8. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

393E/2024 EBAZPENA, azaroaren 20koa, Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Enpresetan garraio jasangarrirako planak 2025ean egiteko dirulaguntzen deialdia. DDBNeko identifikazioa: 798820.

2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planak (NEP2030) helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta energia komunitateak sustatzea, eta horrela, berotegi-efektuko gasen isuria murriztea.

NEP2030 planean, garraioaren sektorerako, helburutzat ezarrita dago energia berriztagarrien %28ra iristea 2030. urterako.

Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 47. artikuluak xedatzen du enpresa eta erakunde jakin batzuek garraio jasangarrirako planak nahitaez egin behar dutela.

Hori dela eta, 2025ean enpresetan garraio jasangarrirako planak egiteko laguntzen deialdi honen helburua da 2030erako Nafarroako Energia Planean deskribatutako helburuak lortzen laguntzea, eta martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen ondoriozko betebeharrak betetzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Onestea "Enpresetan garraio jasangarrirako planak egiteko laguntzak" izeneko 2025eko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:

AURREKONTU PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820001 82500 7701 467300 Nafarroa energia-trantsizioa frogatzen duen eskualdea. Deskarbonizazio planak edo baliokidea, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

2025

40.000

Halaber, gehienez ere 40.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko azaroaren 20an.–Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak neutraltasun klimatikoa lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak ("Klimari buruzko Europako legeria").

EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, neutraltasun klimatikoa 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailekiko. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Laguntza deialdi honen helburua da erregelamendu horretan ezarritako helburuak, 2030erako Nafarroako Energia Planaren ildotik doazenak, lortzea, enpresetan garraio jasangarrirako planak egiteko jarduketak sustatuz, langileen lantokirako bidaietan mugikortasun jasangarria laguntzeko, joan-etorrien beharrak gutxitzeko, eta horrez gain, joan-etorriak garraio publiko kolektiboetan, oinez eta erabiltzaileen emisiorik gabeko bitarteko autonomoetan izan daitezen ahalbidetzeko eta lehenesteko.

Garraio plan horien edukia deialdiaren II. eranskinean jaso da.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradunak izaten ahalko dira dirulaguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituzten enpresak eta nortasun juridikoa duten enpresen elkarteak:

a) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

b) Garraio jasangarrirako plana zuzendu beharko zaie onuraduna Nafarroan duten establezimenduei.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

d) "Krisian dagoen enpresa" ez izatea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan aritzen diren entitateak.

e) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondotik, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahal dute.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabide inprimaki telematikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.

4. Enpresa txiki edo ertaintzat hartzeko, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioari jarraituko zaio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Enpresa handitzat hartzeko, aldiz, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 24. definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, EBFT).

Enpresaren tamaina zehazteko, kontuan hartuko dira enpresaren urteko kontuen datuak, itxitako azken hiru ekitaldietakoak, bai eta hari lotutako eta elkartutako enpresa guztienak ere.

Eskatzaileek laguntzen eskaerari erantsita aurkeztu beharko dute enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

3. oinarria.–Aplikatzekoa den laguntzen araubidea.

1. Eskatutako laguntzak arau-esparru hauetakoren batean sartuko dira:

a) Jakinarazteko betebeharretik salbuetsita egotea (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 36. artikuluan ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. EBAOn argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

b) "De minimis" laguntzak, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago "enpresa bakarraren" definizioa.

Laguntzen eskatzaileek uneko urtean eta aurreko bi urteetan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.

c) "De minimis" laguntzak, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzako sektoreko "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 20.000 eurotik gorakoa izan.

Laguntzen eskatzaileek uneko urtean eta aurreko bi urteetan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, lanak gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagungarria izanen da garraio jasangarrirako planak egitea, betiere haien edukia deialdiaren II. eranskinean jasota badago.

Enpresa baten deskarbonizazio plana enpresa horretako edo kanpoko teknikari kualifikatuek egiten ahalko dute.

Industrialde bereko enpresa batzuei zuzendutako garraio jasangarrirako planak egiten ahalko dira.

Garraio jasangarrirako plan bera enpresa bati baino gehiagori zuzenduta badago, eskaera desberdinak egiten ahalko dira enpresen izenean. Diruz lagungarria den gastua eta eskaera bakoitzari dagokion laguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, oinarri hartuko da alderdiek elkarrekin egiten duten akordioan enpresa bakoitzari esleitutako garraio planaren guztizko aurrekontuaren ehunekoa.

2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa.

3. Jarduketa diruz lagungarriak egiteko epeak:

a) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan sartzen diren laguntzetan, laguntza eskatu ondotik eta 2025eko irailaren 30era arte.

b) "De minimis" araubidean sartzen diren laguntzetan, 2025eko urtarrilaren 1etik irailaren 30era.

