72. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LIZARRA

Deialdia, Udaltzaingoko agente izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko

Lizarrako Udalaren Gobernu Batzarrak, 2025eko martxoaren 21ean egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Ikusi da Lizarrako Udaltzaingoan aritzeko polizia-agenteen hiru lanpostu bete behar direla. Udalaren plantilla organikoan jasota daude, plaza huts gisa (kodeak: 7.17, 7.23 eta 7.31), bai eta 2023ko eta 2024ko lan publikoaren eskaintzetan ere (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuak, 2024ko urtarrilaren 11ko 8. zenbakian eta 2025eko urtarrilaren 12ko 20. zenbakian, hurrenez hurren). Horiek horrela, eta jarraikiz xedatuta dagoenari azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea) eta aplikatzekoa den gainerako arauetan,

ERABAKITZEN DA:

Lehena.–Udaltzaingoko agenteen hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onestea. Lanpostu horiek 7.17, 7.23 eta 7.31 zenbakiak dituzte plantilla organikoan. Deialdiko lanpostuen kopurua handitzen ahalko da.

Bigarrena.–Agintzea deialdiaren oinarriak eta haren eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Hirugarrena.–Erabaki honen berri ematea Lizarrako Udaleko Langileriaren Arloari eta Herritarren Babeserako Arloari, espedienteari bultzada eman diezaioten. Eta Udalbatzari igortzea, kide anitzeko organo horrek egiten duen lehenbiziko ohiko osoko bilkuran.

ARAU OROKORRAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1.–Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Lizarrako Udaltzaingoko agente izateko lanpostu kopuru bat (hasiera batez hiru, baina kopurua handitu daiteke). Honako txanda hauetan banatuta daude, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat:

a) Txanda irekiko lanpostuak:

–Plantilla organikoko lanpostu bat.

b) Igoera-txandako lanpostuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileendako:

–Plantilla organikoko bi lanpostu.

Lanpostu horiek zenbaki hauek dituzte plantilla organikoan: 7.17, 7.23 eta 7.31.

7.23 lanpostuak nahitaezko hizkuntza eskakizuna du plantilla organikoan (euskarazko B.2 gutxieneko maila).

Deialdiko plazen kopurua handitzen ahalko da, bat etorriz araututa dagoenarekin deialdiaren zortzigarren deialdian. Izan ere, hala dago jasota 2023rako eta 2024rako lan publikoaren eskaintzetan (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuak, 2024ko urtarrilaren 11ko 8. zenbakian eta 2025eko urtarrilaren 12ko 20. zenbakian, hurrenez hurren).

1.2.–Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekiko lanpostuei gehituko zaizkie.

Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekiko lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, ezagutzei buruzko probako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa baturik.

1.3.–Izendatzen diren izangaiek Lizarrako Udaleko funtzionario izango dira, eta polizien eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik. Haien lanaldia zerbitzuko premietara egokituko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura honako arau hauen aplikazio-xedapenen arabera tramitatuko da:

–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duena.

–113/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.

–Aplikagarri diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1.–Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, bete ahal izateko lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak, eta ez egotea deialdiaren IV. eranskinean baztertua izateko aipatzen diren arrazoi medikoek ukiturik.

e) Dolozko delitu batengatik kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez ere A2 eta B gidabaimenak edukitzea, indarrean, betiere, eta puntu askirekin.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzaileak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da.

h) Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aurreikusitako delituengatik epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea.

i) 7.23 plaza eskuratu nahi dutenek B2 mailako edo goragoko hizkuntza-eskakizuna eduki beharko dute. Euskara maila hori frogatzeko beste bide bat izanen da, orobat, proba egitea Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bidez. Hala eginez gero, proba egin nahi duten izangaiek horixe adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean, horretarako prestatutako tokian. Proba hori oposizioa hasi baino lehen eginen da.

