Iragarkia
73. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
27/2025 FORU DEKRETUA, martxoaren 26koa, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuen higiene, osasun eta segurtasun baldintzak ezartzen dituen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua.
ZIOEN AZALPENA
Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan, osasuna babesteko eskubidea aitortzen da, eta ezartzen da botere publikoei dagokiela osasun publikoa antolatzea eta babestea, prebentzio-neurriez eta beharrezkoak diren zerbitzu eta prestazioez baliatuta.
Beste alde batetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 53.1 artikuluan ezartzen denez, barne-osasunaren eta higienearen alorretan, Nafarroari dagozkio gaur egun dituen ahalmenak eta eskumenak eta, gainera, Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta betearaztea.
Eskumen hori garatzeko, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, 13 a) artikuluan, osasun publikoarekin zerikusia duten hainbat jarduketa esleitzen dizkie Foru Komunitateko osasun-administrazioei; besteak beste, uraren jolas-erabileraren kontrola, pertsonen osasunean izaten ahal duen eraginagatik.
Foru lege hori garatze aldera, maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuaren bidez, erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezarri ziren.
Ondoren, urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua argitaratu zen, zeinaren bidez ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene- eta osasun-baldintzak eta segurtasun-baldintzak, eta, hala, instalazioen baldintza eta ezaugarri berrietara egokitu zen indarreko araudia.
Orain, beharrezkoa da foru dekretu hori aldatzea; izan ere, denbora luzea iragan da indarrean jarri zenetik, hura aplikatzetik lortutako esperientziak ere aldaketak eskatzen ditu, eta urtarrilaren 10eko 3/2023 Errege Dekretuaren bidez zenbait aldaketa egin dira irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuan, zeinaren bidez ezartzen baitira igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak.
Hortaz, beharrezkoa da definizio berriak ezartzea eta lehengo definizio batzuk aldatzea, zehaztea zer prestakuntza eskatu behar zaien mantentze-lanetako langileei eta instalazioetako sorosleei, eta zenbait aldaketa egitea, irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuan izandako aldaketak txertatzeko.
Beraz, helburuak dira arauaren idazketa hobetzea, haren alderdi batzuk argituz, Estatuko araudi indardunera egokitzea eta instalazioen titularrei erraztasunak ematea araua bete dezaten.
Bestalde, 6/2022 Foru Dekretuan igerileku-instalazioak egokitzeko ezarritako epea iragan da (6/2022 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua aldatzen duena), eta instalazio horietako batzuek ezin izan dituzte proiektuak kontratatu eta obrak epe barruan egin, zenbait arrazoi justifikatu direla medio. Ondorio horietarako, komenigarritzat jo da beste epe luzaezin bat ezartzea instalazioak egokitzeko, instalazio horietako ordezkari eta titularrek hala eskatuta, araudian ezarritako baldintza jakin batzuetan eta erabiltzaileen osasuna edo segurtasuna arriskuan jarri gabe; izan ere, instalazio horiek babesgune klimatikoak dira bero-boladetan.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129.2 artikuluan ezartzen denez, erregelamendu-ahala eta legegintza-ekimena gauzatzean, Gobernuak arauen kalitatearen eta erregulazio onaren printzipio hauen arabera jokatuko du: beharra, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasuna, efizientzia eta irisgarritasuna. Halaber, artikulu horren arabera, arau-proposamenen zioen azalpenean behar adina justifikatu beharko da printzipio horien arabera jokatzen dela.
Arau honek printzipio horiek guztiak betetzen ditu. Behar- eta eraginkortasun-printzipioei dagokienez, esan bezala, estatuko araudira egokitzea du helburu, beharrezkoa baita harekin bat etortzea. Gainera, segurtasun juridikoa hobetzen du, nahitaez bete beharreko zenbait xedapen txertatzen baititu Nafarroako araudian, eta xedapen horiek ezagutzea errazten du, 86/2018 Foru Dekretua baita erreferentziazko araua arlo horretan, gure Foru Komunitatean.
Araua prestatzean, gardentasunaren printzipioa bete da, aurretiazko kontsultaren izapidea eta jendaurrean jartzearen izapidea egin baitira.
Horiek horrela, Osasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren irizpenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2025eko martxoaren 26an egindako bilkuran hartutako erabakiaren arabera,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua aldatzea. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene- eta osasun-baldintzak eta segurtasun-baldintzak.
