80. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

204E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Ofita Navarra SA enpresak sustatuta, Ultzamako "Eltzaburu" ofita harrobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena. Proiektua ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldean dago jasota, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta behar du.

"Eltzaburu" harrobia ustiatzeko egun abian dagoen proiektuak ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena dauka, Ingurumeneko zuzendari nagusiak 2003ko azaroaren 21eko 2331 Ebazpenaren bidez emanda.

Izapidetzen ari den proiektuaren xedea ustiapenarekin jarraitzeko baldintzak zehaztea da, egungo emakida luzatzeko eskatuz, meatzaritza araudiarekin bat. Proiektuak jarduera berriz definitzen du, eskura dagoen baliabidea optimizatzeko, beheranzko ustiapen irizpideari eutsiz, eta, aldi berean, meatzaritzako hondakinak behar bezala kudeatzeko eta azalera berriak okupatzea saihesteko. Baldintza horiek direla-eta, diseinuan, ustiategia eremuaren egungo kotatik (650 m) behera sakontzen da; alabaina, indarrean dagoen proiektuko bankuen eta bermen diseinua mantentzen da.

21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Ofita Navarra SA enpresak 2024ko ekainaren 10ean aurkeztu zizkion bai proiektua, bai ingurumen inpaktuaren azterketa eta bai leheneratze plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 30 egun baliodunez, 2024ko abuztuaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (171. zenbakia) iragarkia argitaratuta. Izan ere, hala egitea agintzen dute Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak eta Erauzketa industrietako hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerek ukitutako eremuak babesteari eta leheneratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuak. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.

Proiektuak eragiten dien administrazio publikoei kontsultak egiteko izapidean (21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutako izapidea), Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostena jaso du, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak igorritakoa. Horren laburpena ebazpen honen II. eranskinean jaso da.

2024ko azaroaren 21ean, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion sustatzaileak Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Eskaera hori Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari igorri zitzaion espedienteko dokumentazio osoarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.

Proiektuaren laburpena ebazpen honen I. eranskinean jaso da. Ingurumen inpaktuaren azterketan (II. eranskinean laburturik ageri da), proiektuak ingurumenean izanen dituen ukipen nagusiak egoki aztertzen dira, eta, ebazpen honetan ezarritako baldintzekin batera, ingurumenean inpaktu nabarmenik ez dela sortuko bermatzeko behar diren neurri zuzentzaileak ere ezartzen dira.

Jardueraren zati bat Belateko Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatzen da, Natura 2000 Sarearen barruan. Garrantzitsua da aipatzea proiektuaren helburua lehendik dagoen meatze jarduera bati jarraipena ematea dela, eta aldez aurretik ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena egin zela (2331 ebazpena, 2003ko azaroaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena), non Natura 2000 Sarean izan dezakeen ukipena ebaluatu baitzen. Indarrean dagoen proiektuarekin alderatuta, izapidetzen ari den proiektuarekin ez da harrobiak ukitutako azalera handituko. Izan ere, ukipen muga birdefinitzen da, 2003ko IIAri lotutako proiektuaren azalera murriztuz, eta, beraz, okupatutako Belateko KBEaren azalera ere murriztuz. Ildo beretik, egikaritzen ari den indarreko proiektuarekin alderatuta, ez da handitzen ukitutako onura publikoko mendiaren azalera, eta ez dira areagotzen azalera berrien okupazioarekin lotutako beste inpaktu posible batzuk ere.

Ingurumen inpaktuaren azterketak balizko inpaktu gisa identifikatzen du proiektatutako sakontzeak Legarragako errekaren ibilgu naturala alda dezakeela. Inpaktu hori behar bezala baloratzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioak azterlan hidrogeologiko espezifiko bat du. Azterlan horretan ondorioztatzen denez, ez dago lotura hidraulikorik errekaren eta mazizo ofitikoaren artean, eta bi sistemak isolatuta daude; hortaz, ez dago transmisibitaterik errekaren eta harrobiko freatikoaren artean. Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Atalak egindako txostenaren arabera, azterlan hidrologikoan erabilitako metodologia egokia izan da. Nolanahi ere, solido esekiak dituzten urak isurtzea edo hautsak aireratzea eragotzi behar da, eta, gainera, meatze lanetan gerta daitezkeen kutsadurak saihestu behar dira. Horretarako, proiektatutako drainatze elementu eta dekantazio egitura guztiak erabiliko dira, mantentze lanak eta neurri prebentibo eta zuzentzaileak zorrotz beteko dira. Legarragako erreka kontserbatzeko neurriak ebazpen honetan ezartzen dira, errekaren eta Belateko KBEaren ingurumen balioak babesteko, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak bere eskumen eremuan ezar dezakeena gorabehera.