3.2.–Igoera txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, igoera txandako izangaiek baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, halako administrazioetan zerbitzuak bost urtez benetan eman izana frogatzea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzu egiten ari bada Lizarrako Udaleko beste lanpostu batean, langile finko gisa edo aldi baterako.

b) Nafarroako polizietako kide izanez gero, edo Nafarroako tokiko beste polizia-zerbitzu batzuetako kide, zortzi urtez baino gehiagoz benetan aritu izana lanean Nafarroako polizietan.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen bete beharko dira, 3.1.f) oinarrikoa izan ezik. Horri dagokionez, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako (deialdiko 8.6 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da.

4.–Eskabideak.

4.1.–Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak aurkeztu beharko dira –I. eranskineko eskabide ereduari jarraituz– Lizarrako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.estella-lizarra.com/), Lizarrako Udalaren erregistro orokorrean (Sorkunde Garbiaren pasealekua 1, atzealdea, Lizarra), 9:30etik 13:30era, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea); azken kasu horretan, eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria igorri beharko da posta elektronikoaren bidez personal.langileak@estella-lizarra.com helbidera, ezarritako epearen barnean.

c) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren I. eranskinean ageri da. Interneten bidez ere lortzen ahal da, Udalaren web-orriaren bidez, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialera joz, deialdiaren iragarkira.

4.2.–Parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1. Nortasun agiri nazionalaren kopia.

2. Osasun ziurtagiri ofiziala, egiaztatzen duena izangaiak III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela.

3. 10 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako da diru kopuru hori. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeko, izangaiaren NANa/IFZa eta "Agentea" kontzeptua adierazi beharko dira nahitaez ordainagirian. Ordainketa banku transferentzia bidez egiten ahalko da, La Caixako ES 82 2100 3694 7022 0014 7719 kontura, edo bide telematikoz egoitza elektronikoan, autolikidazioa ordainduz.

4. Igoera txandako izangaiek abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak luzatua.

5. Euskara mailaren ziurtagiria, 3. atalean eskatutakoarekin bat (7.23 plaza eskuratu nahi dutenentzat).

4.3.–Epe luzaezina.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.4.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluarekin, izangaiei honako honen berri ematen zaie:

–Lizarrako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoak honako hauek dira: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege betebeharra betetzeko) eta DBEOren 6.1.b) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko eta kontra egiteko, udal bulegoetara joz edo helbide elektroniko honen bitartez: dpd@estella-lizarra.com.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

4.5.–Akatsak zuzentzea.

Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

5.–Onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1.–Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onesten duena izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren iragarki-taulan eta web orriaren egoitza elektronikoan (https://www.estella-lizarra.com/eu/). Bi zerrenda onetsiko dira: bata, txanda irekian lehiatzen direnentzat eta, bestea, igoera txandan lehiatzen direnentzat.

5.2.–Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, formazko akatsik bada, haiek zuzentzeko.

5.3.–Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren iragarki-taulan eta web orriaren egoitza elektronikoan (https://www.estella-lizarra.com/eu/).

Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.4.–Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1.–Kideak.

Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Marta Ruiz de Alda Parla, Lizarrako Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako zinegotzia.

–Epaimahaikideak:

  • 1. epaimahaikidea: Rodrigo García de Galdiano Usúa, Lizarrako Udaltzaingoko burua.
  • Ordezkoa: Lizarrako Udaltzaingoko kabo bat (titularrak eskuordetuta).
  • 2. epaimahaikidea: Nafarroako polizietako kide bat (Foruzaingoaren Lizarrako polizia-etxeak izendatuko du).
  • Ordezkoa: Nafarroako polizietako kide bat (Foruzaingoaren Lizarrako polizia-etxeak izendatuko du).
  • 3. epaimahaikidea: Lizarrako udaltzain bat, Lizarrako Udaleko Langileria Batzordea ordezkatuz.
  • Ordezkoa: Lizarrako udaltzain bat, Lizarrako Udaleko Langileria Batzordea ordezkatuz.
  • Epaimahaikide idazkaria: José Luis Navarro Resano, Lizarrako Udaleko idazkaria.
  • Ordezkoa: Lizarrako Udalaren zerbitzuko funtzionario bat, edo beste administrazio publiko batekoa (Zuzenbideko lizentziaduna izan behar du).

6.2.–Eraketa eta jarduna.

–Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia. Aldez aurretik epaimahaiburuak horretarako deialdia eginen du.

–Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

–Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haiek legez ordezten dituztenak bertan egon beharko dute.

–Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

–Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari, administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean.

–Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

–Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du, proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

7.–Oposizioaren hasiera. Deiak.

7.1.–Oposizioa hasiko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta, gehienez ere, lau hilabeteko epean, salbu eta epe hori betetzea saihesten duen errekurtsorik bada. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian emanen dira argitara, gutxienez ere, 48 ordu lehenago.

Oposizioak, lehenbiziko fasean, hautapenaldia izanen du, eta horren barruan, proba baztertzaileak eginen dira II. eranskineko gai zerrendari buruz, gaitasun fisikoa neurtzeko eta proba psikoteknikoak eta medikoak; bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.

Hautapenaldiko probetarako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute (edo epaimahaiak izangai bakoitzaren nortasuna frogatzeko askiesten duen agiria).

Iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere, edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak, oro har, oposiziotik baztertuak izanen dira.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten.

Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

8.–Oposizioa nola eginen den. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta prestakuntza ikastaroa.

8.1.–Prozeduraren faseak:

Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa.

Test motako ariketa bat egin beharko da, deialdi honen II. eranskineko gaiei buruzkoa, gehienez ere bi orduan.

Galdetegia 75 galdera teoriko-praktikok osatuko dute. Galdera guztiendako hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun baliodun bakoitzak puntu bateko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,25 puntuko balorazio negatiboa izanen dute.

Galdera guztiei balorazio bera emanen zaie.

Proba baztertzailea izanen da. Proban, gehienez, 75 puntu eskuratzen ahalko dira, eta gainditu eginen dute 37,5 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenek.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko probak.

Deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du izangaiak baztertzeko. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren. Ariketa bakoitza "gai" edo "ez gai" gisa puntuatuko da, eta horietako bakoitza baztertzailea eta puntuagarria izanen da. Deialdiko III. eranskinean ezartzen diren gutxieneko markak gainditzen ez dituzten izangaiei "Ez gai" kalifikazioa emanen zaie eta deialditik kanpo geratuko dira. Gauza bera gertatuko zaie dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei.

Gaitasun fisikoa neurtzeko proba hau egitera, gehienez txanda irekiko 50 izangairi deituko zaie. Hortaz, baldin txanda horretan proba teorikoan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu dutenak kopuru hori baino gehiago badira, 50 kalifikaziorik onenak lortutakoak baino ez dira iraganen aipaturiko probara, eta gainerakoak deialditik kanpo geldituko dira.

Proba teorikoa gainditu duten igoera-txandako izangai guztiek eginen dituzte proba fisikoak.

Proba honetako ariketak honela kalifikatuko dira:

–Pisua jasotzeko proba (banku press-a). "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.

–Uretako trebetasun proba. "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.

–Zalutasun proba (Barrow testa). "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.

–Erresistentzia-proba (Course Navette testa). "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Hala, debeku dira hainbat substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazio; hain zuzen ere, jasota daudenak Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2024ko azaroaren 27ko Ebazpenaren I. eranskinean; ebazpen horren bidez onetsi zen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2024ko 289. Estatuko Aldizkari Ofiziala, azaroaren 30ekoa). Hortaz, bazterturik geldituko dira aipatutako kontrolean emaitza positiboa ateratzen dutenak eta, orobat, kontrola egiteari uko egiten diotenak.

Eranskin horretako zerrendako edozein substantzia hautemanez gero, ukitutako izangaia hautapen prozesutik baztertuko da, deusetan galarazi gabe izangaiak kontra-analisia egin diezaiotela eskatzeko duen eskubidea, baita kalifikazio epaimahaiari bidezko alegazioak aurkezteko aukera ere.

Proba fisikoak hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko dute. Bertan berariaz adieraziko dute proba egiteko baldintza fisiko eta osasun-baldintza nahikoak dituztela. Adierazpen hori epaimahaiari emanen zaio deia egiten den unean. Adierazpena sinatzen ez dutenek edo hura sinatzeko moduan ez daudenek proba egiteko eskubidea galduko dute, eta prozesutik kanpo geldituko dira, ondorio guztietarako.

