua, ezkaia, elorri triskak eta zuhaitz oin sakabanatuak dituzte. Ezarpen eremuko ia landaredi natural guztia batasunaren intereseko habitat (BIH) gisa jotzen da, eta 9340 (Quercus ilex eta Quercus rotundifolia basoak) eta 5210 (Juniperus arboladiak eta muluak) habitatak nabarmentzen dira. Era berean, eta batez ere Aragoi ibairantz erortzen diren hegaletan, alepo pinudiak daude, birpopulaketatik datozenak.
Ebakuazio azpiegitura erabat lurpean egitea planteatzen da, eta, landaredi naturalari gehiago ez eragiteko, lehendik dauden bideetan proiektatzen da gehienbat, bide horien ertzetan landaredi eraldatuagoa dagoelako.
IIAren arabera, ez da aipatzen Espezie Mehatxatuen Katalogo Nazionalean katalogatutako espezierik, baina bai babes bereziko araubidean dauden bi espezie, zeinak Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrendan sartuta baitaude (10/2023 Foru Dekretua, otsailaren 15ekoa).
Espainiako Baso Maparen oinarri kartografikoaren arabera dagoen landaredia kartografiatu du IEAk, sustatzaileak landa eremuan egindako prospekzio botanikoarekin batera. Bertan, ez da identifikatu babes bereziko erregimenean dauden espezie basatien zerrendetan edo arriskuan dauden estatu mailako edo erkidego mailako espezieen katalogoetan sartutako flora espezierik.
Hautemandako inpaktu nagusiak hauek dira: ukitutako gainazal guztietan landare estaldura aldatzea, obra eremuaren inguruko landaredia degradatzea, eta BIHei eragitea, habitat motaren batean eraikuntza elementuak kokatzeagatik.
Landare estaldura aldatzeari dagokionez (batez ere obra fasean gertatzen da), parkearen diseinuan jasotako eraikuntza elementu gehienak laborantza lurretan daude, eta BIHen eta landaredi naturaleko eremuen gaineko eragina ahalik eta txikiena da. Dena den, IIAk gutxi gorabehera 5,17 ha-tan kuantifikatzen du landare estaldura naturala duten unitateen gaineko ukipena. Hala ere, ukitutako azaleraren ehunekoa oso txikia da azpiegituren 1 kilometroko ingurunean dagoenarekin alderatuta, eta, beraz, IIAk arintzat jotzen du inpaktua.
Landarediaren degradazioaren aldetik –ibilgailuen zirkulazioak eta lur mugimenduek eragindako hauts emisioari dago lotuta–, IIAk arintzat hartzen du inpaktua, bai obra fasean, bai eraiste fasean.
BIHen harira, IIAk 4,63 hektareatan kuantifikatzen du horien gaineko zuzeneko ukipena. Nabarmentzekoa da Quercus ilex zuhaitzek (ilex eta rotundifolia) ezaugarritutako 9340 BIHren gaineko afekzioa (2,59 hektarea), eta, gainera, zeharkako afekzioa dago hauts metaketagatik. Hala ere, arestian bezala, ukitutako azaleraren ehunekoa oso txikia da kilometro 1eko ingurunean dagoenarekin konparatuta, eta, hortaz, IIAk arintzat jotzen du inpaktua, bai obra fasean, bai eraiste fasean.
Modu berean, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen arabera baso lurtzat hartzen diren lursailetan, aipatutako legeria aplikatuko da proiektu honekin lotuta izapidetzen diren jarduera guztietan, bereziki onura publikoko mendi gisa katalogatutako azala ukituetan. Gainera, parke hori osorik onesteko, onura publikoko mendiko zortasun edo okupazio espedientea izapidetu beharko litzateke baso administrazioaren aurrean.
IIAk zenbait neurri prebentibo eta zuzentzaile planteatzen ditu, eta, horien artean, obrek ukitutako lursailen ingurumena leheneratzeko plan bat proposatzen da. IIAk floraren, landarediaren eta BIHen gaineko azken inpaktua arin gisa balioesten du obra fasean, eta, bateragarri gisa, ustiapen fasean.
–Fauna:
IIAn, proiektuak eragindako laukietan aipatutako faunaren inbentario bibliografikoa jaso da, aldeko 10 km-rekin, UTM koordenatu sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera. Horren arabera. 51 ugaztun espezie, 168 hegazti, 12 narrasti, 8 anfibio, 8 arrain, 73 ornogabe eta bibalbio bat biltzen ditu.
Era berean, IIAk abifaunak eta kiropteroek espazioa erabiltzeari buruzko azterlan espezifikoak jasotzen ditu, eta horietan inbentario hauek ageri dira:
- Abifauna: 2019ko ekainetik 2020ko ekainera eta 2021eko maiatzetik 2022ko apirilera, bai eta Bonelli arranoaren errolda espezifiko bat ere 2021eko urritik 2022ko urtarrilera.
