8. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa 2025erako

Zizur Zendeako Udaleko alkate udalburuak, 2024ko abenduaren 23an, 539/2024 Ebazpena eman zuen. Hona hemen haren testua:

Jarraikiz abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeari (haren bidez aldatu zen ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea, hizpide duena presako zenbait neurri hartzea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan, eta haren bidez ezarri zen, orobat, urteko lanaldia Nafarroako administrazio publikoetako enplegatu batzuentzat; zehazki, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren aplikazio eremuan sartzen direnentzat), eta jarraikiz, halaber, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 493/2024 Ebazpenari (haren bidez ezarri zen 2025eko egutegi ofiziala, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren jaiegunetarako), eta hori dena loturik egonik Udalak langileekin sinatutako lan-hitzarmenarekin, zeina luzatzea eskatu baitute langileek, eta espedientean dauden agiriekin bat.

Erabiliz Alkatetzari ematen zaizkion eskudantziak, hots, apirilaren 4ko 7/1985 Legearen 21.1-h) artikuluak Alkatetzari ematen dizkion eskudantziak (aipatutako lege horren bidez arautzen dira toki araubidearen oinarriak),

EBAZTEN DUT:

Lehena.–2025erako luzatzea "Zizur Zendeako Udala enpresaren lan hitzarmena (lan-kontratudunak)", indarra duena 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, Udalak ez baitu salatu haren indarraldia amaitzeko eguna (2024ko abenduaren 31n) baino bi hilabete lehenago.

Bigarrena.–Onestea Zizur Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen 2025. urteko jaiegunen lan-egutegia, zeina honako hau izanen baita:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Apirilaren 17a: Ortzegun Santua.

–Apirilaren 18a: Ortzirale Santua.

–Apirilaren 21a: Pazko bigarrena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 7a, 8a, 9a, 10a, 11 eta 14a: Sanferminak.

–Uztailaren 25a: Santiago apostolua.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Azaroaren 29a: San Saturnino.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Orobat, baliogabeak izanen dira, epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta Udaleko langileendako jaiegunak.

Hirugarrena.–Lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1592 ordukoa izanen da Zizur Zendeako Udaleko Administrazioan, eta honela banatuko da:

1. Eguneroko lanaldia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, 7 ordu eta 30 minutukoa orokorrean, eta nahitaez lanpostuan egon beharra izanen da 9:00etatik 14:30erako tartean. Langileek malgutasunez eginen dituzte laneko gainerako 120 minutuak, haiek nahi dutenean, betiere 7:30etik 9:00etara eta 14:30etik 16:50era.

2. Maiatzaren 2a, abenduaren 4a, 5a eta 26 ez dira lanegunak izanen, lanaldi soberakinagatik. 2025erako onetsitako lan-egutegian, 5 ordu eta 30 minutu gelditzen dira soberan, eta Udaleko langileek hautatuko dute noiz hartu ordu horiek.

3. Artikulu honetako aurreko apartatuetan ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko zerbitzuaren beharrak direla-eta lanaldi berezia duten langileei, ezta ordu konpentsazioren bat dutenei ere (txandakako lana, gauekoa etab.), horiek lan-egutegi berariazkoa izanen baitute.

Halakoetan, urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarri ez bezalako sistema baitute, lan-egutegi berezi hori indarrean dagoen sistemari lotuko zaio (betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz), bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk ezartzeko aukera edo urteko lanorduak banatzeko bestelako sistemak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek halakorik komenigarri egiten badute.

Laugarrena.–Zizur Zendeako Udaleko Erregistro Orokorra 09:00etatik 14:00ak arte egonen da irekita, jendea hartzeko, astelehenetik ostiralera.

Bosgarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarki-taulan.

Seigarrena.–Ebazpen hau Udaleko langileei igortzea.

Aditzera ematen da, denek jakin dezaten, eta bereziki ohartarazten da errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara, ebazpen honen aurka, bakoitzean aipatzen diren epeetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita: berraztertzeko errekurtsoa, alkatetza honi zuzendua, edo gora jotzekoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Gazolatzen, 2024ko abenduaren 23an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.

Iragarkiaren kodea: L2419046