73. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MURILLO EL FRUTO

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu hutsa betetzeko txanda murriztuan, oposizio-lehiaketa bidez

Murillo el Frutoko Udaleko alkateak, 2025eko martxoaren 21ean emandako 43 Ebazpenaren bidez, deialdi hau onetsi du, zeina aurrera eramanen arau hauetan eta jarraian ageri diren oinarrietan ezarritakoaren arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten du) eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten du).

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Murillo el Frutoko Udalean hutsik dagoen administrari-ofizialaren lanpostua (I. Eranskinean dago identifikatua) betetzea txanda murriztuan, oposizio-lehiaketa bidez, eta betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak; hori guztia, honako hauetak ezarritakoaren arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten du) eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten du).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen den izangaiak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu eta, arau horretan ezarritako mailen artetik, ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan sailkatuta geldituko da, deialdi honen I. eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

1.3. Deialdi honen bidez izendatzen den izangaiak funtzionarioaren izaera hartuko du –Murillo el Frutoko Udaleko administrari-ofizialaren lanpostuan eta C mailan– lanpostuaz jabetzen den unetik, eta eutsiko die egun dituen osagarriei. Lehen betetzen zuen lanpostua modu automatikoan amortizatuko da, eta, hortaz, deialdi hau gauzatzeak ez du eraginen plantilla organikoko plazen kopurua handitzea.

1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du. Oporren, jaiegunen, dieten kalte-ordainen eta gainerako eskubideen araubidea aplikatzekoa den arauetan ezarritakoa izanen da.

1.5. Deialdi honen ondorioz izendatzen denak bere mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizun eta lanak eginen ditu; horiek guztiak berezkoak ditu lanpostuak.

1.6. Oposizio-lehiaketa gainditzen duen izangaiak lortuko du barne-igoera.

1.7. Eskainitako plaza barne-igoerako txandaren bidez beteko da. Ez da izanen txanda irekirik, ez eta plazaren erreserbarik ere desgaitasuna dutenentzat edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozesua gauzatuko da arlo honi buruz honako xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikulua eta hurrengoak, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikula eta hurrengoak, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Alkate udalburuaren 2025eko otsailaren 21eko 26 Ebazpenaren bidez (2025eko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 6an), udal honen lan publikoaren eskaintza onetsi zen 2025erako. Hona hemen:

–2. lanpostua: administrari-ofiziala. Araubide juridikoa: funtzionarioa. Maila: C. Sarbidea: oposizio-lehiaketa murriztua. Kopurua: 1. Mailako osagarria: %12. Lanpostuko osagarria: %18,35. Egoera: hutsik.

3.–Betebeharrak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Funtzionarioa edo lan-kontratuduna (mugagabea edo finkoa) izatea Murillo el Frutoko Udalean.

b) D maila edo taldekoa izatea.

Dena den, deialdiko lanpostu hutsaren maila berean ari diren langileek ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.

c) Eskatutako titulua edukitzea, hau da; Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat; eta administrazio publikoetan 5 urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.

Edonola ere, letra honetan eskatutako tituluaren ordez, eta C, D eta E mailei dagozkien lanpostu hutsen kasuan, betekizun hori ordezten ahalko da administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua egiaztatzearekin.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada deialdia egin duen Administrazioko bertze lanpostu finko edo aldi baterako batean.

e) Hautapen probak gainditzea.

3.2. Aurreko betekizunak bete eta egiaztatu beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta lanpostuaz jabetu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4.–Eskabideak, tasak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, Murillo el Frutoko Udalaren webgunetik sarbidea duen egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez: https://sedeelectronica.murilloelfruto.es/carpeta-ciudadana/.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea (http://www.murilloelfruto.es/ Murillo el Frutoko Udalaren webgunean ere eskuragarri).

4.2. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Lanpostu hutsak betetzeko lehiaketa eta oposizioen hautapen prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 15,60 eurokoa da, hala xedatuta baitago Murillo el Frutoko Udalaren karga-tasetan (2025eko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuak, otsailaren 14an).

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea (II. Eranskina) aurkezteko unean, izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena (indarrean den agiriarena betiere).

–Izangaiak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten ziurtagiriak.

–Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztiak frogatzen dituen dokumentazioa. Izangaiek baremoan (7.3 oinarria) agertzen den puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.

Merezimenduak ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, baldin eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez badaude lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta; betiere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala frogatua.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta izendatu beharko da horien ordezkoen kopuru bera. Izendapen hori Murillo el Frutoko Udalaren webgunean argitaratuko da: http://www.murilloelfruto.es/.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa izan beharko du, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta langileen ordezkariek ez badute dagokien kidea izendatzeko proposamenik egiten hala eskatzen zaienetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Murillo el Frutoko Udalaren webgunean: http://www.murilloelfruto.es/.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Murillo el Frutoko Udalaren webgunean: http://www.murilloelfruto.es/.

6.2. Behin-behineko zerrenda webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, Murillo el Frutoko Udalaren webgunetik sarbidea duen egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez: https://sedeelectronica.murilloelfruto.es/carpeta-ciudadana/.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzeko aginduko da Murillo el Frutoko Udalaren webgunean: http://www.murilloelfruto.es/.

6.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdi honen xedeko prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzez eta gaitasunez.

b) Merezimenduen balorazioko fasean edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 70 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da. Gainditzeko, 35 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. Test motako proba bakarra eginen da, eta haren edukia izanen da deialdi honetan jasotako gai-zerrendari buruzkoa.

7.2.3. Proba egiteko eguna, tokia eta ordua aditzera emanen da prozeduran onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean bertan.

7.2.4. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan behar dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Plika sistemaren bidez eginen da proba teorikoa.

7.2.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean halakorik eskatu badute.

7.2.6. Oposizioaldiko probaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak lortutako kalifikazioen zerrenda argitaratuko du, pliken zenbakiekin, Murillo el Frutoko Udalaren webgunean: http://www.murilloelfruto.es/.

Emaitzak argitaratzen diren egunean berean iragarriko dira, aipaturiko webgunean, plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.

Plikak jendaurreko ekitaldian ireki eta gero, kalifikazio epaimahaiak argitara emanen ditu, aipatu webgunean, aurkeztutako izangaien zerrenda, lortu dituzten behin-behineko kalifikazioekin, eta 5 egun balioduneko epe bat irekiko du interesdunek alegazioak egin ditzaten, bide telematikoz (erregistro elektronikoa), beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.3. Lehiaketaldia: 30 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 20 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 20 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Murillo el Frutoko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak: 2 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Murillo el Frutoko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: 1 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez 20 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzerakoan zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, emanen da kasu bakoitzean handiena den puntuazioa.

Merezimendu profesionalak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagirian hauek jaso beharko dira: zerbitzuaren iraupena, bete den lanbide-kategoria, eta lanpostuari dagokion maila. Horrez gain, lan bizitzari buruzko txostena aurkeztuko da. Dokumentazio horretan agertu beharko dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta bukaera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Baldin deialdia egiten duen toki-erakundeari berari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 10 puntu.

b.1) Prestakuntza: gehienez ere 10 puntu:

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten ikastaroak; 15 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitzeko: puntu 1; gehienez 6 puntu.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten ikastaroak, 5 ordutik 14 ordura bitarteko iraupenarekin: 0,5 puntu; gehienez, 4 puntu.

Ez dira kontuan hartuko 5 ordutik beherako ikastaroak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 6.1 oinarrian eskabideak aurkezteko ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1. atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

Ez dira baloratuko oposizio-fasea gainditu ez duten izangaien merezimenduak, 7.2.1 apartatuan ezarritakoaren arabera.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Murillo el Frutoko Udalaren webgunean (http://www.murilloelfruto.es/), eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, bide telematikoz, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.4. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira aipatu webgunean.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.a.1) atalean puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.b.1) atalean puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, atal horren barnean 7.3.a eta 7.3.b azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, zerrendatuta agertzen diren hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinduta segitzen badute, berdinketa ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu prozesua gainditu dutenen zerrenda, Murillo el Frutoko Udalaren http://www.murilloelfruto.es/ webgunean, hautapen-prozesuan guztira eskuratu duten puntuazioaren arabera ordenaturik, eta, halaber, organo eskudunari igorriko dio, baldintzak frogatzeko izapideak egin daitezen.

