72. ALDIZKARIA - 2025eko apirilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

188E/2025 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita Urraulgoitiko udal hirigintza planari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa. Sustatzailea Urraulgoitiko Udala da.

1.–Ingurumen arloko tramitazioa:

Hirigintza Atalak Ingurumen Ebaluaziorako Atalari igorri dio Urraulgoitiko udal hirigintza planari buruzko dokumentazioa (behin betiko onesteko fasea).

Lurralde Antolamenduaren eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 318E2019 Ebazpenaren bidez, hain zuzen ere, ingurumen adierazpen estrategiko aldekoa egin zen Urraulgoitiko Udalak sustatutako Urraulgoitiko udal plan orokorrerako (Nafarroako 135. Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2019ko uztailaren 12an). Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluak adierazten duenez, ingurumen adierazpen estrategikoak indarra galduko du plana urte biko epean onesten ez bada argitaratu zenetik kontatzen hasita (kasu honetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean).

Hori dela-eta, 2024ko ekainean Hirigintza Atalak Ingurumen Ebaluazioaren Atalari eskatu zion beste ingurumen ebaluazio estrategiko bat izapidetu zezala.

2.–Udalaren planaren laburpena:

Hirigintzako planaren analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal-mugarte osoan dute eragina, zeina Aretako mendien eta Illon eta Leire mendilerroen artean kokatzen baita, 142 km² dituela. Urraulgoiti udalerriak duen berezitasuna da populazio landatarren zenbait unitatek osatzen dutela; izan ere, bederatzi herri eta hamalau kokaleku historiko ditu (Ezkanitz, Arieltz, Aristu, Gindano, Jakoisti, Lareki, Larraun, Santa Fe, Artanga, Arangozki, Aizkurgi, Zerrenkanogoiti, Zerrenkanobeiti eta Sastoia).

Lurraldea okupatzeko estrategia eta ereduan (LOEE) proposatu zen udal eredua hiru alternatibaren balorazioan oinarritzea. Bat hautatu zen, bizitegiei eta jarduera ekonomikoari buruz hazkunde moderatuagoak dituena hizpide, ingurumen baldintzetara eta egoera sozioekonomikoetara egokituak. Hori horrela, hirigintzako planaren helburuek bilatzen dute gaur egun hiri-bilbea duten biziguneak finkatzea eta hazkunde moderatua izatea, eta, orobat, hiri-bilbea galdu duten biziguneak, berreskuratu gogo direnak, finkatzea (kokagune historiko tradizionalak).

Hiri-garapena: populazioa 156 biztanlekoa denez, planak 56 etxebizitza ezartzen ditu hiri-lurzoru finkatuan, eta beste 30 hiri-lurzoru finkatu gabean. Horrenbestez, 86 etxebizitza dira guztira, 215 biztanle berri hartzeko gaitasunarekin.

Landaguneen inguruan lurzoru urbanizaezineko zonak ezartzen ditu "garapena-ingurunea ereduaren babesa" zaintzeko, non malgutasun pixka bat aurreikusten den dauden eraikinekin; nolanahi ere, babes ingurune bezala jarduten du etorkizuneko eraldaketa posibleetarako.

Jarduera ekonomikoen eremu bat aurreikusten da Imirizaldu hegoaldean; lurzoru urbanizaezinaren erreserbatzat geratzen da (garapena-ingurunea ereduaren babesa).

Komunikazio sistema: dauden errepideen sarea hartzen du barnean eta Elkoaztik Aristurako komunikazioa Azparreneraino proposatzen du, dagoen bidearen gainean.

3.–Ingurumen ebaluazioa:

Aurreikusi diren zabalkuntza eta garapen urbanistikoak jadanik eraikita dauden hiri-lurzoruen inguruetan kokatzen dira, batez ere nekazaritza- eta abeltzaintza-erabileretarako eta, neurri txikiagoan, baratze tradizionaletarako diren lurretan. Horregatik, ingurumen eraginik nabarmenena erabileren aldaketa horietatik dator, zeinak ingurumenaren aldetik bateragarriak diren, ez baitaukate ingurumen elementu eta/edo eremu nabarmenik.

Imirizaldun jarduera ekonomikoetara bideratutako eremuari dagokionez, hirigintzako araudiak behar bezala hartu du barnean hura zeharkatzen duen ibilgua sartzea: 99. artikuluan adierazten duenez, "lehentasuna emanez zaio zonarik lauenak garatzeari, berdeguneak eta espazio libreak utzita Gesaltzea sakanaren ondoko lurretan".

Urraulgoiti udalerrian lurraldearen aldetik ageri diren ezaugarri nagusiak hauek dira: landaguneen barnetik edo horien inguru hurbiletik doazen erreka-zuloak eta errekak; biziguneen ertzetan ageri diren erliebe zorrotzak, eta "Artxugako mendilerroa, Zarikieta eta Aretako mendiak" eta "Areta ibaia" kontserbazio bereziko eremuen ondoan egotea.

