Iragarkia
72. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
SAN ADRIÁN
Deialdia, "Santas Reliquias" haur eskolan garbiketako laguntzailearen hiru lanpostu betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez eta barne igoera murriztuan
San Adriango Udalak, Alkatetzaren martxoaren 28ko 110/2015 ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi du oposizio-lehiaketa bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko San Adriango Udalaren "Santas Reliquias" haur eskolan garbiketako laguntzailearen hiru lanpostu, D mailakoak, lan-kontratudunen araubidean.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen helburua da San Adriango Udalaren "Santas Reliquias" haur eskolan garbiketako laguntzailearen hiru lanpostu betetzea, oposizio-lehiaketa bidez eta barne igoera murriztuan, plantillan lanposturik gehitu gabe. Lanpostuak 48, 49 eta 50 zenbakiekin identifikatuta daude plantilla organikoan, eta honako ezaugarri hauek dituzte:
1.2. Prozesu honetarako deia egin da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina). San Adriango Udaleko plantillako langileendako da, deialdi honetan eskatzen diren betekizunak frogatzen badituzte.
1.3. Deialdi honen karietara izendatuak diren izangaiak, dagozkion hautaprobak gainditu ostean betiere, garbiketako laguntzaile izanen dira, D mailakoak, jabetza hartzen dutenetik. Aurretik okupatzen zituzten lanpostuak automatikoki amortizatuko dira, eta ondorioz, plantilla organikoko lanpostu kopurua ez da handituko.
1.4. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak mailaz igo aurretik zuen araubide juridikoa, funtzionarioa izan edo lan-kontratuduna izan. Eskubide pasiboen araubide berari ere eutsiko dio.
1.5. Ordura arte egiten zituzten lan eta eginkizunetan jardunen dute izendatuek, bai eta haien gain uzten diren bertze edozeinetan ere, lanpostuaren maila edo talde berriarekin bat etorririk.
2. oinarria.–Izangaien baldintzak.
2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) San Adriango Udaleko langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, haur eskolako garbiketako laguntzailearen lanpostuan.
b) E maila edo taldekoa izatea.
c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
d) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoaren zerbitzutik kendua ez izatea.
e) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa edukitzea.
Aurreko baldintzez gain, izangaiek honako baldintza hauetariko bat bete beharko dute, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean:
a) Eskola Graduatuaren titulua edo Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea, eta frogatzea 5 urteko antzinatasun aitortua dutela administrazio publikoetan.
b) Administrazio publikoetan 8 urteko antzinatasun aitortua dutela frogatzea.
2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapenaren unera arte.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, San Adriango Udalaren erregistro elektronikoaren bidez, hogeita hamar egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu beharko zaizkio.
3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.
b) Hala badagokio, bertze administrazio publiko batzuen antzinatasun ziurtagiria. San Adriango Udaleko antzinatasuna ofizioz egiaztatuko da.
c) Hala badagokio, deialdiaren 2. apartatuan aipatzen den titulazioaren kopia.
d) Lehiaketaldian baloratzeko alegatzen diren merezimenduen frogagiriak; horiek emanen dituzte alegatutako merezimendu bakoitzari dagokionez eskumena duten agintari publikoek edo erakunde pribatuetako arduradunek.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.5. Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.
4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkatetzak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
Ezarritako epean ez bada batere eskabiderik aurkezten, alkateak ebazpen bat emanen du deialdiko lanpostuak bete gabe uzteko.
Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute aurreko apartatuan aipatu iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko, modu telematikoan nahitaez, San Adriango Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez.
4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkatetzak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
5.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara. Izangai bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuazioa gehituko zaio oposizioaldian lortutako puntuazioari, eta, horrela, izangai bakoitzaren azken puntuazioa lortuko da.
5.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean xedatuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den oposizioaldia.
6. oinarria.–Lehiaketaldia.
6.1. Oposizioaldiko probak egin aurretik eginen da lehiaketaldia, eta bertan 30 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere.
