80. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

192E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita Navarra de Infraestructuras Locales SAk (NILSA) sustatutako San Adriángo (Nafarroa) hondakin uren tratamendua handitzeko proiektuaren ingurumen inpaktuaren txostena.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren 8. taldearen d) letraren barnean sartzen da proiektua. Beraz, bertan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2024ko irailaren 16an, kontsulta egin zitzaien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, eta kontsultatuen eskura jarri ziren egikaritze proiektua eta ingurumen ukipenen azterketa.

Kontsultak San Adriángo eta Azagrako udalei, Arrantza Kudeaketarako Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Herri lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Landazuria-Ecologistas en Acción de la Ribera elkarteari zuzentzen zaizkie. Arrantza Kudeaketarako Atalaren erantzuna jaso da. Proiektuaren aldeko txostena egin du, ingurumen inpaktuaren txosten honi erantsi zaizkion baldintzak beteta.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak adierazi duenez, proiektuaren kokapena dela-eta (lurzoru urbanizaezineko baimena behar du, eta bertan zehaztuko dira dagozkion hirigintza baldintzak), eta eskatutako baldintzei esker instalazioak teknika erabilgarri onenekin (TEO) bat etorriz funtzionatzen ahalko duenez, ez da aurreikusten proposatutako aldaketak ingurunearen ingurumen kalitatearekin bateraezina den ukipenik izanen duenik.

–Proiektuaren deskribapena:

Proiektua San Adrián udalerrian kokatzen da, Azagra udalerriarekin duen mugaren hego-ekialdetik. Birmoldaketa proiektuak hiru eremutan aurreikusten ditu jarduketak: egungo araztegia, araztegia handitzeko instalazio berriak eta bi eremuen arteko lotura. Era berean, barne hartzen da horniduraren eta energia elektrikoaren hargunea, 350 m luze den (292 m airetik eta 58 m lurpetik) 13,2 kV-ko ETko linea elektrikoaren bidez, eta, HUAren sektore berriaren ondoan, 434 paneleko instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea –%49,93ko autohornidura aurreikusten da–.

Araztegia handitzeko instalazio berriak 2. poligonoko 694 eta 695 lurzatietan daude, biak Ega ibaiaren ezkerraldean, ibilgutik 120 metrora. Lurzati horiek agregakinen erauzketa eremu abandonatua dira.

Proiektuaren xedea egungo HUAren edukiera handitzea da, 70.000 heq-tik (gailurrean) 80.111 heq-ra, eta lohien tratamendua ere sartzea. HUA San Adriángo udal mugarteko 2. poligonoko 1.034 lurzatian dago, Ega ibaiaren eskuineko ertzean. Instalazio berriarekin, iragazki biologikoen etapa bikoitzeko egungo HUA etapa bakar batekora aldatuko da. Bi instalazioen arteko lotura Ega ibaiaren gurutzaketaren bidez egiten da, aire zabalean. Proiektuaren oinarrizko ezaugarriak eta deskribapen osoa txosten honen 1. eranskinean daude jasota.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Proiektu osoak (HUAren instalazioak handitzea, hornidura eroanbideak, hustubideak, linea elektrikoa eta parke fotovoltaikoa) Ega ibaiaren ibarretako gainazalak hartzen ditu, San Adriángo udalerrian, eta baratze lursailei, agregakinak erauzteko erabiltzen zen gune bati eta Ega ibaiaren ertzei eragiten die.

Ibilguko obrekin, haren egitura aldatuko da, kolektoreak hartuko dituen zanga irekiko delako. Ingurumen dokumentuak deskribatzen duenez, 150 m²-ko ukipena aurreikusten da, eta inpaktu hori "arina" da. Proiektuak ibai ohea berreraikitzea aurreikusten du, aldez aurretik ibaitik behar bezala erretiratu eta pilatuko den material berarekin. Inolako egiturarik ez da aterako ibilguaren sestraren gainetik.

Landarediaren gaineko ukipenaren harira, halaber, ingurumen dokumentuan emandako datuetan oinarrituta, 7.779 m²-ko laborantza azalerari eragiten dio, 23 lurzati ureztatutan banatuta (fruta arbolen 3 lurzati eta belar laboreen 20). Azalera horiek berreskuratu eginen dira obren ondoren.