Espedientearen ingurumen inpaktuaren azterketa teknikoa egin ondotik, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak (Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua) ondorioztatu du ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela; beraz, ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena egitea proposatu du, eta ebazpen honetan jasotako baldintzak bete beharko ditu.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ultzamako "Eltzaburu" ofita harrobia ustiatzeko proiektuaren, Ofita Navarra SAk sustatu duenaren, ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena ematea. Aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzekin bat etorriz eginen da jarduera eta, horrez gain, honako hauek ere beteko dira:

A) Erauzketa jardueraren jarduketa eremuak perimetro hau izanen du (UTM ETRS89 koordenatuak):

UTM X

UTM Y

1

603.225

4.764.747

2

603.226

4.764.809

3

603.234

4.764.825

4

603.246

4.764.830

5

603.304

4.764.840

6

603.312

4.764.857

7

603.316

4.764.956

8

603.332

4.764.980

9

603.386

4.764.997

10

603.434

4.765.012

11

603.476

4.765.017

12

603.511

4.765.019

13

603.569

4.765.018

14

603.619

4.764.985

15

603.632

4.764.923

16

603.673

4.764.866

17

603.682

4.764.837

18

603.684

4.764.743

19

603.668

4.764.682

20

603.651

4.764.632

21

603.644

4.764.582

22

603.561

4.764.515

23

603.478

4.764.450

24

603.329

4.764.462

25

603.321

4.764.482

26

603.259

4.764.502

27

603.235

4.764.544

28

603.201

4.764.566

29

603.168

4.764.649

30

603.188

4.764.704

Muga hori lurrean finko paratuko diren mugarrien bidez seinalatuko da.

B) Muga horren barruan, 10 metroko ukipenik gabeko zerrenda bat utzi behar da, Natura 2000 Sareko Belateko Kontserbazio Bereziko Eremutik urruntzeko eta hura babesteko neurri gisa. Lur zerrenda horretan ez da belar sastrakarik garbituko, erauzketarik eginen, pistarik irekiko eta pilaketarik eginen; ez da obra hondakindegi gisa erabiliko ere.

C) Kamioiak eta makinak NA-411 errepideko 14+100 KPtik aurrera dagoen pistatik igaroko dira, inola ere ez Eltzaburuko hirigunetik.

D) Ukipen eremuaren perimetroa eta moztu beharreko zuhaitzak aurretiaz zuintzeko/balizatzeko lanetarako, abisu emanen zaio Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Iruñeko barrutia), lan horiek gainbegira ditzan lekuan bertan.

E) Ukituko diren azalera berrien landare lur guztia saratu eta metatu eginen da aurrerago lehengoratzean erabiltzeko. Behar bezala bereizi behar dira meatzaritzako hondakinak eta landare lurrak. Lurrak ordeztean landare lurrak erabiliko dira azaleko geruzetan, eta meatzaritzako hondakinak betelanetan. Landare lurren pilak ez dira beste lur batzuekin nahasiko.

F) Proiektatutako baso landaketa baso orlako beste espezie batzuekin aberastuko da, hala nola Sorbus aucuparia, Cornus sanguinea eta Ilex aquifolium espezieekin.

G) Ostapitz frontearen bukaerako bermetan landare lurra gutxienez 40 cm-ko lodieran leheneratuko da. Behar izanez gero, lur hori dauden obra hondakindegietatik aterako da. Berma horien gainean, adierazitako espezieen baso landaketa eginen da.

H) Landaketaren ondoko hiru urteetan hutsarteak beteko dira eta tubex motako babesgailuak izanen dituzte proiektatutako landaketa guztietan.

I) Leheneratzea modu mailakatuan eta beheranzkoan eginen da, ustiapena egiten den aldi berean, faseen araberako planari jarraituz.

J) Proiektatutako leheneratze lanak hobetzeko, harrobiko eremuaren eta bermen betetze bolumena handitzen ahalko da, kanpotik ekarritako hondeaketa lur eta harri garbiekin. Landare lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta betegarriaren azaleko geruzetarako erabiliko da.

K) Kanpoko hondeaketa lurrak harrobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalak) kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).