Bertan, kalifikazio epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako eta agiri bidez frogatutako merezimenduak, bat etorriz III. eranskinean zehazten den puntuazio-baremoarekin.
Epaimahaiak agiri bidezko argibideak eskatzen ahalko dizkie merezimenduen ziurtagiriak eman dituzten erakunde publiko edo pribatuei, beharrezkotzat jotzen badu.
6.2. Lehiaketaldia bukaturik, izangai bakoitzak lortutako behin-behineko puntuazioa jarriko du ikusgai epaimahaiak San Adriango Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bortz eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklamatu dezaten merezimenduen balorazio horri buruz. Aipatu alegazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira San Adriango Udalaren erregistro orokor elektronikoan.
Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, baliabide bera erabiliko da izangaien zerrenda –lehiaketaldian ateratako puntuazioa– jendaurrean agertzeko. Puntuazio hori oposizioaldian ateratzen denari gehituko zaio eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa.
7. oinarria.–Oposizioaldia.
7.1. Oposizioaldian, proba teoriko bat eginen da. Proba horretan, erantzun beharko da, idatziz, gai zerrendako gaiei buruzko test motako galdera sorta. Galdera bakoitzak zenbait erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Okerreko erantzunek ez dute punturik emanen ez kenduko. Gehienez 70 puntuko balioa emanen zaio. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 24 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bertzelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.
Epaimahaiak zehaztuko du zein den proba egiteko gehieneko denbora.
Oposizioaldia baztertzailea izanen da. Gainditzeko, 24 puntu lortu beharko dira.
7.2. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek azaldu beharko dute nortasun agiri nazionala, AIZa edo pasaportea aldean dutela. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
7.3. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
7.4. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua.
7.5. Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
8. oinarria.–Azken kalifikazioa.
8.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.
8.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.
Berdinketak bere horretan badirau, a.1) apartatuan puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, eta, bat baldin badatoz, a.2) apartatuan puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da; eta horrela ere berdinketa gertatuz gero, epaimahaiak zozketa publiko bat eginen du ukitutakoen artean; aldez aurretik, Udalaren iragarki-taulan eta webgunean eguna, ordua eta tokia iragarriko dira. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.
8.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, lehiaketaldian eta oposizioaldiko ariketetan lortutako kalifikazioak batuta. Zerrenda argitaratuko da toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan (deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten da non), eta lanpostu hutsak hautatzeko izapidea irekiko da.
9.–Plaza hutsak hautatzea.
Aurreko izapidea bete ondoren, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer epe duten lanpostu hutsak hautatzeko.
Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren web fitxan.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, lanpostu hutsak eskuratzeko.
10. oinarria.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamenean jasoko dira eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak, puntuazio handiena izateagatik sartu ere.
Toki erakundeko lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.
10.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako lan-kontratudun langile finko bilakatuko ditu izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
10.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira lanpostuaz.
10.5. Emandako epean, eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, deialdi honetatik sorturiko eskubide guztiak galduko dituzte. Gisa berean, aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ezin izanen dira izendatu edo kontratatu deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak aurkezten ez dituzten izangaiak. Halakoetan, baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, beren eskabideko faltsukeria dela-eta.
11. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
11.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Marta Ezquerra Martínez, San Adriango Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Blanca Calvo Arro andrea, San Adriango Udaleko Langileria Alorreko zinegotzia.
1. epaimahaikidea: María del Rosario Carbonell Jiménez, San Adriango Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: María Puy González López, San Adriango Udaleko administrari-ofiziala.
2. epaimahaikidea: langileen ordezkaria: Noelia Téllez Jiménez, "Santas Reliquias" haur-eskola langilea.
Ordezkoa: langileen 2. ordezkaria: Manuel Ballester Sigüenza, San Adriango Udaleko peoi espezialista.
3. epaimahaikidea: Elena Pérez Burgos, San Adriango Udaleko kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Rubén Dante Elizalde, San Adriango Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaikide idazkaria: Isidro López Bozal, San Adriango Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: bere eginkizunetan legez haren ordezkoa dena.
