1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
189E/2025 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita Cadreitako udal plan orokorraren ingurumen adierazpen estrategikoa. Sustatzailea Cadreitako Udala da.
1.–Ingurumen arloko tramitazioa:
Hirigintza Atalak Ingurumen Ebaluaziorako Atalari igorri dio Cadreitako udal plan orokorrari buruzko dokumentazioa (behin-behineko onarpen fasea).
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1387E/2021 Ebazpenaren bidez, Cadreitako udal plan orokorrari buruzko aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egin eta 2022ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 7koan, eman zen argitara. Planaren sustatzailea Cadreitako Udala izan zen. Ingurumen Ebaluaziorako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluak ezartzen du ingurumen adierazpen estrategikoak indarra galduko duela, baldin eta plana ez bada onartzen argitaratzen denetik (kasu honetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean) bi urteko epean. Horregatik, 2024ko azaroan Hirigintza Atalak beste txosten bat eskatu zion Ingurumen Atalari.
2.–Udal plan orokorraren laburpena.
Udal plan orokorrak 1997tik indarrean zegoen hirigintzako dokumentua ordeztu zuen, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren helburuak betetzen ditu: hiri sarea mantentzen eta hobetzen dela eta kultur ondarea babesten dela ziurtatzea; bizitegitarako, jarduera ekonomikorako eta hirugarren sektorerako lurzoruaren beharrak bideratzea; eta sistema orokorrak aurreikustea.
Plangintzako analisia, diagnostikoa eta proposamenak 27,3 km²-ko azalera duen udalerri osoari buruzkoak dira. Cadreitaren okupazio ereduak oraingoa onartzen eta finkatzen du; bizitegi nukleo trinko bat da, industrialdetik NA-134 errepideak bereizten duena; Ebroko Ardatzaren saihesbideak, alegia.
Bizitegi erabilera: bizitegi erabilerarako hirigintza proposamenak hirigunea finkatzea bilatzen du, eta zabalgune berriak proposatzen ditu Erronda pasealekuaren eta NA-134 saihesbidearen artean. Bizitegi lurzoru urbanizagarriko bi sektore definitzen dira (SR-1 eta SR-2), 10,26 hektarea guztira, egungo hirigunea iparraldetik inguratzen dutenak, eta NA-134 errepidera bitarteko trantsizio espazioa antolatzen da. Herrira ekialdetik iristeko sarbidean, garapen eredua babesteko lurzoru erreserba bat definitzen da, etorkizunean bizitegi eremuak hedatzeko.
Industria erabilera: NA-134 saihesbidearen iparraldeko jarduera ekonomikoen eremuaren proposamenari dagokionez, aldameneko eremuetan zabaltzea aurreikusten da. Eremu handia da, eta industria lurzoru urbanizagarriko hiru sektore planteatu dira (SI-1, SI-2 eta SI-3), 11,7 ha guztira.
Lurzoru urbanizaezina: landa lurzoruaren antolamenduari lurzoru urbanizaezinaren kategorizaziotik heltzen zaio, udalerrian identifikatutako balioen izaera aintzat hartuta (ingurumen, paisaia, produkzio eta kultura arloetakoak eta/edo azpiegituren euskarri gisa).
Lurzoru urbanizaezinean babes eta zaintza kategoriak bereizten dira. Babes kategoriaren barruan sartzen dira, besteak beste, ibilguen eta urertzen sistema, lautada alubiala, gaitasun agrologiko handiko lurzoruak eta abelbideak. Zaintzeko lurzoru urbanizaezinaren kategoriak, bestalde, zuhaixka eta belar formazioak, ingurumen eta babes balioa duten zuhaitz formazioak eta udal intereseko paisaiak barne hartzen ditu, besteak beste.
3.–Ingurumen ebaluazioa:
Cadreita, terraza baten ertzean kokatua, Ebro ibaiaren ibarrera agertzen da, talaia gisa.
Bizitegi erabilera: bizitegi proposamenak, finkatutako hiri inguruneak ingurumen elementu aipagarririk ez duela kontuan izanik, ez du ingurumen eragin nabarmenik. Hala ere, Udalaren hirigintza planaren garapenak ingurumen azterketa estrategikoan ezarritako ingurumen integraziorako neurriak eta irizpideak jaso behar ditu.