4. Dirulaguntzen zenbatekoa eskabidea aurkezten den laguntzen araubidearen arabera ezarriko da, betiere 3. oinarrian azaldutakoa betez:

a) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko araubidearen barruko laguntzetan intentsitatea hau izanen da:

ENPRESAREN TAMAINA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA
(%)

Enpresa txikia

60

Enpresa ertaina

50

Enpresa handia

40

b) "De minimis" araubideari heltzen dioten laguntzetan, diruz lagungarria den gastuaren %60.

5. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa honakoa izanen da:

ENPRESAREN TAMAINA

LAGUNTZAREN GEHIENEKO
ZENBATEKOA (eurotan)

Enpresa txikia

5.000

Enpresa ertaina

7.500

Enpresa handia

10.000

Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatutako inprimakian frogatu beharko dira.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta bukatuko da hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Eskabide-orri telematikoarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza fitxategi batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:

a) Eskaera egin duen enpresako ordezkariaren ordezkaritza-ahala egiaztatzen duen agiria.

b) Enpresaren tamaina 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko 3. artikuluan ageri diren definizioekin bat datorrela ziurtatzeko, eskatzailearen eta haren enpresa elkartu eta lotuen azken hiru ekitaldietako kontu itxiak aurkeztu beharko dira, bai eta guztietako langileen kopurua adierazi ere, horrela egiaztatuko baita enpresaren tamaina.

c) Aurrekontua.

d) 6.2 oinarrian ezarritako balorazio irizpideak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

e) Enpresa baterako baino gehiagorako garraio jasangarrirako planen zatiak egiteko eskaeren kasuan, plana egiten duten enpresa guztien artean sinatutako akordioa, partaidetza ehunekoak zehaztuta, aurkeztu beharko dute.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

3. puntuko c apartatuan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 4. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Aurrekontu erabilgarririk egonez gero, areagotzen ahalko da eskaera mugatuei emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko zenbateko batekin, kasu bakoitzean ezarritako laguntzaren gehieneko ehunekora arte, lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz.

2. Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Planaren irismena. 80 puntu emanen dira honako baldintza hauetako bat betez gero:

–Garraio plana lantokian 200 langile baino gehiago dituzten enpresentzat izatea.

–Garraio plana industrialde bereko enpresa batzuei zuzentzea, eta 200 pertsonarengan baino gehiagoan eragina izatea.

–Garraio plana merkataritza azalera handiei zuzenduta egotea, Nafarroan merkataritza arautzen duen legeriako definizioaren arabera (produktuak saltzeko eta erakusteko 2.000 metro koadrotik gorako azalera erabilgarria dutenak).

b) Erronka demografikoa. 10 puntu lortuko dira garraio jasangarrirako plana eginen den establezimendua 5.000 biztanle arteko udalerri batean badago, edo 20.000 biztanle arteko hirigune ez den udalerri batean badago, udalerri horretako biztanle-entitate bakun guztiak 5.000 biztanle artekoak badira.

c) Genero berdintasuna. 5 puntu lortuko dira, 10 puntu gehienez, baldintza hauetako bakoitza betetzeagatik. Hauek dira baldintzak:

–Plantillako gizonen batez besteko orduko lansari gordina emakumeen batez besteko lansari gordinaz zatitzerakoan (2023ko ekitaldiko datuak), zatidura 1,05 edo hortik beherakoa izatea. Egiaztapena egiteko: 2023ko lansarien erregistroa.

–Enpresako langileen artean emakumeak %30 edo gehiago izatea. Egiaztapena egiteko: eskaera-orria, eta entitateak Nafarroan dituen kotizazio kontu bakoitzari dagokion lan bizitzaren txostena (2023ko abenduaren 31ra artekoa), Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emana.

–Enpresan erantzukizuneko edo zuzendaritzako lanpostuetan dauden emakumeak %30 edo gehiago izatea. Egiaztapena egiteko: berariazko izendapena eraketa-eskrituretan, Merkataritza Erregistroaren zuzendaritza-karguei buruzko ziurtagiria edo enpresaren Zuzendaritza Batzordearen ziurtagiria.

–Langileei informazioa, sentsibilizazioa edo prestakuntza eman izana laneko sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horiei aurre egiteko protokolo edo neurri espezifikoei buruz, langileen ordezkariekin negoziatuta eta ezarrita. Egiaztapena egiteko: prestatzaileen zerrenda eta haien gaikuntza.

–Legezko agindua gainditzen duten kontziliazio-neurriak itundu izana. Egiaztapena egiteko: azpi-irizpide hori egiaztatzeko, enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako akordioaren kopia aurkeztuko da, adostutako neurrien zerrendarekin.

–Aitortzaren edo bereizgarriren bat edukitzea bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik (esaterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria, NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia zigilua" edo genero-berdintasunaren arloko beste batzuk).

Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, erabakiko da kontuan hartuz irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraituz, hain zuzen. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, laguntzaren eskaera zer egun eta ordutan egin zen izanen da irizpidea.

3. Energia Planaren eta Europako Proiektuen Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza eman ondotik eta justifikatzeko epea amaitu baino lehen kreditua askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Oraindik saldo erabilgarririk badago, laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatutako eskaerei erantzunen zaie, 4.5 oinarrian adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte.

5. Egindako inbertsioak justifikatzeko epea amaitu ondotik kreditua askatzen bada, eta aurrekontu krediturik ez dagoelako ezetsi diren eskaerarik ez badago, laguntza gehiago ematen ahalko zaie onuradunei –laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatu badu zenbatekoa–, 4.5 oinarrian adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek laguntzen xede diren jarduketak gauzatu dituztela frogatu beharko dute, 2025. urteko irailaren 30ean beranduenez, eta horretarako honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Onuradunaren izenean dauden fakturak.

b) Fakturen ordainagiriak.

c) Garraio jasangarrirako planaren kopia. Garraio jasangarrirako planak zenbatu eginen du planak barne hartutako enpresetako zenbat langile izanen diren neurrien onuradun etorkizunean.

d) Bertako langileria gastuak badaude, honako agiri hauek aurkeztuz frogatuko dira:

i. Langileen nominak.

ii. Gizarte Segurantzako kotizazioaren TC1 eta TC2 agiriak, aldi berari dagozkionak.

iii. Garatutako zereginetan esku hartzen duten langileen ordu-egozpena zehazten duen dokumentua.

e) "Pertsona edo entitate hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" inprimakia, baldin eta diruz lagungarria den gasturen bat, BEZik gabe, 12.000 eurotik gorakoa bada.

f) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.

2. Ordainketa eskaera eta dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondotik, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.

4. Justifikazio-agiriak atal honetan ezarritako epean aurkezten ez badira, laguntzarako eskubidea galduko da.

Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezten denetik hiru hilabeteko epean gehienez.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxen bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) nahiz ez izan (kasu horretan, egoera hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.

b) Diruz lagundutako jarduketa gauzatu eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, eta baldin eta halakorik aurkeztu ez badute laguntzak eskatzeko unean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak (2. oinarrian adierazita daude).

d) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztuko da, baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 7.1 oinarrian ezarritako epealdiaren ondotiko hamar egun baliodunetan egiten bada.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

9. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta interesdunek erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

11. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.

12. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan balia daitezkeela, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

II. ERANSKINA.–GARRAIO JASANGARRIRAKO PLANAREN EDUKIA

Enpresa eta instituzioen garraio jasangarrirako planek (GJP) zehaztu beharko dituzte lantokira joateko pertsona horien mugikortasun jasangarria sustatzeko behar diren neurriak, joan-etorriak murriztea lortzeko neurriak, eta orobat, erabiltzaileen oinezko joan-etorriak, zero isurketako ibilgailu autonomoen bidez eta garraio publiko kolektiboan egindakoak ahalbidetu eta lehenesteko neurriak. Era berean, neurri eta helburuen jarraipenerako funtsezko adierazleak jaso beharko dituzte.

GJPa egiteko orduan, IDAEren Lanerako garraio planak egiteko eta ezartzeko gida praktikoa izenekoaren metodologiari jarraitzen ahal zaio, www.idae.es helbidean eskuragarri:

https://www.idae.es/sites/default/files/documentos/publicaciones_idae/guia-idae-019_ptt.pdf

Jarraian, hona hemen GJPan jaso beharreko neurri nagusiak:

Langileei zuzendutako neurri nagusiak.

–Informazioa, kontzientziazioa eta esperimentazioa.

–Garraio publiko kolektiboaren erabilera sustatzea.

–Garraio kolektibo pribatua ematea.

–Bizikleta erabiltzea eta oinezko joan-etorriak sustatzea.

–Auto bidezko bidaia partekatua (carpooling) sustatzea.

–Aparkaleku propioa kudeatzea.

–Bidaia kopurua gutxitzeko neurriak.

–Modu jasangarrienak sustatzeko bestelako neurriak.

–Gidatzeko modu efizientea.

–Mugikortasunaren aldeko elkarte edo mahaietan parte hartzea.

–Ordutegiaren malgutasuna.

–Mugikortasun seguru eta jasangarriari buruzko iragarki-taula bat jartzea.

Bisitari, bezero edo hornitzaileei batez ere zuzendutako neurriak.

–Lantokirako garraio publiko bidezko sarbideari buruzko informazioa ematea.

–Bezero eta bisitarientzako garraio zerbitzua.

–Hornitzaileei eskatzea garraio susteman jasangarritasun neurriak har ditzatela.

Iragarkiaren kodea: F2417478