Iragarkia
73. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 11
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
OLAZTI
Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuen bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Olaztiko Udaleko alkatearen martxoaren 28ko 120/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuen bi lanpostu, funtzionarioen araubidekoak.
Hona hemen deialdiaren:
OINARRIAK
1.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuen bi lanpostu, B mailakoak eta funtzionarioen araubidekoak, Olaztiko Udalaren zerbitzura aritzeko. Lanpostuak nahitaezko B1 hizkuntza-eskakizuna du. Lanpostuak udal honetako obra zerbitzuari atxikita daude, eta 20.2 eta 20.3 zenbakiak dituzte plantilla organikoan.
Hizkuntza-eskakizuna Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren baremoaren arabera eskatuko da, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazio bat aurkeztuta, edo izangaiak gainditu beharko du hizkuntza maila egokia duen zehazteko proba bat, bat etorriz 103/2017 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez arautzen da euskararen ezagutza, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoetan).
1.2. Izendapenak Olaztiko Udaleko funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, ondorio guztietarako, lanpostuaren jabetza hartzen dutenetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko dira, hala behar badu, eta hartan alta emanen zaie.
1.3. Lanpostuek izanen dituzte Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen D mailari dagozkion lansariak. Era berean, plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak jasoko ditu, bai eta hitzarmen kolektiboaren bidez lor daitezkeenak ere.
1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat. Halaber, lanaldiaren urteko lanordu kopurua izanen da Udaleko funtzionarioendako ezarritakoa. Lanpostu hauetan guardiak egin beharko dira.
1.5. Bete beharreko eginkizunak izanen dira haren mailari eta kategoriari dagozkionak, barne direla mantentze-lan orokorren berezko jarduerak, hala herrian nola udal instalazioetan. Haien artean, honako hauek eginen dira, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta mantentze-lanak, bai eta arlo hauetako lanak, oro har: elektrizitatea, iturgintza, pintura, zurgintza, soldadura, ibilgailuen mantentzea, erremintak eta makineria. Orobat, basogintzako lanak egin beharko ditu (basoan kendu beharreko belar-sastrakak markatzea, konponketak, pistak...).
–Instalatzea eta mantentzea hiri barneko altzariak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.
–Jai eta ekitaldi publikoetan hiri barneko altzarien eta tresnen garraioa eta ezarpena: karpa, agertokiak, hesiak eta gainerako tresnak muntatzea eta desmuntatzea.
–Lorezaintza lanak: ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioa egitea, zuhaitzak eta zuhaixkak inaustea, lorategiak atontzea, belarra moztea eta ureztatze-azpiegiturak programatzea eta mantentzea.
–Garbiketa-lanak: erratza pasatzea, zaborrontziak hustea, sakanak garbitzea, zuhaitzetatik erortzen diren hostoak kentzea, hondakin organikoak eta landare-hondarrak kentzea eta abar.
–Komunikazioak eta deialdiak banatzea, jakinarazpenak eskura ematea, iragarkiak, bandoak eta udal publizitatea jartzea.
–Era guztietako udal zerbitzuak egitea, eta hala Alkatetzak nola eskuordetza duten organoek haren esku uzten dituzten zereginak, guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.
–Udal igerilekuetako mantentze-lanak.
–Guardia lokalizatuak egin beharrak esan nahi du honako zerbitzu hauek egiteko prest egon behar duela: hilerria, argiteria publikoa, berokuntzak, elurteak, uholdeak, gorabeheren ohartarazpenak (alarmak, alkatetza eta zinegotzitzak, udal bulegoak, SOS Nafarroa, poliziari erantzutea eta abar), eta herriko jaietan eta ekitaldietan lan egiteko prest egon behar duela.
–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.
1.6. Halaber, deialdi honen xedea da zerrenda bat egitea, hautapen-prozesuan plazarik eskuratzen ez dutenekin, jarraikiz aldi baterako kontratatzeko, deialdiaren 12 oinarriari.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozesu hau gauzatuko da honako araudi honetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, zeinaren bidez arautzen baitira Toki Araubidearen Oinarriak, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
3.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat gutxienez edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea (eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina): DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinaz kaleratua ere.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
f) B motako ibilgailuetarako gidabaimena izatea.
g) Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere:
h) Eskatutako euskara maila egiaztatzea. Hori frogatzeko, aurkeztu beharko da B-1 titulua, jarraikiz gaur egun Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialean indarrean den baremoari, bai eta NAPIn (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua) indarrean den baremoari ere, edo maila horretako beste tituluren bat aurkeztu beharko da, ofizialki baliokidetzat aitortutakoa.