11.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.
11.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
11.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
11.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
12. oinarria–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunendako jakingarri den informazio guztia ere, toki erakundearen deialdiaren web fitxan argitaratuko da.
13. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz honen oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
San Adrianen, 2025eko martxoaren 28an.–Alkatea, Marta Ezquerra Martínez.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, HONAKO DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO: DEIALDIA, BARNE IGOERA MURRIZTUAN BETETZEKO SAN ADRIANGO HAUR ESKOLAKO GARBIKETAKO LAGUNTZAILEAREN D MAILAKO LANPOSTUAK
ADIERAZTEN DUT:
–Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik, eta indarreko xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.
–Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan eta ez naizela desgaitua ez eta gabetua ere eginkizun publikoak betetzeko.
–Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak (edo, Administrazio Publikoetan 8 urteko antzinatasun aitortua frogatzen dudala) eta betetzen ditudala bertako baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
–Eskabideari erantsi ditudala:
- NANaren fotokopia.
- Deialdian eskatzen diren tituluen kopia (edo, Administrazio Publikoetan 8 urteko antzinatasun aitortua frogagiriak).
- Lehiaketarako merezimenduak frogatzeko agiriak.
Hori dena kontuan harturik,
ESKATZEN DUT:
–Eskabide hau garaiz eta behar bezala aurkeztutzat jotzen denez, izenpetzen dudan hau onartua izatea D mailako (langile lan-kontratudun finkoa) San Adriango "Santas Reliquias" haur eskolako garbiketa laguntzailearen hiru lanpostu barne-oposizio murriztu bidez betetzeko deialdian.
(Data eta eskatzailearen sinadura)
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Zati orokorra.
1. gaia.–Udala: osaera; kideak hautatzea; Osoko bilkura, alkatea eta Gobernu Batzordea; informazio batzordeak.
2. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua, Langile motak; IV. titulua, Langile kontratudunak.
3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: II. titulua (I., II., III. eta IV. kapituluak).
Berariazko zatia.
4. gaia.–Oinarrizko kontzeptuak garbiketari buruz eta zoruen fitxa teknikoak Zikintasuna: jatorria eta ezabaketa. Zoruak: sailkapena; fitxa teknikoak. Ehunezko zoruak: arau orokorrak.
5. gaia.–Garbiketa sistemak. Zoruak erraztatzea. Moparekin garbitzea. Espraia/abiadura handiko makinen metodoa. Altzairuak garbitzea. Komunak garbitzea. Kristalak garbitzea.
6. gaia.–Zentro publikoak garbitzea. Administrazio eremuak garbitzea. Altzariak garbitzea oro har. Ekipamendu informatikoak garbitzea.
7. gaia.–Bainugela garbitzea. Komun publikoak garbitzea.
8. gaia.–Oinarrizko tresnak eta lanabesak garbiketarako.
9. gaia.–Produktu kimikoak garbiketan. Produktu bakoitzaren ezaugarriak. Produktu horien gaineko arau orokorrak. Garbiketak eragindako desinfekzioa. Arriskuak identifikatzea produktu horiek erabiltzerakoan. Produktuen etiketak.
Oharra: zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
III. ERANSKINA–MEREZIMENDUEN BALORAZIOA
Epaimahaiak izangaiek alegatu eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik ematen den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien kopiak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska diezazkieke izangaiei alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.
Merezimenduen baremoa.
Lehiaketaldian, 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
6. apartatuan ezarritakoari jarraikiz alegatu eta frogatutako merezimenduak honako baremo honen arabera puntuatuko dira:
Baloratuko dira administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, deialdia argitaratzen den egunera artekoak, gehienez 30 punturekin, puntuazio honen arabera:
a.1) Deialdia egiten duen toki-erakundean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.2) Deialdia egiten duen toki-erakundean eta haren erakunde autonomoetan, bertze lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.3) Bertze administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo bertze lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
Iragarkiaren kodea: L2504853
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