L) Zaintza-planean ezartzen den legez, tokiko dinamika hidrologikoaren kontrol piezometrikoa egin beharko da. Legarragako errekatik infiltrazioren bat hautematen bada eta horrek errekaren ibilgu naturala alda badezake, egoera aztertu, eta, beharrezkoa izanez gero, jarduera gelditu beharko da.

M) Pilaketa eremuan Legarragako erreka babesteari dagokionez, ibilgua babesteko neurriak mantendu behar dira. Ertzetik 5 metrora harrizko bloke ilara edo kabailoia jarriko da. Argi ibili behar da pilaketek muga hori gaindi ez dezaten, eta gainditzen badute, eremu horiek garbitu egin behar dira. Modu berean, errekaren ibilguaren jarraitutasunari eutsi behar zaio harrobiko eremurako sarbidetik hodien irteeraraino, nabeen parean.

N) Eremuaren beheko aldean pilatzen ahal diren euri urak dekantazio baltsetara ponpatuko dira; baltsek Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren isurketa baimenaren arabera jardunen dute. Baltsak operatibo mantendu behar dira, eta metatutako lohiak gutxienez urtean 2 aldiz garbituko dira, behar den guztietan.

O) Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:

–Bai materialak, bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak, behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.

–Ustiategiko eremuaren barnean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.

–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.

2. Proiektuaren leheneratze planari buruzko aldeko txostena ematea, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onetsi dezan, Erauzketa industrietako hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerek ukitutako eremuak babesteari eta leheneratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Egokitzat jotzen da 473.555 euroko abala jarri behar izatea lehengoratze plana beteko dela bermatzeko, legar hobirako baimen substantiboaren barruan, aipatutako 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Iruñeko barrutia), Ultzamako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Proiektuak harri ofitikoak ustiatzen jarraitzea planteatzen du, eraikuntzarako sailkatutako agregakinak lortzeko, baita aglomeratu asfaltikoak eta bestelako industria produktuak egiteko ere. Erauzketa frontea, Ostapitz izenekoa, Ultzamako 18. poligonoko 487. lurzatian eta 19. poligonoko 24. lurzatian dago. NA-4110 errepidetik iristen da bertara (14,100 KP), iparralderantz, Alorrartetako bidera heldu arte; bertatik sartzen da harrobira.

Erauzketa azalerak 213.672 m² izanen ditu. Montio lurren bolumena 146.429 m³ izanen dela kalkulatzen da, eta ofita aprobetxagarriarena, 3.190.040 m³. Tratamendu instalazioan, errefusa %25 izanen dela kontuan hartuta, ofitaren aprobetxamendu garbia 2.329.530 m³ da. Agregakin ofitikoak lortuko dira, eta tratamendu instalazioan prozesatuko dira hainbat granulometria (0-4, 4-8, 8-12, 12-19; 19-25; 25-40) eta hainbat motatako balastoa lortzeko.

Materiala ateratzeko leherketak eginen dira. Ateratzen diren materialak atzerako hondeamakinaz kargatuko dira kamioietan, eta erantsitako tratamendu instalaziora garraiatuko dira. Instalazio horrek makina finkoak ditu ateratako materialak ehotzeko eta sailkatzeko eta granulometria desberdinetako agregakinak lortzeko. Tratamendu instalazioa ez da aldatuko.

Montio lurrek, landare lurrak eta ustiatu ezin diren beste material batzuk barne, oso lodiera aldakorra dute; 50 cm-tik 10-12 m-ra bitartekoak dira. Hori dela eta, ustiapenean zehar lurrak biltzeko hainbat leku ezarri behar izan dira. Zehaztutako perimetroaren barruan, "Ostapitz iparraldea" eta "Ostapitz gailurra" obra hondakindegiak daude. Perimetrotik kanpo, lehengo erauzketa zulo baten gainean, "Eltzaburu mendebaldea" obra hondakindegia jarri da. Aipatutako obra hondakindegiak behin betiko ixtea eta zaharberritzea planteatzen da, ia bukatuta daudelako. Meatzaritzako hondakinak eta soberako lurrak modu egokian kudeatzen jarraitu ahal izateko, harrobiko eremuaren zati bat sakontze lanetan meatzaritzako hondakinen pilaketak kudeatzeko eremu gisa eta behin betiko obra hondakindegi gisa erabiltzea planteatzen du proiektuak, azken egoeran 630 kotaraino betez.