Orobat, izangaiak berariazko proba bat eginez frogatzen ahal du baduela maila hori. Horren bidez frogatuko du baduela nahikoa hizkuntza maila (deialdi honen 1.1 oinarrian adierazia). Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginen du proba hori, edo Nafarroako Gobernuan arlo honetan eskumena duen erakunde eskudunak.
Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte lanpostua eskuratzen duen izangaiek, deialdi honen hamargarren oinarriak xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da, gainera, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean eta hautapen-prozesu osoan, izendapen eguna arte bete ere.
Aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Olaztiko Udalaren erregistro orokorrean (Garcia Ximenez plaza 1, Olazti) 09:00etatik 14:00etara, Olaztiko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.olazti.es), edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Betiere, laugarren oinarrian adierazitako epean aurkeztu beharko dira.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik. Horrez gain, frogagiria bidali beharko da helbide elektroniko honetara: olazti@olazti.com. Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da eskabidea onartuko.
Eskabideak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
b) Eskatzen den titulazioaren kopia, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako hura erdiesteko moduan egotea ziurtatzen duen agiriarena.
c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia.
d) Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak. Ez dira kontuan hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzean alegatuta ez dauden merituak.
Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Salbuespena da D apartatua. Izan ere, D apartatuan eskatutako agiriak ez aurkezteak ez du ekarriko izangaia deialditik kanpo uztea, baina bai ekarriko duela lehiaketaldian puntuazioa eskuratzeko eskubidea galtzea. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenen eskaera egiten ahalko dute eskabidean bertan, horien beharra duten ariketetarako. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
5.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
6.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Olaztiko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
6.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute, idazkia aurkeztuz Olaztiko Udalaren erregistro orokorrean.
6.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta, halakorik egon bada, haiei erantzun ondoren, Olaztiko Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, epeari edo moduari dagokionez, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
7.–Kalifikazio-epaimahaia.
7.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Joseba Vizuete Askargorta, Olaztiko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Jose Manuel Armendariz Catalán, Olaztiko Udaleko lehen alkateordea.
–Epaimahaikidea: Carlos Luquin Astiz, Olaztiko Udaleko funtzionarioa.
Ordezkoa: Jose Miguel Aguirre, Olaztiko Udaleko funtzionarioa.
–Epaimahaikidea: Gorka Garate Olano, Etxarri Aranazko Udaleko funtzionarioa.
Ordezkoa: izendatzeke.
–Epaimahaikidea: Mayte Calaya Irigoyen, Altsasuko Udaleko karrerako funtzionarioa.
Ordezkoa: sindikatuak izendatzeke.
–Epaimahaikide idazkaria: Egoitz Albarracín Albiztur, Olaztiko Udaleko idazkaria.
Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Virginia Alonso Aparicio, Olaztiko Udaleko funtzionarioa.
7.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta Olaztiko Udalari hala jakinarazi, baldin 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasota dauden arrazoiak suertatzen badira (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.
7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.
7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
8.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoak eta balorazioa.
Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Araudian xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere bi hilabete iragandakoan, oinarri hauetan zehaztu bezala.
Prozesuak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta, ondoren, lehiaketaldia.
Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udalaren iragarki-tauletan eta web-orrian emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.
Epaimahaiak zehaztuko du oposizioko ariketa bakoitzaren iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.
8.1. Lehiaketaren nondik norakoa.
8.1.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea, eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea. Betiere, merezimenduek zuzeneko lotura izan behar dute deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin. Gehienez ere 30 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:
a) Lanbide-esperientziagatik, 15 puntu gehienez, III. eranskinean ezarritakoaren arabera.
b) Prestakuntza arautuagatik, 7 puntu gehienez, III. eranskinean ezarritakoaren arabera.
c) Euskaraz jakiteagatik, 2 puntu gehienez, III. eranskinean ezarritakoaren arabera.
d) Prestakuntza osagarriagatik, 6 puntu gehienez, III. eranskinean ezarritakoaren arabera.
8.1.2. Epaimahaiak III. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak; horiek denak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.
Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak, noiznahi.
8.2. Oposizioaren nondik norakoa.
Oposizioaldiak ondoko proba hauek izanen ditu, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira.
Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, bai Udalaren iragarki-taulan bai probak egin diren tokian, haiek gainditzen dituztenen zerrenda eta lortutako kalifikazioak; halaber, oposizioko hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den, gutxienez ere 48 ordu lehenago.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen bertze identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
8.2.1. Lehenbiziko proban galde-sorta teoriko-praktiko bati erantzun beharko zaio idatziz; deialdi honetako II. eranskinean agertzen den gai-zerrendari buruzkoa izanen da.
Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte, epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Hasi baino lehen adieraziko du epaimahaiak zenbat denbora izanen duten izangaiek, gehienez, ariketa egiteko.
Ariketa honetan, gehienez, 20 puntu lortzen ahalko dira.
Gutun-azal itxien sistema erabiliko da ariketa horretan. Ariketa zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda, bai eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua ere, Olaztiko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.
8.2.2. Bigarren proba (baztertzailea): proba praktikoa. Proba praktiko bat edo gehiago eginen dira, arlo hauetakoak: makineria, igeltserotza, iturgintza eta elektrizitatea, soldadura, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makineria arina maneiatzea, edota bestelako edozein, betiere deialdi honetako 1. oinarrian aipatzen diren eginkizun edo zerbitzuetakoak. Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, baita zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.
Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahal dira, eta ariketa bakoitzaren balorazio proportzionala eginen da, alegia, 50 puntu horien eta egin beharreko proba kopuruaren zatidura izanen da; betiere proba guztiak hartuta 30 puntu lortu behar dira (eta horietako bakoitzari emandako balioaren %50 gutxienez). Izangaia deialditik kanpo geldituko da ez baditu lortzen aipatutako 30 puntuak edo ez badu lortzen proba bakoitzean proba bakoitzari emandako balioaren %50.
8.2.3. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira probak eta ariketak.
8.3. Euskararen ezagutza maila frogatzeko proba egitea.
Eskabidearekin batera euskararen ezagutza maila egiaztatu ez eta hori lortzeko proba egin nahi dutela adierazi dutenen artean, eskatutako maila lortzeko proba eginen da. Probak Euskarabidea-Nafarroako Euskara Zerbitzuaren bidez eginen dira. Proben kalifikazioa "GAI" edo "EZ GAI" izanen da. Idatzizko proba bat eta ahozko beste bat egin beharko dira. Erakundeak zehaztuko du zenbat denbora beharko den probak egiteko.
8.4. Alegazioak.
Fase hauetako proben behin-behineko kalifikazioen aurka alegazioak aurkezten ahalko dituzte izangaiek 5 egun balioduneko epean. Epe hori iraganda alegaziorik ez badago, behin betiko bihurtuko dira. Alegaziorik izanez gero, epaimahaiak ebatziko ditu, eta ondoren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu.
9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.
9.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak iragarki-taulan jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren ordenan, eta igorriko du puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena.
Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta jarraituz gero, kontuan hartuko da lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioa eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.
9.2. Kalifikazio-epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaileen behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Olaztiko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta alkateari izangaien zerrenda igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark ebazpena eman dezan izendapen proposamenari buruz, eta, gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.
Probak gainditu dituzten gainerako izangaiak sartuko dira Olaztiko Udalaren kontratazioetarako zerrenda batean, lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda hori erabiliko da kontratazioak egiteko, Udalak ematen dituen zerbitzuetan sortzen diren beharrei erantzuteko, deialdi honen 1.6 oinarriari jarraikiz.
10.–Agiriak aurkeztea.
10.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Olaztiko Udalaren erregistro orokorrean:
a) Nortasun agiri nazionalaren (NAN) fotokopia konpultsatua, edo beste agiri bat, frogatzen dituena izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna.
b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua eta, kasua bada, alegatutako merezimenduena.
c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
f) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.
10.2. Epe horretan, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, salbu behar bezala frogatutako ezinbertzeko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta indarrik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.
10.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, Alkatetzak hutsunea beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
11.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
11.1. Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Olaztiko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izendatuko ditu aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duten izangaiak.
11.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
11.3. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako epean lanpostuaz jabetzen ez badira, galduko dituzte Olaztiko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Halakorik gertatzen bada, 9 oinarrian xedaturikoari jarraikiko zaio.
12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.
12.1. Hautapen-prozesu honetan plaza lortzen ez duten izangaiekin zerrenda bat eginen da, puntuazio-ordenaren arabera ordenatuta, aldi baterako kontratazioak egiteko; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin. Orobat, zerrenda horretan sartuko dira, honako hauek, nahiz eta oposizioaldia ez gainditu: lehenbiziko proba gainditu dutenak, eta ariketa praktikoetako bat ere, gutxienez, edo, ariketa bakoitzean %30eko puntuazioa eskuratu dutenak.
12.2. Izangaiak deituko dira "Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko arauetan" ezarritakoari jarraituz. Arau horiek 2024ko otsailaren 20an onetsi zituen Olaztiko Udalak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 18. 2024ko 18. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, irailaren 5ean.
