1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
86E/2025 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 28/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez izendatzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideak.
2021eko 72. Estatuko Aldizkari Ofizialean, martxoaren 25ekoan, Eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoa argitaratu zen.
3/2021 Lege Organikoaren V. kapituluak berme- eta ebaluazio-batzordeak arautzen ditu. Batzorde horiek autonomia-erkidego guztietan eta Ceuta eta Melilla hirietan sortu behar dira, lege organiko horren xedeetarako. 17. artikuluan adierazten da horietako bakoitzaren osaera diziplina anitzekoa izanen dela, eta gutxienez zazpi kide izan beharko dituela; horien artean, medikuak, erizainak eta legelariak egonen dira. Era berean, ezartzen du batzorde horiek eratu behar direla aipatutako 17. artikulua indarrean sartu eta hiru hilabeteko epean; arau hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartu zen indarrean, lege organikoaren gainerako atalak ez bezala.
2021eko uztailaren 29an, uztailaren 29ko 71/2021 Foru Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez sortzen baitira, batetik, Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordea, eta bestetik, Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistroa.
Dekretu horren 5. artikuluak xedatzen duenez, osasunaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak izendatuko ditu batzordeko burua eta batzordeko kideak.
Orobat, aurreikusten da ezen, hala proposamenean nola izendapenean, kideak eta ordezkoak zehaztu beharko direla: ordezko bat batzordean jasotzen den lanbide arlo bakoitzeko. Ordezko horiek jardunen dute kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean, edo justifikatuta dagoen legezko beste edozein arrazoi gertatzen denean.
Bukatzeko, artikulu berean zehazten da Batzordeak idazkari bat izanen duela, zuzenbideko lizentziaduna. Osasunaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak izendatuko du, eta batzordearen bileretan hitza izanen du, baina botorik ez. Idazkaria ez da batzordeko kidetzat hartuko.
Osasuneko kontseilariak abuztuaren 5ean eman 28/2021 Foru Aginduaren bidez izendatu ziren Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideak. Pilar García García andrea batzordeko idazkari izendatu zen. Kargua uzteko eskatu du.
Osasuneko kontseilariaren martxoaren 15eko 80E/2024 Foru Aginduaren bidez, Begoña López de Goicoechea Guembe andrea izendatu zen Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordeko ordezko idazkari.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluaz eta uztailaren 29ko 71/2021 Foru Dekretuaren 5. artikuluaz baliatuz (71/2021 Foru Dekretua, uztailaren 29koa, zeinaren bidez sortzen baitira, batetik, Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordea, eta bestetik, Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistroa),
AGINTZEN DUT:
1. Kargutik kentzea Pilar García García andrea, Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordeko idazkaria, berak hala eskatu baitu.
2. Foru agindu hau interesdunari jakinaraztea.
3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordera, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2025eko martxoaren 25ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F2504542