8.–Baldintzak frogatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 eguneko epea irekiko du, lehen postuan hautaturik geratu eta lanpostua eskuratu duen izangaiak aurkez dezan behar den titulazioa (3.1 oinarria) frogatzeko dokumentazioa, hots, eskatzen den tituluaren kopia edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Deialdi honetan ez dago lanpostu hutsak hautatzeko egintzarik, lanpostu bakarra baitago.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio izendapen proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamenean jasoko da, puntuazio handiena izateagatik, deialdiko lanpostu bakarrean sartuko den izangaia.

Izendapen proposamen hori Murillo el Frutoko Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.2. Murillo el Frutoko Udalaren webgunean proposatzen den izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik administrari-ofizial karguaren eginkizunak betetzea.

b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta administrari-ofizial karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia, ez eta deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere, eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe haren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, baja beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada eskudantziak betetzeko, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duen izangaia Murillo el Frutoko Udaleko funtzionario izendatuko da, administrari-ofizial lanpostuan jardun dezan.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

10.4. Hautatutako izangaia izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko da lanpostuaz.

10.5. Izendatuak ez badu jabetza hartzen emaniko epearen barnean, ezinbesteko kasuetan salbu, Murillo el Frutoko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuari jarraituko zaio.

10.6. Funtzionario bihurtzen den izangaiari ematen bazaio, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia, lanpostuan batere aritu gabe, jabetza hartzen duen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira (araubide administratiboan), aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

Zerrenda hori subsidiarioki aplikatuko da, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dagoen kontrataziorako izangai zerrendaren atzetik, halakorik baldin badago.

11.2. Kalifikazio epaimahaiaren proposamenaren arabera, Murillo el Frutoko Udalaren webgunean argitara emanen da deialdi honen ondorioz sortzen den aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiari eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da http://www.murilloelfruto.es Murillo el Frutoko Udalaren webgunean.

13.–Datuen babesa.

Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Murillo el Frutoko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Tratamenduaren helburua da lanpostu hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin, zeinak premiazko neurriak ezartzen baititu enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko, eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearekin –egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriei buruzkoa–), langileak hautatzea eta deialdi honen xedeko lanpostua betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).

DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen lagapena eginen da legeak xedaturiko kasuetan, eta deialdian ezarritakoaren arabera emanen dira argitara.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo www.murilloelfruto.es egoitza elektronikoaren bidez.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo aldez aurretik harremanetan jartzeko datuen babeserako ordezkariarekin, aipatutako helbidearen bidez.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

15.–Gai-zerrenda.

1. gaia–Murillo el Frutoko udalerria: izena, mugarteak, kaleak, bideak, erretenak, herri-lurrak, mendiak, alderdiak, udal ondarea, festak, historia, eta usadio-ohiturak. Plano eta mapen irakurketa eta interpretazioa, mugarteen, eraikinen eta lurzatien identifikazioa.

2. gaia–Murillo el Frutoko Udala. Osaera, organoak, funtzionamenduko araubidea. Egintza eta ebazpenen jakinarazpena: epeak eta prozedura. Administrazio dokumentazioa, ofizioak, errekerimenduak, eskabideak, ziurtagiriak, erabakiak, ebazpenak eta bandoak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

3. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: I. titulua: Interesdunak; II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: Arau orokorrak, epemugak eta epeak; III. titulua: Administrazio-egintzen betekizunak, efikazia eta baliogabetasuna; IV. titulua: Administrazio prozedura erkidea: prozeduraren bermeak, hasiera, antolaketa, instrukzioa, bukaera, izapidetze erraztua eta betearazpena.

4. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: V. titulua: Administrazio-egintzen berrikuspena (ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak).

5. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua. Udalerria: II. kapitulua. Antolamendua; III. kapitulua. Eskumenak. V. titulua. Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak: I. kapitulua. Funtzionamendu-araubidea; IV. kapitulua. Herritarren informazioa eta parte-hartzea.

6. gaia–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua onesten duena: Biztanleria eta errolda (1690/1986 Errege Dekretuko II. titulua).

7. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Toki-erakundeen antolamendua eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea; IV. titulua. Toki-erakundeen ondasunak; V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak; VI. titulua. Kontratazioa. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketaren prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola (gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian).

8. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabide motak eta ordainarazpen guztiendako xedapenak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen I. tituluko I. eta II. kapituluak).

9. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabide motak: II. titulua: Udal zergak: Lur-ondasunen gaineko kontribuzioa, Ekonomia jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskala, Trakzio mekanikoko ibilgailuen edo zirkulazioaren gaineko zerga, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga.

10.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak; plantilla organikoak; eskubideak eta betebeharrak; ordainsariak.

11. gaia.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, administrazio-ebazpenak, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak.

12. gaia.–2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena.

13. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: 3. artikulua. Definizioak.

14. gaia.–Ordenantza, Murillo el Frutoko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena (2021eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 29koa). Eta haren aldaketa, hemen argitaratuta: 2022ko 259. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 27an.

15. gaia.–Murillo el Frutoko Udalaren eraikin, lokal, instalazio, makina eta materialen erabilera arautzen duena (2021eko 142. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 18koa).

16. gaia.–Ordenantza, Murillo el Frutoko udal hilerriaren erabilera arautzen duena (2021eko 142. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 18koa).

17. gaia.–Hizkuntzaren, ortografiaren eta zenbakien arloetako gaitasuna. Oinarrizko informatika, Officeko erremintak.

Murillo el Fruton, 2025eko martxoaren 21ean.–Alkatea, Diego Palacios Bescos.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN EZAUGARRI ESPEZIFIKOEN TAULA

Jarraian ageri den lanpostu hutsa txanda murriztuan, oposizio-lehiaketa bidez, betetzeko deialdiaren ezaugarrien taula. Lanpostua sartuta dago 2025eko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 6koan, argitaratutako enplegu publikoaren eskaintzan.

PLAZAREN
ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHAR DEN TITULAZIOA

2

Administrari-ofiziala

C

Funtzionarioa

%100

Murillo el Frutoko Udala

Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

II. ERANSKINA.–ESKABIDE-EREDUA, PARTE HARTZEKO ADMINISTRARI-OFIZIALAREN LANPOSTU BAT TXANDA MURRIZTUAN, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ, BETETZEKO DEIALDIAN, MURILLO EL FRUTOKO UDALEAN ARITZEKO

Izena: ………………......................................................................................................................, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ……...................……, jaioteguna: ..........................................., jaioterria: ............................................................................, (...............................................................) eta helbidea: ................................................................................ (...............................................................), kalea: .........................................................................., zenbakia: ..................., solairua: ..........................., posta kodea: ................, telefono finkoa: ..............................., sakelako telefonoa: ..............................., helbide elektronikoa: .................................................................................................................................

Murillo el Frutoko Udalean agertzen naiz eta

AZALTZEN DUT:

1.–Parte hartu nahi dudala jarraian ageri den lanpostu hutsa txanda murriztuan, oposizio-lehiaketa bidez, betetzeko deialdian. Lanpostua sartuta dago 2025eko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 6koan, argitaratutako enplegu publikoaren eskaintzan.

PLAZAREN
ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHAR DEN TITULAZIOA

2

Administrari-ofiziala

C

Funtzionarioa

%100

Murillo el Frutoko Udala

Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

2.–Ezen, hori helburu, adierazten dudala deialdi honetako 2. oinarrian eskatzen diren betebehar guztiak betetzen ditudala eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.–Ezen deialdian ezarritako ondorioetarako, honako dokumentazio hau eransten dudala:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena (indarrean den agiriarena betiere).

b) Izangaiak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten ziurtagiriak.

c) Behar den dokumentazioa, frogatzeko balora daitezkeen merezimendu guztiak, lehiaketaren baremoko irizpideen arabera. Izangaiek baremoan (6.3 oinarria) agertzen den puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.

d) Hala badagokio, %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren frogagiria, deialdian adierazi bezala aurkeztu behar dena.

4.–Baimena ematen dudala prozedura hau tramitatzeko jarduketen ondoriozko jakinarazpenak lehen adierazitako helbide elektronikora egiteko.

ESKATZEN DUT eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izateko, eta AITORTZEN DUT, erantzukizuna nirea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.

Data eta sinadura

Iragarkiaren kodea: L2504393