Honela geldituko da idatzita 86/2018 Foru Dekretua, urriaren 24koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene- eta osasun-baldintzak eta segurtasun-baldintzak ezartzen dituena:
Bat.–2. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"2. artikulua. Definizioak.
1. Foru dekretu honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:
a) Igerilekua: nagusiki bainurako, jolaserako, erabilera terapeutikorako eta kirol-entrenamendurako erabiltzen diren instalazioen multzoak osatutako barrutia, bainua hartzeko gune bat edo batzuk eskaintzen dituena, eta ontzi artifizial bat edo batzuk (ontzi naturalizatuak kanpo) eta atsedenerako edo egoteko gune bat dituena, hauek guztiak barne: uretako atrakzioak eta jolasak, guztiak behar bezala funtzionatzeko behar diren ekipamendu eta instalazio atxikiak eta erabiltzaileen eskura jartzen diren zerbitzu osagarriak.
b) Erabilera publikoko igerilekuak: edonori edo erabiltzaile talde zehatz bati irekita dauden igerilekuak, jabearen edo okupatzailearen senideek edo gonbidatuek bakarrik erabiltzekoak ez direnak, sarrera-prezio bat ordaindu ala ez. Honelakoak izaten ahal dira:
–1. mota: jarduera nagusia urarekin lotutakoa duten igerilekuak, hala nola igerileku publikoak, aisialdikoak, ur-parkeak edo spa-guneak.
–2. mota: xede nagusiaren zerbitzu osagarri gisa jarduten duten igerilekuak, hala nola hoteletako, ostatu turistikoetako edo kanpinetako igerilekuak edo osasun-zentroetako igerileku terapeutikoak, besteak beste.
c) Erabilera pribatuko igerilekuak: jabearen edo okupatzailearen senideek edo gonbidatuek bakarrik erabiltzekoak diren igerilekuak, familia-erabilerarako etxeen alokairuarekin lotutakoak barne. Izan daitezke:
–3A mota: jabeen erkidegoetako, landetxeetako edo nekazaritza-turismoko establezimenduetako, ikastetxe nagusietako edo antzekoetako igerilekuak.
–3B mota: familia bakarreko igerilekuak.
d) Igerileku estalia: bainurako ur klimatizatuko ontzi bat edo gehiago dituen instalazioa, estalitako esparru itxi eta girotu batean (finkoa edo mugikorra) bainatzekoa. Alboko panelik gabeko estalkia duten ontziak ez dira igerileku estalitzat hartuko ondorio horietarako.
e) Ontzia: a) letran aurreikusitako erabileretarako bideratzen den ura biltzen duen eraikuntza-egitura.
Erabilera nagusiaren arabera, honelakoak izaten ahal dira:
–Plisti-plasta ibiltzekoak: 6 urtetik beherakoei zuzendutako ontzia. Gehienezko sakonera 0,35 metrokoa izanen da.
–Irakastekoa: igeri egiten ikasteko erabiltzen den ontzia, gehienezko sakonera 1,40 metrokoa izanen duena.
–Jolaserakoa: aisialdirako erabiltzen den ontzia. Ez du izan behar 0,50 metro baino gutxiagoko sakonera duen gunerik, ontzira sartzeko arrapaletan edo obrako eskaileretan izan ezik.
–Ludikoa: plisti-plasta ibiltzekoa ez den ontzia, beste erabilera batzuk ere izan arren, uretako atrakzioak dituena. Ontzi horietan argi eta garbi adierazi beharko dira erabilera desberdinetarako bideratuta dauden guneen arteko mugak.
–Igeriketarakoa: kirol hori gauzatzeko erabiltzen den ontzia. Horretarako behar diren ezaugarriak izanen ditu.
–Erabilera anitzekoa: erabilera bat baino gehiago dituen ontzia, horietako bat ere ez denean nagusia. Horrelako ontziek ez dute izanen 0,50 metro baino gutxiagoko sakonerako gunerik, ontzira sartzeko arrapaletan izan ezik. Bereizitako guneetako bakoitzak bete beharko ditu foru dekretu honen 6. artikuluan gune horietarako ezartzen diren baldintzak. Ontziko guneen artean uretako atrakzioak badaude, ontzi hori ludikotzat hartuko da ondorio guztietarako.
