Iragarkia
72. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BUÑUEL ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio bidez betetzeko, hautaprobak eginez, funtzionarioen araubidean jardun dezan
Mankomunitateko buruaren martxoaren 24ko 4/2025 Ebazpenaren bitartez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzeko, oposizio bidezko hautaprobak eginez, funtzionarioen araubidean jardun dezan.
Mankomunitateko buruaren ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Buñuelen, 2025eko martxoaren 24an.–Mankomunitateko burua, Raquel Paz Aperte.
DEIALDIA, ADMINISTRARI-OFIZIALAREN LANPOSTU BAT BETETZEKO OPOSIZIO BIDEZ, FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN JARDUN DEZAN
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea administrari-ofizialaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, Mankomunitatearen bulegoetan jardun dezan; 16 zenbakia du Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoan.
Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.
1.2. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko funtzionarioa izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta hartan alta emanen zaio.
1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak ditu lanpostuak, bai eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.
1.4. Urteko lanaldia izanen da bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Mankomunitateak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.5. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, bertzeak bertze, aipamen hutsez eta bertzelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:
–Jendeari arreta ematea eta administrari-ofizialek bulegoetan betetzen dituzten eginkizunak.
–Kontabilitate publikoa, eta idazkaritzari eta kontu-hartzailetzari laguntzea exekuzio lanetan.
–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, betearazpen lanak barne.
–Bere lanpostuarekin zerikusia duten bertzelako eginkizunak, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak agintzen dizkionak.
–Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta kudeaketak eginen ditu Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bulegoetatik kanpo.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bururatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko bertze estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hauetako bat izatea gutxienez, edo lortzeko moduan egotea: Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean (Kale Nagusia 5, 31540 Buñuel, Nafarroa), bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ortziralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://serviciosocialbunuel.sedelectronica.es/info.20), eskabide orokorraren izapidea baliatuta. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabide horiek izan beharko dute I. eranskin gisa argitaratutako ereduaren araberakoak. Eredu hori Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoko esteka honetan deskarga daiteke: https://serviciosocialbunuel.sedelectronica.es/transparency/3adbf6eb-bd87-4f3f-b633-9b2bb55a1464/.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.4. Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.
3.5. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko dokumentazioa ere, organo eskudunak emana.
3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen gardentasun atarian, honako esteka honetan: https://serviciosocialbunuel.sedelectronica.es/transparency/3adbf6eb-bd87-4f3f-b633-9b2bb55a1464/.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratu dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Mankomunitatearen iragarki-taulan eta Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen gardentasun atarian, honako esteka honetan: https://serviciosocialbunuel.sedelectronica.es/transparency/3adbf6eb-bd87-4f3f-b633-9b2bb55a1464/.
Ez badago izangai bazterturik behin-behineko zerrendarako, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren gardentasun atarian eta iragarki-taulan.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Raquel Paz Aperte, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.
Ordezkoa: Inmaculada Concepción Ciriza Marco, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruordea.
Epaimahaikidea: Eva Salinas Urra, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
Epaimahaikidea: Mercedes Lavilla Francés, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Natividad Aldaz Calvo, Ribaforadako Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaikidea: Brenda Luna Sánchez, Cortesko Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Elena Duarte Badía, Cortesko Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaikide idazkaria: Jesus Litago Zardoya, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.
Ordezkoa: Jesús Manuel Rosón Lete, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kontu-hartzailea.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2025eko urritik aurrera hasiko da, eta honako ariketa hauek izanen ditu:
6.1.1. Lehenbiziko proba: Teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati; galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Ariketa honengatik gehienez 40 puntu emanen dira, eta gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Erantzun okerrei puntuak kenduko zaizkie, proba egin aurretik kalifikazio epaimahaiak erranen duen moduan.
6.1.2. Bigarren proba: praktikoa. Administrazio-agiri batzuk prestatu beharko dira eta/edo galdera praktiko labur batzuei erantzun, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin: lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak izanen dira, eta deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik hautatuko ditu epaimahaiak.
Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edo ahoz edo ordenagailuz egiten ahalko du epaimahaiak. Era berean, eskuz edo ordenagailuz aritzeko eska dezake epaimahaiak, agiria prestatzeko edo galdera praktiko laburrei erantzuteko.
Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak, agiriaren aurkezpena, eta epaimahaiak emaniko datuak ongi jaso izana.
Bigarren proban gehienez 60 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko 30 puntu erdietsi behar dira gutxienez.
6.1.3. Ariketak baztertzaileak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da.
6.1.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
6.1.5. Epaimahaiak, gutun-azal itxiak jendaurrean ireki ondotik, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian argitaratuko ditu oposizioko ariketa bakoitzaren behin-behineko emaitzak. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bortz egun naturaleko epean, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ortziralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (https://serviciosocialbunuel.sedelectronica.es/info.2), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.
6.1.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen bertze identifikazio agiri bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoaren gardentasun atarian jarriko du gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik altuenak lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio lehendakariari. Mankomunitatearen iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da proposamen hori.
Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, bi probetan lortutako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.