Lurzoru urbanizagarriko SR-1 eta SR-2 eremuetan, bi sektoreetarako hirigintzako araudi partikularraren fitxak euri urak kudeatzeko eta berdeguneak antolatzeko eta diseinatzeko ingurumen baldintza espezifikoak jasotzen ditu. Bestalde, SR-1 eta SR-2 sektoreen kalitate akustikoari dagokionez, Azpiegituren Ingurumen Kudeaketako Atalak (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia) 2025/03/06an emandako txostena dago jasota, eta honako hau dago adierazita bertan:
–Udalaren hirigintza planaren zarata azterketan (5. liburukia), NA-134 errepidetik hurbileko bizitegi eraikuntza berrietarako bateraezintasun eremuak daude identifikatuta, eguneko, arratsaldeko eta gaueko aldietarako.
–Zarata azterketaren ondorioetan jasotzen denez, konpondu egin beharko da ez-betetze hori, etxebizitza berriak kokatu aurretik.
–Neurri zuzentzaileak sustatzaileak gauzatu beharko ditu.
–Neurri zuzentzaileak hirikoa ez den lurzoruan edo NA-134 errepideko lur-berdinketaren barruan gauzatu behar badira, dagokion baimena eskatu beharko zaio Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Ustiapen Atalari.
–Arazo akustikoekin lotutako etorkizuneko zeinahi erantzukizun ez zaio egozten ahalko Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari.
Zarataren gaiari dagokionez, Kutsaduraren Prebentziorako Atalak (Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia) 2025/03/06an emandako txostena ere jasota dago. Txosten horretan, Azpiegituren Ingurumen Kudeaketako Atalaren txosteneko gogoetak ontzat hartzeaz gain, adierazi egiten da aztertu egin behar dela Udalak aurkeztutako azterketa akustikoaren emaitzak 2025eko martxoan baliozkoak diren edo ez. Halaber adierazita dago hirugarren sektoreko erabilerakotzat sailkatu direla osasun, hezkuntza eta kultura eremutzat hartu beharko liratekeen eremu batzuk.
Industria erabilera: industria erabilerako lurzorua lur lauetan hedatzen da, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarrietako nekazaritza lurretan, eta haietan ez da ingurumen elementu aipagarririk identifikatzen, Barranco de Valfondo salbu. Beraz, SI-3 eremuaren garapenaren kasuan, harekin mugakide baita, kontuan hartu beharko da sektore industrial horren hirigintzako araudi partikularraren fitxan ezarritako baldintza hori, eta errespetatu eginen dira Barranco de Valfondoren ibilguaren trazadura eta haren zorbidea. Gainera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Cadreitako 3. industrialdeko 143. lursaileko landaredi naturala errespetatzeko eskatu du, eta alderdi hori ebazpen honen baldintzetan dago jasota.
Planaren ingurumen integrazioa eta berotze globalarekiko egokitzapena hobetzeko, industria lurzoru urbanizagarriko hiru sektoreetarako hirigintzako araudi partikularraren fitxetan euri urak kudeatzeko eta berdeguneak antolatzeko eta diseinatzeko ingurumen baldintza espezifikoak bermatzen dituzten neurriak jaso dira. Adibidez, lur iragazkorren presentzia maximizatzea, urak ibilgu nagusi batera isuri aurretik iragazketa prozesuak eta uren kalitatearen kontrola errazteko, eta lurzoruaren zigilatze masiboa saihestea; eta berdeguneen plangintzan, espazio publikoetan itzalerako zuhaiztiak finkatzea.
Landa lurzorua: Cadreitaren ezaugarria da nekazaritzan oinarritutako udalerria dela, eta ingurumen balio handiko bi eremuren artean dagoela. Alegia, Ebro ibaia du hegoaldean, eta Errege Bardea, iparraldean. Nekazaritza erabilera nagusi dela, Ebro ibarrean barna eta ibai gaineko terrazetako ureztalurretan hedaturik, ipar-ekialdeko koadrantean daude udalerriko ingurumen balioko landarediaren arrasto urriak. Hau da, bazkalekuak eta sasitzak igeltsuetan eta sakanetan; Valfondo ibarrean, esaterako. Udalaren hirigintza planean lurzoru urbanizaezinaren babeserako arauak garatuta daude, lurzoru horren azpikategoria bakoitzaren balioak babesteko eta zaintzeko.
Udalaren hirigintza planak ingurumen eta paisaia balioa duten lurzoruen kontserbazioa bermatzen du (zuhaixka eta belar formazioak, zuhaitz formazioak eta udal intereseko paisaiak); lurzoru kategoria horri dagokionez, debekatuta dauden jardueren artean instalazio fotovoltaikoen ezarpena dago.
