77. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

88E/2025 EBAZPENA, martxoaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen-baimen bateratua ematen baitzaio Muruzabalgo udal mugartean, legar-hobi izandako bat betetzeko, hondakinak kudeatzen dituen instalazio bati. Titularra Proyectos y Legalizaciones Solla Galdeano SL da.

Instalazio mota hori Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 5.1 taldean jasota dago, eta, beraz, ingurumen-baimen bateratuaren araubidearen mende.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan (errege dekretu horren bidez substantzia arriskutsuak dauden istripu larrietako berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onesten dira).

Jarduera onartutzat jo daiteke eskaera, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. artikuluarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Baimendutako jarduera eta erabilerak udal eskumenaren esparrukoak dira eta ez dute lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimenik behar (aipatu testu bateginaren 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen (Konfederazio Hidrografikoa, Ingurumen Departamentua, Herri Lan Zuzendaritza Nagusia...) lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.8 artikuluan ezarritakoari jarraituz, baimen honek barne hartzen du hondakinak kudeatzeko instalazioa izateko baimena eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen arabera.

Espedientea izapidetu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren II. tituluko I. kapituluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez, eta ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen-baimen bateratua ematea Muruzabalgo udal mugartean, legar-hobia izandakoa betetzeko, hondakinak kudeatzen dituen instalazio bati. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ingurumen-baimen bateratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Titularra Proyectos y Legalizaciones Solla Galdeano SL da.

Bigarrena.–Hondakinak kudeatzeko instalazioa izateko baimena ematea, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.1 artikulua aplikatuz eskatzen dena. Halaber, bidezkoa da hura inskribatzea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan, 15G04180090032024 erregistro-zenbakiarekin.

Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua (hondakinak bildu eta tratatzeko eragiketen baimenei buruzkoa) aplikatuta.

Instalazioaren ustiatzaileak baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimen hori eman beharko dio instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak.

Hirugarrena.–Proiektua gauzatzeko eta jarduera abian jartzeko bost urteko epea dago, hala xedatua baitago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Hala egin ezean, ingurumen-baimen bateratua iraungitzat eta ondoriorik gabetzat joko da, bat etorriz abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin.

Laugarrena.–Baimendutako proiektua abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa den, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu ingurumen-baimen bateratua emateko baldintzak, baldin eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 27. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamargarrena.–Ebazpen hau igortzea Proyectos y Legalizaciones Solla Galdeano SLri, Muruzabalgo Udalari, Biodibertsitate Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2504182