- Kiropteroak: 2020ko otsailetik urrira, 2021eko apiriletik urrira eta 2024ko ekainetik urrira.
IIAn eta kiropteroek eta abifaunak espazioa erabiltzeari buruzko azterlan espezifikoetan jasotako informazioaz gain (26 laginketa puntu, aerosorgailuen ezarpen eremuan eta ebakuazio linearen trazaduran), kontuan hartu da "Vigas Altas" parke eolikorako egin zen abifaunari buruzko azterketa espezifikoa –Uxueko mendilerroan bertan planteatzen baita, txostenaren xede den proiektuaren hegoaldean (11 behaketa puntu eta 3 trantsektu, aerosorgailuen ezarpen eremuan eta ebakuazio linearen trazaduran banatuta)–, informazio hori "La Blanca" parke eolikoaren proiekturako bilketaren osagarritzat jotzen delako.
Abifaunak espazioa erabiltzeko urteko zikloari buruzko azterketaren arabera, behaketa puntuetatik 92 espezie erregistratu dira, eta horietatik 26 tamaina ertaineko edo handiko hegazti espezieak dira. Aerosorgailuekin talka egiteko arrisku handiena dute. Horietatik 15 babes bereziko erregimenean daude: miru gorria, galzorian katalogatua, eta mirotz urdina, kaltebera gisa katalogatua, Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Zerrendan eta Espezie Basati Mehatxatuen Espainiako Katalogoan. Bestalde, Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoaren arabera, arrano beltza, zingira mirotza, mirotz urdina, mirotz zuria, belatz handia, miru beltza eta koartzatxoa, kaltebera kategorian sartuak, eta arrano txikia, arrano sugezalea, sai arrea, miru beltza, belatxinga mokogorria eta koartzatxo itzaina, interes bereziko kategorian sartuak.
Talka arrisku handiena duten hegazti espezieen artean, sai arrea (126) da gehien hauteman den espeziea, eta, ondoren, kurrilo arrunta (97), miru beltza (48), miru gorria (17) eta zingira mirotza (17). Eta aztergai dugun eremuan ikusitako tamaina ertaineko edo handiko hegaztien hegaldi altuerei dagokienez, %27k (n=102) bakarrik egiten dute hegan altuera ertainetan. Talka egiteko arriskua dute. Hala ere, nabarmentzekoak dira miru gorria, arrano txikia eta belatz handia, hegaldien %100 talka arriskuaren altueran egin dituztelako; arrano beltza (%57), zapelatz arrunta (%78), zingira mirotza (%71), mirotz zuria (%50), eta belatxinga mokogorria (%50), talka egiteko arriskuaren altuerako hegaldien %50eko tasa edo handiagoa dutelako.
Bestalde, behaketa-puntuetatik behatutako tamaina ertaineko edo handiko hegazti guztiei dagokienez erregistroetatik hartutako hegaldi lerroetatik abiatuta, IIAk azterketa eremuko aireko espazioaren erabileraren azterketa bat jasotzen du. Erabilera intentsitate handiena parke eolikoaren polilinearen hegoaldean dago, mendilerroaren Murillo el Frutorantzako erorketetan sortzen diren termikoetan eta proposatutako bi lerrokaduren artean geratzen den eremuan. "Vigas Altas" parke eolikorako abifaunari buruz egindako azterlanean berresten da hori. Azterlanaren arabera, mendilerroaren Murillo el Frutorantzako erorketak ohikoan erabiltzen dituzte harrapariek eta planeatzaileek, eta, gainera, Lakumulatuko goialdeak edo eremu nagusiak bat datoz "La Blanca" parke eolikorako proposatutako aerosorgailuen bi lerrokaduren arteko eremuarekin.
Proiektua ezarriko den eremuak mendi eta laborantza mosaikoko eremu bat hartzen du, eta muino eta amildegi mediterraneoak ditu. Bertan, hegazti harrapari, nekrofago eta harrapakari askok bizitzeko eta elikatzeko erabil ditzaketen habitat eta paisaia ugari daude, eta, gainera, arestian adierazitakoaren arabera, bi eremu termiko daude, bata proposatutako bi lerrokaduren hegoaldean, eta bestea horien artean dagoen eremuan –bertan daude intereseko eta katalogatutako hainbat espezieren espazioaren erabileraren nukleo eremuak–.
Azpimarratu behar da Kaparretako HBBEan Bonelli arranoak okupatutako lurralde bat dagoela, eta ugatz bikote lurraldekotu bat. Biak galzorian daude Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoari jarraikiz. Izan ere, aurkeztutako abifaunaren azterketan espezie horiek ikusi direla zehazten ez bada ere, "Vigas Altas" parke eolikorako egindako abifaunaren azterketa espezifikoak dio bi aldiz ikusi dela ugatza, "La Blanca" parke eolikoko LBL03 eta LBL04 aerosorgailuen inguruan. Ugatza Pirinioetako gune nagusitik kanpoko eremu geografikoetara hedatzea hura kontserbatzeko arazo nagusietako bat da. Hori dela eta, espeziearen banaketa mugan dagoen "La Blanca" parke eolikoak eragiten ahal duen kaltea oso larria litzateke, eta atzera egitera bultzatzen ahal du espeziea.