Bigarren proba honetako ariketa fisikoak ikus-entzunezko baliabideen bidez grabatzen ahalko dira, epaimahaiak proben emaitzak erregistratu eta balora ditzan soilik, oinarri hauetan ezarritakoaren arabera.

Hori deusetan galarazi gabe, federazioek gaitutako epaileek gainbegiratu eta erabakiko dute probak oinarri hauetan ezarritakoari jarraikiz egiten diren, baita puntuazioak oinarri hauen arabera ematen diren ere.

c) Gaitasun psikoteknikoaren proba.

Proba batzuk egin beharko dira, neurtu dadin izangaiak noraino egokitzen diren lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen ditu, edo hark izendatutako langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Proba psikoteknikoan 0 puntutik 50era bitarte lortzen ahalko dira, eta proba fisikoak gainditu dituztenek baizik ez dituzte eginen. Gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak deialditik kanpo geratuko dira.

Proba egin aurretik, eta Alkatetzaren ebazpen baten bidez, lanpostuaren soslai profesiografikoa onetsiko da eta epaimahaiari jakinaraziko zaio.

d) Proba medikoak.

Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira eta kalifikazio-epaimahaiak zehazten duen kopuruan, proba medikoak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 apartatuko d) letran ezarritakoari jarraikiz.

Osasun-azterketa eginen du Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua, Lan Osasunaren Zerbitzua) edo, hala behar bada, behar bezala akreditatutako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Izangaiek "gai" edo "ez gai" kalifikazioa lortuko dute proba medikoetan. "Ez gai" kalifikazioa lortuz gero, deialditik kanpo geratuko dira.

8.2.–Lanpostuen kopurua handitzea.

1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdiko honetako lanpostuen kopuruari gehituko zaizkio plantilla organikoan dauden polizia-agenteen honako lanpostu hauek: hutsik daudenak edo behin betiko betetzea ahalbidetzen duen beste edozein egoeratan daudenak epaimahaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolarako plazak esleitzeko ekitaldian parte hartzeko izangai onartuen zerrenda egin aurre-aurreko unean.

Hasierako hiru lanpostu horiei behin betiko gehitzen zaizkien lanpostuak honela banatuko dira: lehenengoa txanda irekikoa izanen da, eta bigarrena igoera-txandakoa, eta horrela hurrenez hurren.

Une horretan zehaztuko da, alkateak emandako ebazpen bidez, zenbat izanen diren, orotara, oinarri hauen arabera beteko diren lanpostuak. Ebazpen hori aragitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Dauden lanpostu guztiak zehaztu eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jaso ondoren, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldian parte hartzeko, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta txanda irekia eta igoera txanda eta lanpostuen hizkuntza eskakizuna kontuan harturik.

8.3.–Lanpostuak aukeratzea.

a) Adjudikazio ekitaldia eginen da prestakuntza-ikastaroa egin aurretik, zehazteko nork duten sarbidea bete beharreko lanpostuetarako.

b) Egintza horren helburua da azkenik dauden lanpostuak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren eta kasuan kasuko lanpostuen hizkuntza eskakizunen arabera.

c) Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztirako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta: bat igoera txandako lanposturako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako lanpostu hutsak adjudikatzeko. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, igoera txandako lanpostu hutsak adjudikatu zaizkienak kenduta, txanda irekiko lanpostuak betetzeko.

d) Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak behin-behinean proposatuko dira oinarrizko prestakuntza-ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inola ere izanen deialdiko lanpostu kopurua baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, zehaztuta bakoitzaren kalifikazio orokorrak.

8.4.–Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinekoz onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 ataleko c), e) eta f) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Lizarrako Udaleko Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala behar denean, deialdiko 9.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa, hautapen prozesuan sortutako bajak zehaztuko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, puntuazio hurrenkerari zorrotz jarraituz eta txandaren arabera; eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da aldez aurretik. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

8.5.–Praktiketako funtzionarioak izendatzea.

Polizia izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Lizarrako Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.