–Jauzietarako ontzia: jauziak egiteko erabiltzen den ontzia. Horretarako behar diren ezaugarriak izanen ditu.
–Hidromasajerakoa: bainurako ur klimatizatuko ontzia, urari etengabe eragiten diona eta haren birzirkulazioa gauzatzen duena abiadura handiko zurrusten edo aire-injekzioaren bidez.
–Kontrasterakoa: balneoterapia-zirkuituen parte izaten den ur hotzeko edo beroko ontzia.
–Terapeutikoa: erabilera medikoetara edo errehabilitaziora bideratutako ontzia. Aerosol-ekoizpena izaten ahal du, edo ez.
–Termala eta/edo mineromedizinala: agintaritza eskudunak ontzi bateko hornidura-ura mineromedizinal edo termaltzat jo duenean, eta kimikoki tratatuta ez dagoenean. Estazio termal batean egon behar du, eta tratamendu mediko-termaletarako bakarrik erabilia izan. Uraren birzirkulazioa izaten ahal du, edo ez.
–Naturalizatua: bainurako ontzia, artifizialki eraikia, uraren tratamendu biologikoa eta/edo fisikoa baizik ez duena. Ontzi mota hauek ezin izanen dira instalatu 1, 2 eta 3A motako igerilekuetan.
–Beste batzuk: aurretik deskribatu diren erabilera motetan sartzen ez diren bestelako ontzien kasuan, funtzionamendu-baldintzak ezartzeko, titularrak arriskuaren ebaluazioa egin beharko du, erabileren arabera, eta osasun-agintaritzak ebaluazio hori baloratu eta funtzionamendu-baldintzak ezarriko ditu.
Dituzten ezaugarrien arabera, gainera, honelakoak izan daitezke:
–Bainurako ur klimatizatuko ontzia: estalitako edo estali gabeko ontzia, non urak berotze-prozesu bat baitu, tenperatura erregulatzeko.
–Ontzi estalia: itxitura iraunkorra duen ontzia.
–Estali gabeko ontzia: itxitura iraunkorrik ez duen ontzia.
–Ontzi mistoa: itxitura mugikor ez-iraunkorra duen ontzia.
f) Uretako atrakzioa: instalazio finkoa edo mugikorra, ontzi bati lotua edo lotu gabea, erabiltzaileendako arrisku handiagoa ekar dezakeena; bereziki, uretako txirristak, hodi kiribilak eta antzekoak. Uretako atrakzio bereizitzat hartuko dira instalaturiko txirrista bakoitza edo antzeko atrakzio bakoitza, nahiz eta irteerako plataforma bakarrean egon, pista anitzeko txirristak izan ezik, haien ezaugarrien arabera baloratuko baitira.
g) Ur-jolasa: urarekin kontaktuan jolastea helburutzat duen instalazioa, ontzi batean edo ontzi bateko nasa batean instalatua jolasean aritzeko, ura atxikitzeko gune bat izan nahiz ez.
h) Nasa- edo hondartza-gunea: ontzia inguratzen duen azalera, bainulariek bakarrik erabiltzen ahal dutena.
i) Bainurako gunea: ontziak eta haren nasak edo hondartzak osatzen duten gunea.
j) Ontziaren edukiera: ontzi batean aldi berean egon daitezkeen bainularien gehienezko kopurua.
k) Titularra: igerilekuaren jabea den pertsona fisikoa edo juridikoa (publikoa edo pribatua) edo jabeen erkidegoa, foru dekretu hau betearazteko ardura duena. Igerilekua jabea ez den beste pertsona fisiko edo juridiko batek ustiatzen badu, ustiapenaren arduraduna joko da titulartzat foru dekretu honen ondorioetarako.
l) Zoladura irristagaitza: foru dekretu honen ondorioetarako, zoladura edo zola bat irristagaitza dela ulertuko da baldin eta balio-bizitza guztian betetzen badu Eraikingintzaren Kode Teknikoan ondorio horietarako ezarritakoa.
2. Gainera, aintzat hartuko dira Eraikingintzaren Kode Teknikoa onesten duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuan jasotako definizioak."
Bi.–3.2 artikulua indarrik gabe uzten da.
Hiru.–6. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"6. artikulua. Ontzien ezaugarriak.
