2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLTZA ZENDEA
2025eko lan-egutegia
Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak 687/2024 Ebazpena eman zuen 2024ko abenduaren 26an. Hona hemen testu osoa:
Ikusirik Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 493/2024 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2025eko jaiegunen egutegi ofiziala ezarri zela.
Ikusirik Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren abenduaren 11ko 901/2024 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiegunak zehaztu zirela, 2025erako; ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren egunak dira.
Ikusirik funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan baldintzak ezartzeko akordio kolektiboa eta udal honetako lan-kontratudunen lan hitzarmen kolektiboa.
Horrenbertzez, kontuan hartuta espedienteko dokumentazioa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehenbizikoa.–Oltza Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen 2025eko aste barreneko jaiegunen egutegia onestea. Hona hemen:
Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.
Urtarrilaren 6a: Errege eguna.
Urtarrilaren 7a: herriko jaieguna.
Apirilaren 17a: Ortzegun Santua.
Apirilaren 18a: Ortzirale Santua.
Apirilaren 21a: Pazko bigarrena.
Maiatzaren 1a: Langileen eguna.
Maiatzaren 2a: Urteko zenbaketa konpentsatzeko jaieguna.
Uztailaren 7a: Urteko zenbaketa konpentsatzeko jaieguna.
Uztailaren 25a: Santiago apostolua.
Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.
Abuztuaren 22a: –Herriko festak.
Abuztuaren 25a: –Herriko festak.
Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.
Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.
Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.
Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.
Abenduaren 25a: Eguberri eguna.
Abenduaren 26a: Urteko zenbaketa konpentsatzeko jaieguna.
Bigarrena.–Oltza Zendeako Udal Administrazioan eginen den lanaldiaren urteko kopurua, abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuaren arabera, 1.592 ordukoa izanen da, eta honela banatuko da:
Astelehenetik ortziralera, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da, oro har, eguneroko lanaldia. Nahitaez lan egin beharko da 9:30etik 14:00ak arte; gainerako bi ordu eta hogei minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 7:00etatik 16:30era arte. Orobat, kirol eta kultur koordinatzaileak asteazken arratsaldeetan ordu bat eta berrogei minutuz lan egin beharko du nahitaez. Hortaz, lanpostu horren ordutegi malgua, astelehenetik ortziralerako goizetan, bi ordutara mugatuko da.
Zerbitzua behar bezala emateko, garbiketako langileek 6:30etik 17:30era arteko lanaldi malgua egiten ahalko dute, kontuan hartuta, ahal den neurrian, ez diola trabarik egin behar gainerako zerbitzuen funtzionamenduari, batez ere Udalaren jendea hartzeko gunearen funtzionamenduari (9:30etik 14:00etara). Nolanahi ere, medikuaren kontsultategia 14:00etatik 16:00etara garbituko dute, osasun langileei trabarik ez egiteko.
Zerbitzuaren beharren mendekoa ez den lanaldi murriztua duten langileen kasuan, nahitaez bertan egoteko denbora egokitu eginen da, ahal den neurrian, murrizketaren ebazpenean baimendutako ordutegira, edo, bertzela, langilearekin adostuko da zerbitzuaren beharren arabera.
Hirugarrena.–Oltza Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen lanaldiaren malgutasuna aplikatu da, langileek laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea errazago izan dadin. Hona hemen jarraibideak:
1.–Enplegatu bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez eta konpentsatuko da hilabete natural bakoitzaren barrenean, egiatan lan egindako ordu guztiak eta hilabete natural bakoitzean egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.
2.–Nahitaezko lanaldia izanen da 9:30etik 14:00ak arte eta langile bakoitza kanpoan egon daiteke gehienez 25 orduz urtean; nolanahi ere, lantokian egon gabeko ordu horiek konpentsatu beharko ditu urtean zehar lan eginda.