8.6.–Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da, eta arautuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak, horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori aipatu eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio beste ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliokidetzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, baldin eta edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Prestakuntza-ikastaroan onartua izateko legezko baldintzetan dagoen izangairen bati ikastaro hori konbalidatutzat ematen baldin bazaio, lanpostu bera betetzeagatik Nafarroako beste administrazio publikoren batean, administrazio horrek eskatu ahalko du ezen, behin polizia-kidego edo administrazioa hautatu ondoren, hutsik gelditzen den lanpostua eskain dakiola zerrendako hurrengoari; azken hori, izan ere, ikastaroa konbalidatu zaion izangaiak hasiera batean hautatu duen administrazioko praktikatako funtzionario gisa onartuko da prestakuntza-ikastaroan. Hain zuzen, izangai hark ezin izanen du lanpostuaren jabetza hartu –Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian xedatutako ondorioekin–, harik eta ordezkoak prestakuntza-ikastaroa amaitu eta izendatzen dutenera arte.

Prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, hartan parte hartzen duen izangaiak C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko du, bai eta, hala badagokio, familia-laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta bazegoen, horrexetan segituko baitu.

Praktiketako funtzionario izateak ez ditu ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion eskubideak.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak baja hori jakinaraziko dio Udalari.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiak agintzen zaizkion osasun proba guztiak pasatu beharko ditu, deialdiaren 3 d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela frogatzeko. Proba horien bidez atzematen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja emateko hautapen prozesutik, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, baldin hautapen-prozesuan baja ematen ez bazaio gaitasun psikofisikoa galtzeagatik, praktiketako funtzionario izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiek "gai" edo "ez gai" kalifikazioa eskuratuko dute. Kalifikazio horiek Nafarroako Segurtasun Eskolak eman ditu, eta lotestelak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarentzat. "Ez gai" kalifikazioa jaso dutenak oposiziotik kanpo geratuko dira.

Prestakuntza ikastaroa gainditutzat jotzeko, ikastaroko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.

8.7.–Azken kalifikazioa.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen prozesu osoko puntuazio partzialak batuko dira.

9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1.–Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren bidez, Lizarrako Udaltzaingoko agente izendatuko dira oposizioa gainditzen duten izangaiak, txanden hurrenkeraren eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Lizarrako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko da.

9.2.–Lanpostuaren jabetza hartzea.

Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz. Lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek –ezinbesteko kasuetan izan ezik– Lizarrako Udalean langile gisa sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu, eta hartan alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea aukeratzen ahalko du.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Lizarran, 2025eko martxoaren 21ean.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izen-deiturak: ...........................................................................................NANa: .................................

Kalea: ....................................................................................................................................................

Herria: ........................................................................................... Posta-kodea: ..............................

Telefono zk. (idatzi bat gutxienez): ......................................................................................................

Posta elektronikoko helbidea (nahitaezkoa): ..........................................................................................

AZALTZEN DUT:

1.–Parte hartu nahi dudala Lizarrako Udaltzaingoko agenteen hiru lanpostu (kopurua handitzen ahal da) oposizio bidez betetzeko deialdian (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ........ zenbakian, 2025eko .....................................aren ......... (e)(a)n).

2.–Deialdiaren oinarrietan xedatuarekin bat, honako hau adierazten dut, nire erantzukizunpean:

–Ez dut eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, eragozten didanik karguan aritzea.

–Ez nago indarra duten xedapenetan ezarritako bateraezintasun egoeraren batean.

–Dolozko delitu bat dela kausa ez naiz kondenatua izan, ez naiz administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua izan, eta ez nago eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Ez naiz epai irmo bidez kondenatua izan Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aurreikusitako delituengatik, eta baimena ematen diot Lizarrako Udaleko Herritarren Segurtasunaren Arloari adierazitakoa frogatzen duen informazio zehatza eskatzeko Justizia Ministerioari.

–Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naiz.

–Ordaindu ditut deialdian ezarritako azterketa eskubideak, eta horren egiaztagiria erantsi dut.

–Baimena ematen diot epaimahaiari nire telefono mugikorra eta posta elektronikoa erabil ditzan, hautaprobak non, noiz eta zer ordutan eginen diren jakinarazteko, bai eta bidezkoa den gainerako informazioaren berri emateko ere.