1. Ontzien diseinuak egokia izan beharko du uraren homogeneizazioa bermatzeko eta erabiltzaileentzako arriskurik ez eragiteko. Ezin izanen da banantze-zutoinik, barandarik edo antzeko elementurik jarri ontziaren guneen artean, ontziaren erabilerak edo guneak bereizteko.
2. Ontziaren barnean instalatzen den ur-jolas edo uretako atrakzio orok kolore deigarriak izanen ditu, ontziaren barnetik erraz ikusi dadin.
3. Hondoak aldapa egokia izanen du, ontziko urak behar bezala husteko. Sakonera-aldaketak gehienezko malda hauen bidez eginen dira, foru dekretu hau indarrean jarri baino lehen eraikitako ontzi terapeutikoetan, kontrasterako ontzietan eta hidromasaje-ontzietan izan ezik:
a) Plisti-plasta ibiltzeko ontzietan, ehuneko 6ko malda.
b) Gainerako ontzietan, ehuneko 10eko malda, 1,40 metroko sakonerara arte, eta ehuneko 35ekoa, gainerako guneetan.
c) Ontzi terapeutikoetan, kontrasterako ontzietan, hidromasaje-ontzietan eta antzekoetan, ez da beharrezkoa izanen aurreko puntuan xedatutakoa betetzea ontziaren berezko elementuak dauden guneetan eta erabilera batetik bestera igarotzeko guneetan.
1,40 metroko sakonera duten guneak seinaleztatu eginen dira, eta, era berean, sakonera-baliorik handiena eta txikiena seinaleztatuko dira, dagokien puntuetan; horretarako, errotuluak jarriko dira, gutxienez, ontziaren hormetan eta nasan, ikusgarriak izan daitezen ontziaren barrutik zein kanpotik.
4. Eraikitzen diren ontzi berrietan eta zaharberritzen direnetan, hormen eta zoruaren estaldura kolore argikoa izanen da, eta erraz garbitzeko eta konpontzeko modukoa, iragazgaitza, erresistentea urraduren eta talken kontra eta egonkorra uraren tratamendurako erabiltzen diren produktuen aurrean. Gainera, foru dekretu hau indarrean jarri baino lehen eraikitako ontzi terapeutikoetan, kontrasterako ontzietan eta hidromasaje-ontzietan izan ezik, ontziaren zoruaren estaldura irristagaitza izanen da 1,50 metrotik beherako sakonera duten guneetan, beste mota bateko estalduraren bat behar duten elementuak dituzten guneetan izan ezik (masaje-plakak eta antzekoak, esaterako).
5. Ontzi guztiek izanen dute, gutxienez, ontziko ura hondotik husteko sistema bat, bainulariei arriskurik ekarriko ez diena, eta ontzian dagoen ur guztia eta sedimentuak eta hondakinak bizkor ateratzeko bidea emanen duena.
6. Ontzia urez husteko sistema birzirkulazio-sistemarekin lotuta badago, hondoko bi hargune izan beharko ditu gutxienez uraren birzirkulaziorako zirkuitu bakoitzeko. Horien artean, gainera, behar adinako distantzia egonen da, ezinezkoa izan dadin bainulari bakar batek biak aldi berean estaltzea. Segurtasun-gailu batez babestuta egonen dira, bainulariek kendu ezin izanen dituztenak, eta, horrela, bertan harrapatuta gelditzea eragotziko da. Hondoko harguneen xurgatze-azalera kalkulatzerakoan, honako hau hartuko da kontuan: hargune bakoitzean, xurgatze-abiadura ez da inoiz izanen 0,6 metro segundoko baino handiagoa.
7. Uretako atrakzioetarako ontzitik ura hartzen duten harguneek ere aurreko puntuan jasotako eskakizunak beteko dituzte."
Lau.–20. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"20. artikulua. Langileak.
1. Igerilekuetako ekipoak eta instalazioak prestatzen, mantentzen eta garbitzen dituzten langileek behar den prestakuntza izan beharko dute, kontuan hartuta zer jarduera egiten duten, baldin eta jarduera operatiboak badira eta igerilekuko uraren kalitatean eragina izan badezakete.