Bonelli arranoa bi aldiz ikusi dela bildu da "Los Corrales" parke eolikorako egindako abifaunari buruzko azterlan espezifikoan, behin "La Blanca" parke eolikoaren iparraldeko lerrokaduraren inguruan, LBL04etik gertu, eta bigarrenez hegoaldeko lerrokaduraren inguruan, LBL06tik gertu. Gainera, 2019 eta 2020 artean, Bonelli arranoaren 20 ale inguru askatu zituzten San Isidro del Pinarren, kokalekuaren ekialdean, eta 10 Kasedan. Ale horiek satelite igorlea zuten, eta egiaztatuta geratu da Uxueko mendilerroa erabili zutela, bai lehen joan-etorrietan, bai sakabanatze bidaietan. Hori bereziki larria izan daiteke, sakabanatzea bukatu ondoren espezieak duen portaera filopatrikoa dela-eta (jaiolekura itzultzen dira, lurraldeak sortzeko eta ugaltzeko).
Bi espezieen banaketa mugan dauden lurralde horiek finkatzea funtsezkoa da haien berreskurapena sustatzeko. Horregatik guztiagatik, nahiz eta espezie horiek eremu horretan agertzeko maiztasuna txikia izan, parkea jartzeak eragin kritikoa izan lezake espezieen berreskurapenean, talka egiteko probabilitateagatik (txikia izan arren, oso larria izanen litzateke, ale heldu lurraldekotuei eta banaketa mugan daudenei eragiten dielako), hutsune efektuagatik eta habitataren hartze ahalmenaren galeragatik.
Halaber, arreta berezia merezi du sai arreak; izan ere, parkearen inguruan hainbat kolonia eta etzaleku izateaz gain, fauna hegalariaren urteko zikloaren azterketaren arabera, espezie ugariena da, askotan ikusi da (126), ehuneko handi batean talka arriskuaren altueran (%33). Talka egiteko arrisku handia du. Zifra horiek are kezkagarriagoak dira "Vigas Altas" parke eolikorako egindako abifaunaren azterlan espezifikoko datuen arabera. Bertan ere, espezie ugariena da: 439 aldiz ikusi da, %46n talka arriskuaren altueran. Hori guztia kontuan izanda, bai eta laginketa esfortzua (bisita bat astean eta 30 minutu bisita bakoitzeko), espezie horren kasuan parke eolikoetan detektatutako heriotza tasa handia, Nafarroan eta Ebro haranean Nafarroatik hurbil berriki instalatutako parke eolikoetan izanen den heriotza tasa, eta bizitza luzeko espeziea dela, sexu heltze aldi luzeak eta ugalketa tasa txikiak dituena, eta, gainera, mugikortasun handia duela ere, uste da ukipena larria izaten ahal dela populazioan oro har. Izan ere, 2024ko udaberrian Nafarroan egindako sai arrearen erroldako datuek diote espeziearen populazioa %30 baino gehiago jaitsi dela 2019ko datuekin alderatuta. Populazio joera kezkagarria du espezieak, eta haren egonkortzea eta/edo berreskuratzea ez da bateragarria "La Blanca" parke eolikoaren instalazioarekin.
Arreta berezia merezi du miru gorriak ere; galzoriko espezietzat dago katalogatua Espezie Mehatxatuen Katalogo Nazionalean. Aurkeztutako abifaunari buruzko azterlanaren datuen arabera, ez da espezie oso ugaria; 17 aldiz ikusi da, gehienetan lurpeko ebakuazio linearen trazaduran zehar, eta 2 aldiz baino ez parkearen ezarpen eremuaren hegoaldean. Hala eta guztiz, "Vigas Altas" parke eolikorako egindako abifaunaren azterketa espezifikoaren arabera, espezie horrek lehentasunez erabiltzen du eremu bat "La Blanca" parke eolikoaren iparraldeko lerrokaduraren inguruan. Gainera, kontuan edukita "La Blanca" parke eolikoko abifaunaren azterketan detektatutako hegaldien %100 talka arriskuaren altueran egin direla, irizten da ukipena larria izaten ahal dela.
Bestalde, kurriloa bigarren espezie ugariena izan arren (97 aldiz ikusi da) ez da maiz ibiltzen bertan; izan ere, migrazioan gutxitan ikusi da parkearen ezarpen eremuaren inguruan hegan –kasu guztietan talka arriskuaren altueraren gainetik–. Antzeko zerbait gertatzen da miru beltzarekin. 48 aldiz ikusi da, gehienetan proposatutako hegoaldeko lerrokaduraren inguruan eta aerosorgailuekin talka egiteko arriskuaren gainetik. Beraz, IIAk baxutzat jotzen du espezie horien gaineko talka inpaktua.
