1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
102E/2025 EBAZPENA, martxoaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita Noain Elortzibarko udal mugartean dagoen espezialitate farmazeutikoak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra ARDENA Pamplona SL da.
Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 4.3 taldean.
Dena dela, ez dago ingurumen baimen bateratuaren dokumenturik, instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete behar dituen ingurumen baldintzak biltzen dituenik. Jarduera sailkatuaren udal lizentzia emateko edo aldatzeko zenbait ebazpen daude eta horien bidez joan dira ezartzen funtzionamenduko ingurumen baldintzak denboran zehar.
Beharrezkotzat jo da jarduera sailkaturako eman diren udal lizentzia guztiak eta haien aldaketak biltzen dituen dokumentu bategin bat prestatzea, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko.
Horregatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 59. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak bere ekimenez hasi du prozedura hau.
Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei buruz; Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea, eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.
Ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua eguneratzea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen V. eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei emandako erantzunekin.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Eguneratzea Noain Elortzibarko udal mugartean dagoen espezialitate farmazeutikoak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra ARDENA Pamplona SL da.
Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P01088092162019 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.
Hirugarrena.–Jarduera hori betetzen den lursail bakoitzaren egoerari buruzko txostena aurkeztu beharko da ingurumen arloan eskumena duen departamentuan, 9/2005 Errege Dekretuaren 3.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Txostenaren hedadura eta edukia Nafarroako Gobernuaren web orriko zerbitzuen katalogoan jasotakoak izanen dira: www.nafarroa.eus (Kutsaturik egon daitezkeen lurzoruen egoerari buruzko txostena).
Laugarrena.–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu ingurumen baimen bateratua emateko baldintzak, baldin eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 27. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.
Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa den, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean biltzen direnak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Zortzigarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea ARDENA Pamplona SLri, Noain Elortzibarko Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta NILSAri, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2504422