8. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

152/2024 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen baitira eta onura publikoa zehazki deklaratzen baita energia elektrikoa ekoizteko instalazio honetarako eta haren ebakuazio azpiegituretarako: 4,25 MW-eko potentzia instalatuko "Imarkoain" eguzki-instalazio fotovoltaikoa, Noain Elortzibarko udal-mugartean.

1. Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena emateko eta onura publikoa zehazki deklaratzeko eskaera.

2022ko ekainaren 7an, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLk aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta onura publikoa zehazki deklaratzea ezkatu zuen energia elektrikoa ekoizteko instalazio honetarako eta haren ebakuazio azpiegituretarako: 4,25 MW-eko potentzia instalatuko "Imarkoain" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta 13,2 kV-eko ebakuazio instalazioak, Noain Elortzibarko udal-mugartean; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. eta 55. artikuluetan.

Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, honako hauek dira eguzki-instalazio fotovoltaikoaren osagaiak:

–9.436 modulu fotovoltaiko, egonen direnak instalatuta 337 egitura finkoren gainean (2Vx14). Modulu bakoitzaren potentzia 540 Wp-ekoa izanen da, eta gehieneko potentzia, guztira, 5,095 MWp-ekoa. Instalazioak 8,10 hektarea inguru okupatuko ditu.

–17 inbertsore fotovoltaiko, bakoitzak 250 kW-eko potentzia izandatua duela; guztira, 4,250 MWn eginen dute.

–Transformazio zentro bat.

Inbertsore fotovoltaikoen bidez, modulu fotovoltaikoetan sortutako korronte jarraitua korronte alterno bilakatzen da, eta korronte hori bideratzen da transformazio zentroan dagoen behe-tentsioko armairura. Han 13,2 kV-ean transformatzen da.

Energia 13,2 kV-ean transformatu eta gero, ebakuazio azpiegituretara igarotzen da. Hala, lur azpiko linea batek energia eramaten du ebakitze zentroraino (eguzki-instalazioaren perimetro-hesiaren ondoan dago) eta handik 265 metro inguru dituen lur azpiko linea batek eramaten du IMARKOAIN TBA azpiestazioraino, han baitago sarbide eta konexio puntua. Azpiestazio horren jabea i-DE da, eta Garraioaren Hirian dago.

2022ko ekainaren 7ko eskaerarekin batera, ingurumen-ebaluazioa eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena ere eskatu zituen Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLk.

2. Jendaurreko informazioaren tramitea eta ukitutako administrazio publiko eta erakundeei kontsulta egiteko tramitea.

Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen 30 egunez proiektua eta proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta horiek argitaratu zituen 2022ko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 1ekoan, Diario de Noticias egunkarian, 2022ko irailaren 2koan, eta Nafarroako Gobernu Irekiaren webgunean.

Halaber, iragarkia Noain Elortzibarko Udalera igorri zen, epe berean jendaurrean jar zezan. Egintza hori egiaztatzen duen eginbidea espedientean jaso da.

Jendaurreko informazioaren tramitean, honako alegazio hauek jaso ziren:

–1. alegazioa–Dorre Elortzibarko Kontzejuarena, 2022ko urriaren 13koa.

–2. alegazioa.–"Ongaiz-Ecologistas en Acción de la Comarca de Sangüesa" elkartearena, 2022ko urriaren 13koa.

–3. alegazioa.–"Landazuria-Ecologistas en Acción de la Ribera" elkartearena, 2022ko urriaren 13koa.

–4. alegazioa.–Elortzibarko bizilagunen elkartearena (ASOVEL), 2022ko urriaren 13koa.

Proiektua jendaurrean egon zen bitartean, aurkeztutako dokumentazio teknikoa bidali zitzaien taulan ageri diren erakundeei, eta erakundeok bertan adierazitako txostenak bidali zituzten (espedienteak jasoak daude); hori guztia, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127., 131. eta 146. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

ERAKUNDEA

TXOSTEN ZK.

DATA

Noain Elortzibarko Udala

1

2022-09-26

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (CHE)

-

-

3. Sustatzaileari txostenak bidaltzea eta haien erantzuna.

Bat etorriz ezarrita dagoenarekin abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 126., 127., 131. eta 146. artikuluetan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLri igorri zizkion jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko tramiteetan jasotako alegazioak eta txostena, eta entitate sustatzaileak ere horiei erantzuteko agiria bidali zuen. Espedientean dago aipatutako dokumentazio guztia.

Edukia eta analisia laburbilduta ageri dira ebazpen honen I. eta II. eranskinetan.