Datu horiek agerian uzten dutenez, parkea mendebaldeko paleartikoko hegazti populazioen migrazio ibilbideetako batekiko perpendikularra den gailur lerro batean dago. Bertan, gainera, termikoak sortzen dira, eta fauna hegalariak, bereziki planeatzaileak, erabiltzen ditu horiek. Horrek iragazkortasunari eragiten ahal dio. Hau da, migrazioa oztopatzen ahal da, eta horrek aldaketak eragin ditzake espezieen hegaldi ibilbidean. Ondorioz, energia gehiago erabili beharko dute, eta espezie migratzaileak ahuldu eginen dira. Hegazti migratzaileek talka arriskua baino altuera handiagoetan egin ohi dituzte ibilbideak, baina, egoera jakin batzuetan, altuera txikiagoetan egin ditzakete hegaldiak, eta talka egiteko arriskua izaten ahal dute. Gainera, hegaldi fluxu nagusia ipar-hego ardatzean hautematen da, eta horrek zeharka mozten ditu planteatutako aerosorgailuen bi lerrokadurak.
Bestalde, Azpiegitura Berdearen, Konektibitatearen eta Leheneratze Ekologikoaren Estrategia Nazionalaren arabera, mendiko eremuak eta abelbideak lurraldearen azpiegitura berdearen osaeran bereziki kontuan hartu beharreko elementuetako bat dira. Uxueko mendilerroa ipar-hego konektibitate eremu garrantzitsua da Nafarroako Pirinioaurrean. Orain arte, ez du azpiegiturarik eta eraldaketa handirik izan, eta, horregatik, taxon askorentzako harrera ahalmenari eta korridore ekologiko gisa duen funtzionaltasunari eutsi dio. Horrela, lursailik garaienak babestu beharreko lurzoru urbanizaezin eta lurralde konektagarritasunagatik ingurumen aldetik balioa duen lurzoru gisa daude kategorizatuta (SNUPrtA: CT). Kategoria horretan dagoeneko babestuta dauden eremuetako nukleoak ekologikoki eta funtzionalki konektatzeko eta erlazionatzeko aukera ematen duten eremuak sartzen dira (Natura 2000 Sarea). Indarrean dagoen araudiarekin bat, lurzoru horietan eragina izan dezaketen azpiegitura edo jarduketetan, ahalegin berezia egin beharko da azpiegitura edo jarduketa horiek fauna eta florarentzako oztopo gaindiezin ez bihurtzeko, eta behar diren neurriak hartu beharko dira espazioen arteko konektagarritasuna gal ez dadin.
Kiropteroei dagokienez, aurkeztutako kiropteroen azterketaren emaitzei buruz Ingurumen Ebaluaziorako Atalak planteatutako zalantzak zirela eta, sustatzaileak emaitzak berrikusi zituen, baina ezin izan zuen akats zehatzik antzeman. Hala ere, emaitzak anomaloak zirenez, kiropteroen beste landa azterlan bat egin du. 2024ko ekainetik urrira bitartekoa da (biak barne); SECEMUk gomendatutako metodologia jarraitu du, eta hiru neurketa estazio erabili ditu. Sustatzailearen arabera, estazio horiek osorik hartzen zuten parkearen ezarpen eremua. Azterlan horren arabera, 14 saguzar espezie hauteman dira, gehi zehaztu gabeko beste bi. Horietako askok babes kategoria handia dute espezie mehatxatuen katalogo nazionalean eta eskualdekoan: koba saguzarra (Miniopterus schreibersii), ferra saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), ferra saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros), arratoi saguzar handia (Miotis Blithii), gautar ertaina (Nyctalus noctula), etab. Era berean, jarduera nabarmena egiaztatu da LBL01 eta LBL04 arteko aerosorgailuen linearen inguruan, Pipistrellus generoko aleak eta koba-saguzarrak (Miniopterus schreibersii) hiltzea aurreikusten baitu. Hori dela eta, kiropteroen azterketak beharrezkotzat jotzen du neurri zuzentzaileak aplikatzea lerrokadura horretan, hala nola aerosorgailuen abio-abiadura 6 m/s-tik gorako haize-abiaduretan igotzea, eguzkitik hasi eta urrira arte, kiropterofaunarako jarduera handieneko data eta orduekin bat etorriz.
–Paisaia:
IIAren arabera, eta "4. LAP-Erdialdeko Eremuak" lurralde antolamenduko planaren arabera, parkeak bost paisaia unitate ditu. Hala ere, lehendik dauden bideen gainetik lurpetik doan ebakuazio linea kontuan hartu gabe, "Uxueko mendilerroaren ekialdeko hegalak" eta "Uxueko mendilerroa (mendebaldea)" paisaia unitateei soilik eraginen litzaieke.