Ustiapena 7 fasetan planteatzen da. Azken egoeran, 20 metroko garaierako 7 banku izanen ditu, frontearen gehieneko altuera 757 metrokoa izanen da, eta eremuaren gutxieneko kota 610 metrokoa; horrek esan nahi du 40 metroko sakontasuna (bi banku) izanen duela egungo eremu kotatik behera (650 metro). Lan bankuak 12 metrokoak izanen dira, baina proiektuaren baimenaren perimetrora iristean, markatutako azken topografiara birmoldatuko dira.

Urtean 100.000 m³-ko bolumen gordina ekoiztuko dela ezartzen da. Bolumen hori, kalkulatu diren 3.190.040 m³ ofita erreserbetarako, 32 urteko bizitza erabilgarria da, gehi beste urte bat lehengoratze lanak bukatzeko.

Leheneratze planak jarduerak ukitutako azalera guztiak hartzen ditu barne, bai erauzketa frontea, bai "Eltzaburu mendebaldea" (lehengo erauzketa-zuloa), "Ostapitz iparraldea" eta "Ostapitz gailurra" obra hondakindegiak, bai eta instalazioen eremua ere. Orobat, Legarragako errekaren ingurunea leheneratzeko neurriak zehazten dira.

Eremu guztietan, aurretiazko urrats gisa, landare lurra ekartzea, zorupea lantzea, lurra prestatzea eta ongarritzea aurreikusten da. Eremu lauetan (instalazioak eta harrobiko eremua) belardia sortzea aurreikusten da, belarkarak ereinda; lehendabizi, instalazioak eraitsi eta kendu beharko dira. Obra hondakindegietako bermetan, gainera, baso landaketa eginen da, eta obra hondakindegietako ezpondetan, berriz, espezie belarkaren eta zurkaren nahasketa ereinen da. Landaketarako, Fagus sylvatica eta Betula alba erabiliko dira; baso azaleraren 10 m² bakoitzeko landare bat jarriko da.

Hezetasun handiagoa dagoen eremuetan, sahatsak (Salix sp.) eta haltzak (Alnus glutinosa) jartzen ahalko dira. Lehengoratze planean, lur ezponden eta bankuak lepatzearen ondoriozko hartxingadi eremuen alternantzia gisa dago konfiguratuta erauzketa frontea. Ezponda horietan belarkarak eta zurkarak ereitea proiektatzen bada ere, txosten honetan azken egoera topografikoan dauden bermen baso landaketa egitea eskatzen da.

Halaber, Legarragako errekari dagokionez, frontea eta instalazioak lotzen dituen pistako pasabidearen obrek ukitutako ibai ingurunea lehengoratzea ere sartzen da. Eremu horretan, jarduketa hauek eginen dira: fabrika obra, hodia eta hegalak eraistea eta kentzea, ibai ohea eta ezpondak profilatzea, ezpondetara landare lurra ekartzea eta ereite eta landaketa bidez landareztatzea (Alnus glutinosa eta Salix atrocinerea).

II. ERANSKINA.–INGURUMEN INPAKTUAREN AZTERKETAREN LABURPENA

Ingurumen inpaktuaren azterketan ingurune hauen inbentarioa egin da: fisikoa, biotikoa, pertzeptuala, sozioekonomikoa eta kulturala, barne direla geologia, klimatologia, edafologia, topografia, airearen kalitatea, inpaktu akustikoa, lur azaleko zein azpiko hidrologia, landaredia, fauna, paisaia, erabilerak eta laborantza, kultura ondarea, azpiegiturak eta ingurune sozioekonomikoa.

Baliabidearen ustiapenarekin jarraitzeko aukera aztertzen duten hiru alternatibaren azterketa txertatzen da. Ustiapena eta meatzaritzako hondakinen kudeaketa bateragarri egin nahi dira, eta, aldi berean, ukitutako azalera minimizatu. Hiru alternatiben artean alde bat dago: planteatzen duten beheko erauzketa kota. Lehenengoak beheko erauzketa kota 650ean mantentzen du, orain arte indarrean dauden ustiapen planak eta IIAk ezartzen duten bezala; hurrengoek, aldiz, kota 630era eta 610era jaistea planteatzen dute, hurrenez hurren. Azken batean, 610 kotaraino sakontzeko alternatiba hautatu da. Aurkeztutako azterketa hidrogeologikoaren arabera, ez dago arazo hidrologikorik, ez baitago komunikaziorik errekaren emariaren eta harrobiko eremuko freatikoaren artean.

