Iragarkia
8. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
411E/2024 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Toki entitateei trantsizio energetikoa egiteko laguntzak 2025erako" deritzon dirulaguntzen deialdia. DDBNeko identifikazioa: 799843.
2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planak helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea eta energia berriztagarriak garraioan gehiago erabiltzea.
Horregatik, Nafarroako toki entitateentzako laguntzen deialdi honek deskribatu diren helburuak lortzen lagundu nahi du, lau neurri mota hauen bidez hain zuzen: kaleko argien instalazioak eta eraikin publikoen barneko argienak berritzea, energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egitea, auditoria energetikoen proiektuak idaztea eta hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planak idaztea.
Era berean, dirulaguntza hori sartuta dago Nafarroako Dirulaguntzen 2025eko Plan Estrategikoan.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Onestea honako dirulaguntza honen deialdia: "Toki entitateei trantsizio energetikoa egiteko laguntzak 2025erako".
2. Onestea dirulaguntza arautuko duten oinarriak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA (eurotan) |
Partida: 820001 82500 7609 425200. "Toki entitateentzako laguntzak. Plan energetikoa" edo baliokidea, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago | 2025 | 2.100.000 |
Halaber, gehienez ere 400.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da. Zenbateko gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan adierazitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.
Iruñean, 2024ko azaroaren 26an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Hauek dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/844 EB Zuzentarauaren helburuak (haren bidez aldatu ziren eraikinen efizientzia energetikoari buruzko 2010/31/EB Zuzentaraua eta efizientzia energetikoari buruzko 2012/27/EB Zuzentaraua):
–Berotegi efektuko gasen isurketa %40 murriztea, 1990eko mailen aldean.
–Kontsumitutako energia berriztagarriaren proportzioa handitzea.
–Europako Batasunak dituen helburuen araberako energia aurrezpena lortzea.
Deialdi honetako dirulaguntzek xede dute zuzentarau horretan ezartzen diren eta 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planarekin bat egiten duten helburuak eskuratzen laguntzea, kaleko argiak eta eraikin publikoen barneko argiak berrituz, energia berriztagarrien instalazioetan inbertituz, auditoria energetikoen proiektuak idatziz eta hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planak idatziz Foru Komunitateko toki entitateetan.
Horretarako, honako neurri hauek zehaztu dira, dirulaguntzak jaso ditzaketenak (haien ezaugarriak deialdiaren II. eranskinean ageri dira):
NEURRIA | IZENA |
1.A | Berritzea kaleetako argiteria publikoaren instalazioak eta eraikin publikoen barneko argiteriaren instalazioak, 500 biztanle baino gutxiagoko toki entitateetan |
1.B | Berritzea kaleetako argiteria publikoaren instalazioak eta eraikin publikoen barneko argiteriaren instalazioak |
2 | Inbertsioak egitea energia berriztagarrien instalazioetan |
3 | Proiektu eta auditoretza energetikoak idaztea |
4 | Hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planak idaztea |
2. oinarria.–Onuradunak.
Nafarroako toki entitateak izanen dira laguntza hauen onuradunak, baldin eta egiten badituzte goian deskribatutako neurriekin lotutako inbertsioak, bai eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192.2 artikuluan jasotako tokiko zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten erakundeak ere (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, lanak gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Diruz lagungarriak izanen dira II. eranskinean zehaztutako neurrietako bakoitzean aipatzen diren jarduketak, baldin Nafarroan eginak badira.
Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Inbertsioaren edo jarduketaren ondoriozko gastu finantzarioak.
b) BEZa, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.
2. Gauzatzeko epea 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 15era bitartekoa izanen da.
3. II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntza kasu honetan handitu liteke:
Toki entitateek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde duten konpromisoa baloratuko da (bai banaka, bai elkarte, mankomunitate eta tokiko ekintza taldekide diren heinean). Hala, entitateei %5eko laguntza gehigarria emanen zaie, baldin eta frogatzen badute hartu dutela genero berdintasuna sustatzeko IV. eranskinean aipatzen diren neurrietako bat.
Laguntza deialdiaren edizioetan laguntza gehigarri hori jaso zuten entitateei ez zaie berriz emanen.