2. Tratamendu-programan lan egiten duten langile berekiek edo hirugarrenei zerbitzuak emateko enpresako langileek dagokion lanbide-kualifikazioa izan beharko dute igerilekuak eta uretako beste instalazio batzuk mantentzeari dagokionez (SEA757_2), alde batera utzi gabe ekainaren 25eko 830/2010 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoa. Lanbide-kualifikazio hori jasota dago urtarrilaren 18ko 46/2022 Errege Dekretuan. Haren bidez, zenbait lanbide-kualifikazio ezarri eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean sartu ziren, lanbide-arlo hauetakoak: Irudia eta Soinua, Informatika eta Komunikazioa, Instalazioa eta Mantentze-lanak, Osasuna, Segurtasuna eta Ingurumena, eta Gizarte eta Kultur eta Komunitatearentzako Zerbitzuak. Halaber, partzialki aldatu ziren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko zenbait lanbide-kualifikazio, lanbide-arlo hauetakoak: Segurtasuna eta Ingurumena, eta Gizarte eta Kultur eta Komunitatearentzako Zerbitzuak. Bestela, langile horiek profesionaltasun-ziurtagiri bat izan beharko dute, kualifikazio horretan ezarritako prestakuntzari dagozkion konpetentzia-unitateak ziurtatzen dituena, edo, bestela, 830/2010 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritako egiaztagirietako edozein, 2026ko urtarrilaren 2a baino lehen (830/2010 Errege Dekretua, ekainaren 25ekoa, tratamenduak biozidak erabiliz egiteko gaikuntza erregulatzen duena)."
Bosgarrena.–29. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"29. artikulua. Sorosleak.
1. 3A motako erabilera publikoko eta pribatuko igerileku guztiek, hurrengo atalean xedatutakoaren kaltetan izan gabe, gutxienez sorosle bat izan beharko dute ontzietatik gertu, haiek guztiz ikusteko aukera ematen duen leku batean. Soroslea jardunean egonen da ontziak funtzionatzen dauden denbora guztian zehar, eta, beraz, behar diren txandak finkatuko dira horretarako.
2. Soroslea izateko betebeharretik salbuetsita daude hauek:
a) Hogei etxebizitza edo familia-unitate baino gutxiago dituzten jabeen erkidegoen edo urbanizazioetako igerilekuak.
b) Ontzi terapeutikoak bakarrik dituzten igerilekuak.
c) Plisti-plasta ibiltzeko ontziak.
d) Kontrasterako ontziak, hidromasajerakoak eta termalak eta/edo mineromedizinalak, baldin eta ontziak ez badu 200 metro karratutik gorako ur-geruza, eta 1,60 metrotik beherako sakonera badu.
3. Artikulu honetako 5. apartatuan ezarritako beharkizunak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ondoan, soroslea izateko betebeharretik salbuesten ahalko dira instalazio hauek:
a) Hogeitik berrogeita hamar etxebizitza edo familia-unitate arteko jabeen erkidegoen igerilekuak, baldintza hauek guztiak betetzen badituzte aldi berean: ur-geruzaren guztirako azalera (plisti-plasta ibiltzeko ontzia kontuan hartu gabe) 200 metro karratutik gorakoa ez izatea, ontzien sakonera 1,60 metrotik beherakoa izatea eta bertako egoiliarrek soilik erabiltzeko izatea.
b) Xede nagusiaren zerbitzu osagarri diren igerilekuak, hala nola hoteletakoak, landa-hoteletakoak, ostatuetakoak, kanpinetakoak, ikastetxe nagusietakoak, landetxeetakoak edo nekazaritza-turismoko establezimenduetakoak, aterpetxeetakoak eta apartamentu edo etxebizitza turistikoetakoak eta antzekoetakoak, baldin eta baldintza hauek guztiak betetzen badituzte aldi berean: 100 ostatu-plazatik behera izatea, ur-geruzaren guztirako azalera (plisti-plasta ibiltzeko ontzia kontuan hartu gabe) 200 metro karratutik gorakoa ez izatea, ontzien sakonera 1,60 metrotik beherakoa izatea eta bertako bezeroek soilik erabiltzeko izatea.
4. Beste instalazio batzuk ere salbuesten ahalko dira soroslea izateko betebeharretik, aurreko apartatuko instalazioen antzekoak badira, osasun-agintaritza eskudunak ebazpen bat eman ondoan.
5. Hirugarren apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena osasun-agintaritza eskudunari aurkeztu beharko zaio, instalazioak ireki edo berriz ireki aurretik. Instalazioaren titularrak edo arduradunak sinatu beharko du. Artikulu honen 3 a) atalean aipatutako instalazioen kasuan, erkidegoko lehendakariak izenpetuko du, haren ordezkari gisa, eta jabeen bilkuran ondorio horietarako adostutako akordioaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.