Ega ibaiaren ertzetan, belar eta zuhaixka landaredi erruderala eta tamaina handiko zuhaitzez osatutako ibaiertzeko landaredia kendu behar dira, batez ere hosto estuko lizarrak (Fraxinus angustifolia) eta makalak (Populus nigra). 200 m²-ko ukipen azalera kalkulatzen da ertz bakoitzean. Gainera, ezkerreko ertzean, ibaiertzaren eta bidearen artean, hodiek tamaina handiko zuhaitz masa bat zeharkatzen dute. Batez ere lizarrak dira, eta 670 m²-ko azalera du. Ega ibaiaren ertzetako zuhaitzen gaineko ukipena minimizatzeko, ingurumen dokumentuan aurreikusitako neurriez gain, txosten honetako baldintzetan ezartzen direnak ere hartu beharko dira.

Faunari dagokionez, hodia aire zabalean gurutzatuko dela-eta ibaian esku hartzea aurreikusten denez –lan kaleak 10 eta 11 m arteko zabalera izanen du–, ukipenik handiena Ega ibaiko arrain faunak eta bisoi europarrak (Mustela lutreola) jasaten ahal dute obrak egiten diren bitartean. Espezie hori habitaten zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan jasota dago, eta "kaltebera" gisa dago sailkatuta Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan, eta "galzoriko" gisa Katalogo Nazionalean. Ingurumen dokumentuak berak "arintzat" jotzen du faunaren gaineko inpaktua –puntuala eta aldi baterakoa izanen da obra fasean–.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua egikaritzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bidez, zehazten du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira, baita baimen substantiboan jasotakoak ere.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Navarra de Infraestructuras Locales SAk (NILSA) San Adriángo (Nafarroa) hondakin uren tratamendua handitzeko sustatutako proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzen arabera.

2. Hala ere, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Ingurumen kalitatea zaintzeko baldintzak beteko dira, teknika erabilgarri onenak aplikatzeari eta baliabide naturalen kontsumoari dagokienez, bai eta emisio atmosferikoen eta akustikoen, isurketen eta hondakinen sorreraren arloko eraginen ebaluaziotik eratorritakoak ere; horiek proiektuaren baimen substantiboan txertatuko dira.

–Obrek erabat errespetatu beharko dute ibaiertzeko landaredi autoktonoa; horretarako, ahalik eta gehien minimizatuko da Ega ibaiaren ertzetako lan kalea, eta ez da baimenduko ez lurrik ez obra materialik metatzea ertzean. Lan kalea behar bezala balizatuko da, eta ondoan geratzen diren eta babestu behar diren zuhaitzak egurrezko oholekin babestuko dira.

–Halaber, teknikoki bideragarria den guztietan, planteatutako proposamenaren aldean, zeharkakoagoa izanen da Ega ibaiaren gurutzaketa. Horrela, ibilguaren zangaren irteera, ezkerreko ertzean, iparralderago kokatuko da, San Adriángo 2. poligonoko 837 lurzatian eta Azagrako 2. poligonoko 2 lurzatian. Horrela, hegoalderago dagoen lizar unadari eragitea saihestuko da.

–Era berean, lan kalean eta linea elektrikoaren ondorengo zorbidean zuhaitz landaredia moztea saihesteko, 2024ko abuztuko dokumentazio osagarrian proposatutako trazadura berria izan beharko da kontuan.

–Obrak hasi baino astebete lehenago, Lizarrako Demarkazioko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari jakinaraziko zaio (608 062 639; gmaestellasur@navarra.es), obra ikuska dezan eta, behar izanez gero, moztu behar diren zuhaitzak marka ditzan.

–Ahal den neurrian, obren eragina jasaten duten ibilguaren egungo ezponda naturalak errespetatuko dira, eta horien morfologia eta landaredia lehengoratzen saiatuko da, ongi egonkortuta eta naturalizatuta geratuz.

–Lanak agorraldian eginen dira, hartara saihesteko, uholdeak gertatuz gero, urak ibilgutik ateratzea obrek ukitzen duten eremuan.

–Ahal den neurrian, obrak ibaiertzetik egiten saiatuko da, urez estalitako ibilguan ahalik eta makina astun gutxien sartuz. Makina astunak ibilguan sartzeko:

  • Ura hodi edo ur hesiekin desbideratu beharko da, urak uhertzea eta/edo kutsatzea saihesteko. Horrez gain, arrain fauna erretiratuko da.
  • Arrain fauna erretiratu eta berehala eginen da; bestela, ez litzateke eraginkorra izanen.