Jarduketak paisaian duen eragina ikusteko, IIAk ikusgarritasun azterketa bat jasotzen du, eta horrek zehazten du proiektuaren ikusgarritasuna ertain-handia dela; izan ere, haren ikuseremuaren barruan dagoen azaleraren %60,41etik gutxienez aerosorgailu bat ikus liteke, eta, gainera, azalera horren gehiengotik, 9 aerosorgailuak. Era berean, egiaztatu da proiektuak 18 hirigune ukituko lituzkeela.
IIAk paisaiaren gaineko inpaktu nagusitzat ezartzen du paisaiaren kalitatea murriztea, azpiegiturak daudelako, eta proiektuko azpiegituren intrusioa paisaia ingurunean. Haren ustez, kalitatea eraikuntza fasean bakarrik murrizten da. Bateragarritzat jotzen da, obren izaera, egikaritze mailakatua eta biztanleguneekiko distantzia zabalagatik, baita paisaiaren egungo egoeratik kanpoko azpiegiturak ez izategatik ere. Eta proiektuak paisaia ingurunean duen intrusioari helduta, irizten dio inpaktu handiena ustiapen fasean gertatzen dela. Arintzat jotzen da, inguruneak antropizazio maila handia duelako eta ukitutako hiriguneetatik lehendik dauden beste aerosorgailu batzuk ikusten ahal direlako. Proiektuak ukitutako paisaia unitateek balio natural, estetiko, historiko eta kultural oso garrantzitsuak dituzte; izan ere, landaredi natural asko, nekazaritza eta abeltzaintzako paisaia tradizionalak eta mosaikoak, talaia herriak, nukleoak eta Erdi Aroko eraikinak dituzte.
Espedientean, paisaian eskumena duen Landa Paisaia eta Lurzorua Atalaren txostena jaso da. Honako hau dio:
- Uxueko mendilerroko paisaia unitatearen kalitatea bikaina da, eta, horren barruan, "PAE03-Uxue inguruko muino zapaldatuak" Arreta Bereziko Paisaia identifikatzen da. "La Blanca" parke eolikotik 1,5 km-ra geratuko litzateke, eta aerosorgailuak Uxueko herrigunetik ikusiko lirateke; izaera sinboliko eta kulturalik handieneko lekua da ingurune horretan.
- Paisaia hauskortasuna gehienekotzat jotzen da. Unitate horren zati garaiek ikusgaitasun osoa dute, eta, horregatik, parke eolikoak paisaia ukipen nabarmena izanen luke, aerosorgailuak Uxueko mendilerroaren gailur lerroan kokatuko liratekeelako.
- Eremuko metatze eragina handia izaten ahal da, NEP 2030en aurreikusitako etorkizuneko "lehentasunezko eremu eolikoa" dela-eta. Eremu hori "La Blanca" parke eolikoaren hegoaldean geratuko da, harekin mugakide.
- Ikus irisgarritasun kontenplatiboa ertaina da. Horren arrazoi dira Uxue herri turistikoa gertu egotea, Blanca ermitako olgeta gunea/askaldegia, Murillo el Frutotik Zaraitzura doan errege altxonbidea eta GR1 bidezidor historikoa.
–Naturagune babestuak eta Natura 2000 Sareko eremuak:
Ebaluatutako proiektua Nafarroako Naturagune Babestuen Sarearen eta Natura 2000 Sareko eremu babestuen mugetatik kanpo dago. Hala ere, ingurunean honako hauek daude: Pitillasko aintzira KBEa, HBBEa eta natura erreserba, Kaparretako HBBEa eta natura erreserba, Aragoi Ibaiaren Erdiko Tarteko KBEa, Aragoiko eta Argako Beheko Tarteetako KBEa eta Errege Bardea natura erreserba.
IIAk espazio horien gaineko eragina aztertzen du. Proiektuaren eta eremu babestuen arteko distantzia, abifaunaren behaketak eta azpiegiturek espazioa partzialki okupatzea kontuan hartuta, IIAk bateragarritzat jotzen du eremu horietatik datorren faunaren gainean eraikuntza fasean izan daitekeen zeharkako inpaktua.
Ustiapen fasean, IIAk dio, proiektuarekiko distantzia nahikoa dagoenez, proiektuak ez diola zuzenean eraginen aipatutako eremu horietako bati ere, baina zeharkako eragina izaten ahal duela eremu horietatik datorren faunaren gainean. IIAk kontuan hartzen du Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Mendi Ingeniarien Goi Eskola Teknikoak 2016an egindako azterlan bat, Natura 2000 Sareko baso espazioen arteko konektagarritasun sareak identifikatzeko. Horretan oinarrituta, proiektuaren eragin eremuko espazioen arteko korridoreak identifikatu dira, eta ikusi da aerosorgailuak faunak korridore gisa erabiltzeko joera duen eremu batean daudela. Naturagune babestuen arteko korridore ekologikoen okupazio partzial hori, fauna hegalariak talka egiteko arriskua handitzea eta horren ondoriozko hesi efektua kontuan edukita, IIAk arintzat jotzen du fase horretan Natura 2000 Sareak konektagarritasunean eta faunan duen inpaktua.