Laugarrena.–Lanera agertzea kontrolatzeko, bertaratuen kontrolerako sistema automatikoa erabiliko da, eta enplegatu guztiek lanpostura sartzean eta bertatik ateratzean fitxatu beharko dute nahitaez. Nahitaezkoa izanen da fitxatzea lanaldiaren hasieran eta bukaeran, bai eta lanaldiaren barnean ateratzen eta itzultzen diren bakoitzean ere.
Bosgarrena.–Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horri dagokionez, bulegoetako langileek nahitaez fitxatu beharko dute sartu-ateratzeetan.
Seigarrena.–Baliogabeak izanen dira, 2025. urtean epeak kontatzeari dagokionez, igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak, salbu eta maiatzaren 2a, uztailaren 7a, abuztuaren 22a eta 25a, eta abenduaren 26a, horiek jaiegun izanen baitira.
Zazpigarrena.–Udal administrazioaren zerbitzuetako premiak direla-eta, eta behar bezala jardun ahal izateko, kontabilitate, herritarrendako laguntza eta idazkaritza zerbitzuetan eta zerbitzu anitzetan-albiente lanetan, bertako langileek ezin izanen dituzte oporrak batera hartu.
Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.
Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.
Oltza zendeatik kanpo egiten diren ikastaro, bilera eta abarren kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio. Iruñerriko herrietan, joan-etorria egiteko kalkulatutako denbora 70 minutukoa izanen da (joan-etorria guztira).
Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi oso gisa kontatuko da.
Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora lan denboratzat hartuko da soilik kasu honetan: Administrazioak erabakitzen duenean nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea lanpostuaren eginkizunak ongi betetzeko. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko, zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik.
Euskara ikastaroak egiteko ordu eta diru konpentsazioak, behar bezala baimenduak, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 1311/2010 Ebazpenean arautzen dira, haren bitartez parekatzen baitira ekainaren 21eko 195/1993 Foru Dekretuan ezarritako euskara ikastaroak egiteko ordu konpentsazioak gaur egungo prestakuntza jardueretara.
Bederatzigarrena.–Presentziala ez den lan modalitatea / Telelana:
Telelana da lan egiteko eta lana antolatzeko modu bat, zeinean informazioaren teknologiak baliatzen diren udalaren lokaletan egin daitekeen zeregin bat egiteko lokal horietatik kanpo; hori guztia, lan-kontratu edo -harreman baten barnean. Jarduteko modalitate honetan, eskatzen diren baldintza guztiak geldituko dira bermaturik hala laneko arriskuen prebentzioan, nola gizarte segurantzaren, pribatutasunaren, eta datu-babes eta konfidentzialtasunaren arloetan. Horretarako, dagokion telelanerako akordioa sinatuko da, eta han geratuko da jasota langileak zer betekizun dituen datuen babesaren arloan. Zerbitzua modalitate ez presentzialean –telelanaren bidez, alegia– emateko aukera izanen dute Oltza Zendeako Udaleko langileek baldin eta betetzen duten lanpostua modalitate horretan jarduteko egokia bada. Hain zuzen, zeregin nagusiak betetzeko langilearen presentzia fisikoa nahitaez eskatzen ez duten lanpostuetarako da egokia telelana. Telelanean aritu nahi duen langileak eskaera aurkeztu beharko dio Alkatetzari, arloko arduradunak aldez aurretik onetsita. Alkateak eskaera onartzen ahal du, edo hari uko egin, zerbitzuak dituen premien arabera. Premia horiek banan-banan aztertuko dira.
Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita, ediktuen bidez, Oltza Zendeako Udalaren iragarki-taulan ere.
Hamaikagarrena.–Ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo osoko bilkura arruntean.
Aditzera ematen dut, jakin dadin eta ondorioak izan ditzan. Halaber, ohartarazten dut erabaki honen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela:
1.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik aurrera.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Oltza Zendean, 2024ko abenduaren 26an.–Alkatea, José María Cuende Vallejo.
Iragarkiaren kodea: L2419030