–Sustatzaileak arrain fauna erretiratzeko lanak eginen ditu, eta arrantza elektrikoaren teknikan espezializatutako enpresa bati enkargatuko dizkio. Horretarako, honako gogoeta hauek kontuan hartu beharko dituzte:

  • Enpresako arduraduna gutxienez astebete lehenago jarriko da harremanetan Lizarrako Demarkazioko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearekin. Hark erabakiko du zein puntutan egin behar den lan hori.
  • Enpresako langileek eginen dituzte lanak, eta Ingurumena Zaintzeko Taldeko langileek gainbegiratuko dituzte.
  • Bildutako fauna edukiontzi egoki batean sartuko da ibaira eramateko. Edukiontzien garraioa laburra izan dadin eta denbora gutxian behin ur freskoa ematen saiatuko dira.
  • Salbuespenezko kasuetan, eta libre badaude, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearen zerbitzuko ibaietan espezializatutako zeharkako mugapeko langileek arrain fauna erretiratzen parte hartzen ahalko dute edo ardura hori hartu ahalko dute. Abisua gutxienez astebete lehenago eginen da, zereginak programatu ahal izateko. Horretarako, kontaktu hau gaitu da: gmatransversal@navarra.es edo 646 59 49 48.

–Bisoi europarrari kalterik ez egiteko, obrak irailaren 1etik martxoaren 30era bitartean eginen dira, hau da, espezie horren ugaltze aldi kritikotik kanpo. Salbuespen gisa, eta faunan eskumena duen teknikariak prestatutako justifikazio txostena aurkeztu ondoren, lanak egiten ahalko dira, inguruan belar sastrakak garbitzen badira apirilaren 1a baino lehen. Obrak ez badira berehala hasten, belar sastrakak garbitu beharko dira aldian-aldian, landare estaldura ez dadin hazi obrak hasi arte. Belar sastrakak ez badira garbitu apirilaren 1a baino lehen, espezie babestuetan eskumena duen unitatearen berariazko baimena beharko da. Kasu horretan, belar sastrakak eskuz garbitzea bakarrik izanen da bideragarria. Landare estalkia kendu eta 48 ordura hasten ahalko dira obrak.

–Aldi berean, obrak ibilguan eginen dira, arrain faunaren (ziprinidoak) errute aldiari ez eragiteko.

–Espresuki debekatuta dago ibai ibilgura ezer isurtzea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia.

–Obrak bukatuta, ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Horretarako, landare lurra gehitu, lurra harrotu eta laborantzarako eta landareztatzeko azaleretan laborantza landuko da, NILSAk 2025eko otsailean ingurumen dokumentazioaren gehigarrian (2. eranskina) instalazioaren dentsitateari eta ezaugarriei dagokienez emandako jarraibideen arabera. Honako hauek jaso behar dira: ereintzak eta hidroereintzak, sahatsaren aldaxkatzea (Salix elaeagnus subsp angustifolia), ibaiertzetako landaketak (Populus alba eta Fraxinus angustifolia) eta HUA berriaren iparraldeko alboan (Quercus rotundifolia eta Juniperus oxycedrus). Landareek babestuta egon beharko dute oinarrietan, eta zurkaitz bat izan beharko dute.

–Landaketen mantentze lanak eginen dira, landatu eta hurrengo hiru urteetan gutxienez. Mantentze lanetan, jorraketak, ongarritzeak, inausketak eta gutxienez 5 ureztatze eginen dira maiatza bukaeratik irailaren bukaerara bitartean.

–Goi tentsioko linea elektrikoetan abifauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua betez, linea elektrikoa 2025eko otsaileko ingurumen dokumentuaren gehigarrian (3. eranskina) proposatutako diseinura egokituko da: "Linea elektrikoan talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuaren aurrean dokumentazioan dauden gabeziak zuzentzen dituen proiektu elektrikoaren gehigarria". Nolanahi ere, linea osoa lurpean egitea gomendatzen da.

3. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Ebazpen hau helaraztea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Basozaintzari (Lizarra Hegoaldeko Koordinazio Unitatea; Gmail: gmaestellasur@navarra.es) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Proiektua San Adriángo udalerrian kokatzen da, Azagra udalerriarekin duen mugan. Araztegia handitzeko instalazio berriak 2. poligonoko 694 eta 695 lurzatietan daude, biak Ega ibaiaren ezkerraldean, ibilgutik 120 metrora. Lurzati horiek agregakinen erauzketa eremu abandonatua dira. 500 urteko errepikatze denborari dagokion uholde kotaren gainetik daude, eta egungo kokalekutik urrun, San Adriángo herrian usain arazoak ez areagotzeko.

