73. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

518E/2025 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan merezimenduen lehiaketa bidez bitarteko izendatze batekin betetzeko Elizondoko osasun eskualde oinarrizkoaren Erizaintza Unitateko Burutzaren lanpostua.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, onetsi egin da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan merezimenduen lehiaketa bidez Elizondoko osasun eskualde oinarrizkoaren Erizaintza Unitateko Burutzaren lanpostua betetzeko deialdia, oinarri hauei jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak eta xedea.

1.1. Deialdi hau eraenduko dute 347/1993 Foru Dekretuak, azaroaren 22koak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak hornitzea arautzen duenak eta Osasun kontseilariaren 465/2001 Foru Aginduak, urriaren 3koak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak eta erizaintza unitateetako burutzak merezimenduen lehiaketa bidez betetzeko prozedurak arautu eta haietan aplikatu beharreko baremoak ezartzen dituenak.

1.2. Deialdi honen xedea da merezimenduen lehiaketa bidez bitarteko izendatze batekin betetzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Elizondoko osasun eskualde oinarrizkoaren Erizaintza Unitateko Burutzaren lanpostua (66534 plaza zenbakia).

1.3. Gauzatu beharreko administrazio- eta kudeaketa-funtzioak eta zereginak zentroaren zuzendaritzaren organigrama funtzionalak unean-unean zehaztutakoak izanen dira.

1.4. Burutzaren jardunaren epea sei hilabetekoa izanen da.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Merezimendu bidezko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek aktibo edo zerbitzu berezi egoeran egon behar dute, eta baldintza hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Bete beharreko lanpostuari dagokion B mailan edo taldean egotea.

b) "Osasun arloko diplomadunak" estamentuan eta "Erizaintza orokorra" espezialitatean sailkatutako kategoria batean egotea (urriaren 20ko 11/92 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzkoa).

c) Estamentu eta espezialitate horretan bost urteko lana egin izana.

d) Lanposturako deialdiaren xede den Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeko plantillako langile finkoa izatea.

2.2. Merezimenduen lehiaketa hauetan parte hartzeak ez du inola ere aldatuko izangaien araubide juridikoa.

3.–Eskaerak. Epea eta aurkezpena.

3.1. Merezimenduen lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek izena emateko eskabidea telematikoki aurkeztu beharko dute https://empleosalud.navarra.es/eu web-orriaren bidez, "Burutzak" atalean dagokion kategoria hautatu eta "Inskripzioa" sakatuta.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epe hori luzaezina da.

3.3. Parte hartu nahi dutenek memoria/proiektua aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera. Horretan, deialdiko lanpostuaren zereginak eta jardunerako bete beharreko betekizunak, baldintzak eta bitartekoak aztertuko dira, baita deialdiaren xede den unitate organikoaren antolaketa tekniko administratiboa ere, eta, ondoren, lan hori ahoz azaldu eta defendatuko da epaimahai kalifikatzailearen aurrean.

4.–Onartuen eta baztertuen zerrenda.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko du. Alegazioak aurkezteko, 5 egun naturaleko epea ezarriko da, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.2. Ezarritako epeen barnean parte hartzeko eskaera bakar bat ere aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du deialdiko lanpostua bete gabe utzi dela adierazteko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

4.3. Alegazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta deialdiaren web-orrian argitara dadila.

4.4. Inor baztertu ez bada, behin betiko zerrenda argitaratuko da zuzenean.

4.5. Behin betiko zerrenda onartzean, argitara emanen da zer egunetan, zer tokitan eta zer ordutan izanen den aurkeztutako memoria/lana defendatzeko jendaurreko saioa.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Deialdian onartu eta baztertu diren izangaien behin behineko zerrendarekin batera argitaratuko da epaimahaiaren osaera.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ez da eratzen ahalko, eta ez du jarduten ahalko ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren gaiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahal du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Merezimenduen lehiaketa nola eginen den.

Memoria/lana baztertzailea dela kontuan hartuta, gainerako merezimenduak baloratu aurretik aurkeztu eta defendatuko da lana, ahoz.

6.1. Memoriaren/lanaren fasea.

6.1.1. Memoria/lana ahoz aurkeztu eta defendatuko da epaimahai kalifikatzailearen aurrean, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratu ondoren adieraziko den tokian, egunean eta orduan. Agertu ezean, izangaia automatikoki kanpo geratuko da.

6.1.2. Fase hori egin ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du emaitza, emandako puntuazioekin. Ematen ahal den gehieneko puntuazioa 16,50 puntukoa izanen da, eta baztertzailea izanen da; hala, gutxienez 8,25 puntu lortu beharko dira gainditzeko.

6.2. Lehiaketa fasea.

6.2.1. Memoriaren/lanaren fasea gainditzen duten izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute deialdiaren webgunearen bitartez beren merezimenduak aurkezteko.

6.2.2. Epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko baremoan oinarrituta baloratuko ditu. Izangaien baremoa aplikatuta lortutako guztizko puntuazioa ez da 39 puntutik gorakoa izanen.

6.2.3. Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarriko, baremazioa egin dezan:

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan egindako zerbitzuak.

–Aurreko deialdiren batean aurkeztutakoak, baldin eta 3.1 puntuan aipatutako web-orrian agertzen badira. Ondorio horietarako, izangaiek web-orri horretan kontsultatzen ahal dituzte aipatutako merezimenduak.