4. Ingurumen-ukipenen txostena eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena.

Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 26ko 353E/2023 Ebazpenaren bidez, ingurumen-ukipenen aldeko txostena eman zen proiektuari buruz. Proiektuak, hain zuzen, ebazpen horretan adierazitako baldintzak bete beharko ditu. Hona hemen horietatik aipagarrienak:

–Perimetro-hesia, San Sebastiango errekarekin muga egiten duen tokian, instalatuko da muga horretatik atzeraemanda, errekan ukipenik ez eragiteko. 10 metrora jarriko da, hala baitago jasota proiektuan. Errekaren eta hesiaren arteko gunea bilakaera naturalaren mende geratuko da.

Orobat, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 20ko 465E/2024 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eman zitzaion proiektuari. Proiektuak, hain zuzen, baimen horretan ezarritako determinazioak bete beharko ditu.

5. Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena emateko eta onura publikoa zehazki deklaratzeko proposamena.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 121. artikuluari jarraikiz, espedientean jaso dira Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLren gaitasun teknikoa, ekonomikoa eta legala egiaztatzen duten agiriak.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, espedientean jaso dira "Imarkoain" eguzki-instalazio fotovoltaikoa banaketa-sarean sartzeko eta bertara konektatzeko baimenak, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk emandakoak (agiria 2022ko otsailaren 3koa da, eta 9040303647 erreferentzia du).

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eta jarraikiz xedatuta dagoenari Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala eraman dela aurrera, eta, hortaz, proposatzen du aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLri eta onura publikoa zehazki deklaratzea energia elektrikoa ekoizteko instalazio honetarako eta haren ebakuazio azpiegituretarako: "Imarkoain" eguzki-instalazio fotovoltaikoa, Noain Elortzibarko udal-mugartean

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan- eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLri, energia elektrikoa ekoizteko instalazio honetarako eta haren ebakuazio azpiegituretarako: 4,25 MW-eko potentzia instalatuko "Imarkoain" eguzki-instalazio fotovoltaikoa, Noain Elortzibarko udal-mugartean. Horretarako, 2022ko ekainaren 7an aurkeztutako exekuzio-proiektuak onesten dira, eta hogeita hamasei hilabeteko epea ematen da obrak gauzatzeko.

2. Baimen hauek emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin. Orobat, kontuan hartu beharko da tokiko partaidetzarako eskaintzaren gainean xedatuta dagoena 4/2022 Foru Legearen 36. artikuluan (4/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzkoa). Izan ere, partaidetza nahitaezkoa da sorkuntza berriztagarrirako proiektua lurzoru publikoan dagoenean.

3. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta jarraibide tekniko osagarriak (ITC-LAT 01etik 23ra bitarte) onesten dituen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta jarraibide tekniko osagarriak (ITC-LAT 01etik 09ra bitarte) onesten dituen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua ; eta Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.

4. Behin proiektua gauzatuta, eskatzaileak instalazioa ustiatzeko baimena eskatu beharko du. Horretarako, zerbitzua abian jartzeko aktaren eskaera aurkeztuko du. Eskaera horrekin batera aurkeztu beharko du obra-bukaerako ziurtagiria, teknikari fakultatibo eskudun batek izenpetua, hala xedatuta baitago abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 132. artikuluan.

5. Instalazio horren onura publikoa zehazki deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat; hori horrela, enpresa eskatzailea, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SL, onuraduna izanen da desjabetze-espedientean. III. eranskinean azaltzen da ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, zeinak ez du aldaketarik izan 2022ko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 1ekoan, jendaurrean jarritakoaren aldean.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Ebaluaziorako Atalera eta Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalera.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Explotación Fotovoltaica Lamda SLri, "Ongaiz-Ecologistas en Acción de la Comarca de Sangüesa" eta "Landazuría-Ecologistas en Acción de la Ribera" elkarteei, Elortzibarko bizilagunen elkarteari (ASOVEL), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Red Eléctrica de España SAUko Operazioetako eta Sistemaren Garapeneko zuzendaritzei eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente kodea adierazi beharko da.

9. Ebazpen hau jakinaraztea, Noain Elortzibarko Udalari, Dorre Elortzibarko Kontzejuari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko abenduaren 1ean.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.

I. ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENA

Jasotako txostenaren laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. txostena.–Noain Elortzibarko Udalarena.

2022ko irailaren 26an aurkeztu zuen txostena. Hain zuzen, txostenaren azken atalean ageri dira ondorioak, eta bi puntu hauetan laburbildu daitezke:

Lehenbiziko puntua proiektatutako jarduerak ukitutako lurzoruei buruzkoa da. Puntu horretan honako hau dago jasota: "Hirigintzako Araudi Orokorraren 70. artikuluan abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoruei buruz ezarritakoaren arabera, ondorioztatzen da proposatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoa ez dela bateragarria egun indarrean dagoen udal plangintzarekin".