Aietxu eta Adoain landaguneak "Artxugako mendilerroa, Zarikieta eta Aretako mendiak" KBEaren ondoan daude, eta proposamenak bateragarriak dira ingurumenaren aldetik. Hirigintzako planak aukera ematen du landaguneak zeharkatzen dituzten erreken konektagarritasun ekologikoa egiteko (batzuk KBEaren barruan daude); esate baterako, Adoainen "espazio librea eta erabilera publikokoa" dago ezarrita ibilguaren ondoan. Irurozkiko herrigunearen zabaltzea "Areta ibaia" KBEaren mugaraino iristen da. Itxura batean, ibai-sistemari ez zaio eragiten, kota nabarmen ezberdinetan dauden zona mugakideak direlako.

Udalaren planean zonakatze akustikoa jasotzen da, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, argiaren zonakatzea ere jasotzen du gaueko ingurumena babesteko, hirigintzako araudiaren 115. artikuluan. Ingurumenaren aldetik esanguratsua da Natura 2000 Sare mugakideko faunari eragiten ahal zaizkion argi kutsaduraren afektazioengatik. Urraulgoiti udal-mugartea, hain zuzen, Europako Interreg POCTEFA "Pirineos La Nuit" proiektuaren esparruan sartu zen (https://pirineoslanuit.org). Bertan, argi kutsadurak fauna espezieei eragiten dizkien afektazioak aztertu dira. Azterlan horien ondorioek –2022ko maiatzeko "Estrategia Pirenaica para la Noche (E-PLN)" delakoan jasotzen dira– kanpoko argiteria egokitzeko beharra adierazten dute, uhin laburreko argia (urdinak) mugatuz, hori baita gaueko ingurunerako kaltegarriena; beraz, 2.200 K edo gutxiagoko koloreko tenperatura duten lanparak erabiltzea gomendatzen da. Estrategia hori kontuan hartuta, gomendio bat sartzen da ebazpen honetan.

Landa-lurzoruaren antolaketari dagokionez, udalerri osoa sartu da babestu eta gorde beharreko lurzoruen sailean, honako hauek oinarri harturik: lurralde diagnostikoa, eremu babestuen identifikazioa, ingurumen balioa duten eremuen identifikazioa (Natura 2000 Sarekoak, Lurralde Antolamenduko LAP-1 Planaren babes bereziko eremuak), kultur balioak (kultur intereseko ondasuna, abelbideak eta aztarnategi arkeologikoak) eta paisaia naturalak (Ugarrongo arroila). Lurzoru urbanizaezina kategorizatzeko proposamena bateragarria da dauden balioekin. Alabaina, Natura 2000 Sareko kartografia ez da bete-betean sartu udalaren planean; izan ere, azalera txiki bat jasotzea falta da (zehazki, larre bat 29. industrialdeko 18 Q azpipartzelan).

Ingurumen-ebaluazio honetan ondorioztatzen da araudian behar bezala jorratu eta jaso direla udalerrian dauden ingurumen intereseko balio nagusiak, eta landa-lurzorua lurzoru urbanizagarri bihurtzeko aurreikusitako aldaketak ez dituela izanen ingurumen eragin nabarmenak.

Aintzat hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura behar bezala garatu dela, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aldeko txostena ematen du Urraulgoitiko udal hirigintza-planerako.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da Urraulgoitiko udal hirigintza-planaren alde. Planaren sustatzailea Urraulgoitiko Udala izan da.

2. Plana garatzean, ingurumen-azterketa estrategikoan ingurumena babesteko dauden irizpideak kontuan hartu beharko dira, bai eta honako hauek ere:

–Udalaren planean Natura 2000 Sarea behar bezala kartografiatuko da, 29. industrialdeko 18 Q azpipartzelako larre bate mugaketa jasotzea falta baita. Beraz O-0 eta O-1-g sailkapen planoak zuzendu behar dira.

–Hirigintzako araudian, zehazki argi zonakatzeari buruzko 115. artikuluan, honako hau jasoko da:

a) Lege erreferentzia modura hartu behar da "1890/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, kanpoko argiteria-instalazioen energia-efizientziari buruzko Erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak (EA-01etik EA-07ra bitartekoak) onesten dituena" (horrenbestez, Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legeari egiten zaion aipamena kendu behar da, Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak baliogabetu baitzuen).

b) Kontuan hartuta udalerriaren zati gehiena argi kutsaduraren kontrako babes eremuetan kokatuta dagoela, eta azalera handia duela sartuta Natura 2000 Sarean, herrietatik oso gertu, gomendatzen da kanpoko argiek lehentasunez erabil ditzatela uhin laburreko argiak (urdinak) mugatzen dituzten lanparak, gaueko ingurunerako kaltegarriena baita.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Urraulgoitiko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2504534