Bestalde, aipatutako eremu guztietan, Pitillasko aintziran izan ezik, hegazti harkaiztarrak daude kontserbaziorako funtsezko elementuen artean. Hegazti horietako asko Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinean eta espezie mehatxatuen Espainiako eta Nafarroako katalogoetan jasota daude. Faunaren apartatuan adierazitakoaren arabera, "La Blanca" parke eolikoa egiteak eragina izan lezake, besteak beste, funtsezko elementu horretan, eta, hortaz, aipatutako KBEen egoeran eta kontserbazio helburuetan, bai eta proiektuaren eragin eremuan dauden Natura 2000 Sareko guneen jarraitutasun ekologikoan ere.
–Onura publikoko mendiak:
IIAren arabera, parke eolikoaren eraikuntzak onura publikoko mendien 1,438 hektareari eragiten dio. Ukitutako azalera txikia denez (azalera osoaren %0,04 baino ez), inpaktua bateragarritzat jotzen du.
–Ondorio sinergikoak eta metagarriak:
Proiektuaren ingurunean dauden azpiegituren eta, bereziki, aerosorgailuen dentsitate handia dela-eta, ondorio sinergikoak eta metagarriak aztertzeko, parkearen inguruko 25 kilometroko eremu batean kokatutako proiektuak eta azpiegiturak hartzen ditu kontuan IIAk, aztertutako ingurumen faktore guztietarako, eta ez du inpaktu garrantzitsurik detektatzen faktore horietako bakar batean ere.
5.–Proposamena.
Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ondorioztatzen du proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura behar bezala gauzatu dela. Hala ere, ez dator bat ingurumen inpaktuaren azterketaren ondorioekin, eta uste du inguru horren ingurumen sentsibilitate handiak, arriskuan dagoen fauna hegalariaren presentziak, talka egiteko arrisku handiak, Natura 2000 Sareko guneen arteko hesi efektua eta koherentzia ekologikoaren galerak, eta Natura 2000 Sareko gune horien kontserbazio-helburuetan eta Nafarroan ugatzarentzat eta Bonelli arranoarentzat onartutako Errekuperazio Planetan izaten ahal diren ondorio kaltegarriek, paisaiaren gaineko ukipenak eta faktore horien gainean lehendik dauden parke eolikoen eragin sinergiko eta metagarriak kontuan hartzeak "La Blanca" parke eolikoaren proiektua ingurumen aldetik bideraezina egiten dutela ingurumen inpaktuaren azterketan jasotako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak aplikatu ondoren ere. Beraz, aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea proposatzen du.
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua; eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua–, honako hau
EBAZTEN DUT:
1.a Aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten da, Los Corrales Energy SLUk Uxue, Pitillas eta Erriberri udalerrietan sustatutako "La Blanca" parke eolikoaren proiektu teknikoaren gainekoa –SET-Ampliación Promotores Olite azpiestaziora bitarteko ebakuazio azpiegitura barne–.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
3. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–JENDAURREAN JARTZEKO ETA UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA INTERESDUNEI KONTSULTA EGITEKO IZAPIDEAREN EMAITZA
Erriberriko Udala.
Hirigintza bateragarritasunari buruzko txostena aurkezten du, eta "La Blanca" parke eolikoko ebakuazio linea Erriberri udalerriaren parean eraikitzeko aldeko hirigintza txostena egiten du. Halaber, ohartarazten du haren kanalizazioaren trazadura Traviesa 15 abelbidea igarotzen den bidetik doala.
Canal de Navarra SA.
Parke eolikoaren kokapena Nafarroako ubidearen ibilbidetik urrun dagoela dio, eta ez duela ukipenik. Ebakuazio lineari dagokionez, jakinarazten du gurutzaketa bat dagoela ubidea tunelean doan puntu batean, aztergai den lineak eragiten ez dion sakoneran, bai eta Nafarroako ubidearen titulartasuneko zerbitzu bide batean ere. Beraz, Nafarroako ubidearen baimena beharko da, mantentze lanetako langileak Nafarroako Ubidearen instalazioetara behar bezala sartzen direla bermatze aldera.
Ondare Historikoaren Zerbitzua.
Ondare Arkitektonikoaren Atalak txostena egiten du, eta adierazi ez dela ukipenik atzeman atalaren eskumeneko gaiari dagokionez.
Lurraldearen Antolamenduaren Atala.
"La Blanca" parke eolikoaren proiektuari eraginen lioketen indarreko legeriaren, tresnen eta plangintzen berri ematen du, eta instalazioak arau xedapen horiekin duen bateragarritasunaren lehen balorazioa egiten du, jarduketaren paisaia eta sektore ukipenen balorazioa kontuan hartu gabe.