Bigarren puntua hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostenari buruzkoa da, eta honako hau dago jasota: "kontuan hartuta zer dagoen ezarrita Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko 4/2022 Foru Legean, eskatzen da baimenak etenda gera daitezela, harik eta lurralde antolamenduaren arloko tresnek era horretako jarduketak arautzen dituztenera arte, eta 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta 3. LAPean xedatutakora egokitzen direla bermatzen den arte".

Erantzuna:

Bi puntuei erantzun beharrez, adierazten da espedientean sartuta dagoela Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 20ko 465E/2024 Ebazpena, zeinaren bidez baimena ematen baita 4,25 MW-eko "Imarkoain" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio azpiegiturak instalatzeko Noain Elortzibarren. Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLk sustatu du proiektua.

II. ERANSKINA.–JASOTAKO ALEGAZIOAK

Jaso diren alegazioen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. alegazioa–Dorre Elortzibarko Kontzejuarena, 2022ko urriaren 13koa.

Dorre Elortzibarko Kontzejuak agiri bat aurkeztu zuen 2022ko urriaren 13an. Agiri horretan lau alegazio hauek zeuden jasota:

1. Lehenbiziko alegazioa eguzki-instalazio fotovoltaikoak eraginen duen ingurumen-inpaktuari buruzkoa da. Azaltzen da, orobat, trafikoa handitu eginen dela instalaziora joaten diren ibilgailuengatik, eta horrek eragozpenak sortzen ahal dituela.

2. Bigarren alegazioan azaltzen da eguzki-instalazio fotovoltaikoa kokatzekoa den lurrak kalitate handikoak direla nekazaritzarako, eta horregatik ez dela egokia lur horiek erabiltzea bertan instalazio hori jartzeko.

3. Hirugarren alegazioan azaltzen da eguzki-instalaziora iristeko Dorre Elortzibarko Kontzejuko bideak erabili behar direla, eta Elortz ibaiaren gaineko zubi bat igaro (zubiak 5,5 tonako pisu mugatua du). Hortaz, eskatzen du aurkez dadila abal bat, instalaziora iristeko bideek eta zubiak izan ditzaketen kalteak estaltzeko.

4. Laugarren alegazioa lurzatiaren itxiturari buruzkoa da, eta eskatzen da itxitura horrek errespeta ditzala legez ezarritako distantziak errekari eta bideari dagokienez.

Erantzuna:

Lehenbiziko eta bigarren alegazioei erantzun beharrez (ingurumen arloari buruzkoak dira), adierazten da espedientean sartuta dagoela Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 26ko 353E/2023 Ebazpena, zeinaren bidez ingurumen-ukipenen aldeko txostena eman baitzen.

Instalaziora joaten diren ibilgailuen trafikoa handitzeak sor ditzakeen eragozpenei dagokienez, eta hirugarren alegazioari erantzun beharrez, entitate sustatzaileak adierazi du ez dagoela aurreikusita material eta makina astunen garraioak eraginik izanen duenik Dorre Elortzibarko herrigunean, ez eta horrek eragozpenik sortuko dienik herritarrei. Orobat, eguzki-instalazio fotovoltaikora iristeko beste sarbide batzuk daude, kontzejuak deskribatu dituenez bestelakoak (sarbide alternatiboaren plano berria erantsi da).

Laugarren alegazioari erantzun beharrez, sustatzaileak adierazi du instalazioak proiektatzeko fasean beharrezko atzeraemanguneak eginen dituela instalazioetako hesian, errespetatzeko jabari publiko hidraulikoan eta kontzejuko pista eta bidexken sarean ezarritako zortasunak.

2. alegazioa.–"Ongaiz-Ecologistas en Acción de la Comarca de Sangüesa" elkartea.

2022ko urriaren 13an, "Ongaiz-Ecologistas en Acción de la Comarca de Sangüesa" elkarteak alegazio idazkia aurkeztu zuen. Bertan biltzen dira Nafarroako energia egoerari buruzko azterketa orokorra, honelako proiektuen inpaktuaren azalpena eta proposatutako aukerak edo konponbideak: energia gutxiago kontsumitzea, energia efizientzia, autokontsumoa, erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea eta Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legea aldatzea.