–Oinarrietan eskatutako beharkizun guzti-guztiak betetzen ditut, deialdian finkatu moduan bete ere.

3.–Deialdiaren 3 j) oinarrian eskatzen den euskara maila frogatzeko (B2), (adierazi aukera zuzena):

Egiaztagiria erantsi dut.

Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dut.

Horrenbertzez,

Eskaera hau ontzat har dezatela eta aipatu deialdian onar nazatela ESKATZEN DUT.

Lizarran, 2025eko .........................................aren ...................(e)(a)n.

(Sinadura)

Datuen babesa. Tratamenduaren arduraduna: Lizarrako Udala. Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bestelako eskubideak ere, jarraikiz deialdiaren 4.4 oinarrian adierazitako informazio gehigarriari.

II. ERANSKINA.–LEHEN PROBARAKO (TEORIKOA ) GAI-ZERRENDA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria. V. titulua: toki-erakundeei buruzko xedapen komunak. VII. titulua: Toki entitateen zerbitzurako langileak. X. titulua: Biztanleria handiko udalak antolatzeko araubidea. XI. titulua: zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea, 1. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki entitateen funtzionamendua.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: Autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena eta seigarrena.

5–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. IV. kapitulua. Administrazio karrera. V. kapitulua. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. VI. kapitulua. Administrazio egoerak.

6.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: Arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

7.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.

8.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa. I. eta II. tituluak. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I., II., III. eta IV. tituluak.

9.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: II. liburua: I. titulua: Salaketa, III. titulua: Polizia judiziala, VI. titulua: Zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: Prozedura bereziak, II. titulua: Prozedura laburtua, II. kapitulua: Polizia judizialaren eta Fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: Delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.

10.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.

11.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

12.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, hizpide duena Segurtasun Indar eta Kidegoek bideokamerak erabiltzea eremu publikoetan.

13.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Hitzaurrea: I. kapitulua: Xedapen orokorrak, II. kapitulua: dokumentazio eta identifikazio pertsonala, eta III. kapitulua: herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak, V. kapitulua: zehapenen araubidea.

14.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

15.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onesten duena, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –zeina onetsi baitzen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

16.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak, I. kapitulua: jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera, I. kapitulua: jarduketarako arau orokorrak eta II. kapitulua: epemugak eta epeak. III. titulua: administrazio egintzak, I. kapitulua: administrazio egintzen betekizunak, II. kapitulua: egintzen eraginkortasuna, III. kapitulua: deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. V. titulua: egintzak bide administratiboan berrikustea, I. kapitulua: ofiziozko berrikuspena, eta II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.

17.–Lizarrako Udaleko udal ordenantza ez fiskalak:

a) Udal ordenantza, arautzen duena bide publikoaren txukuntasuna.

b) Udal ordenantza, arautzen duena hiriko bide publikoaren garbitasuna (aldaketa argitaratu zen 2021eko 210. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 7an).

c) Udal ordenantza, arautzen duena merkataritza ez-egonkorra.

d) Udal ordenantza, arautzen duena konpainia-animaliak edukitzea.

e) Udal ordenantza, arautzen duena bide publikoan jartzea terrazak, beladoreak eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak.

f) Udal ordenantza, arautzen dituena aisiarako biltoki eta txabisketarako lokalak Lizarrako udal-mugartean.

g) Udal ordenantza, arautzen duena Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema. Kamera bidezko kontrola, sartzeko eta aparkatzeko.

18.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea, legea betearazi behar duten funtzionarioentzat (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–10. Gomendioa (2001), Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko Estatuei emandakoa, Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodeari buruzkoa (Ministroen Batzordeak 2001eko irailaren 1ean, Ministroen ordezkarien 765. bileran hartua).

19.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena. Atariko titulua. I. titulua: legearen aplikazio eremua. III. titulua: prozeduraren instrukzioa.

20.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

21.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.

22.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.

23.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena.

24.–Lizarrako geografia eta kale-izendegia (Udalaren web-orriko testuaren eta planoaren arabera).

25.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari jarraikiz, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

III. ERANSKINA.–BIGARREN PROBARI (GAITASUN FISIKOA) DAGOZKION ARIKETAK

1.–Uretako trebetasun proba (50 metro estilo librean).

