77. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URRAULGOITI

Udal ordenantza, 70 urtetik gorakoei podologoarentzako laguntza ekonomikoak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Urraulgoitiko Udalak, 2025eko urtarrilaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen 70 urtetik gorakoei podologoarentzako laguntza ekonomikoak ematea arautzen duen udal ordenantza.

Erabaki hori argitaratu zen 2025eko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 13an.

Legez ezarritako epea igaro delarik inork erreklamaziorik eta/edo alegaziorik aurkeztu gabe, bidezko da behin betiko onestea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Urraulgoitin, 2025eko apirilaren 1ean.–Alkatea, María Rosario Larrea Leoz.

UDAL ORDENANTZA, 70 URTETIK GORAKOEI PODOLOGOARENTZAKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea nola emanen zaizkien laguntzak Urraulgoitiko Udalean erroldatuta dauden 70 urtetik gorakoei, podologia zerbitzua balia dezaten sustatzeko.

2. artikulua. Baldintzak.

Laguntza hauek jasotzeko eskubidea izanen dute honako baldintza hauek betetzen dituzten herritarrek:

–70 urte edo hortik gora edukitzea.

–Urraulgoitin erroldatua egotea, urtebetez gutxienez ere, kontuan izanik laguntza noiz eskatu den, eta dirulaguntzaren xede den jarduerak irauten duen bitartean.

–Zerga betebeharrak egunean izatea Urraulgoitiko Udalarekin.

3. artikulua. Dirulaguntza zer zerbitzutarako den.

Pedikura eta podologia zerbitzuetarako dira dirulaguntzak.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Oro har, zerbitzuen kostu osoaren %30 izanen da, eta gehienez ere 100 euro pertsonako.

Dirulaguntzen zenbateko osoa handiagoa bada Udalaren aurrekontuan deialdirako erreserbatutako diru kopurua baino, hainbanatu eginen da deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean.

5. artikulua. Epeak.

Dirulaguntza eskatzen ahalko da aurreko urteko abenduaren 1etik urteko azaroaren 30era bitarte erabilitako zerbitzuetarako.

Udalaren erregistroan aurkeztuko dira eskabideak, abenduaren 1etik 16ra bitartean.

Epe hori luzaezina da, eta ez da eskaerarik onartuko epetik kanpo.

6. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Agiri guztiak jatorrizkoak izanen dira edo Udalak konpultsatuak. Eskatzaileen datuak tratatuko dira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

Aurkeztu beharko da:

–Nortasun agiriaren fotokopia.

–Tasa ordaindu izanaren agiria.

–Dirulaguntza zer zerbitzutarako eskatu den, zerbitzu horien tiketak.

Aurkeztutako eskaerak ez baditu biltzen ezarritako baldintzak eta dokumentazioa, interesdunari eskatuko zaio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan jasotakoarekin.

7. artikulua. Ebazpena eta ordaintzeko modua.

Urraulgoitiko alkateak hartuko du laguntzak emateko erabakia, edo eskuordetzen duen pertsonak edo organoak, behin aldeko txostena ikusirik. Erabaki hori interesdun guztiei igorriko zaie, eta laguntzak ordainketa bakarrean emanen zaizkie.

Udalean dirulaguntzaren onuradunaren izenean ez ordaintzeren bat agertzen bada, horren zenbatekoa kenduko zaio jaso beharrekoari.

Erabaki horrek administrazio bidea agortuko du, eta horren aurka, legez dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

Iragarkiaren kodea: L2504983