Gainera, alegazioaren puntu batean aztertzen da zer ingurumen-balio duen "Imarkoain" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio azpiegituren inguruneak, baita zer ingurumen-inpaktu duen ere, eta ondorio gisa adierazten da hura Nafarroako ingurumen eta gizarte balioentzat kaltegarria litzatekeela. Horregatik eskatzen du hura bertan behera uztea eta hedaduraz, bidean diren mota horretako proiektu guztiak ere geldiarazteko, eta Nafarroan behar dugun eredu energetikoari buruzko hausnarketa eta plangintza prozesu egoki bat abian jartzeko.

Azkenik, proiektuan interesdun gisa onartzeko eta hari buruz emanen den ebazpenaren berri emateko eskatzen du.

Erantzuna:

Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izateari dagokionez, proiektuan Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin, zeinak, edonola ere, izaera orientagarria baitu.

Gainerako ingurumen-gaiak Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 26ko 353E/2023 Ebazpenean ebaluatu dira, zeinaren bidez ingurumen-ukipenen aldeko txostena egin baitzen proiektuari buruz.

Azkenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, interes ekonomiko eta sozialen ordezkari diren elkarte eta erakundeak interes kolektibo legitimoen titular izanen dira, legeak onartzen dituen baldintzetan.

3. alegazioa.–"Landazuria-Ecologistas en Acción de la Ribera" elkartea.

2022ko urriaren 13an, "Landazuria-Ecologistas en Acción de la Ribera" elkarteak alegazio idazki bat aurkeztu zuen, "Ongaiz-Ecologistas en Acción de la Comarca de Sangüesa" elkarteak aurkeztutakoaren testu bera zeukana (2. alegazioa).

Erantzuna:

"Ongaiz-Ecologistas en Acción de la Comarca de Sangüesa" elkarteari (2. alegazioa) emandako erantzun bera ematen zaio.

4. alegazioa.–Elortzibarko bizilagunen elkartearena (ASOVEL), 2022ko urriaren 13koa.

2022Ko urriaren 13an, ASOVEL ekarteak alegazio bat aurkeztu zuen, hirigintzaren edo ingurumenaren arloko hiru alderdi hauek jasotzen zituena:

1. Lehenbiziko puntuan azaltzen da proiektu hau aurrekari arriskutsua eta negatiboa izan daitekeela, atea irekiko luke-eta Elortzibarren beste proiektu fotovoltaiko batzuk instalatzeko, eta horrek murriztu edo erabat suntsituko luke Iruñerriko nekazaritza ekoizpena (ekoizpen horri funtsezkoa deritzote).

2. Bigarren puntuan azaltzen da proiektuak urratu egiten dituela hirigintzaren eta ingurumenaren arloko zenbait irizpide. Irizpide horiek ezarrita daude 64/2006 Foru Aginduan (lurzoru urbanizaezinean instalazio fotovoltaikoak ezartzeko irizpideak eta baldintzak arautzen ditu), Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko Foru Legean eta 2030erako Nafarroako Energia Planaren ingurumen-azterlan estrategikoan.

3. Hirugarren puntuan adierazten da proiektua egiteko orduan ez dela kontuan hartu ikuspegien eta ingurumenaren gaineko eragina.

Erantzuna:

Aurkeztutako alegazioan ingurumen arloari buruz jasota dauden alderdiei erantzun beharrez, adierazten da espedientean sartuta dagoela Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 26ko 353E/2023 Ebazpena, zeinaren bidez ingurumen-ukipenen aldeko txostena eman baitzen.

Aurkeztutako alegazioan hirigintzari buruz jasota dauden alderdiei erantzun beharrez, adierazten da espedientean sartuta dagoela Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 20ko 465E/2024 Ebazpena, zeinaren bidez baimena ematen baita 4,25 MW-eko "Imarkoain" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio azpiegiturak instalatzeko Noain Elortzibarren. Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLk sustatu du proiektua.

III. ERANSKINA.–"IMARKOAIN" EGUZKI-INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOAK ETA HARI ATXIKITAKO TRANSFORMAZIO ETA EBAKUAZIO AZPIEGITUREK UKITUTAKO ONDASUN ETA ESKUBIDEEN ZERRENDA

TITULARRA

KATASTROKO DATUAK

UKIPENAK

Jabea

Udalerria

Poligonoa

Lurzatia

Lur mota / laborea

Kutxatila kop.

Kutxatilen okupazioa (m²)

Kanalizazioaren luzera
(m)

Kanalizazioaren azalera
(m²)

Noain Elortzibarko Udala

Noain (Elortzibar)

5

154

Lurzorua

0

0

20

10

PG Garraioaren Hiria (3. fasea)

Noain (Elortzibar)

5

91650

Bideak

5

5

230

94

Iragarkiaren kodea: F2417283