Izangaiei dei egiten zaienean, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua aldi baterako betetzeko, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru plazatik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte, eta frogatzen badute desgaitasuna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin.
13.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da Olaztiko Udalaren web-orrian (http://www.olazti.com/eu/) eta erakunde horren iragarki-taulan.
14.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka aurkez daiteke gora jotzeko errekurtsoa, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Izen-deiturak: ..........................................................................................................................................
NANa: ........................................ Jaioteguna: [urtea/hilabetea/eguna] ....................................................
Jaioterria: ................................................... Nazionalitatea: ...................................................................
Egungo helbidea [kalea, zenbakia, eskailera, solairua]: .........................................................................
Posta kodea/Herria: .............................................. Telefonoak: ..............................................................
Posta elektronikoko helbidea: .................................................................................................................
AZALTZEN DUT:
–Ez dut eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, eragozten didanik karguan aritzea.
–Ez dut indarreko xedapenetan ezarritako ezintasunetako bakar bat ere.
–Ez naute bereizi, diziplina espedientearen bidez, inongo administrazio publikoren zerbitzutik, ezta bidali ere diziplinako kaleratzearen bidez, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
–Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naiz.
–Baldintza guztiak betetzen ditut, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.
–Deialdian eskatutako euskararen ezagutza frogatzeari dagokionez (markatu bidezkoa dena):
Eskabide honi gehitzen diot ziurtagiri baten kopia bat, agertzen duena badudala deialdian eskatutako euskararen ezagutza.
Eskatzen dut egitea deialdi honetan eskatutako euskararen ezagutza maila frogatzeko proba.
–BADUT desgaitasuna / EZ DUT desgaitasunik, eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dut, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).
Aurkezten dut desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.
–Eskabideari agiri hauen fotokopiak erantsi dizkiot:
Nortasun agiri nazionala.
Eskatzen den titulazio akademikoa.
B motako gidabaimena.
Alegatutako merezimenduak.
.............................................(e)n, 2025eko .....................................aren ............(e)(a)n
Sinadura
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa (1-10 art.).
2. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua, Udalerria: 11-28 artikuluak. V. titulua, Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak, I. kapitulua.
3. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua, I. titulua, I. kapitulua: udalerriak: 1-8 atalak. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea, I. kapitulua: 1 eta 2. atalak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola. II. kapitulua, 1 eta 2. atalak.
4. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua. II. titulua: I., II., III., IV., VI., VIII. eta IX kapituluak.
5. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Xedapen orokorrak.
6. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: I., II. eta III. tituluak.
7. gaia.–Olaztiko udalerria: kaleen, parajeen eta ibaien izena eta kokapena; biztanleria eta geografia. Bide nagusiak. Zerbitzu publikoak. Instalazio eta ekipamendu publikoak. Udal eraikin nagusien kokapena: udaletxea, udalaren kirol instalazioak, ikastetxe publikoak, ludoteka, liburutegia, udal biltegia eta abar.
8. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiek prebenitzea; norbera babesteko ekipamenduak. Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.
9. gaia.–Oinarrizko elektrizitatea: elektrikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak...). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lur-konexiodunak nahiz gabekoak, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.
10. gaia.–Oinarrizko mekanika-Metal arotzeria. Mekanikako oinarrizko erremintak (mailuak, bihurkinak, hainbat motatako giltzak, zerrak, eskuko zulagailua eta abar) ezagutu, erabili eta mantentzea. Sarrailagintzako oinarrizko lanak (ate-leihoak doitzea, sarrailak eta sarraila-zilindroak, metalezko altzarien mantentze-lanak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.
11. gaia.–Iturgintza-Berokuntza. Iturginaren oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Iturgintzako instalazioen mantentze-lanak (komun-ontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak). Berokuntzako instalazioen mantentze-lanak (zirkuituak, betetzea eta airea purgatzea. Erradiadoreak. Galdara gelak, elementu nagusiak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.
10. gaia.–Zurgintza. Zurgintzako oinarrizko erremintak (mailuak, zerrak, trintxak, zulagailu elektrikoa eta bestelako osagarriak: lixak, lekedak eta abar) ezagutu, erabili eta mantentzea. Zurgintzako oinarrizko eragiketak (ate eta leihoak doitzea). Sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.
