73. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Deialdia, dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidean, garapenaren aldeko nazioarteko lankidetza-proiektuak egiteko 2025. urtean. Laburpena

DDBN (Identif.): 820419.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean aurki daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/es/convocatoria/820419).

Lehena.–Onuradunak.

Onuradun izaten ahal dira dirulaguntza ematea dakarren egoeran dauden pertsonak edo entitateak, baldin eta ondoren aipatzen diren inguruabarretan badaude eta Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan ezartzen diren ezein debeku-ziok eragiten ez badie, salbu deialdiaren izaera kontuan izanik azken betekizun horren salbuespena egiten bada eta apartatu honetan hala egin dela adierazten bada.

Berariazko betekizunak:

a) Bere izaera juridikoarekin eta legearekin bat eratutako pertsona juridikoak izatea, eta Garapenaren aldeko Lankidetzako Agentzia Espainiarraren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erregistroan izena emanda izatea eskabideak aurkezteko mugaegunean; halaber, dokumentazioa eguneratua izatea.

b) Irabazi-asmorik gabekoa izatea.

c) Ageriko helburu gisa izatea, haien estatutuetan edo aurreko urteetako memorietan jasoa, garapenaren aldeko lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasuna sustatzearekin zerikusia duten jarduerak gauzatzea.

d) Iruñean edukitzea egoitza edo ordezkaritza iraunkorra. Nolanahi ere, dirulaguntza honen onuradunak izan daitezke baldintza hau bete ez, baina jarduera gehiena Iruñean eta bertako herritarrekin garatzen duten entitateak eta hirian aktiboak direnak lankidetzako edo laguntza humanitarioko programen kudeaketari edo Hegoaldeko herrialdeen egoerarekiko elkartasuna eta sentsibilizazioa sustatzeari dagokienez. Horretarako, Iruñean azken bi urteetan egindako jarduerak dokumentatu beharko dituzte.

e) Bazkide bat (kontrapartea) izatea proiektua eginen den eskualdean. Kide hori Administrazio Publiko bat izan daiteke, edo GGKE bat, barne harturik eskaera egiten duen GGKEak herrialde hartzailean duen ordezkaritza.

f) Halako egitura edukitzea ezen nahikoa izanen baita hala helburu sozialak beteko direla bermatzeko nola proposaturiko helburuak erdieste aldera behar diren eskarmentua eta jarduteko gaitasuna egiaztatzeko.

g) Deialdi honetan edo Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzako Udal Programaren besteren batean aurretik dirulaguntzarik jaso bada, egunean izan behar dituzte dirulaguntza horiek jasotzeak berekin dakartzan betebeharrak. Horrela izan ezean, espresuki deialditik kanpo geratuko dira.

h) Zergei eta Gizarte Segurantzari dagozkien betebeharrak eguneratuak edukitzea.

Berariaz honako hauek daude deialdi honetatik at:

–Enpresak eta irabazi-asmoa duen beste edozein entitate.

–Deialdi honetara finantzaketa-eskabidea noiz aurkeztu eta aurreko 24 hilabeteotan Iruñean jardun ez duten GGKEak. Hau da, deialditik at geratuko dira aipatu aldian Iruñean sentsibilizazioaren, laguntza humanitarioaren edo lankidetzaren esparruan garrantzizko jarduera publikorik egin izana agiri bidez egiaztatzen ez duten GGKEak. Ez da inolaz ere garrantzi publikoko jardueratzat hartuko komunikabideetan GGKEaren artikuluak zein elkarrizketak argitaratzea noiz edo noiz, ezta entitate eskatzailearen barne-jarduerak ere (prestakuntza, hedapena, etab.).

Dirulaguntza berezia denez, pertsona edo entitate onuradunek ez daukate zertan egiaztatu Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10.2 artikuluan araututako betekizunak betetzen dituztela.

Bigarrena.–Xedea.

Hegoaldeko komunitate eta udalerrien giza-garapen iraunkorraren alde egitea, haietako biztanleek haien kabuz kudeatu eta mantendu ahalko dituzten proiektuak gauzatuz.

Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.

2025. urtean garapenaren aldeko nazioarteko lankidetza-proiektuak egiteko dirulaguntzak, norgehiagokako araubidean. Deialdiaren laburpena. www.pamplona.es/eu.

Laugarrena.–Zenbatekoa.

811.000,00 €.

Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Epe hau luzaezina da.

Seigarrena.–Eskabideak aurkezteko tokia.

Entitate bakoitzak eskabide bakarra aurkezten ahalko du, eta eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan (www.pamplona.es/eu) argitara emandako "Dirulaguntzen eskaera elektronikoa pertsona juridikoentzat" delako izapidearen bidez.

Zazpigarrena.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak egiteko epea.

Proiektua gauzatzen hasten denetik deialdi honen P) apartatuaren 2. zenbakian ezarritako justifikazio-aldia amaitu arte.

Zortzigarrena.–Justifikazioa aurkezteko epemuga.

Justifikazioa aurkezteko epe orokorra 3 hilabetekoa izanen da, proiektua amaitu eta hortik aitzina zenbatuta, eta honako data hauek izanen dira gehieneko epemuga:

b) 2027ko martxoaren 31 baino lehen, erdiko justifikazio-txosten bat aurkeztu beharko da. Txosten hori amaierakoa izanen da finantzatutako proiektuaren iraupena 12 hilabetetik beherakoa bada. Erdikoa izanez gero, dirulaguntzaren % 50 justifikatu beharko da gutxienez.

c) 2028ko martxoaren 31 izanen da azken txostenerako justifikazioa aurkezteko azken eguna.

Finantzatu beharreko proiektuak garatuko diren gizarte- eta geografia-testuinguruak kontuan hartuta, klausula honetan jasotako justifikazio-epeak egoki betetzea eragozten duten arrazoiak badaude, justifikazioa aurkezteko ezarritako epea luzatzeko eskatzen ahalko da, baldin eta horrek hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez baditu. Horretarako arrazoiak jakinarazi beharko zaizkio, idatziz eta dagokion txostena aurkezteko epea amaitu baino lehen, Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzako Udal Programari, eta horrek balorazio positiboa egin beharko du.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua.

Emandako dirulaguntzaren %100 aldez aurretik ordainduko da, ordainketa bakarrean.

Iruñean, 2025eko martxoaren 14an.–Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkaria, Mikel Armendariz Barnechea.

Iragarkiaren kodea: L2504105