Egungo arazketa sistemak araztegi bat du, eta isurketa Cárcar, Andosilla eta San Adrián herrietako sarrera hustubidetik jasotzen du (54.000 heq inguru, 70.000 heq arteko gailurrekin). Instalazioa San Adriángo udalerriko 2. poligonoko 1.034 lurzatian dago, Los Barrancos inguruan, Ega ibaiaren eskuineko ertzean, eta araztegitik 640 metro ingurura isurtzen du Ebro ibaira. Arazketa sistemak iragazki biologikoen etapa bikoitza du, eta dekantazio primarioa, tartekoa eta bukaerakoa.

Jasotzen den kutsadura karga areagotzeko eta gaur egun beste araztegi batzuetara eramaten diren lohien tratamendua barne hartzeko, instalazio berri batzuk proiektatzen dira Ega ibaiaren ezkerraldean. Instalazio horiek IFAS erreaktore bat dute, hainbat tangarekin, azken dekantazio tanga, loditzeko tanga dinamikoa, lohiak biltegiratzeko tangak, lohiak deshidratatzeko eraikina, zentrifugoen gainezkatzeen biltegia, usaina kentzeko sistema eta motorrak kontrolatzeko eraikina eta biltegia.

Instalazio berriarekin, iragazki biologikoen etapa bikoitzeko egungo HUA etapa bakar batekora aldatuko da. Hala, bi iragazkiek paraleloan funtzionatuko dute. Instalazioaren edukiera berria, birmoldatu ondoren, 80.111 heq izanen da.

Instalazioaren urbanizazio kota 306 izanen da, eta barnean hartzen ditu lurra erregularizatzea eta betetzea, zoladura, argiteria, kontrol eraikina, itxitura, landareztatzea eta edateko uraren sarea. Itxitura bihurdura sinpleko sarearekin eta altzairu galbanizatuzko zutoinekin eginen da. 2 metro garai izanen da.

Bi instalazioak lotzeko, HUAko bi sektoreak lotzen dituzten luzera aldakorreko hainbat eroanbide erabiliko dira –518, 64 eta 766 metro bitartekoak izanen dira–. 6 hodi jarriko dira Ega ibaiaren ibilgua lurpean zeharkatzen duen zanga bateratu batean. Gurutzaketa aire zabalean eginen da, eta, horretarako, ur hesia eraiki behar da, gurutzaketa bi fasetan egin ahal izateko. Zulaketa gidatu baten bidez ibaiaren azpiko pasabidea eginda ezin da behar diren hodien multzoa jasoko duen burdinurtuzko hodia instalatu barruan. Instalazio berrietako irteera hustubideak egungo araztegira emanen ditu urak, Ebro ibaiko gaur egungo isurketa erabiltzeko, 400 mm eta 542,05 m-ko burdinurtuzko bi hodiren bidez.

Eroanbideak gutxienez 1,5 metroko sakoneran geratuko dira ibilguaren ohearen azpian, eta gehienez 2,2 metroko sakoneran. Eroanbideak jasoko dituen zanga ohearen indusketatik datorren materialarekin beteko da, 1,5 m-ko lodieran.

Eroanbidearen ezaugarrien eta lurzatiaren kokapenaren arabera, topografikoki, hautatutako igarobidea da ibaiaren azpiko pasabiderik onena; izan ere, ibaiaren ibarra estua da bertan, ibaiertzek malda natural egokia dute, eta, hala, eragin txikiagoa du ingurumenean.

13,2 kV-ko ETko linea elektriko berri bat instalatuko da, 350 m-ko luzerakoa (292 m airetik eta 58 m lurpetik). Linea elektrikoaren lotura puntua Iberdrolak markatutako puntuaren mende dago, eta bertan instalaziorako eskatzen diren ezaugarriak betetzen dira. Linea elektrikoaren trazadura aldatu eginen da lehen eskakizunaren ondoren, trazaduraren hasierako lizarrei eta makalei ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

Gainera, HUAren sektore berriaren ondoan instalazio fotovoltaiko bat eraikiko da, 434 panelekoa, eta autohornidura %49,93 izanen dela kalkulatzen da.

Iragarkiaren kodea: F2504938