6.2.4. Epaimahaiak baloratuko ditu, bere iritziz, izangai bakoitzak baremoko atal bakoitzean dituen aintzat hartzeko moduko merezimenduak. Nolanahi ere, ez ditu inoiz aintzat hartuko alegatu gabeko merezimenduak edo agiri bidez frogatzen ez direnak.

6.2.5. Pertsona batek baino ez badu gainditzen memoria/lana defendatzeko fasea, ez zaizkio merezimenduak baloratuko, eta, beraz, ez du haiei buruzko dokumentaziorik aurkeztu beharko. Fase hori gainditu duen izangaia zuzenean izanen da izendapenerako proposatua.

7.–Merituen balorazioa eta azken emaitza.

7.1. Memoria/lanaren eta merituen balorazioko faseak bukatu ondoren, epaimahaiak behin behineko emaitza argitaratuko du deialdiaren web-orrian, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak telematikoki aurkezteko.

7.2. Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu behin betiko puntuazioak eta merezimendu-lehiaketaren azken emaitza. Aurkeztu diren erreklamazioak ebatzitzat joko dira emaitza hori argitaratzearekin.

7.3. Izangaiak lehiaketaren emaitza eta bere merezimenduen banakako balorazioa ikusten ahalko ditu deialdiaren web-orrian.

8.–Izendapena.

8.1. Prozedura bukatuta, epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari proposatuko dio puntuaziorik altuena lortu duen pertsonaren izendapena, edo, kasua bada, deialdiko lanpostua bete gabe utziko du.

8.2. Unitate buruaren izendapena 6 urterako izanen da, salbu eta azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 17. artikuluan xedatutako kargu-uztearen arrazoietako bat gertatzen bada.

8.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.–Errekurtsoak.

9.1. Deialdi honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta haren kontra eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

9.2. Kalifikazio-epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra, zeinek ez baitute administrazio-bidea bukatzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin bat etorriz.

Iruñean, 2025eko martxoaren 26an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.

I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1. Lehiaketaren xede den estamentuan edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko puntu bat.

2. Beste estamentu batzuetan edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,25 puntu.

3. Lehiatzen den kategoria berean enpresa pribatu batean lanaldi osoan eta Gizarte Segurantzako araubide orokorrean egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,50 puntu; 5 puntu gehienez ere.

4. Zentro publikoetan bi urtez jarraian baino luzeago edo txandakako hiru urtez zuzendaritzako, buruzagitzako, gainbegiratzeko edo unitate organikoaren arduradunaren lanpostuan aritu izana: 3 puntu.

Deialdiaren xede den arloa bada, 2 puntu gehiago emanen dira.

5. Deialdiaren xede den arloan, zentro publiko edo pribatuetan bi urtez jarraian edo txandakako hiru urtez baino luzeago, lehiatzen den estamentuari dagozkion lanbide eginkizunak bete izana: 2 puntu.

Bateraezinak izanen dira 4. eta 5. azpiataletan emandako puntuazioak, baldin eta deialdiaren xede den arlo berekoak badira, bai eta 1etik 3ra bitarteko azpiataletan emandakoak ere, baldin eta aldi berekoak badira, eta kasu bakoitzean puntuaziorik handiena emanen da.

1. atal honetan, guztira, 20 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetan jasotako merezimenduak baloratuko dira, baldin eta lehiatzen den lanpostuarekin edo plazarekin lotuta badaude.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea: kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu) 0,1 puntu emanen dira, gehienez ere 8 puntu, eta frakzioak hainbanatuko dira. Ziurtagirian jardueraren iraupena ordutan ageri ez bada, kreditu bakarreko gisa baloratuko dira, ikasturte bateko iraupena ageri bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Ez dira prestakuntza arloko merezimendutzat hartuko deialdiaren xede den lanpostuan aritzeko gaitzen ez duten titulazio ofizialak.

Era berean, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barrenean antolatuak.

2. Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo berriemateak aurkeztea: 0,4 puntu nazioartekoa bada, 0,3 Estatukoa bada eta 0,2 eskualdekoa edo tokikoa bada; gehienez ere 1,5 puntu.

3. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten ikerketako lan zientifikoak egitea: 0,75 puntu nazioartekoak badira, 0,5 Estatukoak badira eta 0,2 eskualdekoak edo tokikoak badira; gehienez ere 1,5 puntu.

4. Aldizkari espezializatuetan argitaraturiko lanak: lehen hiru sinatzaileek 0,2 puntu eta gainerakoek, 0,05 puntu; gehienez ere 1,5 puntu.

Bateragarria da 2. eta 4. azpiatalei emandako puntuazioa, lan edo ikerketa berari edo antzekoari buruzkoa denean.

5. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: 1,7 puntu hizkuntza bakoitzeko. Ez badauka Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun ziurtagiririk edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulaziorik, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako ikastaro bakoitzeko zehaztutako gehieneko puntuazioaren bosten batekin baloratuko da.

6. Bekak edo prestakuntza egonaldiak: 0,1 puntu egonaldi urte bakoitzeko, eta gehienez ere puntu 1.

7. Sektore publikoan edo unibertsitatean prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola ordu) 0,2 puntu, frakzioak hainbanatuta, eta gehienez ere 3 puntu. Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriei bi orduko balorazioa emanen zaie.

2. atal honetan, guztira, 19 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Puntuazio erantsia euskara jakiteagatik.

Euskararen ezagutza baloratzeko, aintzat hartuko da 465/2001 Foru Agindua, urriaren 3koa, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak eta erizaintza unitateetako burutzak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko prozedurak arautu eta haietan aplikatu beharreko baremoak ezartzen dituena.

Iragarkiaren kodea: F2504546