Halaber, arriskuen banakako ebaluazio bat aurkeztu beharko da, UNE EN 15288-2 Arauaren araberakoa ("Igerilekuak. 2. zatia: funtzionamendu-segurtasuneko betekizunak") edo hura ordezten duen arauaren araberakoa. Gaitasun tekniko egokia duten langileek eginen dute ebaluazioa, eta arriskuen ebaluazioaren arabera hartu beharreko kontrol-neurriak ezarriko dira.
6. Soroslea izateko betebeharretik salbuetsita dauden ontzietan, egoera horren berri emanen zaie erabiltzaileei, eta nork bere burua zaintzeko gomendioak emanen zaizkie.
Informazioa erabiltzaileen eskura egonen da leku irisgarrietan eta ongi ikusten direnetan jarritako horma-irudietan, eta, betiere, udalerriko hizkuntza ofizialetan, ingelesez eta instalazioaren titularrak egoki irizten duen beste edozein hizkuntzatan egonen dira.
7. Sorosle gisa jarduteko, estatuko oinarrizko araudiak finkatutako lanbide-kualifikazioaren ziurtagiriak izan beharko dituzte langileek."
Seigarrena.–35. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"35. artikulua. Instalazioan izan beharreko dokumentazioa.
Honako dokumentu hauek instalazioan izan beharko dira beti, eta ikuskatzaileen eskura:
a) Erantzukizunpeko adierazpenaren fotokopia, agintaritza eskudunak behar bezala erregistratutakoa.
b) Instalazioan intsektuak kendu izanaren ziurtagiria.
c) Instalazioko ontziak zaintzeaz arduratzen diren sorosleen kopurua egiaztatzeko agiria, indarreko legediarekin bat prestakuntza egokia dutela egiaztatzen duena, bai eta foru dekretu honetan xedatutakoa betetzeko behar diren zaindarien kopurua egiaztatzekoa ere.
d) Teknikari eskudunaren ziurtagiria, ziurtatzen duena instalazioa funtzionamendu- eta mantentze-baldintza egokietan dagoela eta foru dekretu honetan finkatutako eskakizun guztiak betetzen dituela.
e) Zoladurak irristagaitzak direla egiaztatzen duten ziurtagiriak, laborategi edo enpresa akreditatuek emanak, edo, halakorik ezean, kanpoko erakunde batek ikuskatutako kalitate-sistema ezarria dutela egiaztatzen duten ziurtagiriak.
f) Nork bere burua kontrolatzeko protokoloa.
g) Uretako atrakzioei, ontzietan halakorik bada, aldizkako azterketak egin zaizkiela egiaztatzen duen ziurtagiria.
h) Osasun-agintaritza eskudunak eskatzen duen beste edozein dokumentu."
Zazpigarrena.–38 bis artikulua gehitzen da. Hona hemen testua:
"38 bis artikulua. Informazioa igortzea.
Foru dekretu honen 2.1 b) artikuluan definituriko erabilera publikoko igerilekuek urtero jakinarazi beharko dituzte, SILOE informazio-sisteman (https://siloe.sanidad.gob.es), 742/2013 Errege Dekretuko IV. eranskineko datuak (742/2013 Errege Dekretua, irailaren 27koa, zeinaren bidez ezartzen baitira igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak), aurreko urteari dagozkionak, apirilaren 30a baino lehen. IV. eranskineko A eta B zatiei buruzko informazioa aldatu ez bada, informazio hori 5 urtean behin jakinaraziko da gutxienez, eta C zatia urtero jakinaraziko da, adierazitako eguna baino lehen."
Zortzigarrena.–Bosgarren xedapen gehigarria aldatzen da. Hona hemen testu berria:
"Bosgarren xedapen gehigarria.–Toki publikoetan jarritako uretako atrakzioak eta jolasak, ontzi bati lotuta ez daudenak.
Igerilekuak ez diren tokietan jartzen diren eta ontzi batekin lotuta ez dauden uretako atrakzioek eta jolasek foru dekretu honen IV. eranskinean xedatutakoa bete behar dute."