Beharrezkoa da eremu berean baimendu daitezkeen jardueren arteko interferentziak adieraztea; esate baterako, abeltzaintzako instalazio intentsiboen eta ustiapen naturalerako (lehorreko laborantza) balioa duten lurzoruetan jarritako parke eolikoen azpiegituren arteko interferentziak. Bi jardueren arteko hurbiltasunak eragin handia du hegazti-faunan; espezie nekrofagoengan, hain zuzen ere. Beraz, kontuan hartu beharreko alderdia da, jarduera baimentzeko unean.
Errege Bardea KBE ES2200037 eta Ebro Ibaia KBE ES2200040 Kontserbazio Bereziko Eremuen arteko konektagarritasun espazioa sostengatzen dutenak udalerriko erreka eta formazio erdi-natural urriak dira, lurraldea komunikazio azpiegitura handiek (iparraldeko herena) zeharkatzen baitute, eta nekazaritza erabilera intentsiboa nagusia baita (erdialdea eta hegoaldea). Lurzorua lohiz betetzea eta masiboki okupatzea prebenitzeko eta nekazaritzako espazio sinplifikatuetan lotura eta korridore ekologikoak sortzeko, berotegi industrialen ezarpenak erabilera eta jarduera erregimen bat bete behar du, mintegi eta berotegi industrialetarako baldintza partikularrei buruzko 5.21 artikuluan jasotakoa. Baldintzen artean daude lursailaren gehieneko okupazioaren ehunekoa (%50) eta jardueraren antolamendua; azken horretan landaredi naturalerako eremu jarraituak identifikatu behar dira (%15eko azalera gutxienez), eta ingurumenaren integraziorako konpentsazio neurrien proposamen zehatz bat egin behar da.
Ondorioztatu egiten da ingurumen ebaluazio estrategiko honetan udalerriko ingurumen intereseko balio nagusiak behar bezala jaso eta tratatu direla araudian, eta landa lurzorua urbanizagarri bihurtzeak ez duela ingurumen inpaktu nabarmenik eraginen.
Espedientean jasotako dokumentazioa ikusirik, eta ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura behar bezala garatu dela kontuan hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Cadreitako Udalaren hirigintza planari buruzko txostena egin, eta ebazpen honetan jasotako zenbait baldintza ezarri ditu.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen adierazpen estrategikoa formulatzea Cadreitako Udalaren hirigintza planari buruz. Cadreitako Udala da sustatzailea.
2. Plana garatzean, ingurumen azterketa estrategikoan ingurumena babesteko adierazitako irizpideak bete beharko dira, bai eta honako baldintza hauek ere:
–I-3 industria lurzoru urbanizagarriaren hirigintzako araudi partikularraren fitxan ezarritakoa bete, eta Barranco de Valfondoren ibilguaren trazadura eta haren zorbidea errespetatu beharko dira. Gainera, neurri egokiak hartu beharko dira Cadreitako 3. industrialdeko 143. lursaileko landaredi naturala mantentzeko.
–Mintegi eta berotegi industrialetarako hirigintza arauetan jasotako baldintza partikularrak bete beharko dira, biodibertsitateari eta konektagarritasun ekologikoari eusteko.
–Zaratari dagokionez:
- Udalaren hirigintza planaren zarata azterketan, NA-134 errepidetik hurbileko bizitegi eraikuntza berrietarako bateraezintasun eremuak daude identifikatuta, eguneko, arratsaldeko eta gaueko aldietarako. Zarata azterketaren ondorioetan jasotzen denez, konpondu egin beharko da ez-betetze hori, etxebizitza berriak kokatu aurretik. Neurri zuzentzaileak sustatzaileak gauzatu beharko ditu. Neurri zuzentzaileak hirikoa ez den lurzoruan edo NA-134 errepideko lur-berdinketaren barruan gauzatu behar badira, dagokion baimena eskatu beharko zaio Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Ustiapen Atalari. Arazo akustikoekin lotutako etorkizuneko zeinahi erantzukizun ez zaio egozten ahalko Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari.
- Azterketa akustikoaren emaitzak gaur egun baliozkoak diren edo ez aztertu behar da, 2019ko ekainekoak baitira.
–Udalaren hirigintza planaren aplikazio eta garapenean, ingurumen azterketa estrategikoan jasotako neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak aplikatuko dira.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Cadreitako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko martxoaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2504536