Beheranzko ustiapena eginen da eta lehengoratze lanak mailakatuak izanen dira; jarduteko metodo horrek paisaiaren integrazioa eta landareztatzea lehenengo faseetatik erraztuko du.

Proiektuaren xedea ez da indarrean dagoen proiektuaren azalera handitzea –Ingurumeneko zuzendari nagusiak proiektu horren aldeko inpaktuaren adierazpena eman zuen 2003ko azaroaren 21eko 2331 Ebazpenaren bidez–. Beraz, ez du zuzeneko ukipenik Natura 2000 Sareko "Belate" Kontserbazio Bereziko Eremuan, zeinaren barruan baitago partzialki.

Proiektuaren eremuak hartuko duen ingurunea azterturik, IIAk analizatu eta baloratu egiten du proiektatutako ustiategiak ingurunean izanen duen eragina. Proiektuaren ezaugarriak eta ukitutako azalera handitzea ez dakarrela kontuan hartuta, inpaktu gehienak eta, bereziki, lursailaren okupazioarekin lotutakoak (landaredia, ingurune biotikoa, lurzorua, ikusgarritasuna, ondare historikoa) bateragarritzat jotzen dira. Era berean, bateragarritzat jotzen dira jardueraren jarraitutasunaren ondorioz lehendik dauden inpaktuak, hala nola garraioaren, lurrazaleko eta lurpeko uren eta ingurune sozioekonomikoaren gaineko inpaktua. Inpaktu arinen artean, hauts partikulak atmosferara aireratzeagatiko inpaktua nabarmentzen da. Inpaktu orokorra bateragarritzat jotzen da. Proiektuan, ez da inpaktu kritikoko ekintzarik identifikatzen.

II. ERANSKINA.–UKITUTAKO ADMINISTRAZIOEI KONTSULTAK EGITEKO IZAPIDEAN JASOTAKO TXOSTENA

Ukitutako administrazio publikoei kontsultak egiteko izapidean, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluaren arabera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak honako hau jakinarazten du:

1. Harrobiaren jarduketa perimetroaren mugaketan, meatze jarduerarik eginen ez den eremuak sartzen dira. Proiektuaren helburuarekin eta haren garapenarekin bat etorriz (sakontzean datza, eta ez azalera handitzean), beharrezkotzat jotzen da jarduketa perimetroa berriz definitzea, ustiatu nahi den eremura soilik egokitzeko. Horrela, proiektuak okupatutako eremua ez da aldatuko indarrean dagoen proiektuarekin konparatuta –Ingurumeneko zuzendari nagusiak proiektu horren aldeko inpaktuaren adierazpena eman zuen 2003ko azaroaren 21eko 2331 Ebazpenaren bidez–, eta ez legoke eraginik "Belate" KBEa eta onura publikoko mendia okupatzea ekarriko luketen beste lursail batzuetan.

2. Proiektuaren kartografian ageri den "Belate" KBEaren mugaketa ez da zuzena, eta zuzendu egin behar da behin betiko planoetan.

3. Leheneratze planak barne hartu behar ditu Legarragako erreka eta hari lotutako habitatak leheneratzeko eta ibai ohea berreskuratzeko jarduketak, zeinak azken etapan egin behar baitira, proiektuaren garapenak ahalbidetzen duenean. Era berean, gaur egun soberako lurren obra hondakindegi gisa erabiltzen den "Ostapitz iparraldea" deituriko lehengo erauzketa zuloa epe laburrera leheneratzeko eta ixteko lanak aurkeztu behar dira. Epe laburreko leheneratze jarduketak bukaerako topografiara iritsi diren azalera guztietara hedatuko dira.

4. Jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko izapidea bukatu eta espedientearen gutxieneko edukia egiaztatu ondotik (proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen inpaktuaren azterketa, jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko izapideetan jasotako alegazioak eta txostenak, eta, hala badagokie, organo eskudunak egoki iritzitako oharrak), aipatu espediente hori igorriko dela, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaerarekin batera, ingurumen inpaktuaren adierazpena formulatzeko. Txosten honetan eskatutako informazioa sartu beharko da dokumentazio horren barruan.

5. Ingurumen inpaktuaren adierazpenak, hala badagokio, Leheneratze Planari buruz eskatutako txostena jasoko du, ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuari jarraikiz (Erauzketa industrietako hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerek ukitutako eremuak babesteari eta leheneratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua).

Iragarkiaren kodea: F2504940