80. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

116E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, itxitzat deklaratzen duena Vianako udal mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuen hondakindegi bateko 1. isurketa ontzia. Instalazioaren titularra Dionisio Ruiz SL da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1852/2008 Ebazpenaren bidez emana, eta azkenekoz eguneratu zena Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 1454E/2016 Ebazpenaren bidez.

2022ko maiatzaren 13an, titularrak jakinarazi zuen burutua zela 1. isurketa ontziaren itxieraren exekuzioa, bat etorriz isurketa ontzia eraikitzeko proiektuan ezarritako zigilatze baldintzekin, zeinak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1852/2008 Ebazpenaren bidez onetsi baitziren. Instalazioan honako hauek nabarmentzekoak dira:

–Hondakindegiaren gainazalaren zigilatzea faseka eginez joan dira, hondakindegia ustiatzen hasi zenetik, geruza hauek paratuta:

  • Landare-lur geruza: 80 cm.
  • Barrera geologiko artifiziala, 50 cm.
  • Erregularizazioko lur geruza, lodiera aldakorrekoa.
  • Hondakin masa.

–1. isurketa ontziaren 3. isurketa eremuaren azpian amianto biltegia dago. Biltegi hori hidraulikoki bereizita dago, baina, aipatu 3. isurketa eremuak estaltzen duenez, 1. isurketa ontziaren zigilatzea amianto biltegiaren zigilatzea ere bada.

–Instalazioa abian da gaur egun. 2. isurketa ontzian uzten dira hondakinak.

–Hondakindegia nolakoa den aintzat hartuta, itxieraren xede den eremuko lixibiatuak eta ustiatzen ari diren eremukoak jaso eta eremu komunetara bideratzen direnez, eta egiteko dagoenez hondakindegi osoaren azken itxiera, ustiapeneko eremu guztiak hartuko dituena, eta ezarri gabe daudenez hondakindegi osorako kontrol baldintzak, gauzatu den jarduketa ezin da jo isurketa ontzi guztiaren azken itxieratzat eta, ondorioz, ez da hasiko itxieraren ondoko fasea, Hondakinak hondakindegira eramanez ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarrita dagoena.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Vianako udal mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuen hondakindegi batean (NIMA: 3125102253), zeinaren titularra Dionisio Ruiz SL baita, itxitzat deklaratzea 1. isurketa ontzia. Behin betiko itxiera (Hondakinak hondakindegira eramanez ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarrita dagoena) isurketa ontzi guztiaren itxieraren mende geldituko da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Dionisio Ruiz SLri, Vianako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F2504856