12. gaia.–Lorezaintza. Lorezaintzako oinarrizko tresnak (kimatzeko guraizeak, belarra mozteko makinak, aitzurrak eta abar) ezagutu, erabili eta mantentzea. Lorategiak mantentzeko oinarrizko eragiketak (aspertsoreak jartzea, erregulatzea, funtzionamenduan jartzea, garbitzea eta abar). Lorategirako produktuak (ongarriak, intsektizidak eta abar) aplikatzeko oinarrizko ezagutzak. 10.–Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Laneko arriskuei aurrea hartzea: norbera babesteko ekipamendua, arriskuen prebentzioa.
13. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko maneiuari buruzko ezagutza.
14. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea.
15. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.
16. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.
17. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemak ulertzea.
18. gaia.–Pintura. Motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.
19. gaia.–Lorategiak eta berdeguneak zaintzea eta mantentzea: oinarrizko kontzeptuak. Ureztatzea, ongarritzea eta inaustea. Erremintak: eskuzkoak, elektrikoak eta motordunak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana.
20. gaia.–Mekanika. Udal makinak, ibilgailuak, erremintak eta lanabesak maneiatzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea. Biltegia kontrolatzea.
22. gaia.–Ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko produktuak, makinak eta erremintak (sasiak garbitzeko makina, belarra mozteko makina, heskai-moztekoa, aizkora, motozerra, altueran inausteko plataforma jasotzailea).
23. gaia.–Igerilekuetako mantentze-lanak. Kontzeptu orokorrak. Igerilekuen baldintza higieniko-sanitarioak eta segurtasun baldintzak Nafarroako Foru Komunitatean. 86/2018 Foru Dekretua, urriaren 24koa; 6/2022 Foru Dekretua, otsailaren 9koa; eta 742/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa.
24. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak.
25. gaia.–Behar diren materialak eta erremintak eskuratzea. Antolaketa eta mantentze-lanak.
Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legediaren arabera.
III. ERANSKINA.–BAREMOA
1.–Laneko esperientzia (15 puntu gehienez).
a) Esperientzia orokorra (5 puntu gehienez):
Administrazio publikoetan edo enpresa pribatuetan egindako lanengatik, baldin lanpostuak zerikusia bazuen bete beharreko lanpostuarekin erlazionatutako zerbitzu anitzetako edo antzekoen enplegatuari dagokion lan-arloarekin, puntu 1 urte bakoitzeko.
b) Esperientzia berariazkoa (10 puntu gehienez):
Administrazio publikoetan edo enpresa pribatuetan egindako lanengatik, honako arlo hauekin lotutako lanpostuetan, puntu 1 urte bakoitzeko: makineriaren maneiatzea, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, soldadura, lorezaintza, mantentze-lanak eta lan fitosanitarioak.
Administrazio publikoetan egindako lanen kasuan, haiek emandako ziurtagiri bidez frogatu beharko da merezimendu hori. Enpresa pribatuen kasuan, hasiera- eta amaiera-kontratu bisatuaren bidez (autonomoen kasuan, lana egin duten kotizazio-epigrafearen frogagiriaren bidez) eta Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak frogatzen baititu lan-aldia eta egindako eginkizunak. Urteko zatikiak proportzioan baloratuko dira. Orobat, lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da.
2.–Prestakuntza arautua (7 puntu gehienez).
Erdi-mailako, goi-mailako edo maila baliokideko Lanbide Heziketako titulazio akademikoengatik, baldin eta lotura badute lanpostuko zereginekin: 5 puntu.
3.–Euskara jakitea (2 puntu gehienez).
B2 maila: 1,6 puntu.
C1 maila: 2 puntu.
Titulazio gorena baino ez da baloratuko.
4.–Prestakuntza osagarria (6 puntu gehienez).
–Lanpostuaren eginkizunekin lotutako prestakuntza (makinen erabilera, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, soldadura, lorezaintza, mantentze-lanak edo fitosanitarioak): ikastaro guztien orduak batuko dira, eta 0,01 puntu emanen da ikastaroaren ordu bakoitzeko. Gehienez ere, 4 puntu eskuratzen ahalko dira. (Ezinbestekoa izanen da aprobetxamendu-ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagiri horretan, prestakuntzaren xedea eta iraupena zehaztuko dira).
–Genero-berdintasunari buruzko prestakuntza ikastaroak egiteagatik, 0,5 puntu emanen dira ikastaro bakoitzeko (ikastaroak 10 ordukoa gutxienez izan behar du); gehienez ere, 1 puntu eskuratzen ahalko da.
–C motako gidabaimena edukitzegatik: 1 puntu, gehienez.
Olaztin, 2025eko martxoaren 28an.–Alkatea, Joseba Vizuete Askargorta.
Iragarkiaren kodea: L2504900
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