–Probaren deskripzioa: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean.

–Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ez eta urpean ibiltzeko beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak.

–Saio bakarra eginen da.

–Ibilbidea hasiko da epaile kronometratzaileak "a sus puestos" (zuen postuetara) esan eta txilibitua jotzean.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi, baldin eta izangaiak:

  • Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza euskarritzat edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.
  • Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz bulkada hartzen badu.
  • Kalez aldatzen bada.

Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-hamarrenak ez baitira kontuan hartuko).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

≥ 40 segundo

≤ 39,9 segundo

EMAKUMEAK

≥ 45 segundo

≤ 44,9 segundo

2.–Bankuko press-a, edo pisua jasotzeko proba, 36 kg gizonentzat eta 20 kg emakumeentzat.

Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 36 edo 20 kiloko pisua goratu behar du 60 segundoan ahal duen aldi gehienetan. Bi eskuekin goratuko du pisua eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira, eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrelaxe mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Ariketa bukatutzat emanen da baldin eta izangaia gelditu egiten bada, ukondoak flexionaturik eta barra bularra ukitzen duela.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

N.º DE REPETICIONES

EZ GAI

GAI

GIZONAK

< 30

≥ 30

EMAKUMEAK

< 20

≥ 20

3.–Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren gibelean.

Probaren eskema:

Nola eginen den: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus eskema). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta, gero, beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada. Bigarren aukeraren aurretik, minutu batez hartzen ahalko du atseden.

Saio baliogabea izanen da honako hau geratzen denean:

a) Zutoin bat botatzea.

b) Zutoin bati heltzen saiatzea, zutoia eror ez dadin.

c) Ibilbidetik irtetea.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako ezarritako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean. Puntuazioa honako eskala honen araberakoa izanen da (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

DENBORAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

≥ 24 segundo

≤ 23,9 segundo

EMAKUMEAK

≥ 27 segundo

≤ 26,9 segundo

4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).

Nola eginen den: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzuten duten une berean, txandaka zapaldu beharko dituzte ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak, edo marretatik harago. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuta, marra zapalduz edo marratik haratago. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada, metro bateko tartea gainditurik, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.

Honako egoera hauetan bukatuko da izangai bakoitzaren proba, eta ordura arte lortutako tarteak kontatuko dira:

–Izangaia gelditzea, salbu eta une batez soilik gelditzen bada, 20 metroen marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide oso bat ez bukatzea, muturreko marra edo haratago zapaldu gabe utzi duelako.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroen marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra edo harago zapaltzera, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barruan egonda, izangaiak ez badu marra zapaltzen seinale akustikoak jo baino lehen, izangaiari abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez.

Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK TARTEAK

EZ GAI

GIZONAK

10,5 baino gutxiago

EMAKUMEAK

8,5 baino gutxiago

IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA

1.–Ikusmena. Begien sistema:

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da 120°-tik beherakoa izan plano horizontalean, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsirik eza.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen sistema:

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Mintzamena:

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz-moteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Hezur eta muskulu-sistema:

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, ondorio funtzionalen arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua:

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitis aktiboak edo eramaile-egoerak.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterreko ihesa.

6.–Sistema kardiobaskularra:

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmia eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa 25<90 eta TADa<45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua:

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas eritasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema:

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Mugimenduaren beste nahasmendu batzuk (tikak, mugimenaren estereotipiak, loaren nahasmenduak), eragin funtzionalen arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak:

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.

–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, baldin eragin kliniko nabarmena badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Aparatu genitourinarioa:

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa:

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison-en gaixotasuna, Cushing-en sindromea, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen beste nahasmendu batzuk.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak:

–Orbainak eta larruazaleko prozesu kronikoak, baldin eta, haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena dela kausa, polizia lanetan aritzea eragozten badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak:

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Beste batzuk:

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 25).

15.–Azalpen orokorrak:

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera, eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Edozein aparaturen eta sistemaren beste edozein afekzio, baldin ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea galarazten ahal duen eragin funtzionala badu.

Iragarkiaren kodea: L2504570