Ingurumen Ebaluazioaren Atala.
Adierazten du "La Blanca" parke eolikoan aerosorgailuen kopurua murrizteak, "Los Corrales" parkerako egindako azken proposamenarekin alderatuta, proiektuaren ingurumen ondorio negatiboak murriztea eragiten duela.
Hala ere, aire espazioaren erabilera mapak eta aire espazioaren arrisku altuerako erabilera mapak aurkezteko eskatzen du, landan inbentariatutako eta estatuan eta autonomia-erkidegoan katalogatutako espezie bakoitzarentzat, bai eta interes handieneko espezieentzat, garrantzi ekologiko handiena dutenentzat edo aerosorgailuekin interakzio handiagoa izanen dutela aurreikusten denentzat ere. Halaber, hegaldi patroia zehazteko eskatzen du, espezie bakoitzaren lehentasunezko hegaldi norabidea zehaztuta. Gainera, zalantzan jartzen du aurkeztutako kiropteroen azterlanaren baliozkotasuna, eta xehetasunez berrikusteko eta aztertzeko eskatzen du.
Bestalde, LBL04 aerosorgailua kentzea edo iparralderantz mugitzea iradokitzen du, mendi hegalaren ertzera gehiegi hurbildu gabe. Horrela, LBL01etik LBL04ra eta LBL05etik LBL09ra bitarteko aerosorgailuek osatutako bi lerrokaduren artean aerosorgailurik gabeko korridore bat egon dadin, fauna hegalaria errazago igarotzeko helburuarekin.
Retevisión I SAU.
Adierazten du, "La Blanca" parke eolikorako aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, ez dela ukipenik izanen emandako zerbitzuetan, eta, beraz, ez dagoela proiektuaren aurka. Hala ere, proiektuan egindako edozein aldaketaren berri emateko eskatzen du, ukipenik egon ez dadin.
ADIF.
"La Blanca" parke eolikoaren ebakuazio azpiegiturak Altsasu-Castejón 710 linea gurutzatzen duela jakinarazten du, bai eta gurutzaketa horri dagokionez zer baldintza tekniko bete behar diren ere.
Era berean, aditzera ematen du, Trenbide Sektoreari buruzko 38/2015 Legearen arabera, proiektuak eragina izanen lukeela trenbidearen ukipen zonetan, eta, orduan, nahitaezkoa dela ADIFen baimena, eta ezartzen diren preskripzio teknikoak eta baldintza ekonomikoak betetzea.
Red eléctrica (REE).
Ez dago "La Blanca" parke eolikoa, SET-La Blanca azpiestazioa eta SET-Promotores Olite azpiestazioa gauzatzearen aurka, baina bi azpiestazioen arteko lurpeko ebakuazio linearako, adierazten du, lehendik dagoen linea bat 1. eta 9. euskarrietatik gertu dagoenez, lanak REEko langileek gainbegiratu beharko dituztela. Horrez gain, gogorarazten du gomendioa dela gutxienez 20 metroko distantzia mantentzea kanalizazioaren eta kalte handiena jasaten ahal duen euskarriaren hankaren artean. Orobat, gogorarazten du lanen ondorioz euskarriren bati eragiten bazaio, kostuak proiektuaren sustatzaileak hartuko dituela bere gain, eta sarera konektatuko diren instalazio guztietarako sarbide eta lotura prozedurak ebatzi beharko dituela.
i-DE Iberdrola taldea.
Proiektatutako ebakuazio linea elektrikoak eta aerosorgailuek i-DErenak diren hainbat linea elektrikorekin izanen dituzten gurutzaketak eta paralelismoak deskribatu eta jakinarazten ditu. Era berean, errespetatu beharreko segurtasun distantziak zehazten ditu, eta jakinarazten du lanak segurtasunez egiteko beharrezkoa balitz bere sareetan jardutea, kostuak instalazioen sustatzaileari egotziko zaizkiola. Bukatzeko, aditzera ematen du i-DEk baimena emateko baldintza dela adierazitako puntuak errespetatzea eta "La Blanca" parke eolikorako aurkezturiko dokumentazioan ezarritako baldintzak betetzea.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur Komisariako Ingurumen Kudeaketaren Arloa:
1.–Proiektuaren jarduketa eremuan dagoen gainazaleko eta lurpeko sare hidrografikoa deskribatzen du.
2.–Proiektua gauzatzeko lanetan bete beharreko baldintzak ezartzen ditu.
3.–Gogorarazten du zer baimen behar diren jabari publiko hidraulikoko eremuetan eta polizia eremuetan eragina duten jarduketetarako, eta adierazten du zona horietan zenbait jarraibide eta neurri kontuan hartu behar direla, eragina ahalik eta txikiena izan dadin, bai eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eremu horietan jarduketak baimentzeko dituen irizpide teknikoak ere.