7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu Mankomunitatearen erregistro orokorrean, frogatzeko betetzen dituela deialdian ezarritako baldintzak; zehazki, honako agiri hauek:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
c) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.
d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek deusetan galarazi gabe erantzukizuna eskatzea eskabidean egindako faltsukeriagatik, kasua bada.
7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
8.1. Hautapen prozesua bukatu ondoren, eta probak gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Mankomunitateko buruak Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko funtzionario izendatuko du, administrari-ofizialaren lanpostuan jardun dezan.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbertzeko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien bertze zerrenda bat eratuko da, halaber, oposizioko lehen ariketan gutxienez 12 puntu lortu dituzten izangai baztertuekin. Zerrenda horretan lehen ariketan lortutako puntuazio-ordenari jarraikiko zaio, eta zerrendan berdinketa gertatzen bada, zozketa bidez ebatziko da.
9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da Mankomunitatearen iragarki-taulan eta Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.
9.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
9.4. Kontratazio-zerrendek lehentasuna izanen dute indarrean diren aurreko zerrenden aurretik, halakorik badago; halaber, indarrean iraunen dute bertze deialdi bat egiten den arte.
9.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.
A) Deia:
Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.
Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.
Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan.
Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.
Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.
Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.
Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide, izangai bat lanean ari denean edo aritu denean Mankomunitatean, baldin eta kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabeteen barnean berdina den lanpostu bat bete behar bada Mankomunitatean, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, dagokion zerrendan libre badago dei egiten zaionean.
Kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko bertze bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio hurrenkeraren arabera.
B) Uko egitea:
1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:
1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.
2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.
3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala nahiz adoptatua.
4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo balio bereko egoeran sartu berria, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabortz egun naturaleko epean.
Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
C) Zerrendatik kanpo gelditzea:
Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea.
c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
9.6. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko dira eta hartan kidetuko; beraz, haien kargura izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.
10.–Datuen babesa.
Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Tratamenduaren helburua da administrari-ofizialaren lanposturako lekualdatze-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea.
Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena).
Eman diren datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legea eta Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Legez ezarritako kasuetan argitaratuko dira datuak, deialdian ezarritakoaren arabera, eta komunikatzen ahalko dira bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea).
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteari buruzko izapideak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@serviciosocialbunuel.com).
Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bertzela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
11.–Errekurtsoak.
11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.
I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA
Izena: ........................................................................................................................, adinez nagusia, NAN zenbakia: .................................................... (edo balio bereko bertze agiriren bat); sorteguna: ..............(e)ko .................................aren ..........(e)(a)n; sorterria: ............................... (.....................................), nazionalitatea:............................................., egungo bizitokia:................................................................ (..............................................), kalea: ......................................................................., posta kodea: ............................, telefonoa: ......................................................... eta posta elektronikoa: ...............................................................................
Honako hau adierazten dut:
Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, horretarako emandako epea bukatzen den egunean, Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian, ............... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, ...............(e)ko .....................aren ...............(e)an.
–(Kasua bada) Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (bertze orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).
–(Kasua bada) Desgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.
Horiek horrela, eskatzen dut eskabide hau onartzea eta, beraz, onartua izatea Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio bidez eta funtzionarioen araubidean betetzeko hautaprobetan.
Buñuelen, 2025eko ………………………(a)ren ……………(e)(a)n
(Sinadura)
BUÑUEL ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEKO BURUARI.
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Helburua: administrari-ofizialaren lanposturako oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bertze eskubide batzuk ere, deialdiaren 10. oinarriko informazio gehigarrian azaldutakoarekin bat.
II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1.–Espainiako Konstituzioa. Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak.
2.–Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa.
3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak. Administrazio egintzak: baldintzak eta efikazia. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.
4.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
5.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak: II. titulua: udalerria. IV. titulua: bertze toki-erakunde batzuk. V. titulua: toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.
6.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. VI. titulua: kontratazioa. VII. titulua: Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak. VIII. titulua: toki-ogasunak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).
7.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Aurrekontua eta gastu publikoa.
8.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea garatu duena aurrekontuen eta herri gastuaren arloan. II. kapitulua: 1. atala: aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: gastu-aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontu-aldaketak. IV. kapitulua: gastu-aurrekontua betearaztea. Arauak eta betearazteko faseak.
9.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorra onesten duena.
10.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura onesten duena.
11.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
12.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.
13–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.
14.–Administrazio agiriak. Ofizioa, ediktua, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua.
15.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema.
16.–Ekainaren 17ko 69/2018 Foru Dekretua, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena.
17.–Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak.
18.–Etxeko laguntza zerbitzua emateko tasa arautzen duen ordenantza.
19.–Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza.
20.–Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza.
Oharrak:
Gaitegia-zerrenda dagokio deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen araudiari.
Buñuel aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen gardentasun atarian daude argitaraturik Mankomunitatearen ordenantzak eta Estatutuak. Hona hemen esteka:
https://serviciosocialbunuel.sedelectronica.es/transparency/ad5111cf-35e7-42aa-b3f6-a9c6ab976202/
Iragarkiaren kodea: L2504437
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