Bederatzigarrena.–Bosgarren xedapen iragankorra gehitzen da. Hona hemen testua:
"Bosgarren xedapen iragankorra.–2025eko urtarrilaren 1etik aurrera igerilekuetan sorosle aritzeko onartzen diren lanbide-kualifikazioak, araudi espezifikoa garatzen ez den bitartean.
1. Sorosle aritzeko, titulu ofizial hauetakoren bat eduki beharko da:
Profesionaltasun-ziurtagiria: ur-instalazioetako sorospena (AFDP0109).
Profesionaltasun-ziurtagiria: ur-eremu naturaletako sorospena (AFDP0209).
Profesionaltasun-ziurtagiria: igeriketa-jarduerak (AFDA0310).
Salbamendu eta sorospeneko kirol-teknikaria.
Salbamendu eta sorospeneko goi-mailako kirol-teknikaria.
Sorosle-lanbidean aritzeko gaitzen duen beste edozein titulu ofizial edo profesionaltasun-ziurtagiri.
2. Aldez aurretik egiaztatzen bada ezinezkoa dela adierazitako kualifikazioren bat duen inor aurkitzea igerilekuaren beharrak betetzeko, sorosle aritzen ahalko dira igerilekuetako sorospen-prestakuntzako ziurtagirien edo antzekoen titularrak. Prestakuntza hori zentro edo erakunde publiko edo pribatuek emana izanen da, maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, haren bidez ezarri baitziren erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak. Bestela, gutxienez prestakuntza horren eduki eta ordu kopuru bera duten ziurtagiriak ere onartuko dira, noiznahi lortu direlarik ere.
Urtero egiaztatu beharko da ezinezkoa dela igerilekuaren beharrak betetzeko norbait aurkitzea, titularrak bere erantzukizunpean egindako adierazpen baten bidez. Adierazpen hori agintari eskudunen eskura egonen da instalazioan.
Instalazioaren titularren ardura izanen da kontratatutako pertsonek adierazitakoaren araberako prestakuntza egokia izatea.
3. Gainera, sorosle aritzeko, 6/2019 Foru Dekretuan ezarritako prestakuntza eduki beharko da nahitaez (6/2019 Foru Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, kanpoko desfibriladore automatizatuen instalazioa eta horiek erabiltzeko prestakuntza arautzen duena), osasun-arlotik kanpoko desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak erabiltzeari dagokionez.
4. Nafarroako Foru Komunitateko Igerilekuen Osasun Zaintzako Programan jasoko da lehen puntuko titulazioen zerrenda; programa hori urtero onetsiko du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, eta bere webgunean argitaratuko du."
Hamargarrena.–Seigarren xedapen iragankorra gehitzen da. Hona hemen testua:
"Salbuespenezko baldintzen bitartez epea luzatzea dagokion dokumentazioa aurkezteko, igerileku-instalazio jakin batzuk eraberritzeko proiektuei dagokienez, foru dekretu honen beharkizunak bete daitezen. Epea 2025eko maiatzaren 31n bukatuko da.
Epea luzatuko da soilik honako hau betetzen duten instalazioentzat:
Foru dekretu honen arabera 3B motakoak ez izatea.
2025eko urtarrilaren 1ean foru dekretu honetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren erreformei ekin ez izana.
Aldez aurretik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan deklaratu izana zer akats dituzten, aplikatzekoa den araudian ezarritako erantzukizunpeko adierazpenen eta ziurtagirien bidez.
Epea luzatzeko, honako agiri hauek aurkeztea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan, 2025eko maiatzaren 31 baino lehen:
Memoria baloratua, teknikari eskudun batek sinatua, non adieraziko baita nola eraberritu behar diren instalazioak, foru dekretu honetako beharkizunak bete ditzaten.
Eraberritze-lanak gauzatzeko aurreikusitako epea. Beranduenez 2026ko urtarrilaren 1ean bukatuko da igerileku estalien kasuan, eta 2026ko udako denboraldia hasi aurretik bukatuko da estali gabeko igerilekuen kasuan, instalazioa ireki ahal izateko.
Instalazioen titularrek sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, non konpromisoa hartuko baitute obrak adierazitako epean bukatzeko eta behar den aurrekontua esleitzeko.
Aurreikusitako finantza-bideragarritasuneko plana."
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Araudia indargabetzea.
Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena.–Arau garapena.
Osasuneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Hala ere, bosgarren xedapen iragankorrean ezarritakoak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.
Iruñean, 2025eko martxoaren 26an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F2504559
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