Energía Inagotable de Kyoko SL.
Interesduna dela justifikatzen du, "La Blanca" parke eolikoko ebakuazio linea alegazio egileak izapidetutako ebakuazio linearen lurgainetik igarotzen baita. La Blanca parke eolikoaren sustatzaileari eskatzen dio proiektua egokitu dezala Kyoko parke eolikoaren lineari ez eragiteko, arloko muga teknikoak eta legezkoak errespetatuz.
Sustrai Erakuntza Fundazioa.
1. Aurkeztutako proiektuak energia berriztagarrien produkzioa handitzea du xede, baina ez du Nafarroako energia egoera aztertzen.
Erantzuna: Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa gainditzen ditu.
2. Aurkeztutako proiektuak ingurumen balioa duten eremuetan lur mugimenduak egitea dakar.
Erantzuna: Hori aintzat hartu da "La Blanca" parke eolikoaren aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitean.
3. Aurkeztutako proiektuak eragin larriak ditu naturaguneetan.
Erantzuna: Hori aintzat hartu da "La Blanca" parke eolikoaren aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitean.
4. Proiektuak komunitate ekologiko garrantzitsuak hondatzen ditu ezinbestean.
Erantzuna: Hori aintzat hartu da "La Blanca" parke eolikoaren aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitean.
5. Azterketak ez ditu behar bezala ebaluatzen proiektuak ingurumenean eragiten dituen zenbait inpaktu (paisaiaren gainekoak, inpaktu sozialak eta eremuan parke eoliko gehiegi egoteak eragindako beste inpaktu batzuk), edo ez ditu ezartzen sortzen diren inpaktuak zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak:
Erantzuna: Hori aintzat hartu da "La Blanca" parke eolikoaren aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitean.
6. Proiektuak ez du betetzen "4. LAP-Erdialdeko Eremuak" planeko lurralde antolamendua, babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean baitago, lurralde konektagarritasunagatik ingurumen aldetik balioa duelako. Uste da parkea instalatzeak talka egiteko arrisku oso handia eta hesi-efektua dakartzala, eta, ondorioz, konektibitatean eragina duela. Hori dela eta, debekatutako jardueratzat hartzen da.
Erantzuna: Ingurumen ukipen posibleak aintzat hartu dira "La Blanca" parke eolikoaren aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitean. "4. LAP-Erdialdeko Eremuak" lurralde antolamenduko planaren balizko ez betetzea hirigintza izapidean lantzen da, ez ingurumen izapidean.
7. Aurkeztutako proiektuak ingurumen eragin larriak ditu faunan.
Erantzuna: Hori aintzat hartu da "La Blanca" parke eolikoaren aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitean.
Landazuria. Erriberako Ekologistak Martxan.
Zangozerriko Ekologistak Martxan. Ongaiz.
1. Gogoeta egin du Nafarroako egoera energetikoari buruz eta, bereziki, energia eolikoaz, eta azpimarratu du arazo dela ekoizpen defizita izatea une batzuetan, baina bestetzuetan, ekoizpena handiegia izatea, eta horrek deskarbonizazioa zailtzen duela. Era berean, NEP 2030en parke eolikoak jartzeko ezarritako zonifikazioa aipatu du, eta anitzetan ez dela kontuan hartzen esan.
Erantzuna: Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa gainditzen ditu.
2. Oro har, parke eolikoen proiektuen inpaktuak azaldu ditu, eta babestutako eremuen eta haiek lotzeko edo konektatzeko eremuen ingurumen garrantzia azpimarratu. Era berean, azpimarratu du garrantzitsua dela kontuan hartzea ez bakarrik espezie babestuak berreskuratzeko eta kontserbatzeko ezarritako hazkuntza eta ugaltze eremuak, bai eta elikatzeko eta sakabanatzeko dituzten inguruak ere.
Erantzuna: IIA egitean kontuan hartzen da.
3. "La Blanca" parke eolikoaren inguruan dauden ingurumen balio batzuk azaldu ditu, baita parkearen eta haren ebakuazio azpiegituraren ondorioz aurreikusten diren inpaktu batzuk ere:
Erantzuna: Hori aintzat hartu da "La Blanca" parke eolikoaren aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitean.
4. Alternatiben proposamena: energia kontsumoa murriztea; efizientzia energetikoa; autokontsumoa; erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea.
Erantzuna: Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa gainditzen ditu.
5. Parke berriak proposatu aurretik egungo parke eolikoak birpotentziatu beharra.
Erantzuna: Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa gainditzen ditu.
6. Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legea aldatzeko eskaera, sustatzaileak izan daitezen haize eta eguzki parkeek eta haien ebakuazio azpiegiturek eragindako hegazti eta saguzarren heriotzaren erantzuleak.
Erantzuna: Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa gainditzen ditu.
Iragarkiaren kodea: F2504943
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
