2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Deialdia, dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidean, 2025. urtean garapenaren aldeko sentsibilizazio- eta hezkuntza-proiektuak egiteko. Laburpena
DDBN (Identif.): 820426.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean aurki daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/es/convocatoria/820426).
Lehena.–Onuradunak.
Onuradun izaten ahal dira dirulaguntza ematea dakarren egoeran dauden pertsonak edo entitateak, baldin eta ondoren aipatzen diren inguruabarretan badaude eta Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan ezartzen diren ezein debeku-ziok eragiten ez badie, salbu deialdiaren izaera kontuan izanik azken betekizun horren salbuespena egiten bada eta apartatu honetan hala egin dela adierazten bada.
Berariazko betekizunak:
a) Bere izaera juridikoarekin eta legearekin bat eratutako pertsona juridikoak izatea:
–Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzako Agentzia Espainiarraren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan izena emanda izatea eskabidea aurkezten duen egunean; halaber, dokumentazioa eguneratuta izan beharko dute edo
–Herritarren Entitateen Udal Erroldan izena emanda izatea eta lehen edo bigarren mailako jarduketa-eremua garapenaren aldeko lankidetza izatea.
b) Irabazi asmorik ez izatea.
c) Iruñean edukitzea egoitza edo ordezkaritza iraunkorra. Nolanahi ere, deialdi honen onuradunak izaten ahalko dira betekizun hau bete ez baina azken bi urteetan Iruñean Hegoaldeko herrialdeen egoerarekiko elkartasuna eta sentsibilizazioa sustatzearen esparruan jarduerak egin dituztela egiaztatzen duten entitateak.
d) Behar bezain zabal ematea proiektua gauzatzeaz arduratuko den entitatearen helburuen eta lan eskarmentuaren berri.
e) Helburu sozialak beteko direla bermatzeko egitura edukitzea eta proposaturiko helburuak erdieste aldera behar diren eskarmentua eta jarduteko gaitasuna egiaztatu ahal izatea.
f) Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzako Udal Programaren deialdi honetan zein besteren batean aurretik beste dirulaguntzarik jaso bada, egunean izan behar dituzte dirulaguntza horiek jasotzeak berekin dakartzan betebeharrak. Horrela izan ezean, deialditik kanpo geratuko dira.
Bigarrena.–Xedea.
Hegoaldeko herrialdeen urritasun-egoerarekin, egoera horietara bultzatu dituzten zergatiekin eta komunitate horiek arazook gainditzeko egiten ari diren ahaleginekin zerikusia duten alderdien gainean sentsibilizatu eta prestatzea, halako moduz non Iruñeko herritarren artean engaiamendu solidarioko jarrerak bultzatuko baitira. Tokiko esparrutik abiatuta gai horren inguruan dugun arduraz jabetzea nahi da, eta horren arabera jardun ahal izatea mundu bidezkoago eta ekitatiboago baten alde. Era berean, arrazismoaren eta bazterkeriaren aurka sentsibilizatzeko eta tolerantzia eta kulturen arteko bizikidetza sustatzeko jarduerak bultzatuko dira.
Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.
Sentsibilizazio proiektuak egiteko 2025eko deialdia. www.pamplona.es/eu.
Laugarrena.–Zenbatekoa.
120.000 euro.
Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Epe hau luzaezina da.
Aipatutako epetik at aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko.
Seigarrena.–Eskabideak aurkezteko tokia.
Entitate bakoitzak eskabide bakarra aurkezten ahalko du, eta eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan (www.pamplona.es/eu) argitara emandako "Dirulaguntzen eskaera elektronikoa pertsona juridikoentzat" delako izapidearen bidez. Izapide horrek barne hartzen ditu deialdi honen G eta T apartatuetan aipatutako agiriak. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluarekin bat.
Zazpigarrena.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak egiteko epea.
Diruz laguntzen ahal diren gastuak egiteko epea 2025eko irailaren 1ean hasiko da, eta 2026ko abuztuaren 31n amaituko.
Zortzigarrena.–Justifikazioa aurkezteko epemuga.
Azken txostena, proiektuaren garapenaren berri ematekoa, eta finantza-kontu txostena, funts erabilgarrien erabilerari buruzkoa, 2026/10/1a baino lehen aurkeztu beharko dira.
Bederatzigarrena.–Ordaintzeko era.
Dirulaguntzaren %100 aldez aurretik ordainduko da, ordainketa bakar batean.
Iruñean, 2025eko martxoaren 14an.–Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Alorreko zinegotzi ordezkaria, Mikel Armendariz Barnechea.
Iragarkiaren kodea: L2504107