8. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

120/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 17koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 16ko 78/2023 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira 592 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Autolikidazioa" izenekoa, eta A22 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Itzultzeko eskaera" izenekoa, eta arautzen baitira lurralde erregistroko inskripzioa, kontabilitate-lana eta izakinen erregistro liburuaren aurkezpena.

Apirilaren 5eko 14/2023 Foru Legeak berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia onetsi zuen, zeharkako tributu gisa, plastikoa duten berrerabili ezineko ontziak Espainiako lurraldean erabiltzearen gainekoa.

Bestalde, azaroaren 16ko 78/2023 Foru Aginduak autolikidazioa aurkezteko eta, hala badagokio, zergaren itzulketak eskatzeko ereduak, epeak eta baldintzak arautzen ditu, baita lurralde erregistroan inskribatzea, kontabilitatea eramatea eta izakinen erregistro liburua aurkeztea ere.

14/2023 Foru Legearen 15. artikuluaren eta 78/2023 Foru Aginduaren 10. artikuluaren arabera, zergaren eremu objektiboan sartzen diren Europar Batasunaren barneko produktuen fabrikatzaileek eta erosleek produktu horien kontabilitatea eta izakinen erregistro liburua eraman beharra dute, hurrenez hurren, eta bi kasuetan baliabide elektronikoen bidez egin behar da hori.

Betebehar horri dagokionez, 78/2023 Foru Aginduaren bigarren xedapen iragankorrak ezarri zuen 2025eko urtarrilean elektronikoki aurkezten ahalko direla 2024ko likidazio aldiei dagozkien kontabilitateko idazpenak eta izakinen erregistro liburua.

Betebehar hori benetan betetzeko, aipatu foru aginduaren V. eranskina eguneratu behar da, zergapekoei eskatzen zaien kontabilitate informazioa zehazteko eta, halaber, informazio hori ematea ahalbidetuko duten bitarteko elektronikoak zehazteko.

Horrekin batera, 78/2023 Foru Aginduaren 6. artikulua aldatzen da, elektronikoki aurkezteko modu berak aplika daitezen zergaren autolikidazio eredurako eta haren itzulketa eskatzeko eredurako.

Horrela, eskatutako informazioa Nafarroako Foru Ogasunaren webgunearen bidez ematen ahalko da edo dagokion eredua aurkezten ahalko da, dela eskuz betez horretarako prestatutako web-inprimakia, dela CSV formatuko fitxategi bat erantsiz.

Nafarroak foru agindu hau onesteko duen eskumena Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 35 bis artikuluan oinarritzen da. Artikulu horren arabera, zergaren ordainarazpenean, Estatuak une bakoitzean ezarritako arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu Foru Komunitateak. Dena dela, Foru Komunitateak aitorpena eta diru-sarrera egiteko ereduak onesten ahalko ditu (gutxienez ere, lurralde erkideko datu berak edukiko dituzte), eta likidazioaldi bakoitzean diru-sarrera egiteko epeak ezarri; eredu horiek ez dira, funtsean, Estatuko Administrazioak ezarritakoetatik desberdinak izanen.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

14/2023 Foru Legearen 15.2 artikuluak gaikuntza ematen dio tributu arloko departamentu eskuduneko titularrari eredu, epe eta baldintzak onets ditzan berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziari dagozkion autolikidazioak aurkezteko eta, hala badagokio, zerga itzultzeko eskatzeko.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 16ko 78/2023 Foru Aginduaren aldaketa, zeinaren bidez onesten baitira 592 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Autolikidazioa" izenekoa, eta A22 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Itzultzeko eskaera" izenekoa, eta arautzen baitira lurralde erregistroko inskripzioa, kontabilitate-lana eta izakinen erregistro liburuaren aurkezpena.

Honela idatzita geldituko dira azaroaren 16ko 78/2023 Foru Aginduaren manuak:

Bat.–6.2 artikulua.

"2. Hautatu kasuan kasuko eredua, eta hura aurkezteko behar diren datu guztiak bete web-inprimakian.

CSV formatuko fitxategi bat erantsiz betetzen ahalko da; horretarako, fitxategiaren edukia egokitu behar da Nafarroako Foru Ogasuneko web-orrian ezarrita dauden erregistro diseinuetara".

Bi.–7.2 artikulua.

"2. Banku-helbideratzearen bidez".

Hiru.–Azken xedapenetako lehena, indargabetzea.

Lau.–Azaroaren 16ko 78/2023 Foru Aginduaren V. eranskina aldatzen da. Haren ordez, foru agindu honetan ageri den eranskina erabiliko da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko abenduaren 17an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2418430