4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
Eskaerak ez dira aurkeztutzat hartuko ez baldin badira egokitzen laguntzen fitxan dagoen formulario telematikora (eskaera-orri hori agertzen da eskaeraren izapidea laguntzen fitxaren bidez hastean), ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez badira ere; hori dena, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluei. Horrenbestez, ez aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzentzen ahalko.
3. Toki entitateek eskaera bat aurkeztu beharko dute jarduketa bakoitzeko.
Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, izenarekin identifikatua, eta II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izanen da.
4. Eskaerak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak entitate eskatzaileari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.
II. eranskinean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.
5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, organo kudeatzaileak (Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko Plan Energetikoaren eta Europako Proiektuen Atala) aurkezten diren eskaerak konparatuko ditu, neurri bakoitzerako II. eranskinean ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, eskaeren arteko lehentasun hurrenkera bat ezartze aldera. Dena dela, neurri bakoitzerako baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen lehentasunik ezartzea.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio altuena lortzen duten eskaerei II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako laguntzaren intentsitatea aplikatuko zaie, neurri bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu kreditua agortu arte:
NEURRIA | AURREKONTU-KREDITUA (eurotan) |
1.A. Berritzea kaleetako argiteria publikoaren instalazioak eta eraikin publikoen barneko argiteriaren instalazioak, 500 biztanle baino gutxiagoko toki entitateetan | 250.000 |
1.B. Berritzea kaleetako argiteria publikoaren instalazioak eta eraikin publikoen barneko argiteriaren instalazioak | 750.000 |
2. Inbertsioak egitea energia berriztagarrien instalazioetan | 750.000 |
3. Proiektu eta auditoretza energetikoak idaztea | 175.000 |
4. Hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planak idaztea | 175.000 |
Neurri baterako aurkezten diren eskaera guztiei erantzun ondotik kreditu erabilgarririk geldituz gero, beste neurri batzuetako eskaerei erantzuteko erabiliko da. Halakoetan, lehentasun-hurrenkera honi jarraikiko zaio: 1.A neurria, 1.B neurria, 2. neurria, 3. neurria eta 4. neurria, hurrenez hurren, eta neurri bakoitzean ezarritako lehentasun-hurrenkera.
Oraindik saldo erabilgarririk gelditzen bada, lehenik erantzunen zaie laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatutako eskaerei, harik eta oinarrietan zehaztutako ehunekoa osatzen den arte. Eta ondotik, lehentasun-hurrenkera honi jarraikiko zaio: 1.A neurria, 1.B neurria, 2. neurria, 3. neurria eta 4. neurria, hurrenez hurren, eta neurri bakoitzean ezarritako lehentasun-hurrenkera.
2. Plan Energetikoaren eta Europako Proiektuen Atalak ebaluatuko ditu eskaerak, II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako irizpideei jarraituz, eta ebazpen proposamena bidaliko dio organo eskudunari, bertan adieraziz onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
3. Baldin eta dirulaguntza eman ondotik eta justifikatzeko epea amaitu baino neurri batean kreditua askatzen bada, laguntza gehigarriak ematen ahalko zaizkie honako hauei:
a) Aurrekontuan behar adina kreditu ez egoteagatik dirulaguntza guztia (%100) jasotzera iristen ez diren neurri bereko jarduketetarako eskaerak. Eta horien atzetik, egoera berean dauden beste neurrietako jarduketetarako eskaerak. Kasu horretan, lehentasun-hurrenkera honi jarraikiko zaio: 1.A neurria, 1.B neurria, 2. neurria, 3. neurria eta 4. neurria.
b) Hori egin ondotik oraindik ere krediturik baldin badago, kreditu faltagatik ezetsi diren eskaerei helduko zaie, kreditua liberatu den neurritik hasita, eta gero, egoera berean dauden beste neurrietako eskaerei helduko zaie, a) letran ezarritako hurrenkerari jarraikiz.
c) Oraindik saldo erabilgarririk badago, laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatutako eskaerei erantzunen zaie, oinarrietan adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte, a) letran adierazitako ordenari jarraituz.
4. Egindako inbertsioak justifikatzeko epea amaitu ondotik neurri batean kreditua askatzen bada, eta aurrekontu krediturik ez dagoelako ezetsi diren eskabiderik ez badago neurri horretan, laguntza gehiago ematen ahalko zaie onuradunei –laguntza mugatu bazaie–, aurreko apartatuko a eta c irizpideei jarraikiz.
6. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.
1. Onuradunek egindako inbertsioak justifikatu beharko dituzte, 2025eko urriaren 15ean beranduenez. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 8.1 oinarrian adierazitako moduan:
a) Egindako jarduketen fakturak, onuradunaren izenean. Fakturak errazago berrikusteko, haien zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.
b) Fakturen ordainagiriak, onuradunaren izenean.
c) II. eranskinean neurri bakoitzerako zehazten den dokumentazioa.
d) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.
e) Dirulaguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.
2. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondotik, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
3. Onuradunen batek laguntzari uko egiteagatik edo kreditu gehiago izateagatik ematen diren laguntza berrietan, onuradunek egindako inbertsioak justifikatzeko muga-eguna 2025eko azaroaren 10a izanen da. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute aurreko apartatuan adierazi den bezala (6. oinarria, 1. puntua).
4. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aztertuko ditu onuradunek aurkeztutako frogagiriak, eta dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, egindako inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du aurretik. Ondotik, laguntza ordaintzeko ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio organo eskudunari, zeinean jasoko baita onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak.
5. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du, frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean.
7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) 3. eta 6. oinarrietan ezarritako moduan eta epeetan egitea eta justifikatzea dirulaguntzaren xedeko jarduerak.
b) Inbertsioaren jabetza mantentzea 5 urtez gutxienez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik hasita.
c) Onartutako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.
d) II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako betebehar berariazkoak.
e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Betebeharren bat betetzen ez bada, oinarri arautzaile hauetakoa, dirulaguntzak emateko ebazpenekoa nahiz Dirulaguntzei buruzko Foru Legekoa, galduko da onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea, edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztuko da, baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 6.1 oinarrian ezarritako epealdiaren ondotiko hamar egun baliodunetan egiten bada.
3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.
8. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) dagoen laguntzen fitxa erabiliz (administrazio publikoaren eremurako zerbitzuak).
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GHEb).
9. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen beste dirulaguntza batzuekin, baldin gastu diruz lagungarri beretarako eman badira. Zehazki, bateraezinak dira indarra duen Toki Inbertsioen Planaren ekarpenekin.
Dirulaguntzak bateragarriak direnean, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek eman dituztelako, dirulaguntza baten edo guztien zenbatekoak ezin du inola ere gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
10. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.
11. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
II. ERANSKINA
1. NEURRIA–KALEETAKO ARGITERIA PUBLIKOAREN INSTALAZIOAK ETA ERAIKIN PUBLIKOETAKO BARNEKO ARGITERIA BERRITZEA
–1.A neurria: 500 biztanle baino gutxiagoko toki entitateetan egin beharreko jarduketak.
–1.B neurria: 500 biztanle baino gehiagoko eta gutxiagoko toki entitateetan egin beharreko jarduketak.
2025eko urtarrilaren 1eko erroldako datuak hartuko dira erreferentziatzat. Eskaera egitean, adierazi beharko dute bi azpineurrietatik zein eskatzen duten (A edo B), ezin baita laguntza bietan eskatu. Kanpoko argiak berritzeko jarduketetarako, eskatzaileak horretarako gaitasuna eduki beharko du.
1. Jarduketa diruz lagungarriak.
Neurri honen barnean sartzen dira ondotik azaltzen diren jarduketak, efizientzia energetikoa handiagoa lortzearren.
Kaleetako argiteria publikoaren instalazioaren berrikuntzak eta eraikin publikoen barneko argiteriaren berrikuntzak honako hauek biltzen ditu: ekipoak, linea eta instalazio elektrikoak berritzea, obra zibila eta obra-proiektua eta obra-zuzendaritza. Ez da diruz lagunduko obren proiektuari eta zuzendaritzari dagokien gastua, baldin eta eskaeran onartu den eta diruz lagungarria den guztizko kostuaren %15 gainditzen badu.
Proiektuari lotutako guztizko inbertsio bat izanen da, barnean hartzen dituena instalazioak osorik egokitzeko behar diren inbertsio guztiak eta dirulaguntza jasotzen ahal duen inbertsioa (hau da, egin den inbertsio guztitik laguntza jaso dezakeena); hura erabiliko da puntuazioa kalkulatzeko eta hari aplikatuko zaio jaso beharreko laguntzaren ehunekoa.
Dirulaguntza hauen xede diren instalazioek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1. Auditoretza bat egina izatea 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, baldintza hauek betetzen dituena:
a) Gutxieneko edukia:
–Dagoen instalazioaren diagnostikoa.
–Dagoen instalaziorako proposatutako alternatibak, gutxienez hiru jarduketa azterturik teknikoki eta ekonomikoki.
b) Kaleetako argiteriaren gaineko jarduketen kasuan, aurretiko auditoretza-lana Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundeak ezarritako protokoloari jarraikiz egina egon beharko da.
2. Kaleetako argiteriaren kasuan baino ez, luminaria berriek ezaugarri hauek bete behar dituzte:
a) Instalatutako goiko fluxu hemisferikoa <%1 izatea luminaria funtzionaletan, eta girotzeko luminarietan edo luminaria klasikoetan, berriz, instalatutako goiko fluxu hemisferikoa <%3;
b) Kolore tenperatura ≤ 3000 K.
c) Led motako lanparak izanen dira.
d) Erregulazio sistema izan beharko du.
3. Bete beharko dira Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoa (abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuaren bidez onetsia), Kanpoko argiteriaren instalazioetan efizientzia energetikoa bultzatzeari buruzko Erregelamendua (azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta haren jarraibide tekniko osagarriak (EA-01etik EA-07ra) eta Led teknologia duten kanpoko argietako luminarientzat eskatzen diren errekerimendu teknikoak. Eraikin publikoen barneko argiteriaren instalazioek bete beharko dute Eraikingintzaren Kode Teknikoaren HE 3 Atalean ezarritakoa ("Argi instalazioen efizientzia energetikoa"), baita indarra duten gainerako legeak ere.
2. Laguntzaren zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoa izanen da organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotako gastuaren %60.
Laguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradun bakoitzeko:
–1.A neurria: 20.000 euro.
–1.B neurria: 30.000 euro.
3. Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:
a) Auditoretza, 1. ataleko 1. puntuan eskatutakoa betetzen duena.
b) Jarduketaren aurreproiektua, non gutxienez alderdi hauek zehaztuko baitira nahitaez:
–Auditoretzan deskribatutako proposamenetatik hautatu den aukera.
–Aldatu beharreko luminarien kopurua, mota eta potentzia.
–Luminaria berrien kopurua, mota eta potentzia.
–Energia aurrezpenaren justifikazioa, III. eranskinean deskribatutako metodologiari jarraikiz.
–Jarduketen aurrekontu xehatua prezio unitarioa kontzeptuen arabera banakatua.
c) Energia elektrikoaren horniduraren (edo horniduren) azken faktura, alegia, jarduketaren xedeko argi-instalazioarena. Kontratatutako potentzia berriarekin energiaren horniduran zenbat aurreztuko den kalkulatzeko eskatzen da faktura hori.
d) Baldin eta entitate eskatzaileak badu jatorri-bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen hornidura kontratu bat gutxienez, hori frogatu beharko du, kontratua edo hari lotutako faktura bat aurkeztuz.
e) Toki entitatearen emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (justifika dadin deialdiaren 3. oinarrian adierazitako laguntza gehigarria), baldin betetzen badira horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak.
4. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Hona hemen honelako laguntzen eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Ratio energetiko-ekonomikoaren balorazioa: 90 puntura bitarte.
Ratio energetiko-ekonomikoa da honako bi hauen arteko zatidura: proposatutako berritzearekin kWh/urtea parametroan lortzen den aurrezte teorikoa zati efizientzia energetikoa lortzearren eurotan egindako inbertsio diruz lagungarria (BEZa barne).
90 puntu emanen dira, baldin eta ratio energetiko-ekonomikoa 1,25etik gorakoa bada, eta 0 puntu, baldin eta ratioa zero bada. Gainerako kasuetan, puntuazioa aterako da kontuan hartuz bi balio horien arteko erregresio lineala.
b) Ingurumen jasangarritasuna: jatorri-bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo "elektrizitate berdearen" hornidura kontratu bat izatea laguntza eskatzeko egunean: 10 puntu.
Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, erabakiko da kontuan hartuz irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraituz, hain zuzen. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, laguntzaren eskaera zer egun eta ordutan egin zen izanen da irizpidea.
5. Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.
Onuradunek, deialdiaren 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, aurkeztu beharko dute honako berariazko dokumentazio hau, egindako inbertsioak justifikatzeko:
a) Memoria edo proiektua –kasua zein den–, egindako jarduketa deskribatzen duena, instalazioaren eta haren elementuen argazkiak eta dagozkien fitxa teknikoak erantsita.
b) Berritutako instalazioaren behe-tentsioko erregistro-zenbakia. Erregistroa aldatzea nahitaezkoa bada, horren frogagiria. Bestela, enpresa instalatzailearen edo teknikari eskudunaren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzen duena ez dagoela erregistroa aldatu beharrik.
6. Betebehar berariazkoak.
Neurriaren onuradunek, 7. oinarrian zehaztutakoaz gain, kaleetako argiteria instalazioaren hornidura kontratu berriaren kopia aurkeztuko dute, ordaintzeko ebazpena jakinarazten denetik hiru hilabeteko epean, eta bat etorri beharko da jarduketaren memorian zehaztutako potentzia kontratatuarekin. Ez bada aldatzen ahal kontratatutako potentzia, horren arrazoiak justifikatzeko agiria aurkeztuko dute.
2. NEURRIA.–ENERGIA BERRIZTAGARRIEN INSTALAZIOETAKO INBERTSIOAK
1. Jarduketa diruz lagungarriak.
Diruz lagunduko dira berokuntzarako eta elektrizitatea sortzeko iturri berriztagarrietatik datorren energia erabiltzen duten instalazioetan egindako jarduketak.
Energia elektrikoa sortzeko instalazioek dirulaguntza jasotzen ahal dute baldin eta indarreko araudiaren arabera autokontsumora bideratzen badira, eta metaketarako sistemak edukitzen ahalko dituzte; halaber, saretik isolatutako autokontsumoko instalazioek ere jasotzen ahal dute.
Bero-ponpak erabiltzen dituzten instalazioetarako jarduketetan, Europako Batzordearen 2013ko martxoaren 1eko Erabakiaren arabera energia berriztagarritzat jotzen direnak baizik ez dira diruz lagungarritzat joko. Erabaki horren bidez, jarraibideak ezartzen dira Batasuneko estatuek hainbat teknologiatako bero-ponpetatik datorren energia berriztagarria kalkulatzeko.
Iturri berriztagarrietatik datorren energiatzat joko da iturri ez-fosiletatik datorren energia; hau da, haize-energia, eguzki-energia (termikoa eta fotovoltaikoa), energia geotermikoa, energia hidraulikoa, biomasatik eta biogasetik datorrena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko abenduaren 11ko 2018/2001 Zuzentarauan definitzen diren moduan.
Biogasari dagokionez, diruz lagunduko dira biogasa sortzeko eta sortutakoa erabiltzeko egiten diren inbertsioak.
Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:
a) Diseinurako, proiektua idazteko eta obra zuzentzeko gastuak. Ez da diruz lagunduko guztizko gastua, baldin eta eskaeran onartu den eta diruz lagungarria den guztizko kostuaren %15 gainditzen badu.
b) Obren eta instalazioen exekuzio kostuak, harekin elkartutako obra zibila eta instalazio lagungarriak ere barne.
c) Ondasun, ekipo eta material berrietan egindako inbertsioa.
d) Autokontsumo elektrikoko instalazioetarako jarduketen kasuan, diruz lagungarriak izanen dira sortze instalazioa banaketa sarearekin konektatzeko beharrezkoak diren lanekin lotutako gastuak.
e) Klimatizazio sareetako inbertsioetan, energia berriztagarria erabiltzen duten eraikinetako kanpoko sareak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.
Ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Eraikingintzaren Kode Teknikoa aplikatuz nahitaezkoak diren instalazioak (elektrikoak eta termikoak), alde batera utzita araudi horretan eskatutakoaren gainetik ezarritako potentziaren zati proportzionala.
Zehazki, Eraikingintzaren Kode Teknikoari jarraikiz proiektu batean nahitaezkoa bada energia berriztagarrien instalazio bat egitea etxeko ur beroa sortzeko, diruz lagungarria izanen da berokuntzaren eta/edo hoztearen lagungarri gisa ere diseinatutako instalazioetan egindako inbertsioa bakarrik. Kasu horretan instalazioaren kostuaren ehuneko 70 baizik ez da diruz lagungarria izanen, ulertzen baita gainerako ehuneko 30 dela aipatu araua betetzeko behar den inbertsioa.
b) Zerbitzuan dagoen sarearen banaketa sareko instalazioak indartzeko, egokitzeko edo eraberritzeko lanak, instalazio berriak sartzeko beharrezkoak direnak.
2. Laguntzaren zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoa organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotzen duen gastuaren %50 izanen da, eta 2. neurri honetan gehieneko laguntza 40.000 eurokoa izanen da onuradun bakoitzeko.
3. Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:
a) Jarduketaren aurreproiektua, non gutxienez alderdi hauek zehaztuko baitira nahitaez:
–Egungo egoera eta lortu nahi den egoera.
–Energia sortzeko elementuen eta sistemen deskribapena eta fitxa teknikoa.
–Biltegiratzeko elementuen eta sistemen deskribapena eta fitxa teknikoa.
–Kontroleko sistemen eta metodologiaren deskribapena.
–Prozesuaren kronograma.
–Inbertsioen aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu zehaztuta.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, toki entitateko energia berriztagarrien instalazioen ezartze mailari buruzkoa.
c) Entitate eskatzailea kide gisa sarturik badago eskaera egiten den egunean legez ezarrita dagoen komunitate energetiko batean edo kooperatiba energetiko batean.
d) Baldin eta entitate eskatzaileak badu jatorri-bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen hornidura kontratu bat gutxienez, hori frogatu beharko du, kontratua edo hari lotutako faktura bat aurkeztuz.
e) Toki entitatearen emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (justifika dadin deialdiaren 3.3.b oinarrian adierazitako laguntza gehigarria), baldin betetzen badira horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak.
4. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Hona hemen honelako laguntzen eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Inplementatutako teknologia:
–Biomasako instalazio termikoak, biogasa: 50 puntu.
–Elektrizitatea sortzeko instalazioak, biltegiratzearekin: 40 puntu.
–Elektrizitatea sortzeko instalazioak, biltegiratzerik gabe: 30 puntu.
–Elektrizitatea sortzeko dauden instalazioetarako biltegiratze-sistemak: 30 puntu.
–Aerotermia-, geotermia- edo hidrotermia-instalazioak, edo eguzki-instalazio termikoak: 20 puntu.
b) Energia berriztagarrien ezarpen maila:
Toki entitateak energia berriztagarriarekin jartzen duen lehenbiziko instalazioa bada: 20 puntu.
–Toki entitateak dagoeneko baldin badu energia berriztagarrien instalazio bat, bi edo hiru: 10 puntu.
–Toki entitateak energia berriztagarrien 3 instalazio baino gehiago baldin baditu: 0 puntu.
c) Erronka demografikoa. Baldin eta toki entitatea bada 5.000 biztanle arteko udalerri batean badago, edo hirikoak ez diren 20.000 biztanle arteko udalerriak, biztanle-entitate berezi guztiak 5.000 biztanlez beherakoak dituztenetan: 10 puntu.
d) Toki entitatea kide gisa sarturik badago eskaera egiten den egunean legez ezarrita dagoen komunitate energetiko batean edo kooperatiba energetiko batean: 10 puntu.
e) Ingurumen jasangarritasuna: jatorri-bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo "elektrizitate berdearen" hornidura kontratu bat izatea laguntza eskatzeko egunean: 10 puntu.
Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, erabakiko da kontuan hartuz irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraituz, hain zuzen. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, laguntzaren eskaera zer egun eta ordutan egin zen izanen da irizpidea.
5. Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.
Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, dokumentazio espezifiko hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:
a) Memoria edo proiektua –kasua zein den–, egindako jarduketa deskribatzen duena, instalazioaren eta haren elementuen argazkiak eta dagozkien fitxa teknikoak erantsita.
b) Behe tentsioko instalazio elektrikoen erregistro zenbakia edo eraikinetako instalazio termikoena, kasua zein den.
3. NEURRIA.–ENERGIA AUDITORETZAK ETA PROIEKTUAK IDAZTEA
1. Jarduketa diruz lagungarriak.
Neurri honen barnean, jarduketa hauek sartzen dira:
–Energia berriztagarrien proiektuak idaztea.
–Energia-efizientziako proiektuak idaztea.
–Auditoretza energetikoak idaztea.
Ez dira diruz laguntzeko modukotzat hartuko ez Obra Zuzendaritzak, ezta kronologikoki proiektu exekutatu ondotikoak diren dokumentuak ere.
2. Laguntzaren zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoa izanen da organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotzen duen gastuaren %80.
Laguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradun bakoitzeko: 7.500 euro.
3. Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:
a) Laguntzaren xede den proiektuaren deskripzio-memoria deskribatzailea, aurrekontua barne.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, toki entitateko energia berriztagarrien instalazioen ezartze mailari buruzkoa.
c) Entitate eskatzailea kide gisa sarturik badago eskaera egiten den egunean legez ezarrita dagoen komunitate energetiko batean edo kooperatiba energetiko batean.
d) Baldin eta entitate eskatzaileak badu jatorri-bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen hornidura kontratu bat gutxienez, hori frogatu beharko du, kontratua edo hari lotutako faktura bat aurkeztuz.
e) Toki entitatearen emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (justifika dadin deialdiaren 3. oinarrian adierazitako laguntza gehigarria), baldin betetzen badira horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak.
4. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Hona hemen honelako laguntzen eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Energia berriztagarrien ezarpen maila:
–Baldin energia berriztagarriekin toki entitatean jartzen den lehenbiziko instalazioa bada: 40 puntu.
–Toki entitateak baldin badu energia berriztagarrien instalazio bat, bi edo hiru: 25 puntu.
–Toki entitateak energia berriztagarrien 3 instalazio baino gehiago baldin baditu: 10 puntu.
b) Erronka demografikoa. Baldin eta toki entitatea bada 5.000 biztanle arteko udalerri batean badago, edo hirikoak ez diren 20.000 biztanle arteko udalerriak, biztanle-entitate berezi guztiak 5.000 biztanlez beherakoak dituztenetan: 25 puntu.
c) Toki entitatea kide gisa sarturik badago eskaera egiten den egunean legez ezarrita dagoen komunitate energetiko batean edo kooperatiba energetiko batean: 25 puntu.
d) Ingurumen jasangarritasuna: jatorri-bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo "elektrizitate berdearen" hornidura kontratu bat izatea laguntza eskatzeko egunean: 10 puntu.
Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraituz, hain zuzen. Hala eginda ere berdinketak bere horretan jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan egin den, horrexen arabera ordenatuko dira.
5. Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.
Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, dokumentazio espezifiko hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:
–Laguntzaren xede den proiektu, auditoretza edo planaren kopia.
4. NEURRIA.–HIRI BARNEKO MUGIKORTASUN JASANGARRIRAKO PLANAK IDAZTEA
1. Jarduketa diruz lagungarriak.
Neurri honek barne hartuko du hiri barneko mugikortasun jasangarrirako planak idaztea. Toki entitate batek baino gehiagok batera egindakoak izaten ahal dira. Halakoetan, eskabide desberdinak egiten ahalko dira toki entitateen izenean. Diruz lagungarria den gastua eta eskaera bakoitzari dagokion laguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, oinarri hartuko da alderdiek elkarrekin egiten duten akordioan toki entitate bakoitzari esleitutako planaren guztizko aurrekontuaren ehunekoa.
Planaren barruan jaso beharko da Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko Foru Legearen 45. artikuluko 4. apartatuan jasotakoa.
2. Laguntzaren zenbatekoa.
Organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotako gastuaren %85 izanen da laguntzaren zenbatekoa.
Laguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradun eta plan bakoitzeko: 12.500 euro.
3. Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, 4. oinarrian esandako epean eta moduan:
a) Laguntzaren xede den planaren memoria deskribatzailea, aurrekontua barne.
b) Toki entitate baterako baino gehiagorako planen zatiak egiteko eskaeren kasuan, planean parte hartzen duten toki entitate guztien artean sinatutako akordioa, partaidetza ehunekoak zehaztuta, aurkeztu beharko dute.
c) Toki entitatearen emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (justifika dadin deialdiaren 3.3.b oinarrian adierazitako laguntza gehigarria), baldin betetzen badira horri dagokionez eskatzen diren betebeharrak.
4. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Hona hemen honelako laguntzen eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Baldin eta planak 5.000 biztanletik gorako udalerriren bat hartzen badu barne, 60 puntu.
b) Baldin eta planak mugakide diren udalerriak batera hartzen baditu barne, 40 puntu.
Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraituz, hain zuzen. Hala eginda ere berdinketak bere horretan jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan egin den, horrexen arabera ordenatuko dira.
5. Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.
Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, dokumentazio espezifiko hau aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:
–Hiriko mugikortasun jasangarrirako planaren kopia.
III. ERANSKINA–URTEKO ENERGIA AURREZPENA KALKULATZEA
Urteko energia aurrezpena (kWh) = [A] - [B]
Non:
[A]: Egungo luminarien urteko kontsumoa (kWh) = [1] * [2] + [1] * [3] * [4].
[B]: Luminarien urteko kontsumoa berritu ondotik (kWh) = [5] * [6] + [5] * [7] * [8].
[1]: Egungo luminaria guztien potentzia, osotara (kW).
[2]: Egun, potentzia osoan funtzionatzen duten ordu kopurua urtean (orduak).
[3]: Egun, potentzia arautuan funtzionatzen duten ordu kopurua urtean (orduak).
[4]: Egungo luminarien potentziaren erregulazio koefizientea (potentzia osoarekiko portzentajea).
[5]: Luminaria guztien potentzia, osotara, berritu ondotik.
[6]: Potentzia osoan funtzionatzen luminaria guztiek egiten duten ordu kopurua, berritu ondotik.
[7]: Potentzia erregulatuan funtzionatzen luminaria guztiek egiten duten ordu kopurua, berritu ondotik.
[8]: Luminarien potentziaren erregulazio koefizientea (potentzia osoarekiko portzentajea), berritu ondotik.
Kontuan hartu behar da egungo funtzionamendu orduen kopuruak urtean (potentzia osoa [2] + potentzia erregulatua [3]) bat etorri behar duela urteko funtzionamendu orduen kopuruarekin, berritu ondotik (potentzia osoa [6] + potentzia erregulatua [7]).
IV. ERANSKINA.–EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA SUSTATZEKO NEURRIAK, 3.3 OINARRIAREN ARABERA
1. Berdintasun-plana edukitzea.
2. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantza bat onetsi izana.
3. Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntza ekintzak diseinatu eta egin izana, plantillaren etengabeko prestakuntzaren planaren barnean, azken bi urteetan.
4. Hizkuntza idatzi eta bisual ez-sexista erabiltzea entitatearen komunikazioetan, webgunean, liburuxketan, kanpainetan eta abar.
5. Toki entitatearen emakumeen elkarte eta taldeei laguntza ematea.
6. Berdintasuna bultzatu eta babesteko ekintzak eta indarkeriaren aurkakoak antolatzea.
7. Genero indarkeriaren aurkako estatu itunaren funtsak aurreko ekitaldian erabili direla egiaztatzea.
8. Berdintasun adituak edukitzea langileen artean, bermatzeko lan prozesu guztietan emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa txertatzen dela.
9. Indarrean den zainketen aldeko tokiko itun batean parte hartzea.
10. Azken aurrekontu-ekitaldiko bi kontratu publikotan, gutxienez, genero klausulak txertatu izana frogatzea.
11. Azken aurrekontu-ekitaldiko dirulaguntza publikoen bi deialditan, gutxienez, genero klausulak txertatu izana frogatzea.
12. Frogatzea emakumeen eta gizonen presentzia orekatua dela udal organoetan eta udalaz gaindiko ordezkaritza organoetan.
Iragarkiaren kodea: F2417510
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
