1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
200E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ebazten baita Tuteran dagoen landare olioa atera, findu eta ontziratzeko instalazio batean fintze linea berri bat, instalazio osagarriak eta IHUA bat egiteko proiektuak, Urzante SLk sustatuak, ez duela ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan.
Haren bidez, ingurumen inpaktuaren txostena ematen da Tuteran dagoen landare olioa atera, findu eta ontziratzeko instalazio batean fintze linea berri bat, instalazio osagarriak eta IHUA bat egiteko proiektuari buruz. Urzante SLk sustatu du proiektua, eta instalazioa 38. poligonoko 542. lurzatian dago, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian.
2024ko abenduaren 9an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedientearen ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2 multzoko a) letran.
Urzante SLren jarduera landare olioa ekoiztea, fintzea eta merkaturatzea da, eta haren produktu amaitua instalazioan bertan ontziratzen da edo soltean merkaturatzen da. Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriko industrialdean ditu instalazioak, eta horien barnean oliba olioa ateratzeko (olio errota), landare olioa fintzeko (oliba olio lanpantea eta hazi olioak) eta ontziratzeko lineak daude.
Aldaketa proiektuaren xedea da fintze-eraikina handitzea, biltegiratzeko depositu berriak jartzea eta industriako hondakin uren araztegi (IHUA) bat eraikitzea. Aldaketa horren ondorioz, ekoizpen ahalmena urtean 72.000 tona izatetik 227.232 tona izatera igaroko da, eta karga txikiko hondakin uren tratamendua aldatuko da.
–Ingurumen ebaluazioaren prozedura.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin zion Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, bere eskumenei buruzko oharrak egin zitzan. Atal horrek jakinarazi duenez, ez da aurreikusten planteatutako aldaketak inguruneko ingurumenaren kalitatearekin bateraezinak diren ukipenak eraginen dituenik, eta elikagaien, edarien eta esnearen industrien sektoreko teknika erabilgarri onenak aplikatuko zaizkio, Europako Parlamentuaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera, baliabideen kontsumoari eta emisio atmosferikoen eta akustikoen, isurketen eta hondakinen sorreraren arloko ukipenei dagokienez.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabaki behar du proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duela edo ez duela eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txostenean ezarritako baldintzetan.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Instalazioa lurzoru urbanizagarrian dago, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriko industrialdean, eta 55.000 m² hartzen du. Jarduketak lurzoru urbanizatuan eginen direnez, espero daitezkeen ingurumen eraginak jardueran lehenagotik daudenei gehituko zaizkie, eta baliabideen eta energiaren kontsumoarekin eta hondakinen eta azpiproduktuen kudeaketarekin izanen dute zerikusia. Proiektuak ingurumena kudeatzeko sistema bat eta ondorio kaltegarriak kontrolatzeko neurriak jasotzen ditu, bereziki, ustekabeko isuriekin eta industria uren araztegian karga txikiko urak araztetik datozen urak tratatzeko linearekin loturik. Kontsumoaren, emisioen, hondakinen sorreraren eta isurketen balioak jardueraren deskribapenaren kapituluan jasoak daude.
Kontsulten emaitzaren ondorioz eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasoak dauden irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, jakinarazi du proiektua aztertu ondoren eta kontuan izanik industria eremu urbanizatu batean dagoela, zeinak ez baitu naturaren aldetik balioa duen elementurik, bai eta haren tamaina eta ezaugarriak ere, ez dela ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarri nabarmenik aurreikusten, baldin eta betetzen badira ingurumen agirian proposatutako neurri zuzentzaileak eta, orobat, ingurumen baimen integratuan sartzen direnak (jardueraren diseinuari, emisioen kontrolari, isurketei, hondakinei eta funtzionamendutik etor daitezkeen ustekabeko arriskuei dagokienez).
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Tuteran dagoen landare olioa atera, findu eta ontziratzeko instalazio batean fintze linea berri bat, instalazio osagarriak eta IHUA bat egiteko proiektuak, Urzante SLk sustatuak, ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan.
2. Proiektuaren baimenean, baldintza hauek bete beharra sartuko da:
–Bete beharko dira inpaktuak prebenitzeko proiektuan ezarritako determinazioak eta, halaber, ingurumen ebaluazioaren ondoriozkoak –baliabideen kontsumoari eta emisio atmosferikoen eta akustikoen, isurketen eta hondakinen sorreraren arloko ukipenei dagokienez–, zeinak ingurumen baimen integratuan jasoko baitira.
–Proiektuan aurreikusitako baldintzak eta ingurumen baimen integratuaren ebazpenean horretarako jasotzen direnak betetzeaz gain, jarduerarako beharrezko diren baimen guztiak